Hitzaldia Tolosan, maiatzak 29 astelehena 19:00etan Tolosako kultur etxeko areto nagusian
Frantziako Estatuko langile klasearen altxamendu itzelak Macron eta bere Gobernua soken aurka jarri du. Mobilizazioaren berehalako arrazoia erretiro adina bi urtez atzeratzeko ahalegina izan arren, Frantziako Estatu osoko hiriak eta herriak astintzen dituen langileen eta gazteen matxinada oldeak hori baino askoz gehiago adierazten du. Langile klaseak eta gazteriak murrizketen eta austeritate politiken hamarkadari emandako erantzuna da, herritar xumeenen eskubideek eta bizi baldintzek jasan duten etengabeko erasoaldiari alegia. Altxamendu honek sistema kapitalistaren oinarriei aurre egiteko erronka seinalatzen du, 1968ko maiatzetik ikusi ez den bezala.
Frantziako Estatuko langile klasearen borroka Euskal Herriko eta munduko langileen borroka ere bada. Frantziako Estatuko langile klasea, azken urteotako mobilizazio eta borroken irakaspenetatik abiatuz, urrunago iritsi da. Bide horretatik bakarrik lor dezakegu mundu osoko kapitalistek euren sistemaren krisia langileriari ordainarazteko duten asmoa eraistea.
Zatoz hitzaldira!