2022a amaitzeko lau hilabete falta diren arren, kapitalismoaren krisi globala hainbesteraino sakontzen doa, ezen, sozialismoa ala basakeria kontsigna zaharrak inoiz baino zehatzago islatzen baitu aurrean daukagun bidegurutzea.

AEB eta Txina buru dituzten bi bloke inperialista handien arteko borrokak norgehiagoka komertzial eta ekonomikoaren mugak gainditu ditu eta gerra irekian sartu da. Oraingoz Ukrainako lurraldean kokatuta egon arren, edozein unetan beste eremu batzuetara heda daitezke gatazkak. Bestalde Ukrainiako gerraren ondorioak ere bat batean gogortu daitezke -esaterako Zaporiyako zentral nuklearra su-lerro betean dago- are hondamendi handiago bati ateak irekiz.

Azken hiru hamarkadetan ez dira falta izan Mendebaldeko inperialismoak sustatutako gerrak, milioi bat hildako baino gehiago, 40 milioi errefuxiatu eta herrialde osoak suntsitu dituztelarik. Baina orain pauso berri baten aurrean gaude. Estatu Batuetako inperialismoak, bere gainbehera saihesteko eta munduko nagusitasunari eusteko ahalegin desesperatu batean, aurrez aurreko borroka bilatzen du Txinarekin eta Errusiarekin. Horregatik, gerra-eskalada asko luzatu da Ukrainan, eta probokazio berriak eman dira Taiwan uhartean eta Asiako hego-ekialdean.

Inflazio handia eta atzeraldi berri bat

Gerraren gorakadak eta Errusiaren aurkako zigorrek prezioen igoeraren eta pobretzearen kontrolik gabeko dinamika eragin dute Europan eta mundu guztian. Gerra hasi eta sei hilabetera, EBren estrategiak, Washingtonen aginduen menpe erabat, ondorio politiko izugarrien porrot ozena jaso du.

Ekonomia kapitalistak ez du urrundik ere 2007-08 urteetan hasitako gainprodukzio krisia gainditu. 1929ko crack-aren ondoren gertatu zen bezala, atzeraldi gogor baten ondoren — 2008 eta 2012 artean — munduko merkataritzaren hazkunde aldi bat ireki zen, eta, mundu osoko Banku Zentralen diru sustapen eta hedapen politiken ezinbesteko laguntzarekin, jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren nolabaiteko susperraldia etorri zen. Hori ordea espekulazio izugarrian oinarritu zen, batez ere lehengaietan, baina finantza eta burtsa burbuiletan ere adierazi zen. Enpresen mozkinak izugarri hazi ziren, harik eta estimulu ekonomikoen bultzada agortzen hasi zen arte. Gainbehera horretan pandemia eztanda berri baten txinparta bihurtu zenean, 2008ko krisiaren arrazoi sakonak lehen mailara itzuli ziren, atzeraldi berri eta, ziurrenik, sakonago baten ateak irekiz.

Baina ekonomiaren aurreikuspen ilunek ez dute eraginik korporazio kapitalista handien etekinetan. Guztiz kontrakoa. Hiruhilekoz hiruhileko, bankuek, industriek, banaketa-enpresa handiek eta, batez ere, hidrokarburoen eta energiaren sektorekoek errekor berriak iragartzen dituzte beren kontuetan. Nola lortzen dute? Soldatapekoen esplotazioa modu basatian handituz eta inflazio oldea aprobetxatuz, beraiek elikatzen baitute prezioen igoera espekulazioaren eta akaparamenduaren bidez, langile klasearen soldata errealak murrizteko.

Baina langile klasea ez da kapitalismoaren berezko irabazi pribatu handienaren etengabeko grina pairatzen duen bakarra. Gure planetak ere hondamena jasaten du, eta horrela jarraituz gero, kinka larrian jarriko ditu milioika pertsonen bizitzak eta gure biziraupena bera espezie gisa.

Uda honetako bero boladak, baso suteak, Europak jasaten duen lehorte historikoa, itsasoaren tenperaturaren igoera geldiezina eta glaziarren eta kasko polarren urtzea, uzta galera mundu osoan, kapitalismoak bizitza hiltzen duen sintomarik nabarmenenak dira.

Eta gure habitataren suntsipena handiagoa eta nabariagoa denean, gobernuek eta monopolio kapitalista handiek, atzo hitzaldi ekologistez, ingurumenarekiko erantzukizunez eta beste esaldi hutsez gogobetetzen zirenak, klima aldaketaren aurkako edozein neurri hartzeari uko egiten diote. Funts handiek, BlackRockek esaterako, ikatz-meatzeetan inbertitzen dute berriro, eta EBk dio gasa eta nuklearra «energia berdeak» direla. Dena, baita Lurreko bizitza bera ere, kapitalaren etekinen menpe dago!

Gatazka eta altxamendu sozial handiak datoz

Aginte kapitalista bermatzeko metodo tradizionalen krisia, 2008az geroztik nabarmen ikusi dena, areagotu egin da etengabe.

Bigarren Mundu Gerra ostean hain ondo etorri zitzaizkion mekanismo parlamentarioen porrotek agerian jartzen dute burgesiak aginteari eusteko dituen zailtasunak. Horren adibide batzuk dira Estatu Batuetako sistema parlamentarioaren deskonposizioa, presidente aktibo baten Estatu kolpe saiakera orain arte zigorrik gabe mantentzen da; Britainia Handiko gobernu kontserbadorearen kolapsoa edo Italian eskuin muturra faboritoa izatea irailaren 25eko hauteskundeetan.

Baina kapital handiko zirkuluek gero eta irtenbide autoritario gehiago irrikatzen dituzten heinean, haserre soziala mundu osora zabaltzen da. Azken asteotan erakustaldi handia ikusi dugu Europan.

Erresuma Batuan greba-oldea garatu da, eta, praktikan, greba orokor baten parekoa da, nahiz eta sindikatuetako agintariek uko egiten dioten deialdia egiteari. Belgikan, sindikatuek kontzentrazio handi bat deitu dute irailaren 21erako Bruselan, azaroko greba orokorra prestatzeko.

2012ko azaroaren 14an, krisi honen lehen fase gogorrenean, Europako lehen greba orokorra deitu zen. Greba horrek jarraipen handia izan zuen Portugalen, Italian, Espainiako Estatuan, Zipren, eta Grezian, Frantzian eta Belgikan mobilizazio handiak egin ziren.

2012an baino askoz gehiago, gaur egun baldintza guztiak Europan greba orokorra egiteko, gure bizi baldintzen aurkako kapitalaren etengabeko erasoei irmoki erantzuteko.

Indarrak ez dira falta. Guztiz kontrakoa. Baina benetan premiazkoa dena krisi kapitalistari eta dakarren hondamendiari benetako alternatiba bat eskaintzen dion programa txertatzea da indartsu altxatzen hasten ari den langile mugimenduan.

Gaur inoiz baino gehiago, iraultza sozialista da alternatiba bakarra! Ekoizpen baliabideak beren onura esklusiborako kontrolatzen dituzten plutokrata apur gutxi horiei jabetzatik kenduz gero, ondasun eta zerbitzuen ekoizpena antolatzeko eta planifikatzeko gai izango gara, ingurumena erabat errespetatuz, gizateria osoaren beharrak asebetetzeko. Premiazkoena dena antolatzea da, iraultzarako prest egoteko.

Egin bat Ezker Iraultzailearekin!

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.