Kapitalismoaren mundu mailako krisiaren testuinguruan, Euskal Herriko langile klaseak, gazteriak eta zapalduok, gure eskubide sozialen defentsa gure eskubide demokratiko nazionalen defentsarekin lotzeko bidea bilatu behar dugu. Zapalkuntza kapitalistaren aurkako eta zapalkuntza nazionalaren aurkako borroka berbera da, eta horregatik beharrezkoa da klaseko programa iraultzaile eta internazionalista. 

Euskal Herriaren eta gainerako nazio historikoen eskubide demokratiko nazionalen errepresioa burgesia espainiarraren ekintza politikoan oinarrizko ezaugarrietako bat izan da. Eskubide demokratikoen politika errepresibo hau klase dominatzaile espainiarraren eta bere Estatu aparatuaren izaeraren isla da, dudarik gabe. XIX eta XX. mendeetako historia aztertuz, ez da zaila ikustea Estatu espainiarrean “demokrazia parlamentarioaren” garaiak gutxi eta salbuespenezkoak izan zirela, errepresio irekian oinarritu ziren diktadura militar edo erregimen askoz luzeagoen aldean. “Separatismoaren” mehatxua eta “aberriaren batasun sakratua” astinduz, klase dominatzaile espainiarrak eta bere Estatu aparatuak sistematikoki ukatu dituzte nazio hauetako herritarren eskubide demokratiko oinarrizkoenak: hizkuntzaren erabilera eta irakaskuntzatik hasita autodeterminazio eskubidera arte. PPren aitzindariak diktadura frankistan –langile klasearen zapalketarik basatienean oinarrituta Estatu espainiarrean ia berrogei urtez gobernatu zutenek– nazioen eskubide demokratikoak gupidarik gabe zapaldu zituzten.  

Burgesia espainiarrak, euskal burgesiarekin erabat kolaboratuz, Euskal Herrian azken hamarkadetan gertatu denaren oinarrizko ardura du. Auzi nazionala konpontzeko duen gaitasun eza errepresio masiboaren handitzeari lotuta joan da. Hainbat urtetan metodo odoltsuenak erabili ditu Euskal Herriaren helburu demokratiko-nazionalekin amaitzeko eta Estatu terrorismoaren errekurtso sistematikoa ere erabili zuen 70. hamarkadatik aurrera. Horrela, Felipe Gonzalezen gobernu aldian gerra zikinean (GAL) PSOEko agintariek izandako inplikazioak frogatzen du zein urruti iritsi ziren, euskal gatazka nazionala deuseztatzeko helburuarekin.    

PPren gobernupean erasoaldia areagotu egin zen Euskal Herriaren eskubide demokratiko-nazionalen aurka orokorrean, eta ezker abertzalearen aurka bereziki. Egunkarien eta ezker abertzalearen adierazpen bideak ixtea; euskararen jazartzea Nafarroan; Batasuna legez kanporatzea; biolentzia poliziala erabiltzea autodeterminazioaren aldeko mota guztietako manifestazioen aurka; presoen dispertsio politika mantentzea; aparatu judiziala erabiltzea kondenak handitzeko eta indarrean zegoen kodigo penala bera urratzeko; epaiketa prozesuak irekitzea Euskal Herriaren independentziaren alde manifestatzearen “delituagatik”… Hauek izan dira erasorik adierazgarrienetako batzuk, euskal kutsua duen guztia kriminalizatzeko helburuarekin eta bitartean pozoi chauvinista espainiarra Estatu espainiarreko biztanleriako kapa guztietara zabalduz. Nazio historikoen eskubide demokratikoen aurkako muturreko eskuinaren jarrera hau ez da Euskal Herrira bakarrik mugatu: antzekoa egin zen Estatut kataluniarra eztabaidatu zen garaian Kataluniako herriaren aurka, Galiziako hizkuntzaren aurka eta erreakzio giro honen aurrean ahotsa altxatzera ausartu den edonoren aurka.   

Terrorismoaren aurkako borrokaren aitzakiarekin gogortu egin zen kodigo penala, eta murriztu egin dira antolatzeko, adierazteko, manifestatzeko… askatasuna bezalako oinarrizko eskubideak, diktadura frankista erori ondoren langile klaseak konkistatutako eskubideak. Fenomeno hau herrialde kapitalista aurreratu guztietan gertatu da, batez ere AEBtako dorre bikien aurkako atentatuen ondoren. Krisi ekonomikoaren ondorioek, langabeziaren gorakadak, langile familiak etxeetatik kanporatzeak edo pobreziak areagotutako gatazka sozialez betetako garai ezegonkor bati aurre egin behar diola jakinik, klase dominatzaileak eskubide demokratikoak murrizten ditu.    

Euskal Herriaren eta Estatu espainiarraren kasuan, langile klasearen eta bere erakundeen eskubide demokratikoak mehatxatzen dituen instrumentuan bihurtu da Alderdien Legea. Esperientziak erakusten duenari begiratuta, garbi dago burgesia espainiarrak ez diola egingo uko horrelako lorpen bati. Lege honi esker, ezkerreko erakundeak, sindikalistak eta aktibista sozialak arazorik gabe iritzi “delituengatik” bakarrik epaitzeko aukera du, manifestazioak debekatzeko aukera eta, etorkizunean, bere interesen aurka jartzen diren guztiak isilarazteko aukera. 

PSOEko zuzendaritzak gatazka nazionalaren inguruan duen politikari buruz berriz, esan daiteke, bere agintari sozialdemokratek klaseko politika sozialista bat alde batera utzi zuten neurrian, urteetan zehar Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea onartzeari uko egitea defendatu dute; honela, nazionalismo espainiarraren posizioetara gehitu dira. Zalantzarik gabe, PSOEko agintariek, PSEkoak barne, ez dute inoiz onartuko Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea edo lurralde batasuna negoziatzea.

Hau guztia erakutsi zuten 2006eko martxoan ETAk “su eten iraunkorra” iragarri ondoren, eskubide demokratikoen errepresioa eta ezker abertzalearen aurkako jazarpena handitu zirenean. Maila politikoan kontzesiorik ez egiteko helburuarekin batera, PSOEren Gobernuak presioa handitu zuen ETA ekintza armatuak uztera behartzeko. PSOEren Gobernuaren estrategia kontaktuak eta negoziazioa denboran luzatzea izan zen, aldi berean errepresioaren bitartez ETAk armak uzteko zuen erabakia eta bere barne sendotasuna proban jarri nahirik. Bere helburua ez zen eskubide demokratikoak onartzea, ezker abertzalea instrumentu instituzional soil bat bihurtzea baizik, Ipar Irlandaren eta Sinn Fein eta IRAk hasitako bidearen ereduari jarraituz.

Su etenak iraun zuen bitartean, Zapateroren Gobernuak ez zuen hartu iniziatibarik presoak Euskal Herrira gerturatzeko edo kondena beteta edo gaixotasun larriekin zeudenak kalean jartzeko. Justu kontrakoa, dispertsio politika aplikatzen eta bultzatzen jarraitu zuen, eta gainera ia aske irtetear zeuden presoen aurka kondenak luzatzen.

Honek guztiak erakusten du ez dela inolako konfiantzarik eduki behar PSOEko agintari sozialdemokratengan, ezta Jesus Egiguren bezalako jendearengan ere. Orain arte gertatu den moduan, etorkizuneko prozesu batean ere ez dira prest egongo Euskal Herriaren eskubide demokratikoak onartzeko. Negoziazio mahai batean esertzeko arrazoi bakarrak euren hauteskunde kalkuluak ziren, eta honekin batera, ezker abertzalea aukera instituzional soil bat bihurtzen saiatzea eta alde batera uztea milaka militanteren eguneroko borroka. Zeren, denaren gainetik, PSOEko agintarien eta burgesiaren beldur handiena, ezker abertzalea eskubide demokratikoen alde mobilizazio masiboak antolatzen jarraitzeko gai izatea da, langile klasearen defentsan greba orokorrak antolatzeko eta bultzatzeko gai izatea eta Euskal Herria aske eta sozialista baten aldeko borrokan ehunka mila langile eta gazte bilduko lituzkeen alternatiba bat antolatzeko gai izatea.   

Euskal burgesiaren zinismoa auzi nazionalean

 

Begirada atzera bota eta azterketa egoki bat egiten badugu, garbi dago euskal burgesiak eta bere alderdi nagusiak, EAJk, burgesia espainiarrarekin eta burgesia frantziarrarekin modu estu batean kolaboratu dutela: alde batetik, zapalkuntza handitzeko eta hobetzeko balio zuten mota guztietako lege eta neurriak martxan jartzen, langileei ahal den gainbalio kantitate handiena ateratzeko helburuarekin, eta beste aldetik, praktikan eskubide demokratikoen errepresioa babesten. Burgesia espainiarrarekin eta merkatu espainiarrarekin dituzten loturak Aberri Egunean egiten dituzten adierazpenak baino askoz garrantzitsuagoak dira.  

EAJk oso ohikoa du hizkera bikoitza erabiltzea auzi nazionalari dagokionez. Hor ikusten da bere zinismoa. Alde batetik, Zapateroren Gobernuaren garaian Alderdien Legearekin bukatzea eskatu zioten, baina beste aldetik, eta hau da puntu erabakigarria, tinkotasunez aplikatzen zituzten Eusko Jaurlaritzaren eta Ertzaintzaren bitartez aparatu judizialak hartutako neurri errepresibo guztiak, ezker abertzalea ahal zen gehiena ahultzeko helburuarekin. Negoziaketa posible batek ezker abertzalea indartzearen aukera ez zen bere gustuko. Beste behin, euskal burgesiak garbi utzi zuen Euskal Herriaren eskubide demokratikoen defentsa iruzur bat besterik ez dela bere benetako klaseko interesak ezkutatzeko. Guztiaren gainetik, euskal burgesiak eta bere ordezkariek kontzesio “instituzional” gehiago eskatzen dizkiote Madrili, Euskal Herriko langileak eta gazteak zapaltzen jarraitzeko eskubidea indartzeko.

Horregatik, Euskal Herriaren eskubide demokratikoen aldeko borrokan euskal burgesia aliatu bat denaren ideia erabat okerra da. Gure esplotatzaileekin euskal fronte nazional bat sortzearen aldeko estrategia, gure herriko gehiengoaren interesen aurka itzuliko den estrategia da. Euskal Herriaren askapen nazionala zapalduen askapen sozialaren aldeko borrokaren zati da. Biak banantzea akats handia da. Euskal Herriko langileen eta gazteriaren sozialismoaren aldeko borroka iraultzaileak bakarrik, muga nazionalen gainetik Estatu espainiarreko eta frantziarreko klaseko anai-arrebekin borrokan elkartuta, izango da posible autodeterminazio eskubidea eta lurralde batasuna errealitate bihurtzea. Eta borroka horrek klaseko independentziaren programa sozialista eskatzen du, ez burgesiarekin kolaboratuko duena; masa mobilizazioan oinarritutako programa.

Klaseko independentziazko politika. Aliantzarik ez burgesiarekin

 

Ekintza armatuei behin betiko amaiera eman zien ETAren adierazpena oso aurrerapauso garrantzitsua izan zen. Urte askotan zehar, Estatu aparatuak eta gobernu guztiek aitzakia bezala erabili zituzten ETAren metodoak: Euskal Herriaren eta langile mugimenduaren multzoaren eskubide demokratikoen aurkako kanpaina basatia bultzatzeko. ETAren adierazpena ez zen izan ordea poliziaren errepresioaren ondorio. Arrazoiak beste batzuk izan ziren: ezker abertzaleak bultzatutako masa mugimendu handia, Amerika Latinako iraultzen adibideak, eta korrelazio indarrak bide politikoen eta kaleetako borroka masiboaren bitartez bakarrik aldatu zitezkeenaren pertzepzioa. Bilduk eta Amaiurrek hauteskundeetan lortutako emaitza ikusgarriek erakusten dute langileen eta gazteen zati zabal batek ezker abertzalearengan jarritako itxaropen handia. Botere instituzionalaren hazkuntzak ordea beste arrisku batzuei irekitzen dizkie ateak. Arrisku nagusienetakoa arazoak konpontzeko euskal burgesiarekin aliantzak bilatu nahi izatea da. Baina garaile ateratzeko modu bakarra politika iraultzaile eta sozialista defendatzea da. Ezker abertzalea bidegurutze historiko batean dago. Horregatik, Euskal Herria Sozialistatik, hamarka mila militanteren eta jarraitzaileren atentzioa erakartzen duen eta planteatu den eztabaidari gure ikuspuntua eman nahi diogu. 

Ezker abertzaleko agintari askok defendatu duten estrategia hausnartu behar dela uste dugu: EArekin aliantza bat egitearen alde apustu egitea (EAJrekin ere, independentziaren aldeko Fronte Nazional hipotetiko batean) sozialismoaren aldeko borroka gero eta bigarren mailago batean utziz. Gure ustez, ez da egokia Euskal Herriaren eta gure herriko langileen eta gazteriaren aldeko borroka aurrera eramateko. Gure iritzi xumean, EA gainbeheran eta krisian dagoen alderdi burgesa da. EAk beti defendatu ditu, eta defendatuko ditu, euskal kapitalisten interesak bai maila sozialean eta baita maila nazionalean ere. Hau dena erakutsi du bere ibilbide luzean EAJrekin eta honekin gobernuan egindako kolaboraziozko politikarekin.

Akatsa da pentsatzea orain EA prest dagoela autodeterminazio eskubidearen alde borroka egiteko. Bira hau bere demagogia kalkulatuaren zati besterik ez da. Badakigu ezker abertzaleko militante askok zintzoki honakoa esaten dutela: “EAkoak orain gure aliatuak dira. Orain bide onetik doaz, eta konfiantza izan dezakegu eurengan”. Baina Euskal Herriaren eskubide demokratikoen txapeldun bezala aurkezten diren pertsona hauek berberak dira indar handiz enpresarien eta bankarien interesak defendatu dituztenak, hezkuntzaren eta osasunaren pribatizazioak bultzatu dituztenak, Ertzaintzaren errepresioa bultzatu dutenak, ezker abertzalea behin eta berriro kalumniatu dutenak, Euskal Herriaren askatasunaren alde hatz bakar bat ere mugitu ez dutenak… Orain berriro engainatu nahi gaituzte. Euskal Herriaren askatasunaren eta sozialismoaren alde borrokatu nahi badugu, beharrezkoa da euskal burgesiako sektore hauen eskaintzak arbuiatzea, eta gure indarretan bakarrik izatea konfiantza. Mundu osoan, burgesia mota guztietako koalizioetan bere ordezkariak sartzen saiatzen da bere klaseko interesak inposatzeko eta erakunde borrokalariak ahultzeko. Ez da izango desberdina Euskal Herrian, Irlandako esperientzia garratzak erakusten duen moduan.

Ezker abertzaleak langile klasearengan eta gazteriarengan bakarrik izan behar du konfiantza, hauen borroka gaitasunean. Ezker abertzaleak gehiengoaren babesa politika iraultzailea defendatuz irabazi behar du eta irabaz dezake: langile klasearen batasuna mota guztietako zatiketen gainetik; autodeterminazio eskubidearen defentsa eta konplexurik gabe enpresa handien eta bankaren desjabetzea planteatuko lukeen programa sozialista, langileok gure izerdiarekin sortzen dugun aberastasuna biztanleriaren gehiengoa, enpleguak, hezkuntza, osasuna, hizkuntza, kultura eta gure familien etorkizuna defendatzeko izan dadin.

Kapitalismopean, burgesiaren menpe, hau espainiarra, euskal herritarra edo frantziarra izan, ez dago aukerarik Euskal Herriaren eskubide demokratikoak beren osotasunean lortzeko, horien artean autodeterminazio eskubidea eta lurralde batasuna. Sistema kapitalista bera da munduko hainbat naziok uneren batean izan zezaketen subiranotasun apurra suntsitzen ari dena. Grezia, gaur, praktikan, protektoratu alemaniar bat da. Hungaria, Errumania, Txekia…, bezalako ekialdeko herrialdeak praktikan banku austriar, italiar, alemaniar eta greziarrenak dira. Kapitalista handi europarrek esku hartu duten Irlandak ez du benetako erabaki botererik bere aurrekontuetan, Portugalen bezala. Ez da posible subiranotasun politikoa kapitalaren diktaduraren oinarripean.   

Horregatik, autodeterminazio eskubidea eta lurralde batasuna sistema kapitalistaren aldean erabat ezberdina den marko politiko eta ekonomiko batean bakarrik ase daitezke erabat. Aldarrikapen demokratiko hauen aldeko borrokak arrakasta izan dezan, beharrezkoa da gizartearen aldaketa sozialistari lotuta joatea eta honen motorra Euskal Herriko langile klasea izatea Estatu espainiarreko eta frantziarreko klaseko anai-arrebekin batera. 

Hamarkadetako borrokaren, sakrifizio handien eta Euskal Herriaren askatasunaren eta sozialismoaren alde ezker abertzalearen militantziak emandako guztiaren ondoren, esperientziak erakutsi du alternatiba bakarra dagoela Euskal Herriko gatazka politikoa behar bezala konpontzeko: programa sozialista eta iraultzaile bat defendatzea eta eginkizuna arrakastara eramateko indarra duen klase bakarrarengan oinarritzea, langile klasearengan.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.