Zuen gerrak dira, gure hildakoa dira!

 

Azaroaren 13ko gauean, Paris gogor kolpatu zuen ISISen eraso terroristak. Asko izan dira ikusi ditugun elkartasun adibideak: Parisko osasun zentroetan jendea hiru orduz zain egon zen bere odola emateko. Gazteak, helduak, etorkinak… asko izan ziren lehen minutuetatik sare sozialak erabili zituztenak beren etxeak irekitzeko atentatuek eragindako beldurragatik kaleetan aterpea bilatu ezinik noraezean zabiltzanei.

Euskal Herria Sozialistatik indar osoz gaitzesten ditugu ekintza terrorista hauek. Hala ere, une gogor hauen ondoren ere, beharrezkoa da esatea Mendebaldeko gobernuen politika inperialistak izan direla talde jihadista hauen sorreraren baldintzak eragin dituztenak: multinazional handi gutxi batzuen interesak defendatzeko, Afrikan eta Ekialde Hurbilean petrolioa eta lehengaiak lortzeko gerrak dira erantzule.

Parisko masakrea eragin duten talde terroristak elementu atzerakoiez osatutako indarrak dira. 30eko hamarkadan faxismoak Europan jokatutako oso antzeko papera jokatzen dute: beldurra sortu eta zabaldu munduko edozein herrialdetako biztanleengan. Helburu horrekin ekin zuen ISISek Parisen, eta heburu berdinekin egin zuten Al-Qaedak eta ISISek Afrikako iparraldean eta Ekialde Hurbilean, hainbat hamarkadetako zapalkuntzaren ondoren diktaduren aurka Udaberri Arabiarrean altxa ziren mugimendu iraultzaileen aurkako borroka odoltsua erabili zutenean.

Lotsagarria izan da atentatuen ondoren Barack Obama, François Hollande edo Mariano Rajoy entzutea. Atentatu hauek munduko milioika pertsonengan eragindako sufrimendua erabiltzen ari dira beren buruak askatasunaren, demokraziaren eta giza eskubideen bermatzaile bezala aurkezteko. Hauek eta mendebaldeko beste agintari asko izan dira mota guztietako abentura inperialistak antolatu dituztenak, herrialde osoak suntsituz, Europan sufritu duguna bezalako mina eragin dutenak milioika pertsonengan.

“Giza eskubideen eta askatasunaren defendatzaile” hauek beldurra eta sufrimendua erabili nahi izan dituzte dagoeneko Sirian eta zonaldean garatzen ari zirena baino interbentzio inperialista handiagoa justifikatzeko. Irak eta Afganistango gerrak justifikatzeko AEBek I11ko atentatuen ondoren erabilitako formula berbera da.

Kontrakoa esaten diguten arren, giza eskubideak, ongizatea eta garapen zibilizatua ez daude agintari europarren arduren artean. Hori ari dira erakusten gerratik, miseriatik eta ISISek beren herrialdeetan egindako basakerietatik ihesean datozen ehunka mila errefuxiatuen aurkako bazterketa, jazarpena eta errepresioarekin. Mendebaldearen politika “humanitarioak” milaka pertsona kontzentrazio esparruetan sartzea, mugak ixtea eta errefuxiatuak Europara iristea zailtzeko harresi handiagoak egiteko beste herrialde batzuk finantzatzea esan nahi du. Bitartean, milaka gizon, emakume eta ume bizia galtzen ari dira bidean.

Parisko gertakarien irudi gogorrak ikusita, errazagoa da gutxi batzuen interesak defendatzeko gerren ondorioak egunero sufritzen dituzten milioika pertsonen larruan jartzea. Berdin du gure azalaren koloreak, nazionalitateak edo erlijioak. Gerra inperialisten ondorioak sufritzen dituztenak berdinak dira beti: gazte eta langile anonimoak. Horregatik, argi eta garbi esan behar diogu ezetz terrorismora eta gerra inperialistetara kondenatzen gaituen basakeria kapitalistari.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.