Pasa zen apirilean Kubako Alderdi Komunistak bere VI. Kongresua ospatu zuen eta gai nagusia ekonomia izan zen. Onartu ziren neurriek eragin zuzena izango dute Kubako ekonomia planifikatuan, iraultzari esker lortutako konkista sozialetan eta uhartean bizi diren ia 12 milioi biztanleengan. Kongresuaren oinarrizko dokumentu izan zen “Politika Sozial eta Ekonomikoaren Norabidearen Proiektua”-n azaldutakoaren ondotik, Vietnam egiten ari den eta Txinak egin duen bidetik jarraituko da aurrera.

Erreforma ekonomikoak

2010eko urrian, azken urteetan bultzatzen ari ziren erreformen azkartze bat izan zen. Garrantzitsuenetakoak hauek izan dira: Sektore publikoko 500.000 langile urte beteko epean kaleratzeko plana, datozen 3 urteetan estatuko 1.3 milioi langile (%25) kaleratzeko planaren lehen fase bezala. Beraien esanetan batzuk sektore publikoko beste toki batzuetan lan egingo lukete, baina gehienak sektore pribatuan. Gainera, kaltetutako langileei gehienez 3 hilabeteko langabezia sorospena bakarrik emango diete 20 urte baino gehiago lan egin badute. Nork bere kasa lan egiten dutenen aktibitatea ere erregulatu da 178 lanbidetan lan egiteko lizentziak emanez. Langileen kontratazio pribatua ere legalizatu egin da eta sektore turistikoan 50etik 99 urtera pasa dira atzerritarrek hainbat instalazio turistikotan eraikitzeko zeuzkaten lurrazalen eskubideak.

Baina “Politika Ekonomikoaren Norabidearen Proiektua” da neurri gogorragoak dakartzana. Kubako eredu ekonomikoan aldaketa garrantzitsua suposatuko du. Antolaketa ekonomikoaren aldaketarik sakonena gastu publikoa berregituratzeko modua da, inbertsio publikoa handituz gastu soziala murriztearen kontura. Proiektuak kapital finkoan inbertsio maila ikaragarri gehitzea planteatzen du eta hori ordaintzeko estatuaren laguntzak ikaragarri jaistea erabaki da. Honek iraultzari esker lortutako konkista sozialei eragin kaltegarria eragingo dio.

Beste gauza asko ere planteatzen dira. Oinarrizko elikagaien kanasta kentzea edota hauen prezioak igotzea, jantoki publikoak kentzea edota hauen prezioak igotzea beharrezkoa den tokietan, erregaien eta argindarraren prezioak igotzea (hau dagoeneko eraman da praktikara), baita urarena ere, ekintza kulturalena… eta behin eta berriz ari dira esaten ezinezkoa dela osasunean eta hezkuntzan egiten diren gastuak mantentzea. Gainera, erregulatuta egongo diren produktu eta oinarrizko zerbitzu batzuk ez ezik, prezioak eskaintza eta eskaeraren legearen arabera erregulatuko dira.

Estatuko enpresak, momentuz nagusienak izango direnak, autonomia gehiago izango dute eta beraien inbertsio irizpidea mozkin gehiago ateratzera zuzenduta egongo da. Galerak izan dituzten eta epe ertainera errekuperatu ezin diren enpresak itxi egingo dira eta honen ondorioz merkantzien produkziora zuzenduta dauden eta irabazi gehien ematen duten enpresak izango dira nagusiki geldituko direnak. Aldiz, “errentagarritasunaren” irizpideari jarraituz “bideragarriak” ez diren baina funtzio sozial garrantzitsua jokatzen duten enpresak asko gutxituko dira. Soldatak ere ezberdinak izan behar dutela erabaki da eta egindako lanaren kantitate eta kalitatean oinarrituko dira. Kooperatibak eta “nork bere kasakoak” bultzatu egingo dira.

Raul Castrok behin eta berriz adierazi du ez duela sistema kapitalistara itzuli nahi. Dionez, eredu sozialista “eguneratu” nahi du eta “merkatuko sozialismoa” kontzeptua erabiltzen du Kuban nahi duen eredua adierazteko. Hala ere, ikuspegi zientifiko batetik, hau da ikuspegi marxista batetik begiratuz, ezinezkoa da “merkatuko sozialismoa”. Txinan daukaguna, adibidez, sistema kapitalista da. Estatuak paper garrantzitsua jokatzen du, baina bere parte hartzea irizpide kapitalistekin egiten du nahiz eta hango konstituzioko lehen artikuluan hau ipini: “Txinako Errepublika Popularra Estatu sozialista da, langile klasea buru duena nekazari eta langileen aliantzan oinarrituta”.

Iraultza eta ekonomia planifikatua

 

Norabideen Proiektuan jasotako neurriek beraien dinamika hartu ahala, ezinbestean,  kapitalismoaren itzulerako joerak indartuko dituzte. Iritzi berbera dauka langile kubatar askok, kongresu aurreko eztabaida zalapartatsuek eta hartutako neurri horiek praktikara eramateko Gobernuak dauzkan zailtasunek erakutsi bezala.

“Kaleraketa masiboak kritikagai izan dira uharte osoan egindako milaka eta milaka bileratan, kongresu aurretik egiten diren eztabaiden zati bezala”, zioen Reuters agentziak martxoaren 8an. Eta artikulu berean zera zioen: “Murrizketak nola egin zehazteko orduan sortu ziren nahasteak, lanpostu alternatibo ezak eta langileen erresistentziak bultzatu zuten Raul Castro hasiera batean martxoaren amaierarako ziren planak atzeratzera (estatuko 500.000 lanpostutako murrizketez ari da).”

Erresistentzia Kubako Alderdi Komunistaren aparatutik ere badator. Bertako hainbat kidek uste dute sozialismoa ez dela ekonomia planifikatua ahultzen duten neurriekin indartzen eta sentiberak dira Alderdiaren oinarrian dauden langileek dituzten kezkekin. Errealitate honek azaltzen du VI. kongresuaren atarian Raul Castrok Alderdiak Gobernuaren zereginetan parte hartzearen aurka egindako diskurtso gogorra: “Ez dagozkion zereginetatik alderdia baztertu egin behar da”, eta hartutako neurri ekonomikoen aurka Alderdi barruko erresistentziagatik hau esan zuen: “ikusiko dugu nolakoa izango den borroka, nola ematen diren konbateak, baina irabaztea espero dugu.”.

Hainbat aldiz esan dugun bezala, ekonomia planifikatuari esker, oinarrizko baliabideak Estatuak mobilizatuz izan da posible garai historiko batean zehar masa kubatarrek izan dituzten baldintzak izatea. Pentsaezina zen baldintza horietara heltzea orain dela bost hamarkada baino gehiago multinazionalen eta oligarkia kubatarraren menpe zegoen Kuba hartan.

Ez dago dudarik garaiotan egoera ekonomikoa oso hondatuta dagoela. Kontsumorako artikuluen ekoizpena ez da nahikoa eta nekazal guneetako egoera irrazionala da Kubak kontsumitzen dituen elikagaien %60 inportatzen dituelako eta bere lursail ernegarrien %50 erabili gabe daudelako. Banaketa mantsoa da eta ustelkeria kasuak eguneroko ogi dira. Langileek bataz beste 350-400 peso irabazten dituzte hilean, gutxiegi bizitzeko, eta beraz ahal dutena egiten dute: turistengana gerturatu, taxilari ilegal bihurtu, estatuko enpresetan ostutako merkantziak saldu...

Langile kubatarrek badakite egoerak horrela ezin duela jarraitu eta ulertzen eta babesten dute neurriak hartzearen beharra. Baina langileen zati garrantzitsu batek hartu diren neurriak gehiengoaren interesen aurka doazen neurriak diren susmoa du. Gu ados gaude posizio horrekin.

Irteera bakarra: langileen kontrola eta iraultzaren zabaltzea

Eraginkortasun falta, galerak, estatuaren merkantziak merkatu beltzera desbideratzea… hau dena saihesteko modu bakarra langileek ekoizpenaren zuzendaritzan kontzienteki parte hartzea da, langileek modu aktibo eta erreal batean parte hartuz planen erabaki, elaborazio eta aplikazioetan. Horrela sentituko lirateke langileak motibatuta iraultza defendatzeko eta horrek eragin zuzena izango luke lan ekoizpenaren handitzean. 

Marxek azaltzen zuen bezala ekonomia planifikatuak langileen kontrol kontzientea behar du odolak oxigenoa behar duen bezala. Kubako ekonomian eragile hau falta den heinean, gabezia honek planifikazioaren atal guztiak ukitzen ditu eta horrela ekonomia guztia arriskuan jartzen da.  Baina neurri hauek soilik ere ez lirateke nahikoak izango. Herrialde baten barneko mugetan aurrerapen sozialek muga bat dute. Sozialismoa eraikitzeko beharrezkoa da iraultza zabaltzea eta beste herrialdeetan ere kapitalismoarekin amaitzea. Honi esker, behar sozialei aurre egiteko ekonomia planifikatua maila altuago batean egongo litzateke.

Gaur, Amerika Latinoan zehar prozesu iraultzaile garrantzitsuak daude. Latinoamerikan federazio sozialista bat eraikitzea erabat posible litzateke bertako zuzendari iraultzaileek benetako politika sozialista bat defendatuko balute. XX. mendeko 30. hamarkadaz geroztik kapitalismoak bizi duen krisirik garrantzitsuenaren garaia bizitzen ari gara. Inoiz baino beharrezkoagoa da sozialismoa eta orain inoiz baino gaurkotasun gehiago daukate Engelsen hitzek: “Sozialismoa ala basakeria”.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.