Protesta erraldoia bularreko minbiziaren baheketak izan duen kudeaketa kriminalagatik.

Urriaren 26an, igandea, minez eta emozioz, baina baita borrokaz eta amorruz ere, beteriko marea arrosa handi batek Sevillako San Telmo Jauregiaren inguruak bete zituen, batez ere biktimei irtenbideak, justizia eta erreparazioa eskatzeko, “Gure bizitzek ezin dute itxaron” lelopean, bularreko minbiziak kaltetutako emakumeen elkarteek deituta.

Andaluziako txoko guztietatik etorri ziren milaka eta milaka emakume gazte eta langile, eta beraiekin geunden zerbitzu publikoen pribatizazio eta murrizketen politikak egunero jasaten ditugun gainerako kide eta herritarrak ere. Haiei babesa eman eta elkartasuna adierazteko ozenki aldarrikatu genuen: “Ez zaudete bakarrik”. Halaber, Juanma Moreno Bonillaren Alderdi Popularraren menpeko Andaluziako Juntak bularreko minbiziaren baheketan egindako kudeaketa kriminala salatzeko aldarri gorgarria egin genuen.

Honela zioen AMAMA elkarteko buru den Ángela Claverolek: “Oraindik ez dakigu gertatu denaren tamaina. Hasieran bi edo hiru kasu ginen, “kasu” deituz iraindu zituztenak. Ondoren, 2.000. Orain 2.317. Guztiak berehala minbiziaren zirkuituan, mamografian, ekografian, biopsian, kirurgian edo kimioan eta onkologoan sartzea nahi dugu. Elkarteek osasun-programetan duten parte-hartzea berreskuratu nahi dugu, erantzukizunak garbitzea eta osasun-sistema publikoaren hornidurak handitzea, bitarteko, baliabide eta esku nahikorekin”.

Baheketen diagnostikoen komunikazioan izandako atzerapenaren eskandalua ez da soilik emakume langileon aurkako krimena, osasun-sistema publiko baten icebergaren punta da: urteak daramatza kolapsatuta baliabide faltagatik, lehen mailako arreta gainezka dago baliabide eta profesional nahikorik gabe, ebakuntza bat egiteko edo lehen hitzordu bat lortzeko itxaron zerrendak milioi bat paziente baino gehiagokoak dira… PPren murrizketa ustelak agerian utzi du hori guztia. Osasun publikoa suntsitu dute beren laguntxo enpresariek negozio ederrak egin ditzaten, beraientzat gure bizitzak ez du baliorik eta arriskuan jartzen dute.

Ezin dugu ezikusiarena egin: PPk egindako beste krimen bat da, pandemian Díaz Ayusoren Gobernuak zaharren egoitzetan eragindako 7.291 erailketena eta Valentzian Mazónen axolagabekeria kriminalak eragindako heriotzena bezala. Ezin dira zigorrik gabe geratu.

Horregatik da hain garrantzitsua mobilizazioa eta erantzun kolektiboa. Kaltetutako emakumeak bidea markatzen ari dira beren ereduarekin, eta milaka eta milaka familia langileren ezinegonarekin konektatu dute. Ezpata eta pareta artean jarri dute Moreno Bonillaren Gobernua: eskuinaren barruko “moderatu” kareta faltsu hori kendu eta San Telmo Jauregiko alfonbraren azpian ezkutatu nahi izan dituen politika pribatizatzaileak, erasoak, gezurrak eta harrokeria agerian geratu dira.

Joan den urriaren 8ko elkarretaratzea lehen kolpe latza izan zen PPrentzat. Mugimenduaren presioa hain handia izan zen, ez baitzuten izan Osasun sailburuaren dimisioa aurkeztu beste aukerarik. Baina ez zen animoak baretzeko nahikoa izan: hilaren 26an erantzun jendetsua eta duina izan zuten.

img
Ezpata eta pareta artean jarri dute Moreno Bonillaren Gobernua: eskuinaren barruko “moderatu” kareta faltsu hori kendu eta San Telmo Jauregiko alfonbraren azpian ezkutatu nahi izan dituen politika pribatizatzaileak, erasoak, gezurrak eta harrokeria agerian geratu dira

Eragindako min eta sufrimendu guztiarekin nahikoa ez eta, denbora aurka duten milaka emakumerentzat benetako irtenbiderik emateko hatz bat ere mugitu ez duten horiek, orain haien aurka irainak eta gezurrak botatzera ausartzen dira, haiek mespretxatzeko ahaleginean: miserable hutsak dira.

Antonio Sanz Osasun sailburu berriak ez zuen aste bete ere behar izan bere benetako izaera erakusteko. Hotz-hotzean dena esaten duen tonu batez, Clic Salud eta Diraya aplikazioetan izandako arazoak —norbere historia medikoa online ikusteko erabiltzen dira— Amazonek aurreko egunean izan omen zuen “intzidentziarekin” parekatu zituen. Bere printzipioak agerian geratu ziren: salgai hutsak gara, zalantzarik gabe. Hori gutxi ez eta, AMAMA elkarteari gezurretan aritzea egotzi zion, “zurrumurruak zabaltzen” dituela, “sistema publikoa eta profesionalak mespretxatzen saiatzen” dela, oraindik agertu ez diren minbizi-proben manipulazioa eta desagerpena salatzeagatik, nahiz eta Andaluziako Osasun Sistemak berak baheketa-programako txostenetara sartzeko “hutsegite teknikoak” aitortu behar izan zituen. Aldi berean, Moreno Bonillak aurpegiratu zien “manifestatzera joatea” hobetsi izana. Eta bai, horrek kezkatzen ditu: haserrea piztu, antolatu, hazi eta norbera bere tokian jartzeak. “Beldur dira; urduri jarri dira, ez baikara ezer haientzat (…) bost axola die gure bizitzak”, adierazi zuen Ángela Claverolek.

PPren planak ez dira geldiaraziko ez mozio parlamentarioekin, ezta hurrengo hauteskundeetan botoa emate hutsarekin ere. Arazoaren muina osasun sistema osoari eragiten dion enpresa-parasitismoa da, PPk elikatu eta lehendik ere PSOEren agintaldietan Andaluziako Juntak sustatua. PPren erasoak atzera botatzeko beharrezkoa da osasun publikoaren aldeko mobilizazio erraldoiak gainerako borrokekin eta sektoreekin elkartzea, eta greba orokor handi bat bat antolatzea. Horrela egiten zaie aurre eskuinari eta haren politikei!

Mobilizazioaren bidez bakarrik lortuko dugu kalitatezko zerbitzu publikoak izatea eta PPk, baina baita lehenago PSOEren gobernuek ere, aurrera eraman dituzten neurriak eta pribatizazioak —osasunean, hezkuntzan, adinekoen zaintzan eta abar— atzera botatzea.

Igandean Sevillan esaten zen bezala: “Emakume batzuk jada ez daude eta familiak suntsituta daude; eta ezin dugu onartu honek horrela jarraitzea: borrokak aurrera segitzen du.”

Somosaguasko 7ekin elkartasuna

Somosaguasko 7ekin elkartasuna