Joan den uztailaren 15ean, Frantziako lehen ministro eskuindarrak, François Bayrouk, 2026ko aurrekontuetarako murrizketa sozial basatiak iragarri zituen. Aitzakia, oraingoan, defizit publikoa kontrolatzea da, aurten BPGaren %5,4ra iritsiko baita, baina ez du inor engainatzen, batez ere gobernu berak gastu militarrean igoera estratosferikoa onartu berri duenean, Bigarren Mundu Gerraren amaieratik ikusi gabeko mailara eramanez defentsarako aurrekontua.
OTANeko buruzagien lerroan eta Trumperi men egiten jarraituz, Frantziako eskuinak hizkera militarista bera erabiltzen du, frantziar industria armagilearen irabaziak elikatzeko, osasun eta hezkuntza publikoaren, estatuko langileen soldaten eta langabeziaren aurkako babesaren kontura. Kapital handiaren plan hauek estaltzeko, Macronek demagogia propagandistiko klasikora jo du, gezurrik larrienera alegia: “1945etik ez da inoiz askatasuna hain mehatxatua egon… Mundu honetan libre izateko, beldurra eragin behar dugu. Beldurra eragiteko, boteretsuak izan behar dugu”, adierazi zuen uztailaren 14ko desfile militarraren ondoko hitzaldian[1].
Klase-gerra
Aurkeztutako planak 43.800 milioi euroko murrizketak jasotzen ditu gastu publikoan, eta 2024an onartutako pentsioen kontrarreforma osatzen du, gizarte altxamendu historiko baten protagonista izan zen eta hilabeteetan zehar burgesia eta bere ordezkariak ezpata eta pareta artean jarri zituen langile klasea kakazteko modu gupidagabea marraztuz.
Jakinarazi denez, langabezia, desgaitasunagatiko laguntzak eta laneratzeko errentak izoztu egingo dira, 2026an KPIaren araberako eguneraketa bertan behera utzita, eta, gainera, laguntza horiek KPIarekin lotuta egoteari amaiera emateko atea irekiko da datozen lau urteetan. Langabezia-aseguruak ere "berregituraketa" jasango du, baldintza zorrotzagoekin.

Bestalde, 2025ean 3.000 langile publiko baino gehiago kaleratzea aurreikusten da, eta hiru erretirotik bi baino ez dira ordezkatuko. Estatuko agentziak itxi edo batu egingo dira, eta horrek 1.000–1.500 enplegu publiko gehiago suntsitzea ekar lezake.
Osasun sistema ere erasopean dago. Osasun gastua 5.000 milioi eurora mugatuko da, eta horrek neurri ugari ekarriko ditu: koordainketa farmazeutikoak, Gizarte Segurantzaren estalduren murrizketak eta ezintasun egoeran dauden langileen gaineko presio handiagoa, besteak beste.
Hezkuntzari dagokionez, aurrekontuen murrizketek hezkuntza pribatuari hegoak ematen jarraituko dute. Parisen egindako ikerketa baten arabera, 2023an goi-mailako klaseetako ikasleen %55 eskola pribatu edo itunpekoan ari zen, eta 2034an ia %90era iritsiko dela aurreikusten da[2].
Eta gehiago ere badago: bi jai egun nazional —Pazko Astelehena eta maiatzaren 8a— hemendik aurrera lanegun bihurtuko dira, produktibitatea handitzeko. 2008an ere proposatu zen hau, baina gizarte mobilizazioari esker baztertu zen.
Gobernuak keinu sinbolikoekin makillatu nahi izan du plan hau: aberatsentzako ustezko “ekarpen solidario” bat aurreikusi dute. Hala ere, guztiz faltsua da aberatsenek benetan lagunduko dutenik. Izan ere, 2017an Macron Eliseora iritsi zenetik, Frantziako 500 aberatsenen ondarea 657.000 milioi euro handitu da: 571.000tik 1.228.000 milioira, %215eko hazkundea![3].
Batzar Nazionaleko aritmetikak ia ezinezko egiten du aurrekontu berri horiek gehiengo sendo batekin onartzea. Bayrouk berak aitortu du, gehiengorik lortu ezean, Konstituzioaren 49.3 artikulua erabiliko duela botorik gabeko inposaketa gisa. Otsailean mekanismo horren bidez onartu zituen 2025eko aurrekontuak eta Gizarte Segurantzakoak.
Proposatutako plana langile klasearen aurkako gerra-deklarazio argia da eta dagoeneko jasanezina den desberdintasun soziala are gehiago sakonduko du. Uztailaren 7an argitaratutako txosten batek datu beldurgarriak ematen ditu: 9,8 milioi pertsona pobrezia-atalasetik beherako egoeran bizi dira (%15,4), eta urte bakar batean kopuru hori 650.000 pertsonatan handitu da (inoizko igoerarik handiena). Langabeen artean, pobrezia-tasa %36,1ekoa da.

Arma-lasterketa eta militarismoa goraka
Defizita premiaz murriztu behar dela dioten dei guztiak hipokresia nazkagarri hutsa dira. Macronek, Bayrouk eta konpainiak badituzte baliabide eta dirua arma-lasterketa finantzatzen jarraitzeko. Horixe ukiezina da.
2024–2030erako Programazio Militarreko Legeak, 2023ko uztailean onartuak, 413.000 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du defentsan, Frantziako historia modernoan aurrekaririk ez duen kopurua. Eta gutxi balitz bezala, uztailaren 14an Macronek beste igoera bat iragarri zuen: 2026rako 3.500 milioi gehiago eta 2027rako 3.000 milioi gehiago, eta horiek urrian eguneratutako lege baten bidez onartuko dira.
Horrek esan nahi du aurreko zikloarekin (2019–2025) alderatuta gastua %43 baino gehiago handitu dela, 295.000 milioi eurotik gora. 2017ko aurrekontu militarrarekin alderatuta, Macronek kargua hartu zuenekoa, are bortitzagoa da igoera: hamarkada bat baino gutxiagoan, Frantziak ia bikoiztu egin du defentsarako gastu publikoa, monopolio armagileen gozamenerako, frantziarren zein estatubatuarren mesedetan.
2023an, Arma Ministerioak 20.300 milioi euroko eskaerak onartu zituen: 42 Rafale hegazkin, 109 CAESAR MkII obus, ibilgailu blindatuak, fragatak, helikopteroak eta misilak. Politika armamentista horrek urrezko aukera bihurtu du enpresa askorentzat, hala nola Dassault Aviation-entzat[4]. Enpresa horren irabazi garbiak %48 handitu ziren 2024an: 349 milioitik 519 milioira[5].
Langileriak erantzun bat prestatu behar du
Erronka erabatekoa da. Gobernuak tatcheriar bide bat markatzen duen aurrekontu bat inposatu nahi du, langileen eta gazteen mobilizazioak kontrarreforma ugari garaitu dituen eta beste herrialde batzuetan jada errealitate diren atzerapen sozialak abian jartzea atzeratu duen herrialde batean.

Hori dela eta, denborarik galdu gabe, CGTk eta beste sindikatu borrokalariek, murrizketarik onartzen ez duen ezkerrak, mugimendu sozialek eta ikasleen erakundeek mobilizazio masiboen estrategia bat martxan jarri behar dute, herrialde osoko jarduera ekonomikoa eta produktiboa geldiaraziko duen greba orokor baterako deialdi sendoarekin.
Frantziako langile klasearen indarrak indarrean dirau, Le Penen garaipena zapuztu zuen mobilizazio antifaxista erraldoian ikusi zen moduan. Horrez gain, gazteen babes aktiboa ere badu, ikasle grebetan eta palestinar herriaren genozidio sionistaren aurkako mobilizazioetan parte hartu baitute.
Frantzia Intsumisoaren gain erantzukizun berezia dago: milaka aktibista, sindikalista eta ikasleren artean duen eragin guztia erabili behar du murrizketa eta austeritate kapitalistarekin etena planteatzen duen programa baten alde. Macron eta Bayrouren estrategiari kolpe erabakigarri bat emateko aukera da, eta, aldi berean, eskuin muturraren aurrerapena geldiarazteko berme onena[6].