CAF jeitsi zaitez apartheidaren trenetik

Azaroaren 28an mobilizazioak egin dira EHko herrietan Palestinarekin elkartasunean, eta CAF jeitsi zaitez apartheidaren trenetik lelopean. Ezker Iraultzailetik mobilizazio horiek babestu eta tokian toki antolaketan parte hartu dugu. Hona hemen, gai honen harira egin genuen adierazpen laburra.

Azken aldian, Israelgo Estatuaren jazarpen sionista baretzetik urrun, gogortzen ari da. Netanyahu, bere Gobernuaren aurkako mobilizazio uholdea jasaten ari da: gazteriaren, langile eta langabetuen manifestazio handiak, osasun eta zaintza langileen grebak…. Mugimendua kriminalizatzeko asmoz “ezkerreko anarkistenak” direla esan du eta era berean, Palestinaren aurkako gerra propaganda gisa erabili nahi du mobilizazioen presioa desbideratzeko. Urte honetako uztailaren 1ean Zisjordania anexionatuko zuela agindu zuen, nahiz eta horretarako bere ohiko aliatuen babesa ere ez zuen izan.

Euskal Herritik badugu zer borrokatu Palestinako herriari benetako elkartasuna emateko. Zentzu horretan, garrantzia berezia du CAF enpresak Israelgo tren arinaren lanetan parte hartzeko asmo oro bertan behera utzi behar duela aldarrikatzea. CAFeko enpresariek burutu nahi duten trenaren proiektu horrek Israelek legez kanpo okupatutako Jerusalemgo lurralde palestinarrak hartzen ditu, euren agintea finkatzeko. Kontuan hartzekoa da, akziodunetako bat Eusko Jaurlaritza dela eta Eusko Alderdi Jeltzaleak betidanik eman diola babesa sionismoari. Baita Euskal Herrian kokatzen dela besteak beste Israel armaz hornitzen duen negozioaren gune garrantzitsuenetako bat.

Zalantzarik gabe, mundu mailako langile klasearen indarra eta elkartasuna da Palestinaren aurkako basakeria geldi dezaken indar bakarra. Ezin dugu beste alde batera begiratu, funtsezko giza eskubideak urratzeko eskatzen denean. Ezin dugu inolako konfiantzarik izan Nazio Batuen Erakundea bezalako kapitalaren nazioarteko erakundeetan, ez baitute botere inperialisten interes ekonomikoen aurka doan ezer egingo.  Hori bera gertatzen da Saharan eta beste hainbat gatazketan. Basakeria inperialistarekin behin betiko amaitzeko eta CAFek atzera egiteko bide bakarra klaseko elkartasun internazionalista eta mobilizazioa dira.