EAJk eta PSEk indarrak batu dituzte Eusko Jaurlaritzan langile klasearen aurkako erasoaldi handiena prestatzeko. Patronala labana zorrozten ari da, kontziente izanik ekonomia kapitalistaren krisia benetan sakona dela eta eszenatoki honetan onartuko duen errezeta bakarra oinarrizko eskubideen eraso gupidagabea izango da: soldatak jaistea, esplotazioa eta prekaritatea handitzea, zerbitzu publikoak pribatizatu eta murriztea, langabezia eta pobrezia ikaragarri handitzen diren bitartean.

Eginkizun honi erantzunez behartu zituen Urkulluk, kosta ahala kosta, hauteskundeak uztailean, pandemiaren erdian. Ekaitza iragartzen zuten laino beltzak ikusita, EAJk Eusko Jaurlaritzaren agintea ziurtatu nahi zuen berandu baino lehen. Euren politiken aurkako haserrea eta kaleko mobilizazioa handitzen ari ziren heinean, arrisku handia zegoen euskal burgesiak botere instituzionala galtzeko hain garrantzitsua den testuinguran.

PSEk zalantzarik egin gabe eman dio gehiengo absolutua EAJri Eusko Jaurlaritzan. Baina parlamentuan gehiengoa edukitzeak ez ditu arazoak ezabatuko, eta are gutxiago Gobernu hau jaio den hauteskundeetan abstentzioa %47,14koa izan eta Jaurlaritzako bi alderdiek eta eskuin espainolistak boto andana galdu zutenean. Orain, patronalak eta Gobernu honek aurre egin beharko dio borroka esperientzia itzela duen langile klaseari, 2008ko krisitik herstura politiken aurka, urtarrileko greba orokorrarekin eta Euskal Herriko kaleak bete dituzten mobilizazio ikaragarriekin.

Sistema kapitalistaren hondamendia

Euskal Herriko industrian lanpostuen suntsiketak lehen kolpe oso gogorra eman du hilabete hauetan, Siemens Gamesa, ITP, Tubacex, Aernova… kasuekin. EAJko Arantxa Tapiak uztailean adierazi zuen “mota honetako berri txarrak bat eta bi baina gehiago edukiko ditugula” eta errealistak izateko eskatzen zuen, kaleratzeak eragozteko soldatak jaistera animatuz. Burla izugarria, gezurra izateaz gain, lantokietan Aldi Baterako Enplegu Espedienteen izurritea zabaldu baitute eta milioika euro oparitu enpresariei, euren zergak ezabatuz.

Argi dago krisi ekonomikoa eta lanpostu suntsiketa ez dela geratuko, nahiz eta ahalik eta eskulan merkeena eskeintzeko “merkatu lehiakortasunean” tematu. Ekonomia kapitalista gain-ekoizpen krisi batean dago. Enpresariek ezin badituzte irabaziak handitu merkatuan produktuak salduz, enpresak itxiko dituzte; eta ez dituzte merkantziak salduko ikaragarri pobretu dutenean langile klasea -baita herrialde aurreratuenean ere- eta are gehiago zapaltzeko asmoa dutenean.
2008ko krisian aplikatu ziren erreskateek, kapitalistei irtenbide bat eman zien irabaziak loditzen jarraitzeko, gehiegizko ekoizpen gaitasunaren aurrean: espekulazio finantzarioan inbertitzea zor publikoan oinarrituz, inolako oinarri produktiborik ez duen fikziozko kapital erraldoia puztuz mundu mailan. Pandemia, berandu baino lehen eztanda egin behar zuen burbuila leherrarazi duen istripua izan da. Hala ere, kapitalistak eta isntituzioak hartzen ari diren neurriak desastre honetara eraman gaituzten berberak dira.

Estatu espainiarreko aurreikuspenek jada baztertzen dute Nadia Calviñok aipatzen zuen “V” formako berreskuratze azkarra. OCDEk bigarren hiruhilekoan BPGa %18,2 erori zela baieztatu zuen, eta etorkizuna gero eta ilunago marrazten da. Hala ere, kolapso ekonomiko honen erdian -martxoaren 18tik ekainaren 4era, Estatu espainiarreko 23 aberatsenek euren dirutzak 19.200 milioi eurotan handitu dituzte. Bistan da ez gaudela kapitalisten ontzi berean.

Itun soziala eta PSOE-UP Gobernua

“España puede” leloarekin, Pedro Sanchezek ekitaldi handi batekin hasi zuen kurtso politikoa, burgesia espainiarreko handi-mandiak atzean zituela: Ana Patricia Botín (Santander), José María Álvarez Pallete (Telefónica), Carlos Torres (BBVA), Florentino Pérez (ACS), José Ignacio Sánchez Galán (Iberdrola) eta Pablo Isla (Inditex). Presidenteak berriro “batasun nazionala” defendatu zuen krisitik irtetzeko, oligarka guztien txalo eta alabantza artean. Sanchezek CCOO eta UGT bertan egotea azpimarratu zuen, baita Unidas Podemoseko ministroen parte hartzea ere, Pablo Iglesias bigarren lehendakari ordea buru zutela.

Sanchez Ciudadanosengana hurbildu izanak eta Alderdi Popularrari bidali dion mezuak -Estatuko enpresari nagusienen babesarekin-, ez dute zalantzarik uzten. Eskatzen duen “elkarrizketak” eta “batasunak” oso asmo konkretua dute: Merkel, IBEXa, CEOE eta eskuina asebeteko dituen aurrekontuak onartzea.

Bien bitartean, EAJk eta euskal burgesiak sobera erakutsi dute zein garrantzitsua den eurentzat 78ko erregimenaren eta Madrilgo Gobernuaren egonkortasuna defendatzea, izan Rajoy edo Sanchez babestuz. Horren adibide garbiena Catalunyako herriaren altxamenduaren aurka agertu zuten jarrera izan zen, ahal zuen guztia egin zuenean gazteriaren eta langile klasearen borroka itzaltzeko, errepresioaren alboan kokatuz. Orain, oso gustura ageri dira PSOE eta UPren Gobernuaren politikekin, elkarrizketa eta bake sozialaren diskurtsoekin. Ez dute inolako arazorik Ciudadanos ere aurrekontuetan sartzeko, beti ere euren interesak bermatzen badira.

PSOE abileziaz ari da burgesiaren interesak defendatzen, eta arazo handirik gabe erakartzen du lan horretara Unidas Podemos. Langile klasearentzako momentu latzenetan Pablo Iglesiasen alderdiko buruzagiak Estatuko agenteen ardurarekin jokatzea erabaki dute. Hainbeste propaganda egin dioten “ezkutu sozialak” argi utzi du ez dela gai langile klasearen premiazko beharrei erantzuteko, adibidez, Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrera ez denean eskatzaileen %1era ere iristen.
Unidas Podemosen atzera egiteek oso ondo erakusten dute nora iristen den kretinismo parlamentarioa, programa kontsekuente bat defendatzeko masa borrokan oinarritzeari uko egiten denean. Ez badute akatsa zuzentzen, estrategia honek ikaragarri azkar sakonduko du euren oinarri sozialarekiko banaketa, Galizako eta EAEko hauteskunde desastreetara eramanez.

Badago alternatiba!
Kalean borrokatzea gizartea eraldatzeko programa iraultzaile batekin

Klase agintariak ondo daki potentzial ikaragarri leherkorra metatzen ari dela klase borrokan. Ondo baino hobeto dakite bake soziala mantentzea oso konplikatua izango dela, baldin eta ezkerrak eta sindikatuek ez badute kolaboratzen. Baina ikasturte hasieran egin diren mobilizazioek, pentsionistak eta hezkuntzako grebak bezala, argi erakusten dute langile klaseak ez duela krisiaren faktura ordainduko borrokatu gabe.

Gauzak benetan konplikatu jartzen direnean, burgesiaren azken esperantza izaten da ezkerreko zuzendaritzek kapitalismoaren logika onartzea, hau da, banku eta enpresa handien jabetza pribatua, eta kapitalaren diktadura babesten duten Estatua eta legeak onartzea. Premisa horretatik abiatuz, geratzen den bakarra -erreformismoaren eskola garratzak erakusten duen moduan-, negoziatzea izaten da eskaintzeko miseria eta pobrezia gehiago besterik ezer ez duten horiekin.

EH Bilduk eta gehiengo sindikalak borrokaren bideari eutsi behar diote, urtarrilaren 30eko greba orokorraren bidea sakonduz eta irmoki borrokatuz murrizketa politiken eta patronalaren xantaiaren aurka. Beharrezkoa da borrokak zabaldu eta elkartzea gure eskubide guztiak eta lanpostu guztiak defendatzeko, langile klasearen kontzientzia eta geure indarretan dugun konfiantza handitzeko, gizartea eraldatzeko zereginean. Orain inoiz baino gehiago, beharrezkoa da alternatiba iraultzaile bat kontsekuenteki defendatzea.
Batu zaitez Ezker Iraultzailera!