2021eko urtarrilaren 6an Washingtongo Kapitolioan sartu ziren Trumpen jarraitzaileak. Mundu osoko begien aurrean agerian geratu zen AEBn irtenbide autoritarioak benetan posible direla. Burgesiaren komunikabideek ahalegin asko egin zituzten, baita ezker erreformistaren erakundeek ere, gaiari pisua kentzeko eta Donald Trump zoro isolatu eta bukatutzat jotzeko. Baina urte honetan gertatutakoak bestelakoa dio.

Trump ez dute epaitu, eta epaituriko jarraitzaile apurrek zigor arinak jaso dituzte. Bidenek eta demokratek inplikazio politiko serioak dituen ikerketa oro desegin duten bitartean, Trumpek Alderdi Errepublikanoaren kontrola hartu du eta bere demagogia neofaxistak aurrera egin du herrialde osoan.

Trumpen proiektua indartzen ari da Bidenen politiken porrotak elikatuta. Gobernu honek ez die inolako irtenbiderik eskaini langile klaseari eta geruza ertainei, baina monopolio handiei laguntzeko plan aberatsak onartzen ari da. Mexikoko mugan dauden migratzaileak muturreko krudelkeriarekin jazartzen ditu, pandemia basatiaren erdian bere “plan sozialak” ere bertan behera uzten ditu eta mundu mailako agintearen lehian Txina garaitzeko guda garatzen du.

Gertaerek erasoaldi erreakzionario hau geldiarazteko alternatiba iraultzaile baten beharra aldarrikatzen dute. Hori da AEBn hain asaldatuta dagoen urte honek eskaintzen duen ondorio garrantzitsuena. Langileek eta gazteek bidea egiten jarraitzen dute eskubideak konkistatzeko. Gaur egun, AEBn greba uholde baten aurrean gaude, eta urrats sendoak ematen ari da miseriazko soldata gehiago ez onartzeagatik, behetik sindikatuak osatzeagatik, esplotatzaile handienei aurre egiteko, Amazonen edo Starbucksen jabeari, esaterako. Grebalarien ereduak alternatiba zein den erakusten du: borrokaren eta programa sozialista baten defentsan ezkerreko antolakuntza altxatzea.

AEBetako aurtengo gertakarien sakontasunagatik eta garrantziagatik, 2021eko urtarrileko gure artikulua berrargitaratzen dugu, marxismo iraultzaileak munduko prozesuak interpretatzeko duen indar teorikoa erakusten duen azterketa.

***
AEB ekaitzaren erdian. Trumpismoa, klase borroka eta gainbehera inperialista

Urtarrilaren 6ko Kapitolioko eraso faxistak are ageriagoan jarri du kapitalismo estatubatuarraren demokraziak bizi duen krisia. Bidenen presidentzia kargua hartzeko zeremoniako irudia ikaragarria zen, Washington hiria setiaturik eta 21.000 Guardia Nazionalek babesturik.

Zer da Trumpismoa?

Komunikabide gehienak eztarria urratu arte aritu dira gauzak baretzeko eskatuz eta Bideni ahalik eta azkarren zauriak ixten has dadila erregutuz. Era berean, askok eskatu diote Alderdi Errepublikarrari Trumpetik aldentzeko eta joko politiko tradizionalera itzultzeko.

Bestalde, ezkerreko idatzi askok, baita marxista direla esaten dutenak ere, urtarrilaren 6ko gertaerak abentura minoritario gisa gutxietsi dituzte, ez duela zerikusirik klase agintariak benetan nahi duenarekin esanez. Behin eta berriz diote, ez dago faxismoa AEBn! Ez da kolpe bat izan!

Argi dago ez duela zentzurik gertatutakoak esajeratzeak. Baina Demokrazia estatubatuarraren “tenplua” muturreko eskuineko jendetza batek hartu duenean, armaturik eta entrenaturik, eta 74 milioi boto lortu dituen Presidente batek hauspotu dituenean hori egiteko, ezin da arinkeriatan ibili.

Trump lau urtetan egon da gobernuan eta oraindik Alderdi Errepublikarraren buruzagia da. Bere programa ekonomikoak edota Txinaren aurkako borroka aho batez babestu dituzte monopolio handiek eta kapital finantzarioak, apenas disonantzia esanguratsurik gabe.

Trumpek errepublikanismoaren oinarri tradizionalaren atsekabea bideratzeaz gain, hori zabaldu du, demagogia anti-establishmentaren bitartez eta ekintza zuzenerako deiak eginez. Bere oinarri sozialean milioika jabe txiki esplotatzaile eta sektore ertain daude, krisi ekonomikoa jasaten: hondoraturik amaitzeko aukera ez da inolako broma, eta politiko liberalen aurka gogor egitea eskatzen dute, horiek salatzen baitituzte gainbehera nazionala eragitearen errudun. Beren pribilegioak “amets amerikarrean” eta “aginte zurian” oinarritzen ziren urrezko garaien bizimodua berreskuratu nahi dute.

Trump bakarrik eta isolaturik dagoela esateak ez du zentzurik. Bistakoa da ez dela posible horrelako saiakera kolpista egitea, ez balu eduki babesa eta kolaborazioa alderdi Errepublikarreko buruzagi esanguratsuetan eta Estatu aparatuko funtzionario altu eta ertainetan, armadan, polizian, Guardia Nazionalean eta CIAn.

Kapital finantzario estatubatuarrak, Wall Streetek eta enpresa teknologikoetako jabe handiek ez dute diktadura faxista bat ezarri nahi, momentuz. Baina bai atera nahi dutela ezkerra kaleetatik eta langile erresistentzia ororekin amaitu. Nahiz eta egun desadostasun garrantzitsuak egon klase agintarian, lau urte hauetan argi geratu da beste gauza batzuetan oso ados daudela. Ezkerra geratzea izan da horietako bat. Gogoratu behar da elkarturik zeudela Sanders presidentziara iristea oztopatzean, beldur baitziren horrekin langile borrokak indartzeko aukerarekin.

Kapitolioko ekintzak erakusten du noraino iristeko prest dagoen New Yorkeko führerra. Nahiz eta ez zegoen plan amaitu bat, abisu bat eman du burgesiak etorkizunerako duen bide orriaz. Era berean, bildu duen armada erreakzionariora batzeko dei bat ere izan da.

Biden-Harris administrazioaren ibilbidea

Alderdi Demokratak Kapitolioaren erasoaren aurrean izan duen jarrera ere oso adierazgarria izan da. Nola da posible kolpe saiakeraren ondoren bultzatzailea ez atxilotu izana, eta lasai asko Etxe Zuritik irtetzeko prestatzen uztea, bere aliatuei indultuak emanez?
Biden, Pelosi eta establishment demokrata osoa sekulako iruzurra egiten ari dira. Beren asmoa zauriak itxi eta errepublikarrekin harremana egonkortzea da, nahiz eta horretarako zigorrik gabe utzi Trumpen eta bere banda faxisten ekintza. Beldur dira Trump zigortzen badute, bere jarraitzaileek erantzungo ote duten eta horrekin, beste aldean, muturreko eskuinaren aurkako mobilizazioa handiak piztuko balira. Noski zerbait egiten dutela erakusteko, ez dago gaizki faxista seinalatu batzuk atxilotzea, mentoreak aske uzten diren bitartean. Hori izan da betidanik Estatu kapitalistak egin duena horrelako kasuen aurrean herrialde askotan.

Trumpismoaren mehatxua ez da desagertuko magnatea Etxe Zuritik irtetzean. Zer egingo du Bidenek aurrekaririk gabeko krisi ekonomikoari eta jada 500.000 hildako utzi dituen pandemiari aurre egiteko? Gobernu berriaren planek ez dute aldatuko oinarrian muturreko desberdintasun eta polarizazio soziala eragin dituen baldintzak. Horiek areagotuko ditu.

Saiakera kolpistaren aurreko egunetan, Bidenek bere gobernu talde berria aurkeztu zuen, Wall Streeteko ordezkariez betea. Biden guztiz aurka egon da Medicare for All ezartzearekin (osasun publikoa, doakoa eta unibertsala). Bere historial arrazista ondo jakina da, Obamaren lehendakari ordea zeneko garaietan migratzaileen deportazioetan markak hautsi zituen. Kalkulatzen da 40 milioi pertsona daudela etxetik kaleratzeko arriskuan datozen hilabeteetan eta langile klaseak bizi duen pobrezia benetan dramatikoa da.

Nazionalismo ekonomikorako joerak eta merkataritza gerra indartu egingo dira mandatu honetan eta langile klase estatubatuarra esplotaziorik handienera jazarriko dute “lehiakortasunaren” izenean.

Bidenen gobernuan demagogia populistak bozgorailu gogoangarria aurkituko du. Demokraten programarekin, ehuneko ehun kapitalista, ezinezkoa da trumpismoa geratzea. Muturreko eskuinari bidea ixteko eta garaitzeko modu bakarra langile klaseak eta gazteriak alternatiba iraultzaile bat altxatzean datza, masen arazoei benetako konponbidea eskainiko diena.

Langile alderdi bat eraiki sozialismoaren alde borrokatzeko!

Langile klasea hausnarketa sakona egiten eta ondorioak ateratzen ari da. Mehatxua benetakoa da. Estatu kolpeak eta irteera autoritarioak ez dira baztergarriak “demokrazia aurreratuetan”: badaude klase agintariaren sektoreak horren apustua egin dutenak eta benetan prest daude saiakera egiteko. Klase borroka geroz eta gogorrago egiten den neurrian eta pribilegioak arriskuan ikusten dituztenean aukera honek babes gehiago irabaziko ditu. Bizkortasun izugarriarekin sartzen ari garen iraultzaren eta kontrairaultzaren garaia da.

Korrelazio indarrak oraingoz langile klasearen aldekoak dira argi eta garbi. Gogora ekarri behar da Trumpek Guardia Nazionalari agindu zionean manifestariei tiro egiteko eta milizia supremazistak eta faxistak mobilizatu zituenean kaleetan talka armatu bat bultzatzeko, ezin izan zutela gelditu Black Lives Matterren mobilizazio izugarria. Trumpek porrot ikaragarria jaso zuen. Hori da gazteriaren eta langile klasearen gaitasunak eta indarrak erakusten duena ukabila estutzen duenean.

Pentsatzea Alderdi Demokrata barnean posible dela indarrak metatzea langile alderdi bat altxatzeko akats handia da. Bernie Sandersen hautagaitzaren irakaspenak argiak izan dira zentzu horretan. Establishment demokrataren alde amore eman ondoren, Sandersek oraindik ezkerreko hegala estali nahi die.

Premiazkoa da mugimenduak kaleetan erakutsi duen indar guztia langile alderdi batean antolatzea, marxismoaren eta internazionalismoaren programarekin armaturik. Ez hauteskunde makinaria bat politika burgesean korapilatuko dena, bazik eta klase borrokan sustraituriko erakunde bat, ondo antolatua lantokietan, sindikatuetan eta komunitateetan, mugimendu sozialetan…. Instituzioak, udaletxeak eta parlamentua jendetza batu eta mobilizazioa antolatzeko erabili behar dira, muturreko eskuinaren ofentsibaren aurka. Posible da gizartea justizia, berdintasuna eta benetako demokrazian antolatzea, baina soilik sozialismoaren alde borrokatuz.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.