Tayip Erdogan Turkiako presidentea eta inguruan duen oligarkia turkiarra Ekialde Hurbila eta bere herrialdea astintzen ari dira. Estatuko kupulak bere indar errepresibo guztia mobilizatu du milizia kurdu-siriarren aurrerakadaren (hauek dira Estatu islamiarra geratzeko gai diren bakarrak) eta Turkia guztian goraka doan ezkerreko mugimenduaren beldur (azken hauteskundeetan HDP Herrien Alderdi Demokratikoak lorturiko botoen %13ak adierazten duen bezala). Helburua PKKren Kurdistango gerrilla historikoa azpiratzea eta ezkerreko erakunde kurduak eta turkiarrak zapaltzea da. Era berean, bidea prestatu nahi du mendebaldeko Kurdistanen edo Kurdistan siriarrean dauden Rojava miliziei aurre egiteko. Yihadismoaren aurkako borroka aipatzea aitzakia bat besterik ez da.

Uztailaren 25ean hasi ziren operazio militarrak. Erdoganek eta Ahmet Davutogluk, ekainaren 7ko hauteskundeetatik dagoen lehen ministroak, "terrorismo mota guztien" aurka joango zirela esan zuten baina errealitatea erabat ezberdina da. Uztailaren 26an armada turkiarrak Rojavako milizia kurduek kontrolaturiko bi eskualde klabe bonbardatu zituen: Zon Mixar eta Tel Findir. Biak postu estrategikoak dira Kobane herri kurdua defendatzeko; herri hau yihadistek hartu zuten eta gero kurduek berreskuratu. Beste hitz batzuetan esanda: inperialismo turkiarrak ez du inolako arazorik EIren aurkako gerra ahultzeko, beraiek sortu baitute eta oraindik erabilgarria baita beren interesak defendatzeko.

Aldi berean aurrera daramatzate atxiloketa masiboak, Istanbuleko eta Ankarako auzo xumeen okupazio polizialak, herri kurduen okupazio militarrak eta protesta guztien aurkako errepresioa. 1.500 atxilotu baino gehiago daude; "terrorista yihadista eta kurduak" deitzen zaie, baina egia esan %85a ezkerreko erakunde kurdu eta turkiarretako militanteak eta jarraitzaileak dira. Gutxienez bost pertsona erail dituzte manifestazio edota sarekadetan, eta 60 pertsonatik gora daude desagerturik. Operazio hauek guztiak ekainaren 23an hasi ziren, PKKren aurkako bonbardaketak hasi baino bi egun lehenago. Ehun web, Twitter eta Facebook orri baino gehiago itxi dituzte. Hauek erabat kontrolaturik daude Suruçeko sarraskiaren ondoren eta debekaturik dago honen irudiak zabaltzea. HDPek 26an manifestazioak deitu zituen herrialde guztian. Gogor erreprimituak izan ziren, batez ere Istanbulekoa. Ankaran poliziek Egitim-Sen sindikatuaren lokala okupatu zuten eta 40 pertsona atxilotu zituzten, horien artean bederatzi Kobanen yihadisten aurka borrokatzetik zetozen. Bertan osasun tratamenduak hartzen ari ziren eta medikua bera ere atxilotu zuten. Ekintza honen aurkako protesta batean, berriz, beste 46 atxilotu zituzten. Horren aurrean, Istanbuleko Gazi auzoan herritarrek barrikadak altxa zituzten poliziari sarrera mozteko.

Helburua: Estatu Islamiarraren aurka borrokan dauden miliziak ahultzea

Erdoganek milizia kurduak ahultzea du helburu, bai Rojavakoak eta bai PKKkoak. Beretzat benetako arriskua dena, Turkiako hegoaldeko mugan gehiengo kurdua edukiko duen lur eremu autonomo bat sortzeko aukera da eta, era berean, eremu hori, armaturiko herritarrek askatua izanik, erreferentzia eta alternatiba antisektario eta askatzaile bihurtzea inguru guztiko langile, gazte eta emakumeentzat. YPG eta YPJren azken aurrerakadek (Herriaren Babes Unitateak eta emakumeen tropek osatzen duten Emakumearen Babes Unitateak) aukera hori inoiz baino gertuago ezartzen dute.

Milizia kurduek (eta aliatu arabiar eta asiriarrek) yihadisten ahulgunea zein den agerian utzi dute: horiek lehen aldiz aurre egin behar izan diote benetako herri armada bati, inongo klase dominatzaileko sektore baten pribilegioak mantentzeko borrokatzen ez duen armada bati. Hori da aurkari serioa, eta ez egun Turkia, Arabia eta Estatu Batuen finantzazio eta onespena duen eta Al-Qaedaren aliatu diren Armada Libre Siriarreko batailoi islamistak edo armada irakiarra eta paramilitar xiitak. Kurduak geldiarazteko EIk duen ezintasunaren aurrean, Turkia bigarren honi laguntzera joan da.

Erdoganek hasi duen gerrak epe motzeko helburu bat ere badu. Kanpaina militarista eta chauvinista gogor honekin aliantza bat sendotu nahi du MHP eskuin muturreko alderdi nazionalistarekin, hala parlamentuan elkarrekin gehiengoa edukiko luketelako edo hauteskunde berri batzuetarako egoera hobean legokeelako.

Noski, ezker turkiarra eta kurdua ahultzea, Rojavako miliziei lana zailtzea eta PKKko jo puntuak erasotzea ere badaude helburuetan. Oligarkia turkiarrak bere arrazoiak ditu gatazka kurdua arlo militarrera eramateko: batetik, Ekialde Hurbileko armadarik indartsuena du; bestetik, modu horretan gizarte turkiarraren militarizazioa inposatzen du eta, azkenik, ezkerra erreprimitzeko aukera du. Izatez, HDPko diputatuei immunitatea ken diezaieten estutzen hasi da Erdogan eta hau HDPren ilegalizazio bidean pauso bat litzateke.

Hala ere, Erdogan eta bere ingurukoak suarekin ari dira jolasean. Irak iparraldean esku hartzeak (protesta eta manifestazio masiboak izan dira) eta YPG eta YPJren aurkako gudak ondorio lazgarriak izango ditu Ekialde Hurbileko masentzat, eta inkognita asko sortzen ditu. Baina ez dago inolaz ere ziurtaturik PKK zapaltzea lortuko dutenik, ezta Rojavako miliziak ere; iraganean ere ez zuten lortu benetako genozidio bat aurrera eramanda PKK zapaltzea.

Inperialismo estatubatuarra eta Europako Batzordea, komunikabideetan bestelako irudia eman nahi badute ere, Estatu turkiarraren alde daude erabat. Estatu Batuak are konprometituago dago Erdoganek bi base militar erabiltzen uzteko promesa egin zienetik, teorian, EIren aurkako operazioetarako. Zonalde guztia hartzen duen interesen arteko borroka honetan, Estatu Batuetako, Israeleko, Arabiako eta Turkiako klase dominatzaileek, berez aliatu direnek, norberak beren agenda propioa du, eta batzuetan elkar talka egiten dute, baita militarki ere. Baina berehala jar daitezke ados, klaseko alternatiba antikapitalista baten mehatxuaren aurrean, honek masen arreta erakar badezake. Ekialde Hurbilerako Obamaren aholkularia den Brett McGurk oso argia izan zen: "PKKren eraso terroristak kondenatzen ditugu eta gure aliatua den Turkiaren autodefentsarako eskubidea errespetatzen dugu".

Goraka doan mugimendua, Kurdistanen eta Turkian

Turkiako gobernuaren maniobrak ez dira hain errazak izango, ezta etxean bertan ere. Mugimendu kurdua eta Turkiako herri mugimendua hazten ari dira. Atxiloketek eta erailketek ez dute geldiaraziko. Erdoganek bere ekintzak yihadismoaren aurkako borrokan justifikatu behar izateak erakusten du geroz eta sektore zabalagoek ukatzen dituztela kurduen aurkako aurreiritziak. Herritarren gehiengoa, inkesten arabera, mota guztietako esku hartze militarren aurka dago.

Testuinguru honetan, berebiziko garrantzia du PKKko zuzendaritzak eta HDPkoak duten jarrera. PKKak, logikoki, indarrean zegoen su-etena hautsitzat jotzen du eta ekintza armatura itzuli da, konboi militarrei segadak egiten eta aparatu polizialean infiltraturiko yihadistak erailtzen. HDPek gobernuak "herrialdeari su emanez" Turkia gerra handi batera eramateko eta militarismo eta nazionalismo klima bat eratzeko duen asmoa salatzen du. PKKri "armak isilarazteko" eta gobernuari ofentsiba gelditzeko deia ere egin du. Noski, komunitate kurduen autodefentsarako eskubidea gauzatzea, ezker kurduaren eta turkiarraren erakunde eta militanteena barne, funtsezkoa da. Era berean, oinarrizkoa da ulertzea zein den mugimenduaren indar iturria: duen izaera masiboa, eta eremu osoan, batez ere Turkian, masa zabaletara iristeko duen gaitasuna. Masa mobilizazioaren bitartez beharrezkoak dira defendatzea Erdoganen dimisioa, herri kurduaren autodeterminazio eskubidea, banda yihadisten desegitea eta estatu-aparatuaren depurazio zorrotza, eta lurraldeko baliabideen kontrol demokratikoa inperialismoa eta burgesia ezberdinak desjabetuz; azken finean, zonalde guztiko federazio aske eta sozialista: hau da herri kurduaren eta Turkiako beren klaseko anai-arreben armarik zorrotzena.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.