Eskuin muturraren gorakada benetan serio hartu beharreko mehatxua da langile klasearentzat, gazteriarentzat eta herri zapalduentzat. Palestinar herriaren aurkako genozidio sionista basatia hasi zenetik bi urte pasatxo igaro ondoren, Donald Trumpek berriro ere yankien makinaria susntsitzailea erabili du Venezuelako herriaren aurka. Munduko petrolio erreserba handienak kontrolatzea eta protektoratu koloniala ezartzea da Washingtonek publikoki aldarrikatu duen helburua.
Ekialde Hurbila, Venezuela, Groenlandia… Trumpen gobernua munduko nagusitasunaren norgehiagokan Txina eta Errusiaren aurka garatzen ari den hil ala biziko ofentsiba inperialistaren parte dira. Baina kanpo politika etxeko politikaren jarraipena izan ohi da. Trumpen Gobernu neofaxistak gerra deklaratu dio “barnean duen etsaiari”, langile klase etorkin nahiz bertakoari, ICEko bere eraso-tropak mobilizatuz izua zabaltzeko.
Trumpismoaren estrategia ez da zorizko fenomeno bat. Estatu Batuen gainbeheratik, kapitalismo globalaren krisitik eta demokrazia parlamentarioaren desegitetik sortzen da. Kapital handiaren ordezkari harroputz honek diskurtso faxistaren ohiko leloak errepikatzen ditu: nazionalismo supremazista, antikomunismoa eta arrazakeria basatia, islamofobia, negazionismo klimatikoa, eta noski, matxismoa eta gorroto amorratua feminismoaren, LGTBI komunitatearen eta trans pertsonen aurka.
Mendebaldeko kapitalismoaren gune handietako gobernuen bilakaerari erreparatuz gero, AEBetan, Britainia Handian, Frantziako Estatuan, Italian edo Alemanian, mekanismo berberak ikus ditzakegu: legedi autoritario eta errepresiboa, aparatu poliziala indartzea eta protesta soziala kriminalizatzea. Ez dira elementu isolatuak. Argi adierazten dute “demokrazia” burgesa bera ere oztopo geroz eta handiagoa dela etekin kapitalistak eta helburu inperialistak bermatzeko. Joera bonapartista eta totalitario berdintsuak garatu ziren hain zuzen, erritmo ezberdinetan, 30eko hamarkadako diktadura faxisten garaipenaren aurreko garaian.
Eskuin muturreko mugimenduak kaleak hartu nahian dabiltza eta hauteskunde garaipen entzutetsuak lortu dituzte. Fronte Nazionala Frantzian, Reform UK, Italiako Fratelli, Alemaniako AfD, Portugalgo Chega, Milei… orban arrea dira, eta Espainiako Estatuan Voxen gorakada ez da atzean geratzen.
Nazioartean erreakzioaren aurrerapenak kapitalismoaren krisi orokorrarekin eta borroka interinperialistarekin zerikusia duten faktore objektiboen ondorio dira, baina badira beste elementu batzuk, subjektiboak nolabait esateko, aurrerapen hori bultzatzen dutenak. Eta horien artean, sozialdemokraziaren politikak ez dira bigarren mailakoak.
Dela Britainia Handiko Starmer laborista, Alemaniako SPDko buruzagiak edo, Espainiako Estatuan Pedro Sánchez -“antifaxismoaz” hitz eta pitz aritu arren-, horien guztien politiken bereizgarri dira bankuak eta korporazio handiak aberastea, irakaskuntza eta osasun publikoa kaltetzeko murrizketak etengabe egitea, patronalari botere guztia emateko bake soziala erabiltzea, edo higiezinen espekulatzaileen eta funts putreen aurrean amore ematea.
Gobernu sozialdemokrata guztiek babestu dituzte EBko immigrazioaren aurkako legedi arrazistak, NATOk agintzen duen berrarmatze inperialista eta Tel Aviveko erregimen sionistarekiko konplize izan dira, bistakoa denez. Eta era berean jokatu dute ezker erreformista berriko aliatu parlamentario askok.
Sozialdemokrazia aktiboki aritu da eskubide demokratikoen aurkako salbuespenezko legeak sortzen eta babesten. Palestinaren aldeko mobilizazioen kriminalizazioa etengabea izan da Britainia Handian eta Alemanian gobernu sozialdemokraten eskutik. Terrorista gisa salatu dituzte zenbait elkartasun erakunde, milaka pertsona atxilotu dituzte Palestinako banderak eramateagatik, ehunka ekintzaile espetxeratu dituzte (gose greba gogorrean dauaden Britainia Handiko kideak esate baterako), eta komunikabideak ere itxi dituzte.
Espainiako Estatuan, PSOEren eta Sumarren koalizio Gobernuak ez du Mozal Legea indargabetu nahi izan, baina Podemoseko ministroek parte hartzen zutenean eta Pablo Iglesias presidenteorde zenean ere ez zen ezer egin auzi horretan. Pedro Sanchezen gobernuan jazarpen gogorra izan da ezker militantearen aurka. Hainbat dira gobernuaren hipokresia erakusten duten adibideak: Altsasuko gazteen aurkako muntaia polizial eta judizialak, Pablo Hassel raperoaren espetxeratzea (lau urte baino gehiago daramatza preso), Zaragozako sei gazte antifaxisten nahiz La Suizako sei sindikalista asturiarren aurkako kartzela zigor gogorrak, Somosaguaseko zazpi ikasle gazteen auziperatzea, eta abar.
Agintean nola eskuinak hala sozialdemokraziak, bide ematen die libreki ezker borrokalaria bortizkeriaz zapaltzeko gorputz polizial guztien indartzeari, eta talde faxista eta eskuin muturreko erakundeekin konplizitatea adierazi izan dute publikoki. Estatu “demokratikoko” indar polizialak faxistez gainezka daude, eta langile mugimenduaren aurka oldartu dira: Cadizen metaleko azken greba, ekintzaileen aurka etxegabetzeak galarazteagatik edo bidezko aldarrikapenak defendatzeagatik...
Eskuin muturreko indarkeria inolako zigorrik gabe hazten ari da, eta Estatu “demokratikoek” ez dute ezer esan edo egiten horren aurrean, ez parlamentuek, ez legeek, ez epaitegiek. Horren lekuko izan gara Torre Pachecoko jazarpen arrazistetan, Desokuparen ekintzetan, eta Euskal Herrian bertan, Ertzaintzak falangistekin batera eskuz esku Gasteizko gazteria antifaxistaren aurka egindako karga bortitzetan.
Esperientzia historikoak, eta hurbilekoenak, erakusten du klase agintariarentzat erakunde horiek oso palanka erabilgarri bihurtu direla euren interesak defendatzeko. Estatuak babestu egiten ditu, eta kapitalistek finantzatu. Horrexegatik, eskuin muturraren aurkako borroka Estatu kapitalistaren, bere erakundeen, bere poliziaren edo bere botere judizialaren esku uztea ageriko iruzurra da.
Borroka honetan langileok eta gazteok geure indarretan bakarrik fida gaitezke. Eta oso indartsuak gara haiek garaitzeko. Zazpi milioitik gora parte hartzaile izan zituen No Kings lelopean Trumpen aurkako mobilizazio ikaragarriak AEBetan, eta ICEko indar nazien aurka ehunka hiritan matxinada zabaltzen ari da. Gauza bera esan behar da Palestinako genozidioaren aurkako masa mugimendu handien inguruan, edo Frantzian, Italian, Portugalen, Belgikan eta beste herrialde batzuetan joan den irailetik egin diren greba orokorren inguruan, eta datorren martxoaren 17an Euskal Herrian burutuko denaz.
Baina argi esan behar dugu: pobretzea, soldata miserableak, zerbitzu publikoen suntsiketa, langile familietako gazteoi etxebizitzarako sarbidea galarazten digun espekulazioa…gero eta handiagoa den haserre soziala eragiten duten faktore horiek guztiak aprobetxatzen ditu eskuin muturrak bere demagogia zabaltzeko. Horregatik, antifaxismoa benetan tinkoa eta eraginkorra izango da, baldin eta klase borroka lehenesten duen programa sozialista defendatzean oinarritzen bada eta konplexurik gabe planteatzen badu bankuen eta monopolio handien desjabetzea, hain zuzen, jasaten dugun zapalkuntzaren arazo sozial larriak konpontzeko.
Ez dago erdibideko irtenbiderik: kapitalismoa ezin daiteke erreformatu, ezta EAJ ere, euskal kapital handiaren ordezkari politikoa baita. Eskuin muturrari aurre egiteko bidelaguna dela pentsatzea, Ertzaintzaren faxiztatzea ahalbidetzen duten eta pribatizazioetan eta murrizketa sozialetan maisu diren burges berberekin “Gobernu” akordioak lortzeko asmoa, akats larria da.
Ezker Iraultzailetik oso serio hartzen dugu borroka hau. Horregatik eraiki behar da fronte bateratua, edozein jarrera sektario alde batera utziz, faxismoaren aurka borrokatzeko eta langile klasearen eta gazteriaren erantzun zabala artikulatzeko prest dauden erakunde, sindikatu eta mugimendu sozial guztiekin. Kontua ez da banderak nahastea, ezta erakunde bakoitzak duen programari uko eginez politikoki desegitea ere. Kolpea elkarrekin ematea da kontua, helburu komunen alde. Eta izan badira.
Horregatik guztiagatik, GKSk urtarrilaren 31n Bilbon eta Iruñean deitutako manifestazioak babesten ditugu eta bertan parte hartzeko deia zabaltzen diegu langile eta gazte guztiei.
Bat egin Ezker Iraultzailearekin eta eraiki iraultza sozialistaren indarrak!
Fronte antifaxista bateratuaren alde!









