Ekialde Hurbila bizi dugun garaiaren izaera islatzen duen irudi grafiko bilakatu da: talka interinperialistak, aliantza hausturak, gerrak, etab. klase arteko borrokaren gorakadarekin konbinatzen dira. Altxamendu iraultzaileak daude Iraken, Libanon eta Iranen, Aljerian, Sudanen eta beste zenbait lekutan ematen diren bezala. Bi alderdiak elkar gurutzatzen dira eta kausa eta efektu bilakatzen dira; hala, ezegonkortasun egoera iraultzaileak eta kontrairaultzaileak eskaintzen dituzte.
AEBek Soleimani general irandarra eta Al-Muhandis irandarren aldeko Irakeko miliziako arduraduna erail izana horren adibide dira. Inperialismoaren kolpe zuhurtzat hartu zenak agerian utzi du zer dagoen bataren eta bestearen atzean.

Inperialismo estatubatuarraren gainbehera

Donald Trumpek agindu zituen bi hilketa horiek, etxean eta nazioartean duen egoera delikatuari aurre egiteko. Inperialismo estatubatuarrak inoizko botere militar handiena izaten jarraitzen du, baina gero eta zailtasun gehiago du eta ezin du ezer kontrolatu: Afganistanen 18 urtez gerran egon ondoren, bere historiako luzeena,  talibanek agintzen dute lurraldearen %60an; 2003ko Irakeko gerraren emaitzak Iran bihurtu du herrialdean kontrol gehien duen atzerriko potentzia.
Bai, Trumpek agindu zuen Soleimani hiltzea; ez zuen inork espero. Baina, gero zer? Zein da inperialismo estatubatuarrak Ekialde Hurbilerako duen estrategia? Zein da Trumpen kanpo politiken emaitza? Atzerapausoak alde guztietan: porrot egin du Venezuelako estatu kolpe saiakeran, itxurakerian aritu da Ipar Korearekin negoziazio nuklearrean eta Ekialde Hurbileko atzera-egitea erabat kaotikoa izan da.

Orain Trumpek “mendeko akordioa” aurkeztu du Palestinarako; ondo ateratzeko aukera gutxi dituen plana da eta sionismo atzerakoienaren aldarrikapen historikoak bere egiten ditu, besteak beste, errefuxiatuen itzulera ez onartzea eta Jerusalem Israelgo hiriburu “banaezin” ezartzea. Akordioaren aurkako protestak eta greba orokorra izan dira Gazan urtarrilaren 29an. Plana aurkeztu zen egun berean, Israelgo fiskaltzak Netanyahu epaitzea eskatu zuen ustelkeriagatik.
Iraken, estatubatuarren presentzia konplikatu egin da Soleimaniren hilketaren ondoren. Egoerari aurre egiteko, suniten eskualde autonomo bat sortzeaz hitz egin da Iraken, iparraldean kurduek dutenaren antzekoa; hau da,  berriro pozoi sektarioa zabaltzearekin eta herrialdea hautsiko duen edo gerra zibila eragingo duen aukerarekin jolasean ari dira.

Iran, lokatzezko hankak dituen potentzia

Inperialismo estatubatuarraren egoeraren ondorioz, Iranek indarra hartu du ekialde hurbilean. Halere, azken hilabete hauetan ikusi denez, bere erregimenak oinarri ahula du. Baina bere ahultasun handiena ez da izan Soleimani hil izana, baizik eta azaroan izandako altxamendu soziala. Hasieran bat-bateko protestak zirenak azken berrogei urte hauetako mobilizazio zabal eta sakonena bilakatu ziren, eta gazte, langile eta langabetuak izan ziren protagonista. Erregimenak egoera kontrolatzeko komunikabideak etetea eta modu basatian erreprimitzea beste modurik ez zuen aurkitu: 1.000 eta 1.500 inguru hil zituzten eta milaka atxilotu.
Ukrainako hegazkinak lurra jo izana Irango misilen errua izan zela eta erregimenak ezkutatu egin zuela jakin eta berehala, manifestariak kalera atera ziren berriro. Unibertsitateko ikasleak eta hirietako geruza ertainak izan ziren kalera atera zirenak, baina aldarrikapenek erakusten dute azaroko mugimenduaren sakontasuna, eta oraingo mobilizazio hau harekin uztartzen dela. Erregimena garaitzea aldarrikatzen zen eta ikasleen batzarrek “edozein zapalkuntzaren aurka, izan Gobernuarena, izan botere inperialistena,” aldarrikatzen zuten.

Hain zuzen ere, Iraken, Libanon eta Iranen bertan izandako altxamendu sozialek bultzatu zuten Irango erregimenak Iraken zeuden soldatu estatubatuarren aurkako probokazio batzuk egitera, inperialismoaren erantzuna bilatu eta hori masen mugimendua desbideratzeko erabili nahian. Erantzuna Soleimaniren hilketa izan zen.
Erabat baztertu daiteke AEBren eta Iranen arteko gerra bat. Militarki, Iran ez da Irak, amesgaiztoa litzateke inperialismoarentzat eta gerra zabalgoa piztuko luke Ekialde Hurbilean. Eta, batez ere, AEBk eta Iranek ez dute babes sozialik halako gerra bat egiteko. Hor ez da dena bukatzen, ordea; gerra hasi da Ekialde Hurbilean —Sirian, Libian, Yemenen— eta hor saiatuko dira elkarri aurre egiten AEB, Iran eta beste herrialde batzuk.

Errusiaren papera eta Putin-Erdogan elkartea

Ekialde Hurbileko egoeratik etekin handiena Errusiak ateratzen du, garai bateko Sobietar Batasunak lurraldean zuen eraginaren zati bat eskuratzen ari baita. Putinen erregimen atzerakoiak aurrerapauso bat eman zuen 2015ean Sirian eskua sartu zuenean. Assadek gobernuan mantentzea bermatu zuen, Errusiari Ekialde Hurbileko ateak irekiz. Orain Libian sartu du muturra, ustez Turkiaren aurkako bandoan.

Turkiak Libian hasi duen esku hartzeak bi helburu ditu: Lehena, Tripoliko gobernu “ofiziala” babestea, batez ere Mediterraneoan dagoen gasaren aldeko borrokan (dagoeneko prospekzio ontziak bidali ditu, armadaz babestuta). Eta bigarrena, Putinek Sirian egiten duen presioari kontrapisua egitea.

Bestalde, Errusiaren esku hartzeak asmo zabalagoa du. Batetik, Errusiak Siriatik haratago faktore “erabakigarria” izateko saiakeraren parte da. Libian mertzenarioekin eta armekin —publikoki ukatu duen arren— Jalifa Hasterren armada babestu du; eta aldi berean, Moskun Fayed el Serraj presidente “ofizialarekin” negoziatzen aritu da. Bere helburua ez da batak edo besteak irabaztea, baizik eta “egonkortasun” bat lortzea, Gadafiren garaian zituen negozioak berreskuratu ahal izateko.

Turkia eta Errusiaren arteko “elkarte” konplexuaren parte ere bada. Erdoganekin duen harremanarekin, Putinek NATOn ezegonkortasun elementu garrantzitsu bat sartu du. Siriako gerra dela eta, une honetan, Turkia gakoa da Errusiaren asmoetan. Idlib eskualdea da Al-Kaedako milizia jihadistek kontrolatzen duten eremuetan konkistatzeko geratzen den azken bastioia. Errusiak nahi duena Turkia milizia horiek desarmatzen eta ahultzen inplikatzea da, bera baita zuzenean parte bat  kontrolatzen duena. Turkiak milizia horiekin kolaboratuz, bere zuzendaritzan eragina izan du eta Siriako gerran dituen interesen gotorlekua izan da, nahiz eta azken aldian erabat ahuldu den posizio hori.

Errusiak Libian eskua sartzearen beste arrazoia da Europar Batasunarekin duen harremana. NATOren 2011ko eskuhartze desastrosoaren ondoren, EB —gatazkaren aurrean jarrera bateraturik gabe— Libiatik kanpo geratu zen. Etorkinak Europara sartzea galarazteko gerra jauntxoei ordaintzea besterik ez zitzaion geratu.

Azken aldian, Errusiak Europar Batasunarekin dituen tentsioak baretzen ari da beste gatazka batzuk konpontzeko: Ukraina, Krimea, zigorrak, etab. Horretarako, garrantzitsua den herrialdea Alemania da, AEB eta Txinaren arteko talkaren ondoren sortutako egoeraren aurrean, Errusiarekin hitz egiteko prestutasuna erakutsi duelako. Horren erakusle dira Trumpen zigorrei aurre egin eta Nord Stream-eko gasoduktua eraikitzea eta Putin eta Merkelek urtarrilean egindako bilera, Libiako egoerari buruzko Berlingo Konferentzia antolatzeko helburuarekin. Orain arte, EB ez zegoen Libian eta ez zen espero. Baina dagoeneko sartu da, Putinek atea ireki diolako.

Guztia borobiltzeko, EB zorretan dago Erdoganekin, eta hori kitatzeko lekua izan daiteke Libia. Erdoganen presio elementu hori Putini ere asko interesatzen zaio, eta Libiako kasuaren norabide berean doan.

Iraultza Iraken eta Libanon

Irakeko eta Libanoko masen mugimenduek kinka larrian jarri zituzten, goizetik gauera, bertako erregimen ustelak eta baita inperialismoak eta oligarkiak urtetan sustatu duen zatiketa sektarioa ere. Hori guztia langile klasearen metodo klasikoekin lortu zuten: greba orokorrak, batzarrak, manifestazio masiboak eta borrokarako gogo irmoa.

Libanon areagotu egin da altxamendua eragin zuen krisi ekonomikoa eta amildegi ertzean kokatu du herrialdea: librak bere balioaren %60 galdu du dolarraren aurrean, corralito bat eragin dute bankuek, inflazioa hazi da eta eskasia handitzen ari da masengan.

Lehen ministroak dimisioa eman eta hiru hilabetetara, Hezbolak eta Amalek osatutako Iranen aldeko blokeak gobernu berria osatzea lortu du, eta Hasan Diab izendatu dute presidente. AEBen eta Israelen aurkako gatazkan, Iran indartu egin dela badirudi ere, oligarkia sektarioen arteko statu quo-a hautsi da. Gainera, Gobernu berriak, kapitalista izanik, ez du hartzekodunek eta NDFak agindutako murrizketa politikak aplikatu beste aukerarik.

Ministro berriak nortzuk izango ziren jakin zenean, mugimenduak urtarrilaren 13tik 19ra bitarteko “haserrearen astearekin”, errepide mozketekin, eguneroko manifestazioekin eta greba orokorrarekin erantzun zuen. Protesta hauen izaera gogortu egin da, poliziaren errepresioa nabarmen igo da eta manifestariek banketxeei eraso egin eta bulego asko suntsitu dituzte, sistema sektarioak kapitalarekin duen lotura erakutsiz.

Irakeko altxamendu iraultzailea lurrikara soziala izan da. Horixe da, gazteriaren indarra abangoardian dagoen masen erresistentzia heroikoaren  atzean dagoena. 600 hilketa eta 25.000 zauritu baino gehiago egon dira protesten ondorioz.

Mugimenduak dituen erronka nagusiak orain heldu dira. Soleimaniren erailketaren ondoren, ematen zuen Irango erregimenak lortu zuela masen mugimendua geldiaraziko zuen shock bat eragitea: manifestazio erraldoiak egin ziren Soleimanirenganako dolua erakusteko eta Iranen aldeko miliziek mugimendu iraultzaileari eraso zioten. Hala eta guztiz ere, urtarrilaren 10ean protesta eguna deitu zuten herrialde osoan, ehun eguneko altxamendua ospatzeko eta inperialismo estatubatuarrari eta Irango erregimenari esateko ez dietela utziko Irak gerra eremu bilakatzen. Hiriko kale nagusiak “AEBri ez. Irani ez. Sunitak eta xiitak anaia-arrebak gara!” aldarrikapenaz bete ziren.

Urtarrilaren 24tik 26ra gertatu zena horren froga da. Al Sadr klerikoak manifestazio bat deitu zuen estatubatuarren presentziaren aurka, urtarrilaren 24an Bagdaden. Al Sadr talde parlamentario nagusiko burua da —Irakeko Alderdi Komunistarekin koalizioan—, milizia indartsua du eta joko-taulan bere lekua eskuratu nahi du erretorika “nazionalista” erabilita. Ez dago erabat Iranekin lerratuta, baina ez lioke aurre egingo Irango erregimenari. Soleimaniren hilketaren ondoren, Iran bera erakarri nahian dabil indarrak elkartzeko, eta manifestazio hori horren erakusle da.

Milaka eta milaka pertsona manifestatu ziren Bagdaden, horietako asko xiitak nagusi diren eta Al Sadrarren gotorleku izan den hegoaldeko eskualde pobreetatik etorri ziren. Indar erakustaldiaren ondoren, klerikoak bere jarraitzaileei publikoki eskatu zien urriaz geroztik finkatuta zeuden protesta kanpamenduak husteko. Urtarrilaren 25ean, larunbata, poliziak, ejertzitoak eta Iranen aldeko miliziek eraso egin zieten kanpamentuei, dendak erre zituzten eta bala munizioarekin tiro egin: sei ekintzaile hil zituzten. Mugimenduak plazak berriro hartzeko eta kanpamendua berriro eraikitzeko deia egin zuen; gauerako lortu zuten hori. 26an ikasleek greba deitu zuten eta manifestazio masiboak izan ziren plaza nagusietan mugimendu iraultzailea babesteko.

Garaipen bikoitza da. Errepresioari aurre egiteaz gainera, Al Sadren trikimailua agerian geratu da eta bere oinarri sozialean zatiketa handitu da, askok hasieratik parte hartu baitute mobilizazioetan, Al Sadren esanei muzin eginez, eta horietako asko dira hildakoak eta zaurituak.

Otsailaren 1ean, larunbata, Mohamed Allawi izendatu zuten lehen ministro, Adel Adbul Mahdiren dimisiotik bi hilabetera. Ordu batzuk lehenago, Al Sadrek protestak babestu zituen berriro, eta bere jarraitzaileei plazetara itzultzeko deia egin zien. Allawiren izendapena baieztatu zutenean —Al Malikiren gobernuko ministro ohia, bi alditan— protesta manifestazioak hasi ziren, erregimenarekin zuen loturagatik. Orduan, Al Sadrek bere milizianoei eskatu zien poliziarekin batera protesta kanpamentuak desegiteko.  Larunbat eta igandean kanpamenduek zutik iraun zuten ikasle manifestarien babesari esker.
Era berean, igandean ikusi zen Irakek enbaxada estatubatuarrak eta Irango erregimenak egindako harrera beroa lehen ministroari. Begi bistakoa da Al Sadren trikimailua: Iranekin eskutik helduta Allawi masek onartutakotzat aurkeztuko dute. Eta, beste behin, argi geratzen da iraultza benetako arriskua dela inperialistentzat.

Alternatiba iraultzaile baten alde

Libanon eta Iraken munduan gertatzen ari diren beste prozesuen antzeko ezaugarriak daude: masen mobilizazioak kinka larria jarri dute ordena burgesa, baina ez du garaipena lortzen, eta klase agintaria ez da gai masen aurkako azken kolpea emateko.

Arrazoi bat dago egoera hau denboran luzatzea eragiten duena: zuzendaritza iraultzaile baten falta. Zailtasun eta zatiketen gainetik, burgesiak zuzendaritza bat du eta esperientzia historikoan oinarritutako orientazio bat. Lehengo eta behin, mugimendua nekaraztera jokatzen ari da. Ondo dakite masek ezin dutela betiko egon lehen lerroan. Lehenago edo geroago, iraultzak aurrera egin behar du edo garaitua izango da.

Libanoko eta Irakeko masek duten borrokarako gogoa agerian geratu da, baina baita beren ahultasunak ere, horien erakusle dira “gobernu independiente” eta “teknokraten gobernuaren” aldeko aldarrikapenak. Erregimen burgesetik erregimenaren aldeko konponbideak besterik ez dira etorriko. Hor ikusten da zein beharrezko den benetako indar iraultzailea, internazionalismo marxistaren programaz armatua eta mobilizazio eta langile klaseak sortutako organismoetan oinarrituko dena aurrera egiteko. Alternatiba iraultzailea planteatu behar da: langile boterea. Oligarkia garaituko duen programa bat behar da, inperialismoa betiko kanporatu eta ekonomiaren oinarrizko palankak desjabetu eta ekonomia herriaren kontrol demokratikoena jarriko duena. Horrela, langileen gobernu batek gizartearen eraldaketa sozialista abian jar lezake eta ikaragarrizko babesa lortuko luke Ekialde Hurbilean eta mundu osoan.

banner altsasu

banner altsasu

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.