“Sozialismorako baldintza historikoak oraindik ere ongi “helduta” ez daudela dioten hitzontzikeriak ezjakintasunaren edo asmo txarren ondorio dira. Iraultza proletariorako baldintza objektiboak helduta ez ezik, usteltzen ere hasi dira. Hurrengo garai historikoan iraultza sozialista egiten ez bada, giza zibilizazio osoa hondamendi batek birrindua izateko mehatxupean geratuko da. Proletalgoaren ordua da, hau da, batez ere bere abangoardia iraultzailearena. Gizateriaren krisi historikoa zuzendaritza iraultzailearen krisira laburtzen da.”

León Trotsky, Trantsizio programa

Koronabirusaren pandemia beharra adierazten duen istripua bihurtu da. Azken hamarkadan eratzen joan diren kontraesan ekonomiko, sozial eta politiko guztiak bortizki lehertu dira, gizateria bidegurutze historiko baten aurrean jarriz. Dozenaka mila errugaberen aurka egindako sarraskia, datozen hilabeteetan biderkatuko dena, hasiera baino ez da. Ekoizpen-jardueraren eta merkataritzaren gelditze orokorrak, osasun-krisiarekin batera gertatzen ari diren kaleratze masiboak eta sufrimendu kolektiboak ondorio larriak izango dituzte etorkizun hurbilean.

Estatu nazionala eta finantza-kapitalaren diktadura, bizitza ekonomikoaren esfera guztiak menderatuz eta botere inperialisten arteko guda areagotuz, aspalditik dira oztopo ekoizpen indarrek eta gizateriak aurrera egiteko. Orain ikus dezakegun errealitate gordina azaltzen duten oinarri materialak aldez aurretik sortuak zeuden. Basakeria ez da birusa, basakeria kapitalismoa da.

Klase arteko gerra

Gobernu kapitalistak eta beren komunikabideek gerraren adibidea erabiltzen dute egoera deskribatzeko. Ez da kasualitatea: gizartean izpiritu chauvinista eta nazionalista hauspotzeko propaganda higuingarria bihurtu da.

Gerra bateko lehen biktima egia izan ohi da. Hala izan da beti aurreko gerra guztietan, eta halaxe da orain ere, eta horrela erakusten dute bozeramaile ofizialek momentu oro botatzen dituzten gezur sortekin. Ez dutena esaten da gerra hori duela hamarkadak deklaratu zutela botere kapitalistek, eskubide eta zerbitzu sozialak suntsitu zituela, desberdintasun ikaragarria eragin zutela, ingurumena maila jasangaitzetara eraman zuela, eta errautsetan utzi zituela herrialde batzuk osorik. Gerra onen gainean astindu ditu hegalak koronabirusak.

Egia da 50, 60 eta 70 hamarkadako oparotasun zaharra AEBetan edo Europan aspaldi desagertu zela. Baina aste hauetan gertatutakoak, telebistako edozein irudik baino hobe ulertzen laguntzen du dagoeneko Afrikan, Ekialde Hurbilean eta Latinoamerikan ehunka milioi gizon, emakume eta haurrek jasaten duten hondamendia.

Kapitalismo harrapari eta aseezin hau da, eta bera bakarrik, egungo gainbehera sanitario, ekonomiko eta sozialaren erantzulea eta inflexio puntua izango da gizateriaren historian. Bizi dugun errealitatea herrialde kapitalista garatuetan langile klasearen sektore zabalen kontzientzia kolpatzen ari da. Berdin gertatzen da desjabetu eta prekarietatea inposatu zaion gazteriaren eta erdi mailako klase pobretuen geruza zabaletan. Krisia, langabezia eta gabezia egon den urte hauetan atera diren ondorio aurreratuak, pilatu den samin eta amorru sakona, zehatzago eta sendoagoa bihurtuko da. Edonork uler ditzake gertaera hauen ondorio iraultzaileak.

Langile klasearen eta zapalduen aurkako gerra baten aurrean gaude. Eta klase gerra orotan bezala, burgesia nazional bakoitza aldarri berekoi, zital eta zinikoak egiten ari da, bere posizioa zuritzeko eta bere burua salbatzeko lehiakideen gainetik. Europa kapitalistaren adibideak agerian uzten du bere gainbehera; erabat zatituta dago eta lokatzetan murgildu ditu ustez biltzen zituen "elkartasun eta ongizate komunaren balioak".

Osasungintzako milaka eta milaka langile erailketa masibo hori salatzen ari dira, osasun sistema publikoen kolapso egoera erdian, euren bizitzak arriskatzen ari diren bitartean. Latinoamerikan, Afrikan, Ekialde Hurbilean eta beste toki askotan, egoera are jasangaitzagoa da eta ondorio are izugarriagoak izango ditu. AEBn ere, planetako teknologiarik aurreratuena duen herrialdea izanik, hori monopolio kapitalista handien kontrolpean dagoenez, ez da eragotziko pandemia Erdi Aroko izurria balitz bezala zabaltzea.









Burgesiak eta soldatapean dituen politikariek –aldaera ezberdinetako sozialdemokraziak eta sindikatuetako burokraziak barne- “soldadu” gisa borrokatzera dei egiten digute eta sutsuki altxatzen dute batasun nazionalaren aldarria. Baina guk jartzen ditugu hildakoak eta gu gara langabeziaren eta miseriaren zartada jasaten dugunak.

Sistemak “batasun nazionalaren” zementua behar du. Zein helbururekin? Gerra hau benetan pairatzen ari garenon kontzientzia itotzeko eta makurtu gaitezen lortzeko. Baina aurreko aldian munduan zehar klase arteko borroka gogorrak, altxamenduak eta iraultzak bizi izan ditugu: Txile, Ekuador, Bolivia, Honduras, Sudan, Aljeria, Hong Kong, Frantziako Estatuko greba orokorrak, emakume langilearen masa mobilizazioak, mundu mailako gazteen mugimendua klima aldaketaren aurka, errepublikaren aldeko Kataluniako herriaren altxamendua… Horiek eta hainbat gehiagok aro berri bat iragartzen dute eta eskola handia bihurtu dira.

Gainbehera ekonomikoak borroka inter-inperialista areagotuko du

Ekonomiaren egungo kolapsoaren maila, gerra suntsitzaile batekin bakarrik alderatu daiteke.

Nazioarteko Finantza Institutuaren arabera, AEBetako eta EBko ekonomiak %10 eta %18 jaitsiko dira urteko lehen seihilekoan, hurrenez hurren. Erreserba Federalak urte honetan AEBetako Barne Produktu Gordina %50 hondoratzea espero du. Depresio Handiaren unerik txarrenean, 1929 eta 1933 artean, BPGa %30 erori zen. Iturri horrek berak dio langabeziak 47 milioiraino egin dezakeela gora, %32ko langabezia tasara iritsiz, eta 67 milioi iparramerikarrek kaleratuak izateko arrisku handia dutela baieztatzen du.

Askok esan dute, baita “marxista” direla dioten batzuk ere, Txinako ekonomia kondenatua dagoela eta kolpe latza jasoko duela ziurtatzen dute. Mundu merkatuaren atzerakadak noski negatiboki eragingo dio bere ekoizpen aparatuan, baina horrelako baieztapenak egiten direnean beti neurtu behar da Txina bere lehiakideekin konparatuz.

Txinako kapitalismok, gorantz doan sui generis estatu-kapitalismoa da. Bere estatu-aparatuaren eskuetan kontzentratu ditzake finantza eta ekoizpen arloan dituen baliabide zabalak eta baino bizkorrago bete ditzake behar estrategikoak beste batzuek. Horrek abantaila nabarmena ematen dio AEBen edo EBren aurrean lehiatzeko. Krisi honetan hori agerian geratzen ari da, eta ez soilik osasun arloan.

Trumpek AEBetako ehunka mila herritar sakrifikatzeko eta ekoizpena lehenbailehen martxan jartzeko egindako aginduak horri erantzuten dio. Etxe Zurian oso ondo dakite Txinak beteko duela orain libre utziko duten espazioa. Hala eta guztiz ere, iparramerikar xumeak bost axola zaizkion “abertzale” ustel honek apur bat atzera egin behar izan du, bere aholkulariek ikusi baitute hondamendiaren larritasunak beste agertoki batzuk ere eragin ditzakeela, AEBko mugen barruan eztanda sozialetatik hasita.

Txina erreferente bihurtuko da nazio kapitalista txikiagoentzat, bere lehiakideek uzten dituzten hutsuneak beteko ditu eta bere eragina hazi egingo da datozen urte eta hilabeteetan. Italiari eman dion laguntzarekin gertatutakoak, edo Estatu espainiarreko Gobernuak bere osasun merkatuan egindako erosketa desesperatuek, Afrikatik eta Latinoamerikatik Beijingera egin dizkioten laguntza eskaerek ere, Asiako erraldoiaren papera indartu baino ez dute egingo berehalako aldian, nazioarteko harremanetan aldaketa sakonak eraginez.


Mundu mailako mekanismo ekonomikoak oreka galdu ez ezik, matxuratu egin da, sistemak pairatzen duen agonia azaeratuz.

Estatu kapitalistaren erreskatea… kapitalistentzat

Mendebaldeko potentziek 2008ko krisiari erantzun zioten langile klasearen bizkar gainean jarriz finantza sistemaren erreskate publikoa. Alde batetik, murrizketa basatien uholdea, kaleratze masiboak, prekarietatea, etxegabetzeak eta pobretzea, eta bestetik, zero intereseko kredituen barra librea, eta banku zentralek zor pribatua masiboki erostea, finantza espekulatzaileen, bankuen eta enpresa handien poltsikoak ondo betez.

Sistemaren kontraesan larrietako bat bera ere ez zen konpondu, guztiz kontrakoa. Inbertsio produktiboa erori egin zen, baina burbuila espekulatiboa geroz eta handiagoa bilakatu da, eta monopolioen kapital kontzentrazioa indartu egin da: "Kapital finantzarioa — esan zuen Leninek — hain indar garrantzitsua da, hain erabakigarria dela esan daiteke harreman ekonomiko eta nazioarteko harreman guztietan, ezen menderatzeko gai baita, eta benetan menderatzen ditu, baita independentzia osoena duten Estatuak ere …".


Datuek agerian uzten dute benetako iruzurra dela "aurreko krisiaren lezioak ikasi" direla. Zor globala (publikoa zein pribatua) 253,6 bilioi dolarreko errekorrera iritsi zen 2019an, munduko BPGaren % 322.

2008an aurrekontu publikotik bi bilioi dolar baino gehiagorekin erreskatatu zituzten Ipar Amerikako banku handiek gaur egun %43 gordailu gehiago dituzte, %84 aktibo gehiago eta krisiaren aurretik zuten diruaren hirukoitza. Mckinsey Global Institute erakundearen arabera, munduan lortzen diren enpresa-mozkin guztien %80 Burtsan kotizatzen diren taldeen %10ak sortzen ditu.

Horixe da gizateriak bere premiarik larrienak konpontzeko duen benetako oztopoa. Soldatapeko lanak sortzen duen aberastasun erraldoiak finantza espekulatzaile gutxiengo honen eskuetan jarraitzen duen bitartean, euren diktadura ankerra inposatzeko bide hori duten bitartean, ez dago irtenbiderik.

Marxek azaldu zuen bezala, Gobernua klase agintariaren interesak zaintzen dituen batzorde exekutiboa da. Mendebaldeko gobernuek eta banku zentralek onartutako talka-programak 6 bilioi dolarretik gorakoak dira dagoeneko (munduko BPGaren %7 inguru). Multinazional handiei solbentzia ematera eta nazioarteko bankuak berriro salbatzera zuzendutako likidezia erraldoia da.

Mario Draghi Europako Banku Zentraleko zuzendari ohiak gordintasun osoz azaldu du asmoa Financial Times egunkariak argitaratutako artikulu batean: "(…) erantzunak zor publikoaren gorakada nabarmena eragin behar du. Sektore pribatuak jasandako diru sarreren galera, eta hutsune hori betetzeko sortutako edozein zor, guztiz edo partzialki, Gobernuen balantzeetan xurgatu behar da ".

Estatu kapitalistak enpresak, finantza-kapitala eta espekulatzaileak salbatu behar ditu. Zein lezio bikaina erreformista guztientzat, zahar eta berrientzat, Estatua goraipatzen dutenean, klase bat bestearen gainetik menderatzeko tresna izango ez balitz bezala. Estatuaren teoria marxistaren aldarrikapen bikaina da, burgesiaren bozeramaile handi baten ahotan. Leninen hitzak gogora ekartzen ditu: "(…) Hemen ikusten dugu nola, finantza-kapitalaren aroan, Estatuaren monopolioak eta monopolio pribatuak elkar josten diren osotasun bakar bat eratuz, eta nola, errealitatean, monopolista handiek mundua banatzeko borroka inperialistaren kate beraren zati ezberdinak baino ez diren.

Inoiz baino banatuago. 2.0 Neoliberalismoa

Burgesia nazional bakoitza bere monopolioak jo eta su defendatzeko prestatzen ari da depresioaren baitan gauzatzen den gatazka interinperialistan. Indar objektibo horiek dira Europako Batasunaren leherketaren atzean daudenak. Hegoaldeko gobernuek, Italiak eta Espainiako Estatuak gidatuta, Merkeli eskua botatzeko eta krisi honen zati bat bere gain hartzea eskatzen dioten bitartean, Alemaniako burgesiak uko egiten dio hondamenaren kostuak elkarbanatzeari.

Alemaniako eta Herbehereetako burgesiek, eurobonuak erabat arbuiatzeaz gain, kutsaduratik babesteko eta beren industria nazionalak kosta ahala kosta sendotzeko neurri guztiak hartuko dituzte. Merkelek hegoaldeko herrialde guztiei esan die Europako Egonkortasun Mekanismoaren (MEDE) maileguetara jo dezaketela, Greziak bere garaian egin zuen bezala. Eta orduan bezala, ordaindu beharreko baldintza gogorren truke emango da, murrizketa sozial gehiago exijituz.

Europak eztanda egin du. Europar Batasunaren proiektua, ezagutu dugun moduan behintzat, amaituta dago. Brexitaren ondoren, eta depresio luze baten aurrean, 2014ko euroaren krisian nekez eutsi ziren indar zentrifugoak (Greziako herria zapaldu eta austeritatea zabaltzearen kontura) gero eta kontrolaezinagoak bihurtuko dira.

Kontinente guztietan nazionalismo ekonomikora itzulera prestatzen ari da, arantzel politikak indartuz, txanponen debaluazio lehiakorrak eginez, barne merkatuak kanpo erasoetatik babesteko neurri protekzionistak. Mundu mailako potentzien gutxieneko koordinaziorik ez egoteak kapitalismoaren izaera erabat atzerakoia berresten du.

Iraultza sozialistarako programa eta alderdi bat

1929ko crack-aren ondoren, kapitalismoaren agoniazko krisiak iraultza sozialistaren porrota ekarri zuen Europan, faxismoa eta, azkenik, mundu gerra odoltsu bat. Uneotan horrelako gerra baten aukera baztertuta dago. Armategi nuklearra potentzia inperialista handien eskuetan egonda, elkarren arteko suntsipen ziurra izango litzateke. Baina horrek ez du esan nahi tokian tokiko gerra gehiago ez direnik egingo, milioika hildako eta errefuxiatu eraginez eta Sirian, Iraken edo Afganistanen ikusi dugun bezalako suntsiketa ikaragarriak eraginez. Burgesia oso kontziente da langile klasearen aurkako gerra bere armategi guztiarekin libratu beharko duela.

Depresioak parlamentarismo burgesaren, sozialdemokraziaren eta alderdi kontserbadore tradizionalen deslegitimazioa areagotuko du, polarizazio sozial eta politikoa indartuko du, klase menderatzailea are gehiago zatituko du eta gobernu askotan joera autoritarioak gailenduko ditu. Urte hauetan erdi mailako geruzen egonkortasuna galdu dela ikusi dugu, ezkerrera eta eskuinera gogor oszilatzen dutelarik. Egoera berriak joera hori sakondu baino ez du egingo. Ultraeskuinaren gorakada benetako mehatxua da, eta are gehiago izango da, baita estatu poliziala ere

Ezker erreformista berriaren alderdiek, Podemosek, Syrizak, Bloco de Esquerdak, Die Linkek eta antzeko beste batzuek, marxismo iraultzailearen programa alde batera utzi dute eta ideia erradikal txiki burgesen nahaspilarekin ordezkatu dute, beti toki berean amaitzen dena: kapitalismoa onbera bihurtzea. Baina esperientzia praktikoak erakutsi du hori utopia erreakzionarioena dela. Kapitalismo posible bakarra bizi duguna da, ingurumena hondamendira daramana eta milioika pertsona hiltzea ahalbidetzen duena, kapital finantzarioaren diktadura babesteko.

Rosa Luxenburgok ospetsu egin zuen Engelsen kontsignak interpelatzen gaitu: sozialismoa edo basakeria! Gainean dugun hondamendiari aurre egiteko modu bakarra langile klaseak, zapalduen buru, boterea hartzea da, bankuak, monopolioak eta lurra nazionalizatzea kontrol demokratikoan. Gizartea oinarri sozialista eta demokratikoen gainean antolatuz bakarrik eragotzi ahal izango dugu kapitalismoak garamatzan amildegia.

Klase zapaldu baten ordezkaritza parlamentarioa bere benetako indarraren oso azpitik dago. Iraultza baten baldintza klasikoak, erreformistek iraungitzat eman zituztenak, agerian geratu ziren 2019an Latinoamerikan, Asian, Afrikan eta Europan eman ziren masa-mugimenduetan, altxamenduetan eta matxinadetan: klase agintariko zatiketak, masen determinazioa borrokaren amaieraraino iristeko, erdi mailako geruzen laguntza edo neutraltasuna… Baina guztietan falta izan zen baldintza onuragarri horiek errotzeko faktorerik erabakigarriena: alderdi iraultzaile bat, marxismoaren programarekin armaturik eta masen artean influentzia izango duena.

Eginkizuna konkretua da: aurrez aurre ditugun gertakari latzen baitan, milioika pertsonen haserrea eta atsekabea eraldatzea iraultza sozialistaren programari babes kontziente bat emateko. Langile klasea bere indarretan bakarrik fida daiteke jabetza pribatuaren eta estatu nazionalaren erregimen ustelarekin amaitzeko. Eta konfiantza hori eskuratzeko, ikuspegi eta programa argi bat izan behar du, soilik zuzendaritza irmo eta ausartak eman dezakeena.

Zeregin horri arrakastaz aurrera eramateko gai izango den alderdi iraultzaile bat eraiki behar dugu: desjabetzaileak behin betiko desjabetuko izango dira, eta soldatapeko lanak sortutako aberastasuna benetako justizia sozialaren esku jarriko dira. Sozialismoaren garaipena gizateriaren garaipena izango da.

Batu zaitez Ezker Iraultzailera!

1. Bankaren eta monopolio handien nazionalizazioa langileen kontrol demokratikoaren pean, jendearen eskubideak eta haien bizitzak gainetik jarriko dituen ekoizpen plan bat ezartzeko.

2. Osasun publikoaren defentsan. Osasun-arloko 20.000 profesional berehala kontratatzea (medikuak, erizainak, ikertzaileak, teknikariak, laguntza-langileak, anbulantziak …). Ospitaleko instalazio publiko guztiak irekitzea, ZTGak (UVI) indartzea eta zabaltzea, eta beharrezko material medikoa eta kirurgikoa erostea.  Material medikoaren eta osasun pribatuaren ekoizpen-sektore guztiak nazionalizatzea. Farmazia sektorearen nazionalizazioa, koronabirusari eta gainerako gaixotasunei aurre egiteko beharrezkoak diren botika guztien doakotasuna.

3. Pandemiaren aurka borrokatzeko funtsezkoa ez den ekoizpen-jarduera guztia berehala geldiaraztea. Legez bermatzea funtsezkoak ez diren fabriketako eta enpresetako langile guztiak etxean egon ahal izango direla ordaindutako baimenekin, beren enplegu guztiak errespetatuak izango direla eta ez dela lan-eskubiderik galduko. Funtsezko enpresetako langileentzat, beharrezko segurtasun- eta babes-neurri guztiak. Betetzen ez dituzten enpresaburuei zigor ekonomiko oso zorrotzak ezartzea.

4. Ekoizpena langileen kontrolpean jartzea. Sektore industrial guztietan langile batzordeak sortzea, demokratikoki asanbladetan hautatuak, ekoizpena birmoldatzeko eta berehala pandemiari aurre egiteko behar den material mediko guztia fabrikatzeko: babes ekipoak, arnasgailuak, maskarak, mantalak…

5. Kaleratzerik, ERTErik edo enplegu-erregulazioko espedienterik ez koronabirusaren eraginez. Soldata murrizketarik ez. Enpresaburuek urte hauetan pilatutako etekin guztien beren zatia jar dezatela! Itzul dadila patronalen eta bankuen erreskateen dirua!

6. Ixten den fabrika, langileen kontrolpean nazionalizatutako fabrika. Langabezia sorospen mugagabea, lanpostu bat aurkitu arte 1.200 eurokoa hilean.

7. Legez murriztea familia langileen eguneroko bizitzarako funtsezkoak diren produktuen prezioak eta espekulazioaren jazarpen sendoa. Aski da. Supermerkatu kate handiak eta elikagai sektoreko multinazionalak izugarri aberasten ari dira. Horien nazionalizazioa langileen eta erabiltzaileen kontrol demokratikoan.

8. Guztiontzako etxebizitza duin baten alde. Alokairuko etxebizitzen jabe handien, bankuen eta funts putreen nahitaezko desjabetzea, eta etxebizitza publiko unibertsalaren sistema bat sortzea, alokairu sozial eskuragarriekin. Kaleratze guztiak legez baliogabetzea eta alokairuak, argindarra, gasa, ura, berogailua eta telekomunikazioak ordaintzetik salbuestea kaleratutako eta zailtasun ekonomikoak dituzten langile guztientzat, zerbitzu horiei guztiei eutsiz.

9. Etorkinen eta errefuxiatuen eskubide ekonomiko, sozial eta politikoen defentsa. Lege arrazista guztiak indargabetzea eta kontzentrazio eta barneratze esparruak eraistea. Milaka milioi euroko mobilizazioa, haien bizitzak salbatzeko.

10. Adierazpen, manifestazio eta antolaketarako askatasunari inolako murrizketarik ez. Kanpora estatu poliziala eta bizitza sozialaren militarizazioa! Faxismoari eta eskuin muturreko erakundeei aurre egitea langile klasearen eta gazteriaren borroka masibo eta antolatuarekin. Haien inpunitatearen aurka, eta Estatuaren aparatuaren aldetik jasotzen duten babesaren aurka.

11. Gerra inperialistekin amaitu! Monopolioek eta Nazioarteko Diru Funtsak ezarritako kanpo-zor guztia berehala kitatzea.

12. Zapaldutako nazio guztien autodeterminazio eskubidearen alde.

13. Iraultza Sozialistaren eta Munduko Federazio Sozialistaren alde.