Trump eta oligarkia garaitu behar dira langile klasearen mobilizazioaren bitartez !
Otsailaren 23an Trumpen gobernu inperialistak duela hilabete bat hasitako Estatu kolpea burutu nahi izan zuen Venezuelako herriaren kontra. Helburua argia zen: Juan Guaidó ultraeskuindarra boterean jartzea, oligarkiaren gobernua ezarri murrizketak eta neurri neoliberalak aplikatzeko eta, horrekin batera, Venezuelako petrolioa estatubatuar monopolioei eskualdatzeko.
Trumpen kolpea eta eskuin muturra “giza laguntzaz” mozorrotzen dira
Planak aurreikusten zuen kaosa sortzea Venezuelan, Brasilgo eta Kolonbiako mugetan, eta handik herrialdearen barne aldera barreiatzea balizko “giza laguntzaren” aitzakia erabiliz. Hain zen nabaria amarru politikoa, Gurutze Gorriak banatzeari uko egin baitzion.
Etxe Zuriak eta haren aliatuek bultzatu nahi zuten FANB Indar Armatu Nazional Bolivartarraren ofizialak Maduro bere postutik kentzea, eta hainbat ekimen jarri zituen martxan: giza laguntzaren probokazioa, kalean indarkeria piztea, 60 herrialdek Guaidóren aitortzea, Europar Batasunak eta Estatu Batuek ezarritako zigor ekonomikoak… Hala ere, oraingoz, hainbeste mehatxu eta gezurren kanpainak ez du helburu bakar bat ere lortu.
Guaidók otsailaren 23an militarren instalazioen aurrean antolatutako mobilizazioek porrot egin zuten. Richar Branson espekulatzaile finantzieroak antolatutako kontzertuan 150.000 lagun biltzea aurreikusten zuten. Azkenean 20.000 lagun ozta-ozta elkartu ziren, hainbat komunikabideren arabera. Biharamunean gauza bera gertatu zen giza laguntza eraman behar zuten ustezko milaka bolondresekin: Kolonbiako eta Venezuelako bi mila ultraeskuindar ekintzaile baino ez ziren agertu.
Nahiz eta kolapso ekonomikoak jendea adoregabetu duen (azken urteotan BPG %50 erori egin da), nahiz eta herritarren zati handi bat, Hugo Chávez buru izan zen prozesu iraultzailearen egiazko protagonista izan dena, konforme ez egon Estatua eta PSUV alderdia kontrolpean duen burokraziarekin, oraindik izan badira ehunka mila langile eta gazte prest daudenak haien herrialdearen eta eskubideen alde borrokatzeko eta eraso inperialistari aurre egiteko.
Egoera oso irekia dago. O23ko porrotaren ondoren, Trumpen Estatu Idazkari Mike Pompeok eta Guaidók inbasio inperialistaren mehatxua erabili dute. Baina horrelako aukera batek, Venezuelako herriaren sekulako erresistentzia pizteaz gain, Amerikan, Estatu Batuetan eta Europan mobilizazio antinperialistak eragingo lituzke. Gauzak horrela, ematen du Trumpek eta haren aliatuek, gogoz kontra, jarraituko dutela Venezuela ekonomikoki itotzen eta politikoki ezegonkortzen, FANBaren ofizial batzuk bereganatuko dituztelakoan.
Botere politikoa eta ekonomikoa langileen eta herriaren eskuetan jarri behar da
Gertatutakoak erakusten du inperialismoak duen zailtasuna garaipen azkar bat lortu eta Maduro boteretik kentzeko, hasieran nahi bezala. Horrek ikusarazten du zer indarra egon daitekeen, Trump garaitzeko ez eze, langileek eta zapaldutako herriak iniziatiba hartu eta Venezuelako eraldaketa sozialista bururaino eramateko.
Une honetan oztopoak baldin badaude herriaren mobilizazio masiborako kolpe inperialistaren aurka, Chávezen garaietan gertatu bezalaxe, horiek dira azken urteotan Madurok aplikatutako politika kapitalistak. Argi izan dezagun: Madurok murrizketak aplikatu eta prozesu iraultzailean eskuratutako lorpen sozialak eraitsi ditu: milaka langile kaleratu dituzte enpresa publikoetatik, multinazionalei herrialdeko baliabide mineralak eta ondasunak eman izan dizkie, langile mugimenduaren, ezkerraren eta chavismoaren sektore kritikoak erreprimitu ditu eta, aldi berean, burgesiaren sektore batzuekin akordioak bilatu eta Errusia, Txina eta Turkiarekin aliantzak egin nahi izan ditu. Horrek guztiak zer ikusi gutxi dauka sozialismoarekin, eta eskuinaren norabidea hartu izana ekarri du.
Une berezi eta erabakigarri honetan, marxista iraultzaileok jakin badakigu barrikadaren zein aldetan egon behar dugun. Guaidó, oligarkia eta inperialismoa garaitzeko borrokatzen dugu, herriak armak har ditzan iraultza sozialista eta langileen demokraziaren alde. Halaber, azken urteotako esperientziak erakutsi digu erabateko konfiantzarik ez izaten Madurorengan, burokraziarengan eta armadako ofizialengan. Haien politikek eta ustelkeriek bidea zabaldu diete eskuinari eta kolpeari. Egun erreakzionarioen garaipena saihesteko dagoen modu bakarra ezker borrokalariaren fronte bakarra eratzea da: langile klasea, nekazariak eta zapalduak masiboki mobilizatzeko eta programa sozialista aurrera eramateko monopolio pribatu handiak desjabetzeko. Horrela bakarrik amaituko dira hiperinflazioa, ustelkeria eta burokraziaren pribilegioak.