72 orduko kontaketa agonikoaren ondoren, Trump galtzaile irten da AEBko historian parte hartze gehien eta polarizazio haundiena izan duten hauteskundeetan. Trumpek eutsi egin dio, bai, baina azkenean ezin izan du garaipena lortu. Azkenean indarkeria polizial arrazista salatuz AEB alderik alde piztu zuen altxamendu ikaragarria, eta amets amerikarraren amaiera berresten duen hondamendi sozial, ekonomiko eta sanitarioa gailendu dira. Txio desafiatzaile asko idatzi arren, aste batzuren buruan maletak egin eta Etxe Zuria utzi beharko du.
Emaitzek gako ugari ematen dituzte AEBko klase arteko borrokaren oraina eta geroa ulertzeko. Lehenik, trumpismoak hauteskunde masa oinarri bat finkatzea lortu du, eta horrek etorkizuneko gertaerak baldintzatu eta gobernu demokrata gogor presionatuko ditu. Bigarrenik, muturreko eskuinaren erreakzio populistari eta hau elikatzen duten kausei aurre egiteko prest dagoen herritarren gehiengo bat existitzen dela frogaturik geratu da.
Bidenek historiako hautagairik bozkatuena izan dela aldarrikatu dezake, baina Trumpen porrota ez da lortu Bideni eta establishment demokratari esker, alderantziz baizik: horien oztopoaren gainetik lortu den garaipena izan da. Urte hauetako ikasgaiak ez dira alferrik igaro, eta milioika zapalduren kontzientziak eginiko aurrera pausoa lehen mailako faktore mobilizatzailea bilakatu da.
Muturreko polarizazioa
Masen partehartzea izan da Trump lehendakaritzatik kanpo uzteko faktore nagusia, eta ez Bidenen kanpaina kaskarra, ez dena gai izan ezta aurkariaren oinarri soziala ahultzeko ere.
2016ko hauteskundeekin alderatuz, 16 milioitik gora pertsona gehiago joan dira oraingoan botoa ematera eta parte-hartzea %67koa izan da. Bidenek 75.010.459 bozka lortu ditu (%50,63) eta kontaketaren amaieran 300 hauteskunde-bozka baino gehiago jaso litzake. 2016arekin alderatuta, %14 eta 9,1 milioi boto igo da. Trumpek 70.686.229 boto lortu ditu, (%47,71) eta, ziur aski, 230 hauteskunde-bozkaren inguruan ibiliko da. Arreko hauteskundeekin alderatuz gero, %12,2 eta 7,7 milioi bozka gehiago lortu ditu. Howie Hawkins alderdi berdeko hautagaiak -ezker sozialistako hainbat erakundek bera babesten zuten- 349.470 bozka jaso ditu, 2016. urtean baino %74,8 gutxiago, 2008tik lortutako emaitzarik okerrena.
Trump aspertu gabe aritu da sozialismoaren, muturreko ezkerraren, komunismoaren, eta abarren aurkako aldarri sutsuak errepikatzen. Ez da kasualitatea. Trump ez da ikusmirarik gabeko abenturazalea. Bere diskurtsoak Ipar Amerikako gizartearen deskonposizioa eta burgesia txikiko sektore zabalen etsipenak islatzen ditu, izan ere, iraganeko ziurtasunak galdu eta etorkizuna ikaraz ikusten baitute.
Tradizionalki pisu haundia izan duten sektore hauek, ez diete uko egin nahi iraganean pribilegio handiak eskaini dizkien bizi moduari eta ikaraz ikusten dute klase arteko borrokaren gorakada, ezkerraren hazkuntza eta sozialismoaren ideien eragin hazkorra. Trumpek borrokarako kausa bat eman die geruza sozial hauei.
Magma sozial honetan desindustrializazioaren eta langabezia kronikoaren ondorioz atzeratuta, desmobilizatuta eta sakonki desmoralizatuta dauden milioika langilek ere parte hartzen dute. Establishment demokratarekin erabat eszeptiko, Trump babesten jarraitzea erabaki dute, honek egoera ekonomikoa hobetuko duelakoan.
Trumpen aurka altxatu diren masek ez dute beste aukerarik izan. Une hauetan hautestontzietan garaitzeko erabilgarri dagoen tresna bakarra erabili behar izan dute, eta are gehiago
primaria demokratetan milioika pertsonak babestu zuten Bernie Sanders erretiratu ondoren eta alderdiaren aparatuaren aurrean amore eman ostean. Bai, masak borrokan daude eta Joe Bideni eman diote botoa sudurra estalita, baina ez bere politiketan konfiantzarik dutelako. Ondo zekiten hautagai demokrata arazoaren parte dela, ez irtenbidea.
Zantzu iraultzaileak dituen klase arteko borroka
Hautestontzietako erabateko polarizazioak sistemaren bi hautagairi emandako babes "soila" baino askoz gehiago islatzen du. Halako irakurketa sinple batek, sektarioa izateaz gain, errealitatea desitxuratuko luke: masak ekintzetan etengabe aritu izan dira bide independente bat bilatzen.
Hauteskundeak klase arteko gatazkaren tenperatura neurtzen duten faktore multzoaren zati bat bakarrik dira. AEBko hauteskunde sistemaren izaera antidemokratikoa eta langile alderdi baten gabezia kontuan hartuta, benetako indarren korrelazioa eta gizartea eraldatzeko dagoen potentzial handia oso modu desitxuratuan islatzen da.
AEBko egoera objektiboak ba al du elementu iraultzailerik? Erantzuna baiezkoa da. Langileen sektore zabalek bizi duten hondamendiak eta baita klase ertaineko txirotutako gaztediak azaltzen dute bizi izan den eztanda soziala. George Floyden erailketaren ondoren lehertu zen altxamendua urteetako ezberdintasun sozialen, eskubide demokratikoen aurkako erasoen, indarkeria polizial eta arrazakaeria sistemikoaren ondorioa izan zen. Mugimendua oligarkia ekonomikoa, establishment politikoa eta Estatu aparatua seinalatuz elkartu da.
Dinamika hasia zen jada duela lau urte, Sandersen hautagaitza atera zenean, Wall Streeteko %1aren aurkako "iraultza politikoaren" beharraren diskurtsoa eginez. Aparatu demokratan ezkerrean zeuden hautagaien garaipenek joera berretsi zuten. Harrigarriena da, Sandersek amore eman arren, mugimenduak adierazteko bide berriak sortzen jarraitu zuela.
Trumpek eta atzean duen burgesiaren sektoreak gertaera horien funtsa ondo identifikatu zuten, eta horregatik oldartu ziren ideia sozialisten aldeko kontzientzia indartzen duen borrokaren kontra. Aparatu demokrata berriz, altxamendu soziala hauteskunde-eremura bideratzen saiatu zen, eduki iraultzaile eta klasista oro kenduz. Horrela beraz, Joe Biden aurkeztu zuen hautagai gisa eta gainera Sandersen babesa erabili zuten, sinesgarritasuna emateko asmoz. Baina ez zituzten milioika langile eta gazte engainatu. Jaso duen botoa ez da Bidenen aldekoa izan, Trumpen aurkakoa baizik.
Akatsa litzateke hauteskundeen emaitzen irakurketa mekanikoa eta hertsia egitea. Duela hilabete gutxi, presidentea Etxe Zuriko bunkerrean sartu zen, eta manifestatzaileei tiro egiteko deia egin zuen, etxeratze agindua dekretatuz. Horrek ordea, ez zuen mugimendua izutu, guztiz kontrakoa baizik.
Alderatu al daitezke mugimendu honen indarra eta ultraeskuinaren, Proud Boyen eta Trumpek xaxatzen dituen gainerako taldeen kaleko protestak? Ez ditugu arriskuak gutxietsi nahi. Baina erakunde horiek askoz ahulagoak dira masak ekintzan baino, are gehiago ekintza sozialismo iraultzailearen programan oinarritzen badira.
AEBko distortsiorik handiena langile alderdi bereizi baten gabezian datza. Gabezia hori historikoki demokratek erakarri zuten. Hori horrela den arren, ez du agortzen masen kontzientziazio eta antolakuntza prozesu dialektikoek aurrera egitea.
Black Lives Matter hedatzeak, Bernie Sandersen hautagaitzak, edo Amerikako Sozialista Demokratikoen (DSA) hazkundeak (100.000 bat kide), agerian utzi dute langileen alderdi hori sortzeko baldintzak egon badaudela. Trumpen porrotak prozesu hori geldiarazi beharrean indartu egingo du.
Trumpek gogor eutsi dio: ezin daiteke ez ikusiarena egin mehatxuaren aurrean
Trumpek gogor eutsi dio Mendebalde Ertaineko “oxidoaren gerrikoan” deprimitutako lurralde askotan, langile eremuak orohar. Egia da Bidenek ozta-ozta berreskuratu dituela Michigan, Wisconsin eta Pennsylvania, baina iraganeko gehiengo demokrata handietatik urruntzen da, eta Ohio errepublikanoen esku uzten jarraitzen du.
Trumpen hauteskunde-oinarria ia ez da aldatu 2016. urtetik. Babes handiena 65 urtetik gorako eta errenta handia duten —100.000 dolarretik gorakoak— gizon zurietatik lortzen du, landa-eremuetan, katoliko, protestante edo ebanjeliko deklaratzen direnen artean.
Milioika burges txikik -eta AEBn asko daude- eskuin muturrerantz biratu dute garai aldaketak izututa eta mobilizazio sozialak beren pribilegioak mehatxatzen dituela sentituz. Trumpek oinarri sendoa finkatu du geruza dirudun horien eta herrialdearen barnealdean krisiak gogorki jota dagoen langile-klase zuriko sektoreen artean.
Aldi berean, barne eta kanpo mehatxuaren aurrean bizirauteko berme gisa aurkeztu izanak -Txinaren aurka, Amerika lehenengo!-, gizarte-erreserba handiak mobilizatzea baimendu dio, nahiz eta ez den gai izan kapitalismo estatubatuarraren gainbehera geldiarazteko.
Demokrazia burgesaren krisi sakona
Burgesia estatubatuarra zatitzen dutena, klase agintari gisa pribilegioak mantentzen jarraitzeko zein den bide egokienaren inguruko iritzi kontrajarriak dira.
Trumpek zenbaketa legez kontrakoa dela salatzen jarraitzen du, baina ez dirudi aurrera egingo duenik maniobra horietan. Testuinguru hoetan Trumpen alde egingo balute, demokrazia burgesak pairatzen duen krisia kontrolik gabeko kaosean sartuko litzateke. Masek ez lukete hori onartuko. Floyden hilketaren ondoren izandako mobilizazioak txiki geratuko lirateke. Klase agintariak ez du nahi inolaz ere, berriro masek bigarren olatu batean kaleak hartzerik.
Alderdi demokrataren aparatua -kapitalista handien ordezkari fina- ekaitza baretzen eta animoak itzaltzen saiatzen da. “Gure demokrazia indartsua da” edota “gure erakundeek funtzionatzen dute” bezalako mezuak erabiltzen ditu horretarako. Baina arazo bat dute: trumpismoa alderdi errepublikanoaren oinarri sozialean eta elektoralean bihurtu da eta horrek gainbehera eragin ordez, sendotu egin du.
Etorkizun hurbila konplexua da klase agintariarentzat. Zatiketak eta gizarte-tentsioa ez dira desagertuko, izan ere, munduko lehen potentzian sistema kapitalistaren krisiak uzten dituen ondorioen sakontasunaren adierazle baitira. Sistema gaixo eta gangrenatu baten gainbeheraren emaitza dira.
Datozen borroketarako prestatu. Langileen alderdia behar da, programa sozialista batekin
Barack Obamak 2008an lehendakaritza hartu zuenean, finantza-krisiaren erdi-erdian, konfiantza handia zuten harengan. Orduan, 10 milioi bozka baino gehiagoko aldea atera zion John McCain errepublikanoari. Baina Obamaren agintaldiak frustrazio izugarria eragin zuen erreforma nagusietan atzera egin zuelako (osasun publiko unibertsala eta arrazismo sistemikoaren aurkako borroka). 2012an berriz hautatu zuten baina 4 milioi boto inguru galdu zituen.
Orain egoera oso desberdina da. Mundu mailako atzeraldi berriak eragin gogorragoak izango ditu ekonomian, eta are larriagoa izango da Txinaren aurkako gerra dela eta. Zerbitzu publikoen suntsiketa, pobrezia eta desberdintasuna duela hamabi urte baino askoz handiagoa da. Bidenek ez du Obamaren sinesgarritasunik ez osperik.
Bidenek monopolio handien alde egiten jarraituko du, eta “erreskate” planak onartuko ditu multinazional handien irabazi ekonomikoak babesteko, Obamak egin zuen bezala. Lehendakaritzara eraman duten milioika pertsona ahaztu egingo ditu. Txinaren aurkako merkataritza-gerra sustatuko du, Trump bezala nazionalismo ekonomikoaren manipulazioa erabiliz, etxeko arazo larrien arreta desbideratzeko. Ez du garbiketarik egingo polizia arrazistan eta ez dio finantzaziorik kenduko, eta ez ditu ukituko osasun pribatuko negozio mamitsuak, ez badu masa-borrokak behartzen. Halaber, ez du 1,5 bilioi dolar baino gehiagoko unibertsitate-ikasleen zorrarekin amaituko, ez eta irakaskuntza publikoaren degradazioarekin edo etxebizitza duin eta eskuragarri baten beharrarekin.
Ezbairik gabe, AEBetan gizarteko geruza zabalek indartsu biratu dute ezkerrera. Esperientziak erakutsi du alderdi demokrata ez dela izan eta ez dela izango borroka honetarako behar dugun tresna. Sandersek uko egin zion erakunde independente bat eraikitzeari eta alferrik galdu zuen lortutako babes itzela. Baina hain zuzen ere horrek dagoen potentzial ikaragarria erakusten du. Ezker antolatuak aurrerapauso sendoak eman ditzake milioika langile eta gazte biltzeko eginkizunean. Lana ez da erraza, baina Trump garaitzea ere ez zen erraza.
Langileen eta gazteen alderdi batek ez dio inoiz uko egingo tokiko hauteskundeetan edo hauteskunde orokorretan parte hartzeari, propaganda eta antolaketarako tribuna gisa erabiltzeko. Baina kontua ez da hauteskunde-makineria berri bat sortzea, klase-borrokarako alderdi bat eraikitzea baizik, lantegietan, borroketan, etab. sustraitua; klaseko programa bat defendatuko duena, sozialista eta internazionalista, milioien beharrei erantzuteko eta garaipenak erdiesteko balioko duena.
Horrelako alternatiba bat defendatuz posible litzateke egun Trumpen diskurtsoa jarraitzen duten erdi mailako geruzetako eta langile-klaseko sektoreak demagogia horretatik ateratzea, gaur egun okerreko lubakian baitaude.
AEB garai gorabeheratsuan sartu da. Galdutako aukerez kexatzea eta ekintzaileetatik urruntzen duten mezu sektarioak zabaltzeak ez du ezertarako balio, eta ezker iraultzailekoak direla dioten erakundeek ezin dute hori egiten jarraitu. Kaleetan eta hautestontzietan mobilizatu diren milioika pertsonen hizkera hartu eta elkarrizketa ezartzetik hasi behar da, unean uneko zereginen eta erakunde marxista iraultzailea sortzeko beharraren ulermena sakontzeko.
Trumpen porrota oso albiste txarra da Bolsonaro, Salvini, Johnson, Alternative Für Deutschland edo Vox bezalako ultraeskuindarrentzat. Baina trumpismoaren mehatxuak bizirik dirau eta indartu egin daiteke, kapitalismoaren krisi organikoaz elikatzen baita.
Gure klasearen zereginik garrantzitsuena AEBetako eta mundu osoko zapalduek irabazteko behar dugun alternatiba iraultzailea eraikitzea da.