Sinatu eskaera hemen klikatuta

Tolosako Udalak iñauterietan txoznak Euskal Herria plazatik aldentzeko asmo zaharrari ekin nahi dio berriro. Udalari adierazi diogu ez dugula onartuko urteetan bete dugun plazatik eta festa girotik baztertzea, eta ez dagoela horretarako justifikaziorik. Tolosako Txozna Batzordea osatzen dugun erakundeok -Ezker Iraultzailea, GKS, Ikasle Abertzaleak, Itaia, Kontseilu Sozialista, Tolosako Gazte Asanblada, Sortu eta Ernai- komunikatu bateratu hau atera dugu eta herritarren babesa biltzeko kanpaina abiatu dugu Udalari txoznak EH plazan jartzeko baimena exijitzeko.

Luzea da Tolosako Txozna Batzordearen ibilbidea. Hainbat eragilerentzat politika egin ahal izateko ezinbesteko diru iturria izanik, urte askotan inauterietan eta sanjoanetan festarako gune bat antolatu izan dugu eta baita musika eskaintza zabala eskaini ere. Horrez gain, azken hamarnaka urtetan pisu nabarmena hartu du iñauterietan, Euskal Herria plazan jarri izan dugun karpatik milaka pertsona pasa direlarik, bertako kontzertuez eta jai giroaz gozatu asmoz.

Plaza horretan txosna muntatu ahal izateko udaletxearen baimena behar izan dugu eta azken urteetan, trabaren bat edo beste tarteko, beti iritsi izan gara adostasun batera. Gauzak horrela, txosna batzordeak adostasun horren baldintzak errespetatu ditu, bai ordutegiari, soinuari zein bestelako aspektu teknikoei dagokienez. Aurten, ordea, udalaren jarrera bestelakoa da: txosna Euskal Herria Plazatik kanporatu nahi dute. Soinu arazoak argudiatuz, Plaza Berrira mugitzea da euren proposamena, baina duela bi hilabete biltzen hasi baginen ere, oraindik ez digute proposamen zehatzik eman, arazoa luzatzeak gure aurka jokatzen duela jakitun.

Gure posizioa honakoa da: Tolosan ez dago, Euskal Herria Plazaz gain, txosnaren ezaugarrietara egokitzen den beste plazarik. Plaza Berrian, plaza txikiagoa denez, ezinezkoa da urtero erabiltzen dugun 30 x 15 metroko karpa muntatzea, are gutxiago inguruan behar ditugun materialen biltegi, musikarien furgoneta, zabor, komun eta bestelakoak sartzea. Beraz, urteroko txosna gunearen espazioa eta musika eskaintza guztiz baldintzatzen ditu proposamen horrek. Horrez gain, Plaza Berria bera eta inguruko pasabideak erabat oztopatuko lituzke eta jai girotik aparte geldituko litzateke. Gainerako plazak aukera are desegokiagoak dira.

Soinuari dagokionez, plaza guztietan arazo berbera legokeela ulertzen dugu. Gainera, kontzertuak Plaza Berriko kioskoan egitea proposatzen digute, karpaz kanpo, bizilagunentzat aukera zaratatsuagoa litzatekeena. Beraz, salagarria iruditzen zaigu zarataren aitzakia erabiltzea txosnaren aurka jotzeko, soinua inauterien ezaugarrietako bat izanik. Alde horretatik, orain arte bezala adostutako soinu eta ordutegi irizpideak bermatzeko konpromisoa adierazten dugu.

Gure harridurarako, ordea, erabakia hartua omen dute, eta Olatz Peonen hitzetan, aurten ez digute txosna Euskal Herria Plazan muntatzeko baimenik emango, eta kito. Plaza aldaketa txosnaren bideragarritasuna bera zalantzan jarriko lukeen aldaketa da eta udalaren partetik honen aurkako eraso gisa identifikatzen dugu. Horren aurrean, ondorengoa exijitzen diogu udalari:

 -   Aurten ere txosna Euskal Herria Plazan jartzeko baimen ofiziala lehenbailehen ematea. Antolakuntzan bete-betean sartuta gaude eta tramiteekin jarraitzeko beharrezkoa zaigu.
  -  Datozen urteetan Euskal Herria Plazan txosna jartzeko oztoporik ez jartzea.

Eraso hau ez dugu zerbait puntual bezala identifikatzen, joera orokorrago baten parte da. Estatu aparatuen kontrolpetik at, langileriaren aldeko politika egiteko baldintzak murrizten ari dira alderdi politiko eta instituzioak. Horretarako biderik eraginkorrenak hautatzen dituzte eta finantzaketa moztea da horietako bat. Espazio publikoaren erabilera baimen arbitrarioak, udal azpiegituren erabilera geroz eta burokratikoagoa edota kaleetatik propaganda sistematikoki eta selektiboki kentzea joera beraren barruan ulertzen ditugu. Aisia bera ere, negozioek edo instituzioek soilik antolatu dezaketen zerbait bilakatu nahi dute, langileriaren antolakuntza espresioetatik aldenduta.

Gure partetik, txosna antolatzen jarraituko dugu, urteroko karpa bera plaza berean muntatzeko determinazio eta konpromiso osoz. Bestalde, dei egiten diegu tolosarrei txosna gurekin batera defenda dezaten, udaletxearen jarrera aldatu ezean pauso gehiago emango baititugu mobilizatzera dei eginez.

Inauterietan txosna Euskal Herri plazan!

Udalaren erasoa gelditu!

Tolosako Txozna Batzordea

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.