Langile klasearen mobilizazioak bakarrik eragotzi dezake beste sarraski bat
Israelek eta AEBk eraso inperialista kriminala burutu dute Iranen aurka. Teheranen eta herrialdeko hainbat gunetan egindako bonbardaketa masiboek ehunka zibil hil dituzte, baita Ali Jamenei eta erregimen integristako 40 goi-kargudun baino gehiago ere, Guardia Iraultzailearen burua eta Teherango Defentsa ministroa barne.
Beste behin, Washingtonek eta Tel Avivek milioika pertsonaren bizitzan ondorio izugarriak izango dituen gerrara eraman dute Ekialde Hurbila. Zalantzarik gabe luzera eragin geopolitiko eta ekonomiko sakonak izango ditu gatazka honek.
Azken asteetan AEB indar militar sendoak metatzen aritu da, hegazkin-ontziak eta bi gerra-flotaren parekoak. Martxoaren 1ean Netanyahuren armada sionistak, Trumpen Administrazioarekin koordinatuta, helburu militar ugari bonbardatu zituen Teheranen eta herrialdean zehar. 200 hildako baino gehiago eragin dituzte, Ilargi Gorriaren iturrien arabera. Era berean, jakinarazi dute Israelgo misilekin egindako erasoek lehen hezkuntzako eskola bat suntsitu dutela Minaben, Hormozgan probintziako hiri batean, Iran hegoaldean. Baliteke sarraskiak 85 neska hil izana.

Esku hartze "masiboa" izango dela adierazi du AEBko presidenteak, eta Irango herriari altxatzeko eta erregimen fundamentalista azpiratzeko dei egin dio. Benjamin Netanyahuk ere, Gazan herri palestinarraren aurkako genozidio basati bat egin ondoren, kolono faxisten armekin Zisjordaniako lur nagusiak anexionatu ondoren, Siria hegoaldea okupatu eta Libano bonbardatu ondoren, zigorrik gabe sentitzen denaren harrokeriaz aldarrikatu du operazio hori "askoz indartsuagoa" izango dela eta ez dela geldituko "ayatolen Iranek ordezkatzen duen mehatxu existentziala deuseztatu arte".
Mundu osoko prentsak jasotzen duenez, Trumpek zin egin du Irango Itsas Armada, programa nuklearra eta misilak deuseztatuko dituela. Halaber, adierazi du amore ematen ez badute, Indar Armatuetako, Poliziako eta Guardia Iraultzaile Islamikoko kide guztiek "heriotza ziurtaturik dutela" eta aitortu du erasoaldi militar zabal honek soldadu estatubatuarren bajak ekar ditzakeela.
Azken finean, Trumpek eta Netanyahuk abentura militarista berri honi ekin diote, izan ere, ondo egiaztatu baitute nazioarteko komunitateak ez zuela asmorik atzamar bakar bat ere mugitzeko, EBk beste aldera begiratu duela oniritzia emanez, eta Errusiak eta Txinak ere ez dutela erreakzionatu erasoaren aurreko egunetan, ez bada negoziaziorako eta "nazioarteko zuzenbidea" errespetatzeko ohiko adierazpen diplomatikoak eginez.
Urtarrilaren 3an Venezuelan Maduro presidentea bahitu eta Delcy Rodriguezen eta Venezuelako militarren laguntzarekin sistema neokolonial bat ezarri ondoren, Trumpek pentsatu du Irani kolpe suntsitzailea emateko unea dela. Sinetsita dago urtarrilean mullah-en gobernu erreakzionarioak errepresio bortitzean milaka pertsona hil izanak eragindako barne atsekabea behar bezain bestekoa dela barne altxamendu bat, estatu kolpe bat edo erregimenaren kolapsoa eman dadin.

Baina uste horiek arrisku nabarmena dute. Ez dago argi kupula fundamentalistak eskura dituen baliabide guztiekin aurre egiteari uko egingo dionik. Ezta Txinak hain erraz onartuko duenik ere AEBen zerbitzurako erregimen aldaketa. Txinak harreman ekonomiko estuak eraiki ditu Iranekin, herrialdea petrolio-hornidurarako iturri garrantzitsua baita. Ez da sekretua, halaber, Txinako inperialismoak Washingtoni bereak egiten utzi diola estrategikoak diren eremuetan.
Trumpek totalitarismoaren aurkako borrokari buruz argudiatutako amarruek ez dute inor engainatzen. Trumpek ez du Iranen demokrazia defendatuko, hasteko etxean egunero zapaltzen baitu demokrazia bera. Auzia inperialismo estatubatuarraren interesetan datza, Txina eta Errusia buru dituen blokearen aurkako munduko norgehiagokan. AEBko klase agintaria erabakita dago bere indar guztiekin kolpeak ematera nazioartean atzera gehiago ez egiteko.
Oraindik goiz da operazio militarren koadro oso bat izateko, baina informazioek argi eta garbi adierazten dute Iranek misilekin erantzun diola Israelen eta Kuwait, Arabiar Emirerri Batuak, Jordania, Qatar eta Saudi Arabiako base estatubatuarren aurkako erasoari.

Trumpek eta Netanyahuk bultzatzen duten tamaina handiko gerra batek ez du aurrekaririk, baina gertaerak parez pare begiratu behar dira. Afganistanen eta Iraken izandako esperientzia katastrofikoen ondoren, ia baztertuta dago soldadu iparramerikarrek eta Israelek Irango lurraldea inbaditzea. Beraz, ekintzak bonbardaketetara mugatuko dira, jakina, azpiegitura militarrei ahalik eta kalte handiena eragiteko asmoz, eta erregimenari burua mozteko asmoz, goi karguak erailez. Baina liskarra areagotzen bada, eta agintari irandarrek Txinak bultzatuta gogor erantzuten badute, AEBen eta Israelen erasoak beste ondorio batzuk ekar litzake mendebaldeko inperialismoaren kaltetarako.
Adibidez, Ormuzeko itsasartea ixteko aukerak, zeinarekin Iranek mehatxu egin duen, eta bertatik munduko petrolioaren eta gas likidotuaren % 20 igarotzen den, munduko ekonomikoa astindu lezake. Gatazka denboran mantentzen bada, gerra inperialistaren aurkako mobilizazioak biderka daitezke herrialde arabiarretan, Europako hiriburu nagusietan, eta, jakina, AEB barruan, non Trumpen eta bere agenda totalitarioaren aurkako borrokak hankaz gora jarri baititu Minneapolisko eta hiri askotako kaleak.
Inolako zalantzarik gabe kondenatu eta borrokatu behar da AEBren eta bere aliatu nazisionistaren eraso inperialista basati hau. Komunista iraultzaileok ez dugu jarrera neutrala hartzen, eraso kriminal honen berehalako amaiera eta inperialismoaren eskuak Irandik kanpo uztea eskatzen dugu. Ezkerretik eraso honi babesa ematen dioten guztiek, Teherango erregimenaren izaera erreakzionarioa aldarrikatuz, eskualdeko eta mundu osoko plan inperialistei laguntzen diete.
Estatu teokratikoarekin amaitzea Irango masen zeregina da, azken urteotan behin eta berriz altxatu baitira zapaltzaileen aurka. Borroka hori ez dute indar kontrairaultzaileek gidatu behar, Sha Pahlevi kasu, Trump eta Netanyahuren txotxongiloa baita. Integrismoaren, Irango burgesiaren eta kasta militar ustelaren aurkako borroka, herrialdeko kaleak odolez busti dituen borroka bera, klaseko politika iraultzaile eta sozialista batekin eman behar da.

Helburua ez da borrero batzuk beste batzuekin ordezkatzea. Helburua kapitalismoa azpiratzea izan behar du, inguruko herri zapaldu guztiekin elkarturik langileen demokrazia sozialistari bidea irekitzea. Noski, martxan dagoen esku-hartze inperialistaren aurka argi eta garbi egin behar da, helburu erreakzionarioak salatu behar dira, eta argi utzi behar da Iranek bere burua defendatzeko duen eskubide legitimoa.
Eraso hau Teheranek arma nuklearrak eskuratzea eragozteko operazio bat bezala estali nahi da. Hori diotenak ordea potentzia nuklear jakinak dira: hainbat bonba atomikoren pareko suntsipen indarrarekin Gaza deuseztatu duen Israel eta AEB, basakeria inperialistaren txapelduna eta biztanleria zibilaren aurka armamentu atomikoa erabili duen nazio bakarra.
Nazioarteko zuzenbidea mendebaldeko inperialismoak aldean duen kea besterik ez da. Argi utzi du hori Trumpek berak gardentasun osoz eta baita nazisionisten herri palestinarraren sarraskiak ere. EBk edo ezker instituzionalak egiten duen bezala, hura aldarrikatzea fartsa hutsa da.
Netanyahuk, Hitler eta Mussoliniren pareko gerra kriminala izanik, Ekialde Hurbilaren etorkizuna erabaki badezake, hori mendebaldeko nagusi inperialisten helburuak defendatzen dituelako da, argi eta garbi.
Esku-hartze inperialisten eta militarismoaren gorakadak gero eta gehiago gogorarazten duena Alemanian diktadura naziaren inposaketaren ondoren 30eko hamarkadan bizi izan zen egoera. Norabide lazgarri hau mundu osoko langile eta zapalduen mobilizazio iraultzailearekin bakarrik garaitu daiteke.
Gazako genozidio izugarriaren aurkako tresna eraginkor bakarra elkartasun internazionalista izan da. AEBetan, Europan, herrialde arabiarretan... masen mugimenduak tinkan jarri zituen Estatu Batuetako Gobernua eta bere basailu europarrak. Orain, eraso berri horren aurrean, eta Ekialde Hurbilean gerra suntsitzaile eta izugarri baten arriskuari aurre egiteko, ezinbestekoa da internazionalismoaren bandera berriro altxatzea eta masen mobilizazioak eta grebak bultzatzea, estatubatuarren eta sionisten gerra-makineria eta euren aliatu guztiena geldiarazteko.
Mobilizazio internazionalistak anbiguotasunik gabe azaldu behar du eraso inperialista berri eta basati hau. Baita ere, muturreko eskuin gerra zalearen gorakada kapitalismoak gainbehera garaian funtzionatzeko duen berezko moduaren ondorio zuzena dela. Iraultza sozialistaren bandera altxatuz bakarrik eralda dezakegu egoera gizadiaren mesedetan.
Gerra inperialistarik ez! Sozialismoa edo basakeria!
Joan den otsailaren 13ko gure adierazpenaren estekarekin uzten zaituztegu, Irango egoeraren azterketa sakona, Errusia eta Txinaren papera, eta inperialismo estatubatuarrak eta bere aliatu sionistek lortu nahi dituzten helburuen ingurukoa.
Irán. Entre la represión salvaje al pueblo y las amenazas de intervención imperialista









