Ezker borrokalari eta internazionalistako erakunde, kolektibo eta aktibista ugarik Ertzaintzaren eraso errepresibo etengabea pairatzen dute, eta muntaia judizial lotsagarrien biktima dira. Estrategia horren helburua protesta soziala kriminalizatzea, erantzun antifaxista delitua balitz bezala jazartzea eta gazteria zein langile-klasea beldurtzea da.
Hau guztia ez da kasualitatea. EAJ, euskal burgesiaren eta sionismoaren alderdia, gure herria eta gure sektore antolatuenak eta borrokalarienak irmotasunez kolpatzeko prest dago. Horregatik erantzuna borroka gehiago, antolakuntza gehiago eta ekintza batasun gehiago izan behar da, eta horregatik, Ezker Iraultzaileak eta Ikasle Sindikatuak dei egiten dizuegu denoi ekainaren 20ko Bilboko mobilizazioan masiboki parte hartzera.
Poliziaren basakeria, horixe da EAJ
Mundu osoak ikusi ditu Global Sumud Flotillako aktibisten aurkako Ertzaintzaren karga basatien irudiak. Estatu sionistak nazioarteko uretan bahitu zituen, torturatuak eta umiliatuak izan ziren kide horiek etxera itzuli zirenean, EAJren polizia-indarkeriarekin eta kolpeekin aurkitu ziren, gogora ekartzen duena Netanyahuren indarrek palestinar herriaren aurka egunero erabiltzen duten indarkeria.
Jarduera faxista horrek haserre handia eragin zuen, eta 24 ordu baino gutxiagoan milaka lagunen mobilizazio batek erantzun zion Bilbon. Egun batzuk geroago, foruzaingoak eta polizia nazionalak Vito Quiles eskuin muturreko eskuadristaren aurkako mobilizazioan parte hartu zuten 28 ikasle eta gazteren aurkako makro-sarekada burutu zuten Iruñean. Sarekada bortitza izan zen, kaputxadun polizia-operatiboak, eta gazte horien etxeetara eta institutuetara joan ziren hauek atxilotzera. Kasu honetan, operatiboaren arduradun politikoak PSN-PSOEkoak dira.
Errepresioa behin eta berriz errepikatzen da genozidioaren aurka borrokan ari diren aktibisten aurka, etxegabetzeak geldiarazteko gorputza jartzen dutenen aurka, greba erraldoien buru diren langileen aurka. Hau Euskal Herrian gertatzen da, baita Estatuko beste lurralde guztietan ere. Eta borroka hauen lehen lerroan gauden erakundeok ondorioak pairatzen ditugu; Mozal Legearen bidez egindako atxiloketak eta ezarritako isunak. Etxebizitza Sindikatu Sozialistari 50.000 euroko isunak ezarri dizkiote, beste hainbat kolektibori bezala. Ikasle Sindikatuak ere errepresio bera pairatzen du: gaur egun 20.000 euroko isunak ditugu gazteria antolatzeagatik eta mobilizatzeagatik.
Horiek guztiak Estatuaren errepresioaren zerrenda luzeari gehitzen zaizkion adibide batzuk baino ez dira: Pablo Haselek espetxean daramatzan bost urteak, Zaragozako sei gazte antifaxisten espetxeratzea, La Suizako sei sindikalisten kartzelaratzea edota Somosaguaseko zazpi ikasle antifaxisten aurkako auzi judiziala…
Hori guztia historiako gobernurik progresistena dela harro aldarrikatzen duen gobernuaren agintaldian gertatzen ari da. Ez dute Mozal Legea indargabetu, ezta polizia-indarrak eta epailetza elementu faxistetatik garbitu ere; kontrara, aparatu errepresiboak indartu eta haien faxistizazio-prozesua areagotu dute. Politika horiek dira eskuin muturrari alfonbra gorria zabaltzen diotenak.
Klase borrokak ez du atsedenik ematen. Krisi kapitalista, Palestinako herriaren aurkako genozidioa, Iranen aurkako ofentsiba inperialista, Trump, Netanyahu, Milei, Abascal, Ayuso… Ordea, langile-klasearen eta gazteriaren erantzuna proportzionala izaten ari da: genozidioaren aurkako manifestazio jendetsuak, Minneapoliseko greba orokorrak eta Trumpen aurkako milioika pertsonen mobilizazioak, Boliviako herri-altxamendua; Argentinako, Belgikako, Portugaleko greba orokorrak… gazte-manifestazio erraldoiak Alemanian, Chilen, Britania Handian; hemen ere, ikaragarrizko greba orokor erraldoi batekin azken M17an, M8ko mobilizazioak, eta Catalunya edo País Valencià bezalako beste lurraldeetan aurrekaririk gabeko irakasle matxinada bizi dute.
Errepresioaren gorakadak eta polizia-indarren faxistizazioa dira gero eta erradikalizatuago dagoen eta gero eta ondorio politiko aurreratuagoak ateratzen dituen mugimendu honen aurrean kapitalak ematen duen erantzuna. Noski, polizia Estatuaren aparatuaren tresna bat baino ez da. Haren alboan, eta harekin erabateko koordinazioan, togadun faxisten alderdia aritzen da: eskuin muturraren zerbitzura muntaia judizialak antolatzen dituen berbera.
Euskal Herria ez dago kapitalismo totalitario eta inperialista honen joera objektiboetatik kanpo. Ez da polizia-eredu baten edo bestearen kontua: kapitalaren Estatuak eta haren aparatu errepresiboek zapaltzen gaituzte. Horregatik, EAJren polizia-ereduak eta sozialdemokraziarenak funtsean gauza bera dira, Gasteizen nahiz Madrilen.
Arrazoi guzti hauengatik, ekainaren 20an denok 17:30etako manifestaziora Eliptika Plazatik. Borrokan ari garenon aurkako polizia-errepresioari eta muntaia judizialei ez! Aski da!
Jaurlaritzaren kriminalizazioa jasaten ari garen hainbat eragilek batera manifestazioa deitu dugu eskubide zibil eta politikoen alde. Ekainak 20 Bilbora! pic.twitter.com/GjWEUhKGDo
— e20 manifestazioa (@e20manifestazio) June 6, 2026









