Milioika gara mundu osoan zehar mobilizazio sozialen buruan jarri garen emakumeak: Latinoamerikako “Ni una menos” mugimendua, abortuaren legeztatzearen aldeko borroka Argentinan edo Bolsonaroren aurkako mobilizazioak Brasilen, “Ele Não” [Bera ez] oihuen erritmoan. Kapitalismoa dekadentzia organikoan dago, eta azken 10 urteotako krisi ekonomikoak, kontrarreformek, prekaritateak eta murrizketek klase borroka gogortzera eraman dute. Emakume langileok eragin handia dugu borroka sozialean gure kate propioak askatzen ditugunean, guk zapalkuntza bikoitza, klasekoa eta generozkoa, jasaten baitugu. Horretaz konturatu da, noski, klase dominatzailea eta bere interesak babesteko prestatzen ari da.

Alde batetik, modu irekian erasotzen gaituzte; adibiderik garbiena dira PP, Ciudadanos eta Voxen diskurtso matxista eta frankistak. Alabaina, beste era batera ere gure mugimendu iraultzaileari potentziala kentzen ahalegintzen dira. Zer da feminismo “liberal” eta “transbertsal” delako hori? Kapitalisten, bankarien eta enpresarien kapak dira, sistema errespetatzen duen feminismo bat bilatzen dutenak.

Hala ere, emakume langileok kaleak betetzen ditugunean ez dugu egiten sistemarekin begirunea izango duen mugimendu bat eratzeko, ezta bertan posizio pribilegiatu bat lortzeko ere –Ana Patricia Botinek bezala–; sistema kapitalistaren pean jasaten dugun zapalkuntzaren aurka borrokatzeko baizik. Hortaz, gure mugimenduaren ateak kapitalistei irekitzen dizkien feminismo burges eta burges txikiak ez ditu gure aldarriak ordezkatzen. Ez al da sistema kapitalista hori prekaritatearekin, langabezia masiboarekin, miseriazko soldatekin eta etxe kaleratzeekin bete-betean jotzen gaituen bera? Ez al da sistema hori gure gorputzak merkantzia bilakatzen dituena? La Manadaren sententziarekin kolpatzen gaituena, bere justizia patriarkalaz? Ez da kasualitatea lan gatazkak ikustea sektore feminizatuetan, han baita prekaritateak gogorren jotzen duen eremua: erresidentzietako langileak, “Kellyak”… Guri ez digu ezertarako balio luxuzko eta itxurakeriazko feminismo batek. Martxoak 8ko greba historikoak seinalatzen du gure bidea: esplotatzen eta zapaltzen gaituen sistema horrekin bukatzeko programa antikapitalista baten inguruan antolatu behar gara.

Emakume izateagatik zapalduak, eta baita langile izateagatik ere

Gure diskriminazioaren jatorria ez datza ezaugarri biologiko jakin batzuetan, gizartearen antolakuntzaren garapenaren egoera zehatz batean baizik. Lehenengo gizataldeek ez zuten ez jabetza pribaturik, ez klase bereizketarik ez emakumearen zapalkuntzarik ezagutu. Patriarkatua, hain zuzen ere jabetza pribatuarekin eta klase gizartearekin agertzen da, hau da, esplotatuak eta esplotatzaileak dituen gizarte batekin. Sistema horrentzat beharrezkoa da haurren, helduen eta gaixoen zaintzaren zama guk hartzea; beharrezkoa du gu guztiok etxeko lau pareten artean preso edukitzea, etxeko lanetara emanak, baita zapalduen batasuna eragoztea, emakumeak salerosi daitezkeen merkantzietara murriztuz, EAJk eta Ciudadanosek prostituzioaren legeztatzea sustatzen dutenean, kasu.

Zutitu eta gure askapenaren bidea hasten dugunean, are langile klasearen metodoak erabiltzen ditugunean, besteak beste greba orokorra, masen mobilizazioa eta ekintza zuzena, Martxoaren 8an egin genuen bezala, sistema honen defendatzaileei beldurra sartzen zaie. Rosa Luxenburgok zera azaltzen zuen: “Emakumeen eskubide politikoen aldeko mobilizazio masiboen egungo egoera proletariotzaren askapen mugimenduaren espresio eta zati bat da”. Egonkortasunik ez dugunontzat, prekaritatea, langabezia eta pobrezia gure auzoetan bizi dugunontzat, gizartearen eraldaketa sozialistaren alde borrokatzea beste aukerarik ez dugu.

Gure kateak hausteko: gizartearen eraldaketa sozialistaren alde borrokatu

Burgesiaren Estatu honek krisi garaiak erabiltzen ditu osasungintzan, hezkuntzan edo dependentziarako laguntzetan murrizketak egiteko, hala, zerbitzu publikoak pribatizatuz haien poltsikoak betetzen jarraitzeko edo bankuak milioika eurorekin erreskatatzeko, baina entzungor egiten die bestelako aldarriei: haurtzaindegiak, jangelak, garbitokiak edo erresidentzia publikoak bermatzea. Zalantzarik ez izan, egunean zehar hainbeste ordu lapurtzen dizkigun eguneroko lan alienanteez –erosketak egitea edo sukaldatzea bezala– eta etxeko-lanen kondenaz askatzeko gai diren baliabide materialak existitzen dira. Alabaina, baliabide horiek kapitalisten eskuetan daude, zeinek mozkinen maximizazioa besterik bilatzen ez duten, planetaren suntsiketaren bizkar bada ere. Hortaz, ekonomiaren sektore oinarrizkoenak nazionalizatu behar dira eta ekonomia planifikatu gehiengoaren beharrak asetzeko, kapitalista batzuen poltsikoak bete beharrean.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.