Eskuin muturraren gorakada mundu osoko milioika langile eta gazteren kontzientzia astintzen ari da, baita Euskal Herrian nahiz estatu mailan ere. Voxen etengabeko probokazio faxistek eta hauteskundeetan izandako hazkundeak, Desokupako nazien oldartzeak, Vito Quilesek Nafarroako Unibertsitatean ultraeskuineko gorroto ekitaldi bat egiteko saiakeran jasan zuen porrotak, Gasteizen Falangearen manifestazioan Ertzaintzak antifaxisten aurka eman zuen egurrak… Gertaera horiek eta beste askok eztabaida benetan garrantzitsua jarri dute mahai gainean: Zein metodo erabili behar ditugu zabor erreakzionario horri eraginkortasunez aurre egiteko? Zein da horiek garaitzeko politika egokiena?
Eztabaidak ezker osoa zeharkatzen du Estatu espainiarrean, eta jakina, baita Euskal Herrian ere, non ezker abertzalearen eta Mugimendu Sozialistaren (MS) arteko tirabirak etengabekoak diren. Horrek guztiak, nola ez, milaka ekintzaile bultzatzen ditu sozialismoaren eta Euskal Herriaren autodeterminazioaren aldeko borrokan berebiziko garrantzia duen auzi horri buruz hausnartzera.
Jarraian, indar erreakzionario horien aurrerapenaren arrazoiei buruzko azterketa bat azalduko dugu, eta fronte antifaxista bateratuaren proposamen politiko bat plazaratuko dugu.
Gaur egungo neofaxismoa
Ikuskizun nazkagarria izan da Trump, Milei, Le Pen, Ayuso, Abascal, eta eskuin-muturreko nahiz eskuin "tradizionaleneko" hainbat buru genozidio sionista ospatzen ikustea. Hala ere, espektakulu hori beste fenomeno politiko sakonekin estuki loturik dagoen zerbait da.
Izan ere, kapitalismoaren krisi organikoaren elementu oso zehatzak atzeman ditzakegu. Esate baterako, AEBetan egun ICE polizia egiten ari dena, 30eko hamarkadan Alemanian eta Italian hedatu ziren talde faxista paramilitarrek egiten zutenaren oso parekoa da. AEBetan eta Europan migratzaileak masiboki deportatzen dira edo, bien bitartean, espetxeetan eta kontzentrazio-esparruetan sartzen dira. Legedi antidemokratikoak geroz eta nabarmenagoak dira, eta noski, ezker militantearen aurkako errepresio polizial eta judiziala geroz eta bortitzagoa da. Hamaika dira adibideak.
Krisi organiko horren bereizgarri nagusiak dira: merkatuen, lehengaien eta merkataritza-bideen kontrolaren inguruko norgehiagoka inperialista gogorra; zerbitzu publikoen pribatizazioa eta higiezinen espekulazio basatia; hondamendi ekologikoa eta “demokrazia” parlamentarioa pixkanaka desegitea.
Termino historikoetan pentsatuz gero, basakeriaren eta militarismoaren garaian bizi gara. Kapitalaren metaketa aurrez aurre dago, gero eta nabarmenago, aurreko hamarkadetan langile borrokek erauzitako eskubide demokratikoekin. Oinarri material hori da utraeskuinaren loraldia eta estatu aparatua faxistatzea hauspotzen duena.

Nork jar dezake zalantzan une honetan Trumpek edo Mileik, Melonik edo Le Penek, Abascalek edo Ayusok, ahal balute, diktadura totalitarioa ezarriko luketela? Bidea oztopatzen diena, bai haiei eta baita haien nagusi den kapital handiari ere, klase arteko indarren oreka da, ez besterik.
Garrantzitsua da, beraz, ez nahastea eskuinaren eta eskuin-muturraren aurrerapauso elektoralak, XX. mendeko 30eko hamarkadan langile klaseak jasan zuen porrot izugarriarekin. Klase borrokaren gainazaleko ikuspegiak inpotentziara eta sektarismora baino ez du eramaten. Beste aldean adibide esanguratsuak daude. Mamdani New Yorkeko alkatearen hautagaitza, zazpi milioi pertsona batu zituzten No Kingseko mobilizazioak, edo Gazako genozidio sionistaren aurkako matxinada globalak erakusten dute, besteak beste, langileen eta gazteriaren sektore zabalak ondorio politiko aurreratuak ateratzen ari direla. Ezkerrerantz mugitzen ari dira eta indartsu gainera. Gertakari horiek mespretxatzea akats larria da.
Horiek horrela, masen mugimendu neofaxistak garatzea ezinezkoa dela baieztatzea ere ez litzateke zuzena izango. Hogeita hamarreko hamarkadan fenomeno horren hazkundea eta garaipena ekarri zuten elementu asko daude presente gaur egungo egoeran.
Lur jota dagoen burgesia txikia, eta desparekotasunaren edo langabeziaren biktima diren proletarioen geruzak, sozialdemokraziaren politika kapitalisten ondorioz desengainua eta atsekabea sentitzen dutenak, faxismoaren oinarri soziala izan ziren 30eko hamarkadan. Hasieran ez ziren masa zabalak, baina parlamentuko alderdien porrota nabarmenagoa izan ahala gizenduz joan zen joera hura.
Trumpek, kapital handiaren ordezkari eta inperialista amorratu gisa, burgesia txikia mobilizatzen duenean, eta alderdi demokratarekin eta burokrazia sindikalarekin haserre dauden milioika langile pobretu mobilizatzen dituenean, diskurtso faxista tradizionaleko antisestablishment-aren elementuak erabiltzen ditu (kastaren aurka, politikoki zuzena denaren aurka…). Elementu horiek uztartzen ditu arrazakeria, islamofobia, antikomunismo basatiena, klima-aldaketaren ukazioa, LGTBIfobia eta transfobiarekin.
XXI. mendean azaleratzen ari den neofaxismoaren adierazpen politikoek ez dute zertan XX. mendeko forma estetiko berberak izan beharrik, baina edukian eta helburuetan dituzten parekotasunak nabariak dira.
Totalitarismoak eta politika bonapartistek markatzen dute jada gobernu kapitalista askoren jarduna. AEBetan, Britania Handian, Frantzian, Italian edo Alemanian, presidenteen dekretuek parlamentuaren kontrola saihesten dute. Lege errepresiboen areagotzea edo poliziaren egitura indartzea gobernantzaren baliabide boteretsuak dira. Ez dira elementu isolatuak. Parlamentarismo burgesak jada ez dituela etekin kapitalistak ziurtatzen adierazten duten seinale gero eta argiagoak dira.

Dudarik gabe, demokrazia burgesa higadura larria jasaten ari da nazioarteko kapitalismoaren gune garrantzitsuenetan. Baina, noski, parlamentarismoa desegitea eta erregimen faxistekin ordezkatzea ezin da egun batetik bestera lortu. Hain kontrairaultza sakona burutzeak, borroka oso bizien ondoren, klase borroka gogorraren ondoren, langile klasea menperatzea ekarriko luke.
Historiak horri buruzko irakaspenak eskaintzen ditu. Ez Hitler, ez Mussolini, ez Franco ez ziren izan klase menderatzailearen lehen aukera. Ez zuten bere burua inposatu gizarte-babes handiagoa izateagatik, ezta kaleetan indar handiagoa izateagatik ere, eta, hala ere, burgesiak babesa eman zien azkenean, beren klase-boterearen jarraipena bermatzeko.
Italian, Alemanian edo Espainiako Estatuan, indar korrelazioa langileen eta iraultza sozialistaren oso aldekoa izan zen urteetan zehar. Baina burgesia boteretik kentzeko gai zen zuzendaritza politikorik ez egotea izan zen faktore erabakigarria. Ezker erreformistak langile mugimendua traizionatu zuen, eta azkenean faxistek eskuratu zuten garaipena herrialde horietan guztietan, nahiz eta ez modu berean. Espainiako Estatuaren kasuan langile eta nekazariek hiru urtez eutsi zioten armak eskuan nazioarteko faxismoari.
Sozialdemokraziaren erantzukizuna
Eskuin muturraren aurrerapausoek kapitalismoaren krisi organikotik eratorritako faktore objektibo horiei erantzuten diete. Baina badira beste batzuk, subjektiboak, nolabait esateko, aurrerapauso horiek bultzatzen dituztenak, sozialdemokraziaren gobernu politikak kasu.
Starmer laborista Britainia Handian, SPDko buruzagiak Alemanian edota Pedro Sanchez Espainiako Estatuan, diskurtso “antifaxista” mantentzeko egiten dituen saiakerak gorabehera. Horien guztien politiken ezaugarriak dira bankuak eta korporazio kapitalista handiak aberastea, irakaskuntza eta osasun publikoa degradatzen dituzten murrizketak aktiboki aplikatzea, edo bake soziala erabiltzea patronalari botere guztia emateko, soldatak eta lan eskubideak hondoratuz.
Horiek guztiek berdin kapitulatzen dute higiezinen espekulatzaileen eta funts putreen aurrean, EBko immigrazioaren aurkako legedi arrazista babesten dute, Estatua eta polizia faxiztatzea indartzen duten lege errepresiboak onartzen dituzte, eta NATOren armatze inperialista defendatzen dute inolako hausturarik gabe, Tel Aviveko erregimen sionistarekiko konplizitate ezkutaezina mantenduz.
Politika horien ondorioak agerikoak dira: langile klasearen eta gazteriaren pobretzea —Espainiako Estatuan gazte pobreziaren tasak EBko altuenak dira. Eta horrek zabaltzen dio bidea eskuin muturreko demagogiari.
Voxek, eta PPko sektore askok, “borroka” bandera bat eskaini diote eskulan migratzailearen esplotazioarekin eta etxebizitzaren espekulazioarekin aberasten den burgesia txiki horri. Borrokatu beharreko lehen etsaia ezkerrean ikusten dute eta kalean erasora jotzeko oso prest daude. Hala ikusi dugu Torre Pachecon edo poliziak beti babestutako manifestazio faxista ugaritan.
Langabeziaren, soldaten jaitsieraren eta zerbitzu publikoen degradazioaren erantzukizuna immigrazioari egozten dion diskurtso atzerakoia amu bihurtu da langile atsekabetuak, desmobilizatuak eta eszeptikoak batzeko. Haientzat murrizketen eta austeritatearen aitzindari den ezker instituzionalak ez du kea besterik eskeintzen.

Klaseko politika sozialistan oinarrituriko fronte antifaxista bateratuaren alde
XX. mendeko 30eko hamarkadarekin alderatuta, faktore bereizgarriak daude eta oztopo esanguratsuak dira faxismoaren hedapenean; esaterako, munduko langile klasearen pisua eta heziketa maila. Baita sugar antifaxista bizirik mantentzen duen memoria historikoa ere.
Izan ere, gazteriak eskuinerantz erabateko bira eman duela dioen hedabideen kanpaina ez dator bat errealitatearekin. Genozidio sionistaren aurka lehen lerroan dauden milioika gaztek gezurtatu dute, baita eskuin muturraren probokazioei aurre egin dieten ikasle mobilizazio jendetsuek ere.
Zabor hori garbitzeko potentzial izugarria dago. Baina antifaxismoak eragikortasun oro galtzen du potentzial hori ez bada da kontzienteki antolatzen sistema kapitalistak zapaldutako guztiak batuko dituen programa iraultzaile batean.
Horregatik, eta zintzotasunez esan behar dugu, ordena sozial honen defendatzaile diren alderdi burgesekin aliantzak proposatzea, eskuin muturrari aurre egiteko, ideologikoki eta ekintzetan armagabetzen gaitu.
Euskal Herriaren kasuan, EAJ ez da alderdi fidagarria langileontzat. Euskal kapitalaren ordezkari gisa, EAJ ezker abertzalearen aurkako errepresio basatiarekin lerrokatu zen, GALen gerra zikina onartu zuen, ez zuen hatz bat ere mugitu HBren ilegalizazioaren aurka. Inoiz ez zuen ezer egin gure herriaren eskubide demokratikoak defendatzeko, guztiz kontrakoa.
Gaur egun, EAJ herri palestinarraren aldeko mobilizazioen aurka agertu da, eta lotura bikainak ditu genozida sionistekin. Baina ez hori bakarrik. Pribatizazioen txapelduna da, irakaskuntza eta osasun publikoaren aurkako erasoen txapelduna, baita euskararen aurkako erasoena ere, eta Ertzaintza parez pare zabaldu du sektore faxistak barnebiltzeko. Edo akaso EAJko poliziak ez du aktiboki kolaboratzen Desokupako eskuadristekin? Ez al ditu bortizki egurtzen gazte antifaxistak?
Ezker abertzaleko zuzendaritzak argi izan beharko luke kontu hau. Tamalez, ez da horrela. Herri proiektu antifaxista bat, edo autodeterminazio eskubidea gauzatzea, EAJ eta PSErekin lor daitezkeen helburuak direla pentsatzeak talka egiten du Euskal Herrian bizi izan dugun esperientzia politikoarekin.
PSE eta PSOE 78ko erregimenaren funtsezko pieza izan dira, EAJk bezala. Uko egin zien Estatu frankistaren aparatua garbitzeari, zilegitasuna eman zion monarkiari, eta erabateko zigorgabetasuna eman zien diktadurako krimenen erantzuleei. Hauts haietatik egungo lohiak.
Faxismoaren aurkako borroka klase ikuspegitik eta programa sozialista defendatuz bakarrik planteatu daiteke kontskuenteki. Garrantzitsua da hori argi izatea. EH Bilduk, eta bere oinarri militante eta sozialak, gogor jasan izan du Espainiako eta Frantziako Estatuaren errepresioa, talde paramilitarrek eta indar polizialek hamarnaka kide erailez, milaka preso, milaka iheslari. Ez dago dudarik mobilizazio gaitasun handia duela, joan den urriaren 15ean Gazako genozidio sionistaren aurkako greba orokor indartsuan erakutsi zen bezala. Beraz, langile klasearen eta gazteriaren artean benetako babesa duen antolaketa hori bloke burgesaren parte dela esateak ez du ezertan laguntzen Fronte Bateratu antifaxista baten oinarriak sortzeko, uneotan guztiz beharrezkoa.

Ezker borrokalariko ekintzaileen artean, sozialismoaren eta autodeterminazioaren aldeko borrokarekin konprometitutako langile eta gazteen artean, milaka gara faxismoaren aurrerapenaren aurrean alternatiba bateratua altxatu behar dela uste dugunak: Fronte Bateratua altxatu behar dugu, ekintza batasunean kaleak hartzeko eta zabor atzerakoi horri, haien antolakundeei, eta haien nagusi diren kapitalistei lekurik ez uzteko.
Milaka langile eskuin muturraren aurka irmotasunez mobilizatuko dituen Fronte Bateratuaz ari gara, gure klasearen ukabil indartsua erakutsiko duena. Ekintza kolektiboa da gakoa, kontzientzia iraultzailearen maila igo eta burgesiaren aurrean langileen antolakuntza independentea indartzen duelako.
Garrantzitsua da, oso garrantzitsua, sektore beteranoenak eta gazteria batzea, jakina, sozialdemokraziaren politika ustelak higuintzen dituen gazteria. Irteerarik gabeko kalezuloa da faxismoaren aurrerapenaren aurkako antidoto gisa erakunde kapitalistetan konfiantza izatea, izan Eusko Jaurlaritza edo parlamentu espainiarra. Faxistak garbitzeko kapitalismoarekin eta bere instituzioekin konfrontatu behar da, bankuen eta botere ekonomiko handien desjabetzea ezinbesteko pausoa dela defendatu behar da, ezinbestekoa baita premia sozial larriak konpontzeko.
Marxismo iraultzailea berrartu behar dugu, benetako sozialismoaren programara eta langile borrokaren metodoetara itzuli behar dugu.
Hori da Ezker Iraultzailearen proposamena eta hori eztabaidatzera gonbidatzen zaitugu erresistentzia antifaxista, klasekoa eta sozialista eraikitzeko.








