Trumpen jarraitzaileek Kapitolioa hartu zutenetik bi urtera, Ordezkarien Ganberako ikerketa batzorde bereziak gertatutakoari buruz egin duen txostena argitaratu da. Bertan, estatu kolpe saiakera izan zela eta Trump buru zuela berretsi da.
Era berean, 164 urtetan aurrenekoz, hau da, 1859an Gerra Zibilaren bezperako urtetik, 15 bozketa egin behar izan dira gehiengo errepublikanoa duen Kongresu berriko presidentea, Kevin McCarthy, aukeratzeko. Freedom Caucus (Askatasunaren Taldea) inguruan bildutako Alderdi Errepublikanoko sektore atzerakoienak izan dira hori oztopatzen aritu direnak.
Alderdi Errepublikanoaren krisian izandako jauzi berri hori bertako hainbat ordezkarik eskuin muturrerantz eta jarrera guztiz faxistetarantz egindako biraketa are handiagoaren ondorioa da, beren oinarri sozialaren antzera, gero eta trumpistagoa eta gero eta ultra eskuindarragoa.
Egoera desblokeatu egin zen, baina Freedom Caucuseko sektore faxistaren aurrean McCarthyk erabat amore eman ondoren. Izatez, bera ere ultrakontserbadore aitortua da eta Trump izan da azkenean egoerari irtenbidea emateko zuzenean esku hartu duena, Alderdi Errepublikano barnean duen indarra eta kontrola berretsiz.
McCarthyk pertsonalki eskerrak eman dizkio Trumpi, bere hautagaitzan egin duen lanagatik, eta Freedom Caucus taldekoen funtsezko eskariak onartu ditu: lege prozedurei buruz erabakitzen duen Kongresuko Batzorde garrantzitsuenean ordezkaritza handiagoa lortzea; gastuaren muga onartzea Etxe Zuritik egingo diren murrizketa oso gogorren truke; kapitolioaren erasoa ikertu zuen batzordea behin betiko lurperatzea; eta batzorde bat eratzea Biden gobernuaren jokabide “arbitrarioak” ikertzeko, Trumpen Floridako etxearen erregistroa barne. Trumpen eta trumpismoaren garaipen argia hain zuzen.
Kongresuko Ikerketa Batzordeak Trumpen kolpea berretsi du
Urte eta erdiko zitazioak eta mila elkarrizketa baino gehiago egin ondoren, txostenak agerian uzten du Trump urtarrilaren 6ko gertaeren bultzatzaile nagusia izan zela, eta, lehen aldiz, herrialdearen historian, Justizia Sailari eskatzen dio presidente ohi bat inputatzeko, matxinada eragitearen delituengatik, Kongresuko prozedura ofizial bat oztopatzeagatik, Estatu Batuei iruzurra egiteko saiakeragatik eta Kongresurako eta Artxibo Nazionaletarako hauteskunde testigantza faltsuak aurkezteko konspirazioa egiteagatik.
Komiteak, 7 demokratak eta Trumpen ildokoak ez diren 2 errepublikanok osatua, agerian utzi du, ehunka testigantzaren eta milioi bat dokumentu baino gehiago berrikusi ondoren, Donald Trumpen eta bere aholkulari nagusien inplikazioa kolpean. Nahiz eta ibilbide legalik ez izan (Justizia Sailak bere ikerketa egiten du), erabateko epai politikoa bada, baina muga asko ditu, ez baitu Alderdi Errepublikanoaren abalik.
Komisioan parte hartu zuten 2 errepublikanoek, Adam Kinzinger eta Liz Cheneyek, beren alderdiaren irizpidearen kontra egin zuten eta alderdiko Errepublikanoan ostrazismoan geratu ziren, azkenik, azaroko hauteskundeetako aulkiak galduz. Orain, gainera, Kongresuko gehiengo errepublikano berriak, are eskuin muturrerago egonik, komisio horretatik datorren adierazpen edo bozketa oro lurperatuko du.
Izan ere, arazo horrek Kevin McCarthy Kongresuko speaker bezala hautatzea baldintzatu du. Kongresukide errebeldeek bigunegia eta moderatuegia zela leporatu diote, une batean Trumpek urtarrilaren 6ko erasoan zuen eginkizuna zalantzan jarri zuelako eta hurrengo egunean bere hitzak irentsi zituelako. 20 kongresukide baino ez dituen talde horrek eragiten duen presioak islatzen du, zein urrun iritsi den errepublikanoen oinarri sozialaren eskuin muturrerako biraketa.
Kongresuko Komisioak eta Alderdi Demokratak Estatuaren aparatuaren inplikazioa ezkutatu nahi dute
Baina Komisioan parte hartu duten kongresukideak, batez ere alderdi demokratakoak, kontu handiz ibili dira Trumpen kolpe saiakeran instituzioak ez inplikatzeko, hala nola Justizia Saila edo zerbitzu sekretua. Txostena irmoa izan da: “Urtarrilaren 6ko kausa gizon bakarrena izan zen, Trump presidente ohiarena, beste askok jarraitu ziotelarik. Egun hartan gertatu zena ez zen gertatuko, beragatik izan ez balitz.”
Batzuk kolpeari garrantzia eta larritasuna kentzen saiatu dira, esate baterako erasotzaileen itxura xelebrea aipatuz. Baina txostenak argi eta garbi azaltzen du estatu-kolpe saiakera izan zela, Bidenen garaipena onartzea eta boterea transferitzea galaraztea helburu zuena. Txostenak dio, horretarako Trumpen taldeak hainbat modutan presionatu zituela hauteslekuetako eta Justizia Saileko kideak, bere alderdikideak eta indarkeria zuzena erabiltzea sustatu zuela, egun horretan eta aurreko hilabeteetan zehar.
Trumpek txiokatu zuen “Protesta handia Washingtongen urtarrilaren 6an”, “Egon han, itzela izango da” eta mitin batean bere jarraitzaileak asaldatu zituen. Mila pertsona baino gehiago joan ziren Kapitolioa erasotzera ordezkarien Ganberak Joe Bidenen garaipena berretsi behar zuen momentuan, 5 orduetan zehar gelditua izan zen formalismo bat. Horrek agerian utzi zuen Estatu Batuetako gizarteko sektore garrantzitsu batzuen eskuin muturrerako sakoneko polarizazioa, baita Estatu aparatuaren sektore zabal batean joera bonapartistak hazten ari direla. Hori guztia Trumpen ekimenari zor zaiola pentsatzea, sakoneko joerak ez ulertzea izango litzateke.
Mitinera joan zirenen artean, baziren erakunde paramilitar guztiz faxistetako kideak, hala nola Oath Keepers, Proud Boys, Three Percenters eta beste hainbat milizia eta QAnon teoria konspiratiboko sinestunak. Erasoaren emaitzak 5 hildako eta 140 agente zauritu izan ziren. Trumpen deialdiaren izaerari buruzko ideia bat izateko, kapitoliotik bi kilometrotara egin zuen mitinean, zerbitzu sekretuak konfiskatu zituen 242 gas-pote, 269 aizto, 18 amerikar ukabil, 18 elektroshockeko pistola, 6 balen aurkako txaleko, 3 gas-maskara, 30 borra edo makil eta beste 17 tresna artaziak, orratzak edo bihurkinak, besteak beste; hori guztia, suzko armak agerian eramatearren segurtasun-arkuak pasatu ez zituztenak kontuan hartu gabe.
Txostenak administrazioek erasoan izan duten inplikazioa estali nahi izan du, eta erantzukizuna Trumpera mugatuz. Baina zenbait testigantzek agerian uzten dute estatu aparatuko sektore batzuen inplikazioa. William Walker Guardia Nazionaleko jeneralak salatu zuen Pentagonoak, Defentsa Idazkaria burua zuela, hiru ordu baino gehiago behar izan zituela militarrei kontrola berreskuratzeko agindua emateko. FBIren eta Kapitolioko poliziaren txostenek ohartarazi zuten hilaren 6an arrisku argia zegoela mitineko parte hartzaileek kongresuko kideak erasotzeko, baina ez zen segurtasuna indartzeko neurririk hartu.
Trump, trumpismoa eta Alderdi Errepublikanoa
Txostenak gaitzespen morala lortu nahi duen arren, presidente ohiaren oinarri sozial ultra atzerakoiak sendoa izaten jarraitzen du. Trumpek azaroko hauteskundeetarako izendatutako hautagai batzuek emaitza txarrak izan dituzte, eta, ondorioz, Senatuaren kontrola demokraten eskuetatik kentzeko aukera galdu dute. Hori dela eta, zenbait haustura agertu dira alderdi errepublikanoan. Haustura horiek gudu ireki eta publiko bihurtu dira, Ordezkarien Ganberako lehendakari berriaren hautaketaren ondorioz eta azkenean, trumpismo erradikalenak garaipen berri bat erdietsi du.
2024ko hauteskunde presidentzialetarako hautagaitzako aurkezpenarekin, hauteskunde-emaitza txarrak izan eta gutxira, Trumpek aurrea hartu du eta errepublikanoen krisi berria desblokeatzeko "bitartekari” gisa finkatu da.
Errepublikanismoko sektore batzuek hautagai itxuraz ez hain polemikoen alde egin nahi duten arren (De Santis, Floridako gobernadorea, edo Ted Cruz, Texaseko gobernadorea besteak beste) egia esan, trumpismoak erabat hartuta dauka Alderdi Errepublikanoa. Hautagai alternatibo horiek ere bat egiten dute errepublikanismoko sektore ultragoekin eta atzerakoiagoekin, moderazioaren aldekoak erabat baztertuta utzita.
Kongresuan plazaratutako benetako gatazka ez da muturrekoen eta moderatuen artean, baizik eta Alderdi Errepublikanoko sektore erabat faxista eta beste sektore ultra atzerakoi batzuen artean, Trumpen aldekoak denak. Alderdi Errepublikanoan edozein moderazioa ikustea ameskeria baino ez da.
Hedabide batzuen arabera, DeSantis izango litzateke hautagai onena Trump garaitzeko. Baina Alderdi Errepublikanoko hautatzeko sistema, hautagai asko aurkezten badira, Trumpentzat onuragarria izan liteke, oraindik babesten duen oinarri sozial handia mobilizatuta mantentzen duena. Hala eta guztiz ere, hautagai batek edo besteak Trump garaitzeko bere diskurtsoa hartu eta eskuinerago eraman beharko du.
Zer gertatuko den esateko goiz da, baina funtsezko ideia argi dago: trumpismoaren fenomenoa ez da desagertuko Trumpekin. Ezkerrerako eta eskuinerako polarizazio sozial sakonak eta klase borrokaren areagotzeak Iparramerikako politikaren agenda ezarriko du