Otsaileko Iraultzak masen benetako iraultza baten itxura zuen, Komite Zentraleko alderdi iraultzaileetako inork ez zuen altxamendura deitu. Dena den, geroago Trotskyk “Errusiar Iraultzaren Historia” bere liburuan azaldu zuen bezala, mugimenduaren aintzindariak 1912tik 1914ra bitarteko iraultzaren gorakada garaian boltxebismoarekin bat egin zutenak izan ziren eta hauek orain gidarien kontsignak itxaron gabe praktikan jar zezaketen tradizio iraultzailean izan ziren heziak. Boltxebikeak gutxiengo txiki bat ziren otsaileko iraultzaz geroztik sortutako Sobietetan. Gehiengoa adiskidetzearen aldekoak ziren: mentxebike eta sozialiraultzaileak. Hauek gerra garaian boltxebikeen aurkako errepresioa baino txikiagoa jasateaz gain, lehen aldiz politikan parte hartzen zuten langile eta nekazari masen babesa izan zuten erresistentzia gutxiagoko bideak topatu nahian, Ogia, Bakea eta Lurra aldarrikapenak lortzeko bide errazena zirelakoan.
Boterearekin zer egin ez zekiten adiskidetzearen aldeko horiek behin-behineko gobernua eratzea onartu zuten iraultza kapitalismoaren mugetan mantenduz. Era honetan botere bikoitzeko garaia hasi zen, batetik langile eta nekazarien sobietak eta bestetik kapitalista eta lur-jabe handien behin-behineko gobernu burgesa.
Zalantzak boltxebikeen zuzendaritzan
Boltxebismoaren baitan ere adiskidetzearen aldeko joera agertu zen. Esaterako, Kamenev-ek eta Stalin-ek babesa eman zien behin-behineko gobernuari. Lenin-ek gogor kritikatu zuen politika oportunista hau erbestetik bidali zituen gutunetan eta Petrogradora iristean, apirilaren lehen asteetan, agitazio kanpaina hasi zuen alderdiaren oinarrian politika errotik aldatzeko. Apirileko tesietan, Leninek planteatu zuen ezin zela konfidantza izan behin-behineko gobernuarengan eta beraien aldarrikapenak ziren bakea, lurren banaketa nekazarien artean eta batzar konstituziogilea eratzea soilik langile diktadurak lor zezakeela. Honela, 1905eko Iraultzaren ostean Trotskyk planteatutako Etengabeko Iraultzaren ideiak onartu zituen, soilik langile klaseak, nekazarien babesarekin lor zezakeela iraultza egitea Errusia bezalako herrialde atzeratu batean.
Bere jarrerak arrakasta izan ondoren, Boltxebikeak boterea hartzeko prestatu ziren. Oztopo handiena Sobietetan zeuden adiskidetzearen aldekoak ziren, izan ere, mentxebike eta sozialiraultzaileek Sobietetan zuten kontrola erabili nahi zuten masak baretu eta boterea burgesiari emateko. Baina boltxebikeen politika berain programa Sobiet eta fabriketako komiteetan pazientzia guztiarekin azaltzea izan zen. Garai honetan boltxebikeen lema nagusia hau zen: Botere guztia sobietentzat!
Trotsky eta boltxebikeak
Boltxebikeen taktika honi esker, bere inguruan iraultzaile ugari bildu ziren, horien artean Trotsky, zeinak nahiz eta Leninen antzeko politika jarraitu izan zuen, ez zuen oso ondo ulertzen boltxebikeena bezalako alderdi zentralizatu eta indartsu bat eta mentxebikeekin adiskidetzeko itxaropena zuen, baina gerora itxaropenok galdu zituen. Erbestetik Errusiara iritsi zenean, Lenin eta boltxebikeen aldean egon zen.
Iraultza handi guztietan, protagonista nagusia masak izan ohi dira, baina garaiaren arabera, ondorio ezberdinak ateratzen dira. Uztailean, San Petersburgoko langile eta soldaduak kezkatzen hasi ziren, behin-behineko gobernuak ez baitzuen inongo konponbiderik ekarri eta horren ondorioz manifestaldi armatu bat egin zuten. Bolxebikeek hiria isolatuta geratzeko arriskua ikusi zuten horrela elementu iraultzaileak zapalduz eta hau saihesten saiatu ziren. Behin habian jarrita, Boltxebikeak masen alboan egon ziren eta manifestaldiaren goiburuan jarri ziren.
Uztaileko mugimenduak porrot egin zuen eta iraultzaileen aurkako errepresio bortitza hasi zen Kerensky-ren behin-behineko gobernuaren eskutik. Boltxebike asko atxilotuak izan ziren eta Lenin-ek Finlandiara ihes egin behar izan zuen. Erreakzioa horrenbestekoa izan zen non Kornilov buru zuen sektore batek estatu kolpe saiakera egin zuen direktorio militarra ezarri nahian. Honek aukera eman zien boltxebikeei argi uzteko beraiek zirela iraultzaren babesle bakarrak. Boltxebikeek Kerenskyrekin eta adiskidetzearen alde zeudenekin bat egitea proposatu zuten erreakzio korniloviarrari aurre egiteko, modu honetan, begi bistan uzten zuten lider erreformisten ezintasuna eta hauen oinarri sozialean babes handiagoa lortuko zuten. Baldintza hauetan, Petrogradoko defentsa antolatu zen, hain izan zen indartsua langileen mobilizazioa Kornilovek ezin izan zuela aurrera eraman bere saiakera.
Boterea hartzera
Irailaren amaierarako lortua zuten boltxebikeek behar zuten konfidantza langile nekazari eta soldaduen artean eta behin-behineko gobernu botatzea planteatzen hasi ziren. Zuzendaritzako sektore bat, Kamenev eta Zinoviev, Leninen laguntzaile leialenak izan zirenak, boterea hartzearen aurka agertu ziren eta honen berri eman zuten egunkari burgesetan. Dena den, altxamendurako prestakuntzak aurrera jarraitu zuten, eta bertan paper garrantzitsua jokatu zuen Trotskyk, garai hartan Petrogradoko sobieteko zuzendari zenak.
Historiografia burgesak Urriko Iraultza iraultzaile profesional gutxi batzuen estatu kolpea izan zela dio. Baina Komite Militarrak goarnizioaren eta langileen babesa zuen. Horregatik gobernuak ezin izan zuen erresistentziarik egin ezta Neguko Jauregian ere. Odol isurketarik ia ez zen egon. Azken erresistentziak gaindituta, Sobieten II. Kongresuak, gehiengo Boltxebikea zuenak, bakea eta nekazariean arteko lurren banaketaren dekretua argitaratu zuen eta gobernu sobietarra ezarri zuten. Langile eta nekazariek zuten Errusiako boterea eta sozialismoa eraikitzen hasi ziren.
Modu honetan amaitu zen hogeita hamar urte baino gehiagoko borroka boltxebikea. Bere tradizioak, sakrifizioak, Urriko Iraultzaren ondarea munduko langileriaren altxor preziatu eta eredu izango da betiko.