Azken urte hauetan zehar, ekonomialari batzuen artean, baina orokorrean baita jende normalaren artean ere, ohiko komentarioa zen burbuila inmobiliario honek, pisuen prezio ikaragarri altu hauek, lehenago edo beranduago eztanda egingo zutela.

Baina honela pentsatzen zuten pertsona askok, zuzen egon arren, modu intuitibo batean iristen ziren ondorio honetara, burbuila lehertzeak zer esan nahiko lukeen oso ongi jakin gabe eta prezioak jaistea baino haratago zer nolako ondorioak eduki litzakeen argi ikusi gabe, jaitsiera hau begi onez ikusia zelarik. Baina hala ere, orain dela aste batzuk ETBn gizon bat nahiko haserre agertzen zen bere etxebizitzan (eraiki berria) oraindik hutsak zeuden eta berearen berdinak ziren pisuak, berak ordaindutakoa baino 40.000 euro (pezeta zaharretako 6,5 milioi) merkeago saltzen jartzen ari zirelako. Ez zen berekoikeria bere haserrea eragiten zuena, zuzen zegoen bere pisuak jada erosi zuenean kostatu zitzaiona baino balore txikiagoa zuelako arduraturik zegoenean. Badaude datuak jada, nahiz eta gutxi oraindik, familiek bankuari hipoteka ordaindu ezin eta pisua saltzea erabaki duten kasuenak, hala ere, gertatzen da, hau prezioz jaitsi denez nahiz eta pisua saldu bankuarekin zorretan gelditu direla. Hauxe da sistema kapitalista, pisuak igotzen badira jendea miseriara bidaltzen du, baina jaisten badira ere bai! Sistema honetan, Monopolyan bezala, bankua beti irabazle irteten da.

 

KRISI HIPOTEKARIO ETA FINANTZIEROA

 

Burbuila inmobiliarioaren leherketa AEBn hasi da, baina ekonomia internazional osoa mehatxatzen du. AEBn, Euskal Herrian eta Estatu espainiarrean bezala, hain luzea izan den boom ekonomiko hau batez ere eraikuntzaren bultzadan oinarritu da. Kapital handiek sekulako diru kopuruak inbertitu dituzte sektore honetan, baina ez dira eraikitzen bakarrik jardun, sektorearekin zer ikusia duen guztiarekin espekulatzen ere ibili dira eta, lurzoruarekin espekulatu duten bezala hipotekekin espekulatu dute, baina, zer esan nahi du hipoteka batekin espekulatzeak?

Banku batek pertsona, familia edo enpresa bati hipoteka bat ematen dionean, titulu izeneko dokumentu bat sortzen da. Nahiz eta guri surrealista iruditu, titulu hau hartu dezake, paper hau, eta beste titulu ezberdin batzuekin batuz paketeak sortu (inbertsio-fondoak) eta hauek saldu edo aseguratu. Bai, bankuek jendearen eta enpresen zorrak negozio bihurtzen dituztela esaten ari gara. Titulu hauetako batzuk gutxi gora-behera seguruak dira, posizio ekonomiko on bateko pertsonekin edo enpresekin erlazionaturik baitaude eta hilabete guztietan bere kredituak ordainduko dituztela sinesten baita, baina hipoteka horien interesak baxuak izatean, titulu horietatik ateratako irabaziak ere baxuak dira eta beraz, ez dira hain erakargarriak izaten.

AEBn familia behartsu askok pisu bat lortzea posible izan zuten, bankuek hipotekak luzatu zizkielako, baina arrisku handiko hipotekak zirenez interes-tasa altuak inposatu zizkien; “subprime” deritzona izan zen. Bankuek subprimeko tituluak zeuden paketeak saldu zituzten eta espekulatzaile askok baita pakete horiek erosi ere, interes-tasa altuko hipotekak zirenez, horrek irabazi nabarmenak emango baitzizkien denbora gutxian. Eta horrela izan zen. Iparramerikako familia umilek bankuei interes-tasa hauek suposatzen zuten sarraskia ordaintzeko izerdiz eta lan gogorrez sakrifikatzen ziren bitartean, espekulatzaileak hipoteka hauen tituluekin jolastuz aberasten ziren. Baina familia hauetako askok, bai lanik gabe geratu zirelako edo hilabete bukaerara ailegatzen ez zirelako, bankuei beren zorrak ordaintzeari utzi zioten. Honen lehenengo ondorio ikaragarria, 2 milioi pertsona inguru etxe gabe geratu zirela izan zen, munduko herrialderik aberatsenean, baina aberastasunaren banaketarik okerrena duenean. Hau ondorio handiak edukitzen ari da, eta edukiko ditu, ekonomikoki bezala sozialki ere, AEB aurrekaririk gabeko leherketa sozialei bide emango dien krisi baten ertzean baitago, non langile klase estatubatuarrak bere hortzak eta barnean duen borroka potentzial ikaragarria erakutsiko dituen.

Subprimearen krisia eman zen momentutik bertatik, munduko burtsa dominoko piezak izango balira bezala erortzen hasi ziren. Honen arrazoia zen, arrisku handiko hipotekekin erlazionaturiko inbertsio fondoak ez zirela espekulatzaile iparramerikar batzuen kontua bakarrik, baizik eta banku mundial handi guztiak ere bertan inplikatuta zeudela. Guztiek, nahiz eta ukatu egiten duten, festa honen harrapakinean hartu dute parte, baina festa amaitu egin da eta biharamuna iritsi da: Frantziako banku handienak,

BNP Paribasek, bere arrisku handiko inbertsio fondoen kotizazioetako hiru ezeztatu egin zituen eta bertan inbertitu zuten erosleek ezin zituzten kobratu, bat batean titulu horiek ezin zitezkeen saldu. Eta egia esan denek behar zuten titulu hauetaz libratzea, orduak pasa ahala geroz eta gutxiago balio baitzuten. Baina, akzioekin eta inbertsio-fondoekin, merkatu kapitalistan beste edozein merkantziarekin bezala, eskaintza eta eskariaren legea gupidagabea izan zen: milaka hipoteka titulu jartzen zirenez salmentan eta inork erosi nahi ez zituenez, hauek segituan jaitsi ziren  prezioz eta eraikuntza enpresa eta banku guztiek porrot egin zuten, aldi berean likidezia krisia sortuz merkatuan (hau da, diru likidoaren krisia, txintxin egiten duenarena, eta ez etorkizuneko tituluena).

Nahiz eta behea jo duten hamarnaka finantza entitate egon diren, batez ere iparramerikarrak, gertakari hauen ondoren segituan etorri ziren banku pribatuen salbatzaileak: Banku Zentralek likidezia injektatu zien, hau da, dirua mailegatu zien interes oso baxuengatik, hain zuzen ere 266.000 milioi euro. Harrigarriena ordea, kopuru honetatik 203.000 milioi euro Europako Banku Zentralarenak izan direla da. EBZak nahiz eta hilabeteak lehenago behin eta berriz ohartarazten zuen suarekin jolasean zebiltzanak ez zirela salbatuak izango, momentua iritsi zenean hau egitera beharturik ikusi zuten bere burua, alderantziz jokatzeak kredituaren itotzea suposatzen baitzuen, zeren likideziarik gabe bankuek ezin dute dirurik mailegatu ez jendeari ez enpresei, eta honek krisi ekonomiko globalago batera eramango baitzuen egoera.

 

GAINPRODUKZIO KRISIA, NORK ORDAINDUKO DU?

 

Hala ere, egin duten gauza bakarra aldi batez lur jotze bat ekiditea izan da. Hipoteken krisia komunikabideek esan digutena baina askoz urrunago doa, eta datozen hilabete hauetan ikusiko dugu ondorioak noraino ailegatzen diren. Baina guzti honetatik egia dena zera da, benetako krisia,  lehenik sektore inmobiliarioan islatu dena, sistema kapitalistaren beraren krisia dela eta ez bere produkzio edo espekulazio adar baten krisia. Oraindik etortzeko dagoen krisiaren benetako esentzia gain-produkzio krisi batena da. AEBn nahiz Estatu espainiarrean ikusten ari garen moduan, sektore industrialeko lanpostuen deuseztatzeak ziklo ekonomiko baten amaiera erakusten digu.

Hainbeste denbora iraun duen boom ekonomiko hau izugarri onuragarria izan da kapitalista handientzat. Burgesia txikiko sektore batzuk ere irabaziren bat atera dute egoera honetatik. Baina langile klasearen gehiengo handian, orain dela hamarkada batean baino hobeto egotetik urrun, baldintzak okertu egin dira.

Espainiako Bankuak ere onartzen du “herrialde garatuetako aberastasunetan lan-errenten parte hartzeak malda behera hartu du, malda luze eta handia, aurrekari historiko gutxi dituena". Azalpen hau baieztatzera datorren datu bat da, 1992an estatuko errentan soldaten parte hartzea %62 zen bitartean (hau da, soldatapekoek eta autonomoek sortutako aberastasunaren proportzio hori eramaten zuten), 2005ean %54era jaitsi zen.

Langile bat bera ere ez dugu harrituko, batez besteko soldata erreala 1995 eta 2005 artean %4 jaitsi dela esaten badugu, urteko 20.000 euro gordinetan jarriz. Atzerapen kasu bakarra da ELGEn, herrialde garatuetan. Ez dugu inor eskandalizatuko, lan prekarietatea, lanegunaren luzapena, eta produkzio erritmoen azkartzea urte hauen ezaugarri nagusi izan direla esaten badugu. Ez da kasualitatea lan istripuak izugarri igo izana. Inmigranteen esku lanaren gain-esplotazioa boom honen beste bereizgarrietako bat da. Baina Marxek azaltzen zuen bezala, kapitalismoan produkzioa soziala da, langile klasea, baita maila internazionalean, gero saldu behar diren produktuak sortzen dituena. Baina behin sortu ondoren, produktu hauen jabetzea ez da soziala, indibiduala baizik, pribatua, enpresari baten edo gutxi batzuena. Eta hemen azaltzen du Marxek kapitalismoaren kontraesan handietako bat: langileek ezin dute kontsumitu produzitzen duten guztia, enpresariak, sortzen duenaren zati bat bakarrik ordaintzen baitio. Enpresariak ere, asko kontsumitu arren, ezin du beste guztia kontsumitu eta produkzioa pilatzen hasten da, muga batera iristen den arte eta gainprodukzio krisia gertatzen den arte. Ekonomialari askok jada ez dela existitzen esaten duten kontraesan hau modu izugarri krudel batean jarriko da berriz mahai gainean, langile klasea, beste aldi historikoetan ez bezala, babes gabe iritsiko baita krisira: kopetaraino zorpetua bere errenta erabilgarriaren %115arekin.

Krisi ekonomikoa ezin daiteke eragotzi eta horrek langile familientzat golpe gogorra suposatuko du. Hauxe da sistema ustel honek eman diezagukeen gauza bakarra. Horregatik gaur inoiz baino gehiago mundu guztiko langile eta gazteek oinarrizko eskubideak, etxebizitza, lanpostu duin bat, eskubide demokratiko nazionalak, etab. ukatzen dituen sistema doilor eta zital honen aurka borrokatzeko programa iraultzaile baten beharra dute. Ez da eskubide hauetako bat bera ere benetan lortuko sistema ustel hau guztiz eraitsi gabe, horregatik gure eginkizuna marxismoaren programa defendatzea eta zabaltzea da, gizarte berri baterako alternatiba izateko gai den bakarra delako hain zuzen.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.