Bazen behin Espainiako erreinuan XXI. mendeko printzesen ipuina. Ipuineko protagonista, Ana Patricia Botín, ez da edonolako emakumea. Aitaren aldetik bankarien hereniloba da eta “Grande de España” partida bikoitzaz, Botinen amarentzat Juan Carlos I. erregeak asmatu zuen tituluari esker, markesen seme batekin ezkon zedin.
Hain etxe onekoei dagokien bezala, beti ibili da luxuz eta erosotasunez inguratuta, hala nola jauregiez eta hegazkin pribatuez. Eliteko ikastetxeetan jaso zuen heziketarik onena Suitzan, Austrian eta Erresuma Batuan eta ekonomian graduatu zen Harvardeko Unibertsitate entzutetsuan.
Urteak aurrera joan ahala, printzesa moderno hau finantzen erregina bilakatu zen, Santander Bankuko zuzendaritzara iritsi ostean. Azken lorpen horri esker, Forbes aldizkariak munduko 10 emakume boteretsuenen artean sailkatu zuen. Izan ere, bere aitona Emilio Botín II-ak zioen bezala: “Aberatsak, benetan aberas deitzen dituzun horiek, oso gutxi gara”. Ana Patriciaren eta herri xehearen artean beti existitu izan da amildegi erraldoia: berak 12 hilabetetan edozein langilek 600 urtetan irabaziko lukeena irabazten du.
Pasa den abuztuan baieztatu zuen: “Jakitun naiz hitz egiteko egoera pribilegiatu batean nagoela. Hortaz, hitz egiten dudanean, ez dut soilik niregatik egiten. Egin, egiten dut laguntzen gaituzten gizonen gehiengoagatik, emakume guztiengatik. Horregatik nire feminismoa orain publikoa da. Eta baliteke zureak ere publikoa beharko lukeela izan”.
Santander Bankuaren feminismoa
Ana Patricia erreginak ez du herri osoaren maitasuna lortu, komunikabideen koipekeria etengabeak ohoratzen badu ere. Izan ere, feminista antikapitalistok ez dugu bere ipuina sinesten.
Ez, ezin duzu “emakume guztien” izenean hitz egin, zure erreinua jende mordoaren, milioika emakume langileen, sufrimenduaren eta esplotazioaren gainean eraiki delako. Espainiar Estatuan, non etxe kaleratzeak eta emakumeak sinonimoak baitira, Botínek zuzentzen duen bankuak familia ugari bota ditu beraien etxeetatik. Halaber, gutxiago ordaintzen die emakume langileei gizonezkoei baino eta langileen gainesplotazioa –emakume zein gizonena– ohikoa da, eta krudeltasun berezia dagoe ama direnekin.
Emakume aberats feministen moda berria
Bankari feminista honek MeToo mugimenduarenganako miresmena agertu zuen, “jendeari bakarrik ez dagoela jakinarazteko” balio omen duelako. Horrenbesteko gizatasunak eta enpatiak ez datoz bat berak zuzentzen duen enpresa-konglomeratua armamentu-fabriketako inbertitzaileetan lehena izatearekin. Bada, Ana Patriciak maitasunez hitz egin diezaguke, baita gure artean zaintzeaz eta bere eliteko feminismoaz ere, baina ez da inozoa, ez horixe: bere negozioak edozein kontsiderazioren gainetik daude.
Horrelakoxeak dira diruaren eta ospearen erreginak; horra hor, Ana Rosa Quintana, Susanna Griso edo Tita Thyssen. Beraien feminismoa loratzen da beharrezkoa denean… haien negozioa egiteko, alegia. Eta, kasualitatez, Botín bankariak bere feminismoa lau haizetara aldarrikatu eta zenbait astetara, bere bankuak kaleratu du Santander Equality Acciones delako produktu berria, antza genero-berdintasunerako politikak sustatzera bideratuta. Kontua da horren izen iradokitzailearen atzetik inbertsio-funts berri bat baino ez dagoela, kapitalak erakartzen ahalegintzen dena, diru gehiago egiteko.
Gertakariek erakutsi bezala, gehiengoaren bizitza, bai emakume bai gizonena, gutxi axola dio Ana Patriciari. Bere feminismoa ez da marketing teknika berria baino, esne-mamitan bizi den gutxiengo txiki hori edertzeko asmotan dabilena, gehiengoak bizitza duin batengatik borrokatzen dugun bitartean.
Aski da! Koplarik ez!
Bada esfera indibiduala gainditzen duen beste alderdi bat ere, eta kapitalista guztien interesei erantzuten dio, bera barne. Haien finantza-argota erabilita, etsaitasun EEPa (OPA hostil) baten aurrean gaude, masen mugimendu feminista asimilatzeko asmotan dagoena, sistemarekin bateragarria izan dadin.
Patriarkatua eta kapitalismoa eskutik doaz beti eta emakume langilearen burujabetzeagatiko borrokaren aurkari dira, bai eta LGTBI komunitatearen, gure anai-arreba etorkinen eta zapaldu guztien aurkakoa ere. Orain guregana datoz esanez guztiak batera gaudela, zapalduak eta zapaltzaileak, soldatapekoak eta enpresariak, umilak eta aberatsak, haiek deritzoten feminismo transbertsal delakoan (hori gutxi ez eta, feminismo honen alde eta mugimenduko buru agertu da Albert Rivera bera ere).
Ez dugu ez maitagarrietan ez bankarietan sinesten. Jakin badakigu gure askapena ez dugula luxuzko bulegoetan lortuko, ez bankuetako bulegoetan ez ministerioetakoetan. Aitzitik, horiek eraitsi behar izango ditugu, eta gu geu izango gara gure burujabetzea kolektiboki konkistatuko dugunak, gure klase kontzientzia iraultzaile eta antikapitalistarekin armatuta eta borroka antolatuaren bitartez.