Boltxebikeen internazionalismotik urrun, “herrialde bakarreko sozialismoaren” teoria bereganatu eta muturreraino eraman du Ipar Koreako burokraziak marxismoak defendatzen dituen oinarrizko ideiei uko eginez
Korear penintsulako tentsioak ez dira desagertzen. Japonia eta mendebaldearekin dituen negoziazioetan eragin nahirik, Ipar Koreak arma nuklearrak probatzeko programa aurkeztu zuen iragan urtearen hasieran. Urriaren 7an, tropa ipar-korearrak Hego Korean sartu ziren, honen mehatxuzko erantzuna sortaraziz. Bi lurraldeak banatzen dituen Gune Desmilitarizatua munduko muga militarizatuenetako bat da. Teknikoki bi aldeak gerran daude oraindik, 1953an gerra amaitu zenetik ez baita su etenik edo bake hitzarmenik sinatu. 23 milioi biztanle soilik dituen arren Ipar Koreak munduko bosgarren ejertzito handiena dauka, 1,2 milioi soldadurekin. Armada hego-korearra askoz txikiagoa da baina hobeto hornitua dago eta gainera milaka soldadu iparramerikarren laguntza du.
AEBak Ipar Korearen programa nuklearraren aurka agertu dira, baina hau ez da oinarritzen mundu zabaleko jendeak pairatuko dituen ondorioetan, ezta inolako kezka “humanitarioetan” ere. Israelek teknologia nuklearra garatu du (zenbait jeneralek arma nuklearrak erabiltzeko aukera ere aztertu dute), baina kasu honetan ez zen ez mehatxurik, ez zigorrik, ezta inbasiorik ere egon. India eta Pakistanek misil nuklearrak dituzte eta ahalegin diplomatiko guztiak hutsean gelditu dira. Irakek ez zuen arma nuklearrik baina inbaditua izan zen, 100.000 pertsona baina gehiago hil zirelarik.
Ikuspuntu historiko orokor batetatik, arma nuklearrak garatuz baliabide ugari alperrik galtzen dira. Baina gizartea tokian tokiko klase menperatzaile pribilegiatuek kontrolatzen duten bitartean (Ipar Korearen kasuan burokrazia estalinista pribilegiatu batek), euren pribilegioak defendatzeko goitik behera armatuko dira, bai beste botereen aurka baita langile klasearen aurka ere.
Beraz, arma nuklearrik gabeko mundu libre bat bermatzeko era bakarra klase menperatzaileak boteretik kentzea da. Gaur egun armagintzan alperrik galtzen diren baliabide guztiei mundua langileen esku dagoenean eman ahal izango zaie erabilera egokia, gure benetako beharrak asetzeko, hala nola osasuna, hezkuntza, etxebizitza...
AURREKARI HISTORIKOA
Azken aldian Ipar Koreak interesa piztu badu ere, ezer gutxi dakigu herrialdean errealitatean gertatzen ari denari buruz. Zer gertatzen da ekonomiarekin? Zer da erregimenaren barruan gertatzen ari dena? Norantz doa?
Lehenik eta behin, argi utzi behar da Ipar Korea ez dela sekula izan egiazko gizarte sozialista, ikuspuntu marxista batetik behintzat. 40. hamarkada bukaeran sortu zenez geroztik erregimen estalinista izan da, guk langile estatu deformatu bezala definituko genukeena, eta kasu honetan izugarri deformatua. Produkzio bideen jabea estatua da, baina kontrola burokraziaren esku dago.
Korear penintsulak inbasio eta okupazio arrotzaren aurkako erresistentzia historia luzea dauka. Mendeetan zehar, Korea behin eta berriz okupatua eta erasotua izan da inbasore desberdinengandik: mongoliarrak, txinatarrak, japoniarrak eta, XIX. mende amaieran, europarrak. Azkenean, II.Mundu Gerran Japonia garaitua izanaren ondorioz, Korear Penintsula bi zatitan banatu zen 38 paraleloa jarraituz. Sobiet Batasunak kontrolatzen zuen iparraldea eta AEBek hegoaldea.
LANGILE ESTATU DEFORMATUA
Bere sorreratik, Ipar Korearen eredu politikoa SESB estalinista izan zen. Boterea erabat zentralizatua zegoen Korear Langileriaren Alderdian (KLA), Kim Il-Sung zelarik alderdiko liderra. SESBren eredua jarraiki ekonomia planifikatua ezarri zen. II Mundu Gerra amaitu arte herrialdeko aktibo gehienak japoniarren edo hauen kide korearren jabetza ziren. 1946an Kimen erregimenak aktibo hauek nazionalizatu zituenean, industriaren %70 estatuaren eskuetara pasa zen. 1949an industriaren %90 zegoen nazionalizatuta. Lurjabeen boterea desegina izan zen 1946ean, lurrak nekazarien artean banatuak izan zirenean, eta nekazal ekoizpena kolektibizatuta zegoen ia erabat. 50. hamarkadaren amaieran produkzioa unitate produktibo handiagotan fusionatu zen.
Industria astunean egin zen inbertsioa dela eta, ekonomia oso azkar hazi zen 50. hamarkadan. Koreako gerra hondamendi handia izan zen arren, eta burokraziaren eraginkortasun falta eta ustelkeria nagusitu arren, bizi baldintzak asko hobetu ziren 60. hamarkadan. Baina kontsumoko gaiak eskasian ziren beti, eta herria, produktibitatea igotzeko presio itogarripean zegoen, disziplina zorrotzera behartua. 60. hamarkadan burokraziak dena kontrolatzen zuen; antolakuntza ekonomikoan partehartze demokratikorik gabe eta “herri bakar bateko sozialismoa” eraikitzeko ezintasunagatik, gaur arte iraun duen gainbehera hasi zen. Boterea mantentzeko ahaleginetan, noraezean hartutako erabakiek Ipar Korea isolamendura eraman dute. Honek sufrimendu izugarria suposatu du herriarentzat. Kudeaketa txarrak eta hainbat hondamendi naturalek herrialdea gosetera eraman zuten 90. hamarkadan. 3,5 milioi hildako izan zirela kalkulatzen da.
JUCHE
Boltxebikeen internazionalismotik urrun, “herrialde bakarreko sozialismoaren” teoria bereganatu dute eta muturreraino eraman dute, Juche (autosufizientzia). RPCNaren web gunearen arabera: “Liderrak (Kim II-Sung eta Kim Jong-II) nazioaren eta gizateriaren eguzkia dira”. Herrialdeak Juche egutegia ere badauka, non lehen urtea Kim II-Sung jaio zen urtea den (1912). Hau “nortasunaren gurtza” deiturikoaren muturreko adibidea da. “Marxismo-leninismo” hitza bera ere Juchegatik ordezkatua izan zen alderdi komunistaren argitalpen guztietan, baita 70. hamarkadako Ipar Koreako Konstituzioan ere. Marx, Engels eta Leninen idazlan klasikoak eskuratzea benetan zaila da gainera.
Ipar Koreak egunen batean Alemaniak 1989an bizi izan zuen antzeko egoera bati aurre egin behar izan diezaioke, non Mendebaldeko Alemania kapitalistak Ekialdeko Alemania bereganatu zuen. Antzeko jokaera izan dezake Hego Koreak, inperialismo iparramerikarrak bultzatuta. Iparraldea era horretan xurgatua izango balitz, AEBen aldekoek kontrolatutako Korea bakarra eratuz, Txinak zailagoa izango luke Ipar Korearen kontrola. Hori dela eta Txina presio diplomatiko eta ekonomikoak eragiten ari da. Argi utzi beharra dago, batera nahiz bestera, kontrairaultza kapitalistaren garaipena suposatuko lukeela.
Egungo baldintzetan Korear Penintsula bi modutan bakarrik batu daiteke: 1) Kontrairaultza kapitalistaren garaipena eta hegoaldeak iparraldea anexionatzea eredu alemaniarra jarraituz; 2) Langile iraultza.
Oinarri sozialista lukeen batasuna gertatzeko, iparraldean iraultza politikoa garatu beharko litzateke, ekonomia planifikatua mantenduz (eta jabetza pribatuari dagokionean estatuaren kontrola sendotuz gaur egun erregimena jabetza kapitalistari egiten ari zaizkion kontzesioei aurre egiteko) baina burokrazia totalitarioa ezabatuz, eta burokrazia horren boterea langileriaren kontrol demokratikoagatik ordezkatu beharko litzateke, 1917ko Errusiako sobieten ildo beretik.
Hegoaldean, iraultza soziala beharko litzateke, Hyundai eta Samsunggo esplotatzaileak desjabetuz, ekonomia langileen kontrol eta administrazio demokratikopean jarriz. Hego Koreako langile klaseak maiz erakutsi du borrokarako duen borondatea urteetan zehar. Azken 20 urteetan Hego Korean langile klaseak bultzatutako altxamendu izaerako mugimenduak ikusi ditugu. Hego Koreako erregimenak bortizki erantzun izan du beti, eta hau kapitalismoak errealitatean “askatasuna eta demokraziarekin” zerikusirik ez duenaren adibide garbia da bi Koreetako langileentzat.
Egiazko erregimen sozialista baten aldeko borroka iraultzailea emango balitz bi Koreetan, honek eragin handia izango luke nazioartean, eta bereziki Txinako langileengan. Errealitatean, langileria txinatarraren laguntzarik gabe, Koreako edozein iraultzak arazo latzei egin beharko lieke aurre. Kapitalista txinatarren, japoniar burgesiaren, eta inperialismo iparramerikarraren presio itzela jasan beharko lituzke, bakoitzak bere interesak dituztelarik.
Ipar Korean huts egin duena, beste behin, “herri bakar bateko sozialismoaren” teoria estalinista okerra izan da, eta bereziki erregimen autarkikoa ezartzeko saiakera, mundutik isolatuz eta nazioarteko langileriaren lankidetza baztertuz. Txinak berak ere ez bazuen lortu horrelako erregimena mantentzea, nola egin zezakeen Ipar Korea bezalako herrialde txikiak?
Erregimen estalinista eta kapitalismo zapaltzailea baztertu beharreko aukerak dira. Geratzen den bide bakarra langile internazionalismoa da, egiazko langile demokrazia, Korea osoarentzat.