Unipapelen eta enpresa suitzarraren amarruak eta maniobrak etengabekoak izan dira langileak engainatzeko eta desmoralizatzeko. Joan den uztailean enpresak aurkeztutako lan baldintzen moldaketak onartu zituzten langileek, hau da, nomina eta kotizazioetan galera nabarmena onartu zituzten. Baina gero ikusi den bezala, erasoak ez dira amaitu. Hau dena gutxi ez balitz, otsailaren 3an Ertzaintzaren laguntzarekin hiru kamioi bete zituen enpresak lantegiko ekoizpena ateratzeko helburuarekin. Ertzaintzak, langileen borroken aurrean duen ohiko jarrera erakutsiz, bortizkeria erabili zuen kamioien irteera oztopatzen saiatu ziren langileen aurka.
Egoeraren larritasuna dela eta, beste behin, dei egin nahi diegu Tolosaldeako sindikatuei eskualdean gatazkan dauden enpresetako borrokak koordinatzeko eta bateratzeko. Oso zaila da lanpostuak enpresaz enpresa defendatzea. Arazo berdinen aurrean mobilizazio bateratu eta koordinatuarekin langileon indarra biderkatu egiten da. Horregatik, pauso garrantzitsua litzateke Tolosaldean gatazkan dauden fabrika ezberdinetako borrokak eta gatazkak bateratzeko eta koordinatzeko lan egitea eta erasopean dauden enpresen koordinadora bat sortzea enpresa guztietako langileak sufritzen ari garen eraso berberei indar handiagoz aurre egiteko. Honekin batera, funtsezkoa da gure eskualdeko biztanleria borroka honetan inplikatzea.
Beharrezkoa da abenduaren 14an antolatu zen hainbat fabrikatako langileen manifestazio bateratuak jarraipena izatea (manifestazio berriak, eskualde mailako grebak...), kasu honetan Unipapeleko lanpostuen aldeko aldarrikapena lehen lerroan jarriz. Eta une honetan, beharrezkoa da eskualdeko langileak antolatzea kamioiak berriro Unipapelera azaltzen direnerako, hauek azaldu bezain pronto bertara ahal den jende gehiena eramateko eta, aldi berean, eskualde mailako mobilizazio bat antolatzeko. Langileen borroka eraginkor eta bateratuarekin bakarrik da posible lanpostuak eta lan baldintza duinak defendatzea.
Idatzi honetako proposamenak aurrera eramateko, sindikatuei laguntza osoa eskaintzen dizuegu Euskal Herria Sozialistatik.