Urriaren 19an, 40 mila pertsona baino gehiagok parte hartu zuten Kataluniarekin elkartasunez Donostiako manifestazioan. Katalunian bost eguneko altxamendu eredugarri baten ondoren, Euskal Herri guztiko gazte, langile familia eta pentsionistak bertaratu ziren hitzordura. Borrokari babesa adierazteaz gain, gaitzespen irmoena plazaratu zen Estatu aparatutik, PSOEren jarduneko gobernutik eta beren komunikabideetatik etorri den errepresio, manipulazio eta kriminalizazio kanpaina basatiaren aurka. Txilibitu horien zarataren ondotik kontsigna indartsuak entzuten ziren: “presoak kalera, amnistia osoa!”, “independentzia” edo “els carrers seran sempre nostres!” eta horien artean batez ere “Altsasukoak askatu!”.

Gorenaren epaia atera zen egunean bertan, urriaren 14ko astelehenean, kontzentrazioak egin ziren Euskal Herri guztiko herri eta hirietan. Ikasleak ostegunean atera ziren kalera manifestazio handietan Ernai eta Ikasle Sindikatuak deituta. Egun horretan bertan Katalunian Sindicat dÉstudiantsek deituriko 72 orduko ikasle grebaren baitan ikasle manifestazio erraldoiak egiten ari ziren. Ostiralean 200 enpresa baino gehiagotako langileak mobilizatu ziren, geldialdiak eta kontzentrazioak eginez hiriburu zein lantokietan, Katalunian greba orokor historikoa martxan zegoen egunean.

Mobilizazio horiek 2017koak baino handiagoak izan dira. Zalantzarik gabe, bi urte hauetan Euskal Herrian eman diren borroka eta manifestazio historikoak aztarna handia utzi dute masen kontzientzian, mugimendu feministarekin, pentsionistekin, borroka sindikalekin eta errepresioaren aurkako mobilizazioekin. Auzitegi Gorenak Atsasuko gazteen aurka emandako epaia berehala elkartu da U-1en aurkako sententziarekin. Argi ulertu da, frankismoko estilo hutsean eginiko muntaia polizial eta kriminalizazio prozedura berberaren bi aurpegi direla.

Larunbateko manifestazioa Gure Esku Dago plataformak deitu zuen, Erreferenduma ez da delitua | Askatasuna lelopean. Manifestaziorako deialdia manifestu baten bidez egin zen, elkarrekin sinatu zutena EAJ, EH Bildu, Podemos alderdiek, ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta Etxalde sindikatuek, Demokrazia Bai plataformak eta Erabakizaleak elkarteak. Manifestuak honakoa nabarmentzen zuen: “Salbuespenezko bide judizial, juridiko edo prozesalak alde batera utzi behar dira. Elkarrizketa eta negoziazio politikoari ekin behar zaio auzi hau bideratzeko. Konponbide demokratikoaren alde egin behar da, Kataluniako herritarrek euren etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki ahal izatea aintzat hartuta”. Gehitzen zuen: “Egoeraren larritasunak interpelatu egiten gaitu demokrazia, justizia eta askatasunak maite ditugun guztiok, gure aukera ideologikoetatik harago.”

Manifestu horrek ordea, demokraziaren eta erabakitzeko eskubidearen defentsa abstraktu baten planteamenduaren baitan, “aukera ideologikoetatik harago”, errepresio kanpainaren arduradun politikoak salatu gabe uzten zituen, EAJk instituzioetan bazkide duen PSOE -155a aplikatzeko mehatxuak eginez-, eta ez zuen aipatzen denetan garrantzitsuena den puntua: greba orokorra eta Kataluniako milioika langile eta gaztek kaleetan egin duten borroka, errepublika eskuratzeko bide bakarra dela erakutsiz.

EAJren papera, 78ko erregimenaren eta errepresioaren alderdia

EAJk manifestazioa babestu bazuen, hori manifestuaren edukia sinatzeko moduan “egokitu” zitzaiolako izan zen. Hala ere, erabateko akatsa da Euskal Herriko autodeterminazio eskubidea eskuratzeko bidean EAJ aliatu izan behar duela planteatzea. Manifestazio horren goiburuan joateak eginikoak zuritzen laguntzen dio.
2017ko udazkenean Rajoyren gobernua EAJren bozkei esker ari zen bizirauten. Urriaren 1aren aurretik, buruzagi jeltzaleak erreferenduma gaitzestera atera ziren, ez zuela nahikoa berme esanez. Urriaren 1eko eta 3ko egun historikoen ondoren, Urkulluk, auzitegietan onartu zuen bezala, ahal zuen guztia egin zuen DUI ez zedin deklaratu, eta pertsonalki hizt egin zuen Puigdemontekin hauteskundeak dei zitzan konbentzitu asmoz. Porrotaren ondoren, EAJk zin egin zuen ez zituela Rajoyren gobernuaren aurrekontuak babestuko 155a indarrean bazen, baina momentua iritsi zenean babestu egin zituzten. Aste batzuren buruan, zentsura mozioan Gobernu hori erortzen utzi zuen, mobilizazio sozialaren gorakadari zion beldurragatik. Hala ere, PSOE babesten jarraitu dute, bere errepresio kanpainari kritika txikiena egin gabe. Ikasturte hau, CDRetako kideen aurkako atxiloketei eta muntaia babestuz hasi du, PSOEko buruzagiak eta eskuin espaionilstak egin duen modu berean. Orain, berriro bitartekaritzaren eta negoziazioaren alderdi gisa atera dira. Baina EAJk, honetan duen helburua ustez kritikatzen duten sententziaren eta errepresio polizialaren berbera da: Kataluniako herria kaleetatik ateratzea eta bertan behera uztea errepublika eskuratzeko borroka, horrek 78ko erregimenari eta kapitalismo espainiarrari eragin diezaiokeen mehatuagatik.

EAJ Euskal Herrian ematen den errepresioaren lehen arduraduna ere bada, Ertzaintzaren bitartez. Urriaren 14ko astean polizia bidali zuen herri katalanarekin elkartasunez manifestatzen ari zirenen aurka, zirkin txikienean kargatzera eta atxilotzera. Horrela egin zuen ostegunean gazteen aurkako manifestazioetan, Bilboko errepide mozketa borrekin modu basatian desegin zuenean eta baita igandean ere, VOXen ekitaldiaren aurkako mobilizazioan. Urkulluk oso argi utzi ditu zeinen interesak defendatzen dituen. EAJ publikoki agertu da Bizkaiko metaleko langileen aurka eta patronalaren alde, borroka hori ere erreprimituz. Ate birakariek eta protagonista duten ustelkeria kasuek ere ederki erakusten dute eskuineko alderdi honen benetako izaera.

Kaleko borrokarekin bakarrik lortu ahalko dugu autodeterminazio eskubidea eta politika kapitalistekin amaitzea

Katalunia ikasgai benetan garrantzitsuak eskaintzen ari da Euskal Herriarentzat. Gorenaren epaiaren aurkako erantzuna egituratu dutena Sindicat d’Estudiantsek deituriko hiru eguneko greba eta ikasleez gain CSC, IAC eta USTEC sindikatuek eta ANC eta Òmnium eragileek  ere deitu zuten urriaren 18ko greba orokorra izan dira, kaleko protestetan. Masa mobilizazioetan parte hartu duten milioika gazte eta langile izan dira altxamendu honen benetako protagonistak. Protesta huts batetatik haratago joateko borondate irmoa erakutsi dute, eta kaleak hartu dituzte langileen eta gazteen Kataluniako errepublikaren alde borrokatzeko.

Hain zuzen ere, testuinguru honetan Podemoseko eta espainiar parlamentuko ezkerreko buruzagiek hartu duten posizionamendua berriro ere lotsagarria izan da. Zeharka kokatu dira, ekidistatziaren jarrera berreskuratuz eta praktikan estaldura eman diote Kataluniako herriaren borrokaren aurkako kriminalizazio kanpainari.
Bestalde, Kataluniako askapen nazionaleko mugimenduaren borrokaren aurrerapauso bakoitzak geroz eta talka handiagoak eragiten ditu barnean hori osatzen duten bi hegalen artean: alde batetik, milaka gazte, langile eta herritarren sektore zabalak daude, errepublikaren aldeko borroka garaipenera arte eraman nahi dutenak. Bestetik, eskuin katalanistaren programa dago, ERCko buruzagiak ere batzen direna eta Governean pisu erabakigarria dutena. Horien helburua Estatuarekin eta PSOEren gobernuarekin akordio bat eskuratzea da, kaleak hustutzeko eta “normaltasunera” itzultzeko, betiko politika egiten jarraitu dezaten.
Egun hauetan kontraesan hau agerian jarri da mossoen errepresioarekin eta Buch Barne consellerraren dimisio eskariekin, edo baita ERCko buruzagiek babesten dituzten murrizketa eta pribatizazio politiken aurkako jarrera agerikoarekin.

Euskal Herrian berdin gertatzen da. Argi dago autodeterminazio eskubidea eskuratzeak borroka iraultzailea eskatzen duela. EAJ horren zeharo aurka dago eta beti egongo da. Burgesia katalanak, espainiarrak, euskaldunak eta internazionalak, eta beren ordezkari politikoek, argi utzi dute ez daudela prest Kataluniako errepublika bat onartzeko, are gutxiago hori masen mobilizazioaren eta ekintza zuzenaren bidez eskuratzen bada.

Ezker Iraultzaileko kideok defendatzen dugu eskubide demokratikoen aldeko borroka gizartearen eraldaketa sozialistaren aldeko borrokarekin elkartu behar dugula. Errepresioaren eta politika kapitalisten aurka borrokatzen dugu datozen tokitik datozela, izan eskuin espainol, katalan edo euskalduna edo sistema kapitalistarekin erabat konprometituta dauden buruzagi sozialdemokratak horien arduradun. Ekonomiaren oinarrizko palankak, bankuak eta monopolio handiak nazionalizatuko dituen errepublika baten alde borrokatu behar dugu, murrizketekin, etxebizitza publikoen gabeziarekin, prekarietatearekin eta miseriazko soldatekin behin betiko amaituko duena, indarkeria patriarkala ezabatuko duena eta ingurumenaren suntsiketa geratuko duena. Hori lortzeko indarra badagoela behin eta berriz erakutsi du langile klaseak eta gazteriak.