Urte luzeak dira Tolosako Txozna Batzordeak Euskal Herria plazan txosna jartzen duela. Aurten, estreinakoz, udalak ohiko tokian txosna jartzeko debekua jarri du, eragilea bera zein txosnak ahultzeko asmoz.
Udalak jakinarazi du Txozna Batzordeak txosna jartzeko baimena soilik Plaza Berrian emango duela. Hala, udalak ohiko tokia debekatuta eta Txozna Batzordeak Plaza Berriaren gaineko erabakirik hartu gabe oraindik, ezker abertzaleak Plaza Berrian txosna jarriko duela egin du publiko: Txozna Batzordeak txosna jartzeko baimenduta daukan aukera bakarra lapurtzeko.
Horrela bakarrik azal daiteke ezker abertzalearen mugimendu hau:
Hasteko, ezker abertzalea Txozna Batzordearen parte izan da orain arte eta bertan erabakitako guztiaren berri izan du. Hori horrela izanda, batzordean hartutako erabakien gainetik pasa da, eragileari zilegitasuna kentzeko eta ahultzeko asmoarekin.
Batzordearen erabakiguneak urratu ostean, anitza izango den gune berri bat aldarrikatu dute, baina gune berri horren sorrera, Txozna Batzordearen bazterketatik eta desitxuraketatik abiatzen da. Beraz, egiazki nahi dutena Txozna Batzordea osatzen dugun gainerako eragileak tokirik gabe uztea da.
Azkenik, Txozna Batzordeak hilabete hauetan salatu duen EAJren erasoari men egiteko prest agertu dira, jakinda horrek txosna bera ahulduko duela. Hau larriagoa bihurtzen da Txozna Batzordeari udalak baimendu dion aukera bakarrean euren txosna jartzeko saiakera egiten dutenean, batzordean gauden gainerako eragileak zokoratzeko asmoz.
Txozna Batzordeko gehiengoa izan garen gainerako sei eragileok ez dugu inondik inora onartuko aurten txosna jartzeko aukerarik gabe geratzea. Txozna Batzordea izan da azken urteetan, bai inauterietan, eta baita sanjoanetan ere, bestelako jai-gune bat antolatzeaz arduratu den espazioa, eta bertan aritu gara lanean urtez urte mota askotako hainbat eragile.
Hortaz, aurtengo inauterietarako ere, dagoeneko prest dugun eta publiko egin genuen egitarauarekin aurrera egiteko konpromisoa eta borondatea berresten dugu.