Otsaileko iraultzaren ondoren, Behin-behineko Gobernu masen arreta Konstituzio berrirantz eta hauteskundeetarantz desbideratzea nahi izan du, baina langileek fabriketan lehengo berdinek agintzen dutela ikusten dute eta beraien bizi baldintzak Mubarak garaitu aurreko berberak direla. Egoera honek masen sektore handi bat, eta batez ere langile klase, beste iraultza bat behar denaren ondorioa ateratzera bultzatu du: “gosearen iraultza”.
Maiatzaren 27an ehunka mila pertsona kalera atera ziren “bigarren iraultza” bat eskatuz, eta ekainean greba uholde bat hasi zen herrialde osoan zehar. Protesta hauek Behin-behineko Gobernuak martxoan eskubide demokratikoen aurka onartu zuen legearengatik izan ziren. Lege hura greba eskubidearen aurkakoa zen bereziki. Greba egiteagatik urtebete edo gehiagoko kartzela zigorra suposatzen zuen eta gainera 83.000 dolarrerainoko isunak “ekonomia kaltetu” edota “ ekoizpena eteten” duen edozein greba edo protestarentzat.
Langile egiptoarrak egiten ari diren eskaerak garrantzitsuak dira: soldata igoera eta lan baldintzak hobetzea, iraganean pribatizatutako enpresak nazionalizatzea, osasun eta hezkuntza publikorako aurrekontuak handitzea eta lehengo erregimenarekin zerikusia duten hainbat enpresa publikotako zuzendariak aldatzea. Eskaera horiek egiten ari diren sektoreetako bat Suezko Kanaleko langileak dira –8.000 langile baino gehiago dira eta merkataritza internazionalerako klabea da –. Ekainaren 1ean greba oso indartsu bat hasi zuten eta gerentearen bulegoa okupatzen saiatu ziren honen kaleratzea eskatuz. Erantzuna, beste hainbat kasutan bezala, ejertzitoa bidaltzea izan zen, airera tiroak botaz grebalariak sakabanatzeko. Hala ere, beste kasu askotan bezala, langileek aurrera darraite beraien eskaerak betetzea eskatuz.
Beltalde, ekainaren 29 asteazkenean, otsaileko iraultzako biktimen senitartekoek antolatutako kontzentrazio jendetsua erreprimitu zuen gobernuak eta mila zauritu baino gehiago utzi zituen. Bitartean, Mubaraken eta diktaduraren kolaboratzaile izan diren gehienek epaiketarik gabe jarraitzen dute. Egiptotik iristen diren albiste eta erreportajeek garbi erakusten dute gizarteko tentsioa ez dela baretu.
Kapitalismo egiptoarraren krisia
Kapitalismo egiptoarra inolaz ere ez da gizartearen gehiengoaren beharrak asetzeko gai. Mubaraken erorketa gertatu zenetik atzerriko inbertsioa gelditu egin da eta erreserba monetarioak %25 erori dira. Kapitalistek ez dute inongo interesik iraultza baten erdian inbertsioak egiteko, baldin eta beraien negozioak esku seguruetan gelditzen ez badira. Horregatik Behin-behineko Gobernuak, Mubaraken erregimeneko kupula militarra buru duena, ahal duena egiten ari da langile klasea egiten ari den greba eta protestak zapaldu eta geldiarazteko. Militarren hierarkia altuenek lotura oso gogorrak dituzte burgesia internazionalarekin, beraien negozioek Egiptoko ekonomia osoaren % 40 inguru suposatzen baitute.
Negozio gizonak, langileen baldintzak, huskeria badira ere, hobetzearen aurkakoak dira. Moataz El Alfi, Americana-ko (janari bizkorren katea) exekutibo altuetako bat, horrela kexatzen zen egoeraz: “iraultzaren ondoren soldatak igo genituen eta hilabete beranduago langileek berriz grebak egin zituzten soldata igoerak eskatuz (…) Mundu guztia batu da iraultzara eta etekin estrak lortzen saiatzen ari da”. Ahmed Aviv, eraikuntzako exekutibo batek “herrialdeko kapital iturri nagusienak edo atxilotuak izan dira, alde egin dute edo beldur gehiegi dute edozein negozio martxan jartzeko” zioen, langileak ustelkeriaren aurka egiten ari diren borroka paralisi ekonomikoaren arrazoietako bat dela nabarmenduz. Lisa Anderson, Kairoko Unibertsitate Amerikarreko presidentea, “kapitalismoaren eta ustelkeriaren artean ezberdintasun bat dagoela” azaltzen saiatzen da, eta bere ustez mundu guztiak arazoa “sinplifikatu” egiten du sistema bera ustela dela esaten duenean. Baina errealitatean, “sinplifikazio” hori, langileen esperientzian oinarritutakoa, nahiko ondo doa errealitatearekin.
Kapitalisten interesen zerbitzura egon arren, Behin-behineko Gobernuak hainbat neurri hartu behar izan ditu azken hilabeteetan egoera baretu asmoz: gutxieneko soldata igo, sektore publikoko soldatak %15 handitu, 450.000 langile finko egin eta aurrekontuak %25 igo. Hala ere, kontzesio hauek ez dute lortu langileen mobilizazioak gelditzea. Bestetik, potentzia internazionalek hainbat plan onartu dituzte Egipto eta Tunisiari “laguntzeko”, baldintza bezala beren ekonomiak irekitzea jarriz, hau da, pribatizazioak eta lan merkatua gehiago deserregulatzea eskatuz. Masa egiptoarrak are gehiago txirotzeko errezeta besterik ez da hau. Baina Behin-behineko Gobernuak FMIak eskainitako “laguntzak” ukatu ditu neurri hauek eragin dezaketen ondorio politikoengatik. Honek guztiak erakusten du Gobernuaren egoera oso delikatua dela mobilizazioek eta langileen borrokek indartsu jarraitzen duten bitartean.
Sindikatu berri bat sortzen ari da
Garrantzia handia hartzen ari den gertaera bat sindikatu independente berri baten sorrera da, Sindikatu Independenteen Federazio Egiptoarra (EFIU), Sindikatuen Federazio Egiptoarraren (ETUF) aurrean. Bigarren sindikatu hau Mubaraken erregimenari lotuta egon da eta bere lehendakaria den Hussain Megawer atxilotuta dago pasa den otsailean Tahir Plazako manifestatzaileak erasotzeko hiltzaile bandak antolatzeagatik. Hilabete hauetan zehar, eztanda izan da sindikatu independente berrien sorkuntzan. EFIU 500.000 afiliaturaino iritsi zen ekainaren hasieran bere barnean 150 sindikatu bilduz. Sindikatu hauen eskaera nagusienetako bat ETUFen disoluzioa da eta, honekin batera, bere agintarien prozesamendua ustelkeria kasuengatik eta Mubaraken erregimenarekin eta herrialdeko enpresa nagusietako zuzendari eta exekutiboekin harreman estuak izateagatik.
Datozen hilabeteetako puntu erabakigarrietako bat, federazio sindikal berritik abiatuz, langile klaseko sektore aurreratuenak bilduko lituzkeen alderdi politiko klasista bat sortzea izango da, horrela langile klasearentzat alternatiba politiko bat eraikiz. Inkestak erakusten ari dira ikaragarrizko hutsunea dagoela datozen hauteskundeetarako. Aukerarik babestuena liratekeen Anai Musulmanek %15eko babesa soilik izango luketela diote inkestek. Iraultzaren hasieran uste zutena baino askoz babes gutxiago dute Anai Musulmanek eta babesa galdu izana beren benetako aurpegia erakusteagatik izan da. Merkatu ekonomia egonkortzea defendatzen ari dira eta herrialdean zehar egin diren grebak kritikatu dituzte ekonomiarentzat arriskutsuak direla esanez. Egoera honek talde honen barruan tentsioak sortu ditu, bertako gazteen zati handi bat banatzeraino.
EFIUren egonkortzea, aldarrikapen demokratiko eta sozialak sozialismoaren aldeko borrokarekin lotuz, Mubaraken eta bere kolaboratzaileen industrien eta aberastasunen eta multinazionalen nazionalizazioa defendatuz, oinarrizkoa da prozesu iraultzaileak aurrera egin dezan. Langile klasea iraultzaren bizkarrezurra izaten ari da, eta bere antolakuntza klaseko programa independente batekin oinarrizkoa izango da garaipena lortzeko.