Egia da inor gutxik aurreikusiko zuela presidente beltz bat AEBetan garai hauetan. Munduko potentzia ekonomiko indartsuenaren kaleetan ehunka mila lagunek ospatu zuten Obamaren garaipena. Egoera bera errepikatu zen munduko beste hainbat lekutan. Bushen politikak sortutako frustrazioari erantzun zieten Demokratei botoa eman zieten milioika langile, behartsu eta beltzek.
Gertakizun historikoa izan da, aurreiritzi arrazistak dituzten askok ere nahiago izan zuten beltz bati botoa eman errepublikano bati baino. Baina AEBetako presidentearen koloreak ez du zerikusirik izango honek aurrera eramango duen politikan. Garrantzitsuena ez da presidentearen kolorea, baizik eta noren klaseko interesak defendatzen dituen. Obamak ilusio handia sortu du, baina ez zen kasualitatea izan hauteskunde kanpainarako enpresek Mc Caini baino diru gehiago ematea. Enpresa handiek ere Obamaren aldeko hautua zeukaten eginda garai berri hauetarako. Hauteskunde kanpainaren finantziazioa publiko egingo zuela adierazi zuen Obamak, baina Demokraten hautagaia izateko aukera handiak zituela ikusi zuenean, iritzia aldatu eta begirada diru laguntza pribatuetan jarri zuen. Lehendabizikoz AEBetan, hautagaiek 1.000 milioi dolar bildu zituzten, Obamak 640 milioi dolar eta Mc Cainek 360 milioi dolar “bakarrik”. Azkeneko bi hauteskunde presidentzialetan errepublikanoek demokratek baino diru gehiago lortu zuten.
Burgesia estatubatuarrak Obamaren bitartez prestatuko ditu langile klasearen aurkako erasoak, iraganean Bill Clintonekin egin zuen bezala. Obamak hauteskunde kanpainan “itxaropena” eta “aldaketa” hitzak erabili ditu, baina denbora gehiegi pasa beharrik gabe bere benetako kolorea erakutsiko du, “kolore kapitalista”. Milioika herritarrek bozkatu zuten eta eskainiko diote babesa, baina botoa eman zioten milioika izango dira traizionatuta eta haserretuta sentituko direnak Obamaren politikarekin. Herritarrek aukeratua izan baino egun batzuk lehenago krisiari aurre egiteko Bushen plana babestu zuen Mc Cainekin batera. Hasiera ederra kapitalistentzat behintzat.
Garaipenaren ondoren zer?
Garaipen gauean eman zuen diskurtsoarekin Obamak mezutxo bat bidali nahi izan zien berarengan konfiantza jarri zutenei: Gobernuak ezingo dituela arazo guztiak konpondu, urte bat edo legealdi bat ez dela nahiko aldaketarako, herritar guztiek sakrifizioak egin beharko dituztela, aberatsen eta behartsuen batasun nazionalaren garrantzia... Alderdi Errepublikanoaren balioak goraipatzera ere iritsi zen. Oinarrian, Bushek horrenbeste erabilitako “batasun nazionala”, oso polita dirudien ideia izan arren kapitalismoan gehiengoa gutxiengoaren esklabo izatera aholkatzen duen leloa da. Obamaren “denak berdinak gara” bezalako esaldiek ahaztu egin nahi dute gizarte estatubatuarra klase ezberdinetan dagoela banatuta, klase batek bestea zapaltzen duela, gutxiengoaz osatuta dagoen klaseak aberastasun ikaragarria pilatzen duela eta milioika herritar zapalkuntzara kondenatuta daudela. Klase kapitalistak AEBetako eta gobernuaren politika kontrolatzen du eta bere interesak defendatzen dituen legeak inposatzen ditu, zein batasunez ari da Obama?
Bushek petrolio konpainia handiekin dituen harremanez nazkatuta zegoen jendea, baina Obamak 2005ean Bush eta Cheneyren energia legearen alde eman zuen botoa. Inork zalantzarik badu, Obamak petrolio konpainien interesak defendatzen jarraituko du. Kanpo politikan berriz, Bill Clinton izango du eredu, bere garaian Irak, Sudan, Afganistan eta Jugoslaviaren aurkako bonbardaketak babestu zituenarena. Ahaztu gabe Demokratek Iraki ezarritako zigor ekonomikoek milioi bat hildako eragin zituztela. Inork uste al du inperialismo estatubatuarrak bere hatzaparrak aterako dituela herrialde ezberdinetatik eta horrela bere botere ekonomiko eta politikoa galdu? Obamak inperialismo estatubatuarraren interesak defendatuko ditu atzerrian. Joe Bidenen aukeraketak, Irak zatitzearen alde zegoena, frogatzen du hori.
Zer egingo du Obamak Ekialde Hurbilean? Bushek defendatzen duen Estatu palestinarra defendatzen du, hau da, Israelen menpeko Palestina. Kasu honetan ere ez zen kasualitatea izan Amerika eta Israelen arteko Harreman Publikoen Komitean (AIPAC) sartu izana Demokraten hautagai izatea bermatu zuenean. AIPAC Israelen aldeko lobby garrantzitsuena da, Bushen jarraitzaile sutsuenetakoa. Atera kontuak. Herri palestinarrak ezin du izan konfiantzarik Israelen zapalkuntza babestuko duen presidente berri honetan.
Obamak asko hitz egin du Iraketik tropak erretiratzeari buruz, hori bai, soldadu horiek Afganistanera bidaltzeko izango direla gogoratuz. Ikusiko dugu zer egiten duen Irakeko tropekin, baina edozein kasutan, soldaduen erretiratzea ez litzateke izango Iraken askatasunagatik, inperialismo estatubatuarraren porrot militarraren eta herri estatubatuarraren presioagatik baizik. Zapaterok ere erretiratu zituen tropak Iraketik baina ez zuen arazorik izan soldadu espainiarrak Afganistanen, Libanon, Kosovon... erabiltzeko. Obamak ere itxuraren bat egin dezake tropen leku aldatzeekin, AEBen politika inperialista mantentzen duen bitartean.
Iranekiko ere jarrera oldarkorra erakutsi du, ez du baztertu Pakistanen inbasioa eta Venezuelako Hugo Chavez presidenteari diktadore deitu dio. Latinoamerikan egiten duenarekin ikusiko dugu norekin dagoen, Venezuelako, Boliviako, Mexikoko, Ekuadorko... masa iraultzaileekin edo hauen aurka kontrairaultza antolatzen ari direnekin. Guantanamoren itxieraz hitz egin duen arren, mugimendu sinboliko honekin itxura ona eman nahirik, kasu honetan ere espetxe aldaketak besterik ez lirateke emango. Inork uste al du ba munduko potentzia inperialista zapaltzaileenak uko egingo diela kartzelaratzeei eta torturari?
Esan ohi da pertsona bat epaitu daitekeela honek dituen lagunen arabera. Zein izan dira Obamaren lagun eta aholkulariak hauteskunde kanpainan? Hauetako bat Zbigniew Brzezinski segurtasun nazionaleko kontseilari ohia izan zen, Afganistanen muyahidinen sortzailea eta talibanen bultzatzailea izandakoa. Beste lagun ona Richard Danzig izan zen, armadako idazkari ohia, Jugoslaviaren aurkako bonbardaketan buru izandakoa. Richard Clarke da hurrengoa, Bill Clinton eta Bushekin terrorismoaren aurkako arduradun izan zena. Azkenik, Merrill Mc Peak generala, Ekialdeko Timorren aurkako okupazio indonesiarra bultzatutakoa eta Dennis Ross, Israelen alde eginez Palestinako Zisjordaniaren okupazioaren babeslea. Lagun koadrila ederra. Obamaren lagunen zerrendako zati txiki bat besterik ez da hau, gauzak nahiko garbi uzten dituena.
Gainera, Obamari, ez zaio presidente izatera heltzeko garairik onena tokatu, AEBetako eta mundu mailako egoera ezegonkortasunez beteta baitago. AEBak dira munduko zordun handienak eta atzeraldi ekonomikoa hasi besterik ez da egin. Kapitalismo eta inperialismo estatubatuarra une oso beltzean daude eta Obamak maniobretarako eta itxurak egiteko oso tarte gutxi izango du. Irabazien tarta txikitzean bankari eta enpresariek presio gehiago egingo diote eta hauen alde hartzen dituen neurriek ezegonkortasun sozial eta politiko handiagoa sortuko dute.
Edo inork uste du langileen, behartsuen, beltzen eta etorkinen alde eginez kapitalisten aurka jarriko dela? Langileen eskubideen eta bizi baldintzen aurkakoa den Taft-Harley legea kenduko du? Doako osasun publikoa eskainiko du? Gastu militarra murriztuko du diru gehiago hezkuntza eta etxebizitza arazoetara bideratzeko? Etorkinen aurkako sarekada eta deportazioekin bukatuko du? Zein arrazoi dago horrelakorik egingo duela pentsatzeko?
Mundu osoan bezala, herri estatubatuarrak ere egonkortasuna nahi du: lanpostu egonkorrak, soldata duinak, kalitatezko osasuna eta hezkuntza, etxebizitza bat... Baina kapitalismoak ezin dizkie herritarrei oinarrizko behar hauek bermatu. Horregatik ari da AEBtan ere lurazalera ateratzen azken urteetan pilatu den etsipena. Ikusi genituen langile etorkinen mobilizazioak, sindikatu barruetan langileen haserrea handitzen ari da euren zuzendaritzek hatzik mugitzen ez dutelako eta Wall Street erreskatatzeko Buhs, Mc Cain eta Obamak defendatutako planaren aurka mobilizazio espontaneoak antolatu ziren. Hau, hasieraren hasiera besterik ez da. Iraganeko tradizio iraultzaileak berreskuratuz, langile eta zapaldu estatubatuarren masa borroka erradikalizatzen eta zabaltzen joango da.
Bi alderdi kapitalistek politika estatubatuarra kontrolatzen jarraitzen duten bitartean, langile klaseak ez du askatasunik lortuko. Beharrezkoa da burgesiarekin lotuta dauden “sindikalista kapitalistak” salatzea, sindikatuek Demokratekin behingoz puskatzea eta AEBetako langileen eta zapalduen interesak defendatuko dituen alderdi bat eraikitzea. Langile eta gazte iraultzaile gehienek esperientziaren bitartez aterako dituzte ikasgaiak. Obama eta Demokratek heuren alde oinarrizko ezer ez dutela egingo ikusiko dute. Alternatiba bakarra borroka dela ikusiko dute. Eta hala da, masen borrokak soilik egin diezaieke aurre kapitalistei, masen borroka iraultzaileak soilik buka dezake kapitalismoarekin eta orduan soilik bukatuko dira prekarietatea, langabezia, etxebizitza arazoa... eta horiekin batera arrazismoa. Sistema kapitalistak bultzatzen duen arrazismoarekin bukatzeko ere ez da gai izango Obama.