Donald Trumpen garaipenak benetako astinaldia eragin du Ipar-amerikako sistema politikoan, baina haren ondorioek munduko ekonomian eta potentzia handien harremanetan ere eragingo dute. Trump hautagai multimilioiduna da; programa erabat atzerakoia du, eta arrazismoa eta etorkinen eta langile mugimenduaren aurkako errepresioa aldarrikatzen ditu. “Lehenik AEB” leloarekin nazionalismo ekonomikoa defendatzen du globalizazioaren aurrean. Era berean, gezur merkea erabili du bere burua sistemaren aurkako alternatiba gisa aurkezteko stablishment politikoaren, Wall Streeten eta militarren ordezkari bikaina den Hillary Clinton garaituz.
Edonola ere, esanguratsuena parte hartzearen beherakada nabarmena izan da, milioika langile eta gazteek hauteskunde horien aurrean erakutsi duten indiferentziaren erakusle. Datuak adierazgarriak dira: Clintonek Obamak 2012an eskuratutakoak baino 6 milioi boto gutxiago lortu ditu, eta 2008koaren aldean 10 milioi gutxiago. Trumpek Romneyk 2012an lortutakoak baino 1,1 milioi gutxiago eta 2008an McCainek eskuratuak baino 200.000 gutxiago. Nabarmentzekoa da alderdi demokratako botoen beherakada, batez ere, industria guneetan. Hala ere, boto horiek ez ditu Trumpek jaso, eta hori garrantzitsua da. Bere garaipena, batez ere, herrialdearen mendealdean eta erdialdean izan da, tradizionalki atzerakoiak izan diren nekazal eskualdeetan.
Langile klasearen eskuinerako biraketa? Sanders fenomenoa
Datuek gezurtatu egin dute komentarista askok, baita beren buruak aurrerakoitzat dituzten batzuek ere, egindako baieztapenak: langile klase zuria ez da izan faktore garrantzitsua atzerakoi hori presidentetzara heltzeko. Analisi horiek ez dituzte azaltzen fenomeno horien oinarrian dauden joerak: kapitalismoaren krisiaren sakontasuna, bankuak eta finantza-oligarkia salbatzeko neurriak, herritar sektorean gorantz doan langabezia eta pobrezia, polarizazio sozial eta politikoa, alderdi tradizionalen krisia eta milioika zapalduk sistema honekiko duten haserrea.
Izatez, Trump garaitua izan zitekeen baldin eta Bernie Sandersi egin izan balio aurre Clintoni beharrean. Alderdi Demokrataren primarioetan, Sandersen arrakastak —bere burua “sozialistatzat” aurkezten zuen eta Wall Street eta %1 multimilioidunaren aurkako iraultza politikorako deia egin zuen— erakutsi zuen langile klasea, gazteria eta geruza ertaineko sektore handi bat ezkerrera biratu dela. Aparatu demokrata aurka izan eta etengabeko boikot kanpaina egin badu ere, Sandersek mitinetan milaka eta milaka pertsona mobilizatzea lortu zuen, milioika dolar eskuratu zituen pertsona xume, sindikatu eta bizilagun elkarteengandik, banku eta enpresa pribatuetatik zentimorik jaso gabe.
Sandersen lurrikarak alarmak piztu zituen aparatu demokratan eta klase agintariarengan, eta baliabide guztiak erabili zituzten garaipena saihesteko. Bernie Sandersek amore ematea eta ezkerreko hautagai independente bezala ez aurkeztea lortu zuten. Gertakari hori erabakigarria izan da hauteskundeetan eta abstentzio indartsuan: Sandersek bere desertzioa eta Clintoni emandako babesa justifikatu zuen esanez Trump garaitzeko alternatiba hoberena zela, baina ikusi denez, amore emateak hautagai errepublikanoaren aurreikuspenak eta emaitzak hobetu ditu.
Donald Trump, sistemaren aurkako hautagaia?
Hasieran, gutxik uste zuten Trump izango zela errepublikanoen hautagai. Klase agintariko sektore handi batek Clinton babesten duen arren, Trumpek beste sektore garrantzitsu bat ordezkatzen du; hain zuzen ere, inperialismo estatubatuarrak mundua dominatzen zuen garaia faltan sumatzen duen sektorea. Sektore hori mobilizazio sozialaren eta etor daitekeen iraultzaren beldur da, eta uste du autoritarismoa, militarismoa eta herrialde barruko nahiz kanpoko errepresioa dela bide egokiena. Horiek gora egiteak erakusten du nola Ipar-amerikako kapitalismoa barne oreka galtzen ari den. Azken finean, Trump iparramerikar gizartean dagoen polarizazio prozesuaren txaponaren aurpegi bat da.
Dena den, ez dugu geure burua engainatu behar: Trumpek eta Clintonek helburu inperialista berbera dute, eta Clintonek, lehenago Obamak bezala, murrizketa sozialak, errepresio poliziala erabiltzea eta borroka sozialaren gorakada saihesteko eskubide demokratikoei erasotzea defendatzen du.
Clinton, hautagai aurrerakoia?
Hillary Clinton ez da izan inoiz Trumpen alternatiba aurrerakoia. Gogora dezagun hauteskundeak baino aste batzuk lehenago izandako eskandalua, WikiLeaks-ek Hillary Clintonen mezu elektroniko batzuk argitaratu zituenean. Bertan, besteak beste, mespretxuz hitz egiten zuen etorkinez eta gutxiengo erlijiosoez, “aberatsen gobernua” aldarrikatzen zuen aberats izateagatik “lapurtuko ez luketelako”. Gainera, Ekuadorren Londresko enbaxadara dron bat bidaltzea defendatzen zuen Julian Assange hiltzeko. Bestalde, telebistako eztabaidetan Clintonek argi utzi zuen bere programa zein den: AEBren paper inperialista defendatzea eta Ekialde Hurbilean esku hartze militarra areagotzea.
Hillary Clinton herrialdeko establishment politiko eta ekonomikoaren hautagaia zen, herrialdeko monopolio kapitalista handiena, finantza elitearena. The Wall Street Journal egunkariak argitaratu zuenez, milioidunek emandako 88 milioi dolarretatik, 70 milioi jaso zituen Clintonen kanpainak; aldiz, 18 milioi jaso zituen Trumpek. Bestalde, Clintonek kargu militar errepublikano zein demokrata ohien babesa ere jaso zuen.
Historiako administrazio ultraeskuindarrena
Trumpen garaipena beldurgarria izan bada, are beldurgarriagoak dira gobernukideak. Zalantzarik gabe, AEBren historiako administrazio ultraeskuindarrena izango da berea: Fiskal Nagusiaren kargua Jeff Sessionsek hartuko du; eskubide zibilen aurkari ezaguna da eta Mexikoko mugan harresia eraikitzea eta legez kanpoko etorkinak deportatzea sutsuki defendatu du. CIAko zuzendaria Mike Pompeo izango da, herritarrak legez kanpo espiatzearen defendatzailea. Gainera, Tea Partyko eta Erriflearen Erakunde Nazionaleko kide ezaguna eta abortuaren aurkako ekintzailea ere bada. Segurtasun Nazionaleko aholkularia Michale Flynn izango da, Obamak kargutik kendu zuen musulmanen aurkako fanatismoagatik eta torturari eragozpen guztiak kentzea defendatzen du.
Izendatze aipagarriena kabinete buruarena da: Stephen Bannon. Gazte zenean beltzen eta emakumeen eskubide zibilen aurkako ekintzaile izan zen, eta orain ezagunak dira Ku Klux Klan eta antzeko erakundeekin dituen loturak. Izendatu eta handik gutxira adierazi zuen bere helburua “mugimendu politiko berria eraikitzea” zela nazionalismo ekonomikoa defendatzeko eta beharrezko ikusten zuela “nazioaren” mesedetan borroka guztiak zapaltzea.
Milaka eta milaka pertsona kalean Trumpen aurka
Gauza bat argi dago: Trumpek ez du eztei arorik izango. Hasieratik aurre egin beharko dio, batetik, kaosak dominatzen duen nazioarteko egoera bati eta, bestetik, potentzien arteko tentsio militar eta ekonomiko gero eta handiago bati. Datuek erakusten dutenez, posible da AEBn kapitalismoaren krisia areagotzea; eta, edonola ere, Ipar-amerikako klase agintariaren barne kontraesanak areagotuko dira eta sistemaren krisi historikoa agerian utziko dute.
Ikusiko da zein izango den Trumpen geroa, baina ezin da gutxietsi AEBko eta munduko langileentzat, etorkinentzat eta gazteentzat dakarren mehatxua. AEBko ezker militantearen betebeharra da erresistentzia mugimendu indartsua eraikitzea eta presidente atzerakoi horren eta bere neurrien aurka borroka egitea. Eta horretarako baldintzak badaude: garaipenaren egun berean Trumpen aurkako protesta eta manifestazioak izan ziren New Yorken, Philadelphian, Seattlen, Chicagon, Oaklanden, Washingtonen eta Bostonen. Milaka eta milaka pertsonak parte hartu zuten, batez ere gazteek.
Trumpen administrazioak bere programa aplikatzea erabakitzen badu, beharrezkoa izango da erasoaren neurrira egongo den erresistentzia eraikitzea masen mugimenduarekin. Socialist Students gazte erakundeak ikasle greba deitu du “Donal Trumpi ez!” lelopean urtarrilaren 20rako, hain zuzen ere, Trumpek presidente izateko lehen urratsa eman eta karguari zin egongo dion egunean. Protestak mundu osoan izango dira AEBri elkartasuna erakusteko; eta bertan parte hartuko dute, besteak beste, Ikasle Sindikatuak eta Mexikoko CEDEP (Hezkuntza Publikoaren Defentsarako Batzordea) ikasle erakundeak. Halako bi aurrekari bakarrik daude: 1973an Nixonen inbestiduran, Vietnamgo gerraren aurkako protesten garaian, eta 2001ean George W. Bushen inbestiduran.
Burgesiako sektore guztiek defendatzen duten programa da murrizketekin jarraitzea eta langile klaseari ordainaraztea krisi kapitalistaren ondorioak. Hala ere, Trumpen profil atzerakoi eta probokatzaileak sistema osoa zalantzan jar dezakeen konfrontazio soziala eragin dezake.