Mundu osoko milioika pertsonak bezala, atsekabetuta ikusi dugu Palestinan gure anai-arreben aurkako sarraski sionista. Gure pankartetan esaten genuen bezala: "Ezin gara beste aldera begira gelditu", eta ez dugu egin!
Netanyahuren erregimen faxistaren krimen latzak ezagutu bezain laster, gure indar guztiak elkartasun internazionalistaren zerbitzura jarri genituen, urriaren 26an gazteria ikasle grebara deituz. Egun gutxi batzuetan, Palestinari elkartasuna adierazteko nazioarteko kanpaina Euskal Herriko dozenaka institututara eraman genuen, informazio-mahaiak jarri genituen, eta hiri eta herri nagusiak gure kartelekin josi genituen. Kanpaina horren ondorioz, erabat hustu genituen ikasgelak, eta bi mobilizazio sutsu bultzatu genituen Bilbon eta Gasteizen. Mobilizazio horiek bat egin zuten estatu mailan egindako dozenaka mobilizazioekin, eta milaka gazte bildu ahal izan genituen, sentitzen genuen amorrua kaleetara ateraz. Palestinari elkartasuna adierazteko urriaren 21ean Donostian eta urriaren 28an Bilbon egindako manifestazio bateratuetan ere parte hartu genuen, segizio borrokalariak antolatuz, gazteekin eta komunitate arabiarreko langileekin batera. Urriaren 26ko egunaren ondoren, azaroaren 16an berriro deitu genituen gazteak ikasleen grebara, oraingoan Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan mobilizazioetara deituz, institutuetako errepresioari aurre eginez eta gure klase internazionalistako elkartasuna berriro erakutsiz.
Euskal Herriko gazteen eta langileen borrokaren beste puntu bero nagusia azaroaren 30ean euskal gehiengo sindikalarekin batera mugimendu feministak deitutako greba feminista ikusgarria izan da. Irailaz geroztik, Emakume Aske eta Borrokalariak taldeko eta Ikasle Sindikatuko kideok Institutu eta Unibertsitateetako greba bultzatzen aritu gara, irakaskuntzan lanuztea erabatekoa izan zedin. Kanpaina horretan borroka handia egin dugu feminismo borrokalari, antikapitalista eta iraultzailearen ideiak kaleetara eta ikastetxeetara eramateko gure panfleto, batzar eta kartelekin, eta EAJren eta enpresa moreen hipokrisia nabarmendu dugu, hitz politekin emakume langileok jasaten dugun murrizketen, pribatizazioen, prekarietatearen eta errepresioaren agenda bultzatzen baitute.
Azaroaren 25eko manifestazioetan, indarkeria matxistaren aurkako egunean, borroka giro oso indartsua ikusi genuen, eta, hain zuzen ere, azaroaren 30a egun historikoa izan zen, greba masiboa mobilizazio jendetsuekin. Patronalari eta EAJri kolpe ederra eman genion. Ahalegin guztiak egin zituzten grebari boikota egiteko, abusuzko gutxieneko zerbitzuak ezarriz eta Ertzaintza erabiliz lantoki mordoa blindatzeko. Baina hala ere, milaka gaztek, langilek eta pentsiodunek jarduera ekonomikoa geldiarazi genuen, baldintza duinen zaintza-sistema publiko baterako eskubidea mahai gainean jartzeko, murrizketekin eta pribatizazioekin amaitzeko eta %100 publikoak eta kalitatezkoak diren zerbitzuak aldarrikatzeko.