Martxoaren 5eko 16.25etan Venezuelako presidente Hugo Chavez Frias hil zen, hainbat urtez bere gaixotasunaren aurka borrokatu ostean. Eskuak Venezuelatik Kanpora kanpainatik eta Euskal Herria Sozialistatik gure babes osoa eskaini nahi diegu herri venezuelarrari eta bere familiari Hugo Chavezen heriotzak eragin duen minagatik, guztiz partekatzen dugun mina. Hugo Chavezen heriotza kolpe gogorra da mundu guztiko iraultzaileentzat.
Hugo Chavez komandantea irudi garrantzitsua izan da Latinoamerikako prozesu iraultzailean. Inperialismoak mundu mailan bere aurka egin duen gorroto kanpaina itzela ez da kasualitate bat izan. Chavezek masa venezuelarren eta latinoamerikarren askatasun nahia irudikatu du, hamarkadetan zehar inperialismoak egindako eta bultzatako zapalkuntza, errepresio eta sakeoaren aurrean.
1989 urtea Venezuelaren historiako inflexio puntu garrantzitsuenetako bat izan zen, Venezuelako langile eta behartsuen haserrea lehertu baitzen “Caracazo” izenez ezagutu denaren bidez, NDFak bultzatu eta Carlos Andres Perez lehendakariak martxan jarri zituen politiken aurka. Leherketa honek masak borroka politikoan parte hartzea eragin zuen. Hala ere, gobernuaren politika kapitalista desafiatu zuten masek aldaketa eragingo lukeen zuzendaritza politikorik ez zutenez, altxamendua zapaldu zuten indar polizial eta militarrek. Herrialdearen krisi sakon horren aurrean eta irtenbiderik ez zuela ematen zuen egoera horretan, 1992ko otsailaren 4an, Perezen gobernuak eragin zuen errepresio latzaren eta herritarren bizi baldintza miserableen aurka militar talde bat altxatu zen gobernu hiltzailearen aurka. Militar talde hori garaitua izan arren, Chavezek, taldea gidatzen zuen komandanteak, bere ausardia eta egin nahiagatik herritar askoren sinpatia eta autoritatea lortu zuen.
Hurrengo urteetan Chavez kartzelaratua, jazarria eta zigortua izan zen arren, IV. errepublikaren kolapsoa ekarri zuten urteak izan ziren. Langile klasearen aspirazioak zuzenduko lituzkeen zuzendaritza baten faltan, Hugo Chavez izan zen milioika herritarren babesa eta esperantza jaso zituen pertsona herrialdearen aldaketa sakon batean. Garai hartan Chavezen diskurtsoa jada sozialdemokraziaren diskurtso loratu, gozo eta koldarraren antipodetan zegoen, sozialdemokrazia beti makurtu baitzen boteredunen eta instituzio burgesen oinetara. Chavez justu kontrakoa zen: IV. errepublikaren politika oligarkikoa, zapaltzaileen aldeko erakundeak eta legalitatea gaitzetsi zituen. Chavezek dei indartsu bat egin zuen boterea herriari emateko eta herrialdea oinarri berrien gainean eraikitzeko. Horregatik 1998an herritarren gehiengoak bere alde bozkatu zuen, baita ondorengo aukera guztietan ere, kapital finantzieroaren menpeko eta pribatizazioen aldeko politikarekin amaitzeko helburuz, baita herrialdearen aldaketa sozialista sakon baten alde, herrialdeko desberdintasun ikaragarriekin eta herritarren etengabeko zapalkuntzarekin amaitzeko.
Inperialismoak Chavezekin bukatzeko egin dituen saiakera guztiak, 2002ko Estatu kolpea, sabotaje petroleroa eta zenbatezinezko beste hainbat saiakera, masen ekintzarekin erantzun ziren; gertaera horiek guztiekin bizitakotik masek gero eta ondorio politiko aurreratuagoak eta iraultzaileagoak atera zituzten. Chavezek berak hainbatetan onartu zuen bere boterea venezuelar langile eta zapalduen babes eta mobilizazioan zegoela. Chavez gizon zintzoa izan zen, bai bere eboluzioa eta ikuspuntua esperientziaren eta iraultzak hartu dituen kolpeen ondorioz aldatu zuena, baita ikasteko eta irakurtzeko zuen gogo eta nahiagatik ere. Hasiera batean herrialdearen erreforma sakona kapitalismopean lortzeko apustua egin bazuen ere –sineskortasunez Tony Blairen 3. bidea babestu zuen– Hugo Chavezek bere iritzia aldatzeko meritu ikaragarria izan zuen eta urte batzuk lehenago esan zuen –stalinismoa eroriz geroztik ezkerreko lehen agintaria izan zen– sozialismoa dela gizateriarentzat eta Venezuelarentzat irtenbide bakarra. Horregatik bakarrik, herriaren eta iraultzaileen onespena irabazi ditu.
Munduko erreakzionarioek uste dute Chavezen heriotzak venezuelar iraultzaren amaiera dakarrela. Dudarik ez da Chavezen heriotzak kolpe gogorra suposatu duela, baina hala ere Chavezek egindakoa ez da galduko: milioika zapalduren deskontentua bideratu du, beraien indarrengan konfiantza izan dezaten lagundu du, beraien indarraren jabe egin eta gizarte sozialista baten alde borrokatzeko beharra erakutsi du, klase gabeko gizarte bat defendatu du eta hori bere bizitza borrokalaria justifikatzen duen zerbait da. Azken hauteskunde presidentzialek erakutsi zuten bezala eta datozenek erakutsiko duten bezala, herri venezuelarrean, langile klasean Hugo Chavezek pizten lagundu zuen izpiritu iraultzailea biziz lepo dabil. Horregatik iraultza venezuelarrak oraindik esateko asko dauka eta burgesia eta inperialismoarentzat mehatxu izaten jarraituko du.
Barne eta kanpo mailan kapitalistak egiten ari diren gezur eta gorroto kanpaina hasia da jada eta Chavezek utzitako ondare iraultzailea ezkutatzea du helburu munduko langileriaren aurrean. Era guztietako maniobrak egiten ere saiatuko dira iraultza eta gobernua botatzeko, bere zuzendari nagusirik gabe amaituta dagoen uste faltsuarekin. Langileak eta herriak erne egon behar dute kontrairaultzaileek estatu kolpea egiteko edozein saiakeraren aurrean, beraien indar eta mobilizazioan soilik fidatuz. Chavez lehendakariak iraultzaren lekukoa langile klase venezuelarrari utzi dio iraultza sozialista buka dezan Venezuelan, kapitalisten, inperialisten eta erreformisten presioaren aurrean. Langile iraultzaileen betebeharra da PSUVen eta mugimendu bolibartarrean antolatzea Chavezen ondarea aurrera eramateko eta masen erakunde bat eraikitzeko marxismo iraultzailearen programa, taktika eta estrategiarekin. Era honetan langileek, nekazariek eta Venezuelako zapaldu guztiek benetan hartu ahalko dute boterea kapitalistak desjabetuz eta Estatu aparatua suntsituz, Venezuelan gizarte sozialista baterako oinarriak sortzeko.