20 urteko gerra eta esku-hartze inperialista, 250.000 hildako inguru eraginez, AEBen eta nazioarteko aliatuen porrot umiliagarriarekin ebatzi da. Zabaldu den demagogia guztiaz bestalde, demokrazia eta askatasuna ez zeuden mendebaldeko potentziek nazio martirizatu honetara eraman zuten ekipaian. Aldiz, esku-hartze honetara bideratutako bilioika dolarrek izugarri aberastu dute Afganistaneko politikarien elite usteldu bat, gune militar industrial ikaragarria sortuz, eta orain mozkina eskuetan ihes egin dute. Herrialdearen funtzionamenduaren erabateko kolapsoak herritarren bizi baldintzak kolpetik hondoratu ditu.
Afganistan suntsitzeko bakarrik balio izan du terrorismoaren aitzakiarekin abiatu zuten gerrak, Irakekin, Siriarekin, Yemenekin edo Libiarekin egin bezala. Bere garaian, AEBetako gobernu guztiek elikatu zuten islamiar fundamentalismoa bloke sobietarrari aurre egiteko, eta orain ordaindu beharreko prezioa etorri da.
Kabulen erorketak, bi asteko eraso azkar baten ondoren, talibanak boterera eraman ditu berriro. Indar inperialisten porrota ez da txikikeria. Izugarrizko porrota da Bidenen Gobernuarentzat, eta aurretik egin den Trumpentzat: AEBen gainbeherak ez duela atzera bueltarik erakusten du eta nazioarteko harremanek jasaten duten indar aldaketa sakona adierazten du kapitalismoaren krisi organikoko garai honetan.
Baina estrategia inperialisten sarraskia eta porrota ordaintzen duena herria da. Afganiarrek ezin dute ezer espero nazioarteko potentzietatik. Nazioarteko langile klaseak eta gazteriak bakarrik eman dezakete Afganistanek behar duen elkartasuna, eta horrek protesta mugimendu indartsua altxatzea eskatzen du, klaseko programa sozialista batekin.
Gobernu txotxongiloaren desegitea
Abuztuaren 15ean ihes betean alde egin zuen Ashraf Ghanik, Afganistango presidente milioiduna zenak, eta bistan utzi zuen zer nolako gobernuaren buru zen. Hilabete lehenago Bidenek esan zuen: "Talibanak ez dira Ipar Vietnamgo armada. Ez da inor igoko AEBk Afganistanen duen enbaxadaren teilatura ". Baina Kabuleko irudiek kontrakoa erakutsi dute: jendea enbaxadako teilatuan helikopteroetan ateratzeko zain, 1975ean Saigonen bezala, presaka erretako dokumentuen keaz inguraturik. Bien bitartean, marine estatubatuarrak asteak igaro zituzten tiro egiten etsi etsian, hegazkinei eutsiz ere, ihes egiten saiatzen ziren herritarren aurka.
Talibanek bi astean lortu zuten probintzietako hiriburu guztiak kontrolatzea, erresistentziarik izan gabe. Kolapso horrek agerian utzi du Afganistango armadako ustezko 300.000 militarren gaitasunak goraipatzeko propaganda inperialista fikzioa baino ez zela.
2001ean AEBek talibanak garaitu zituenetik, Gobernuek gutxienez bilioi bat dolar bideratu dituzte Afganistango gerrara. Gehiena bere tropak mantentzera eta mertzenarioen eta industria militarreko multinazionalen enpresekin kontratu izugarriak egitera bideratu da. Baina 100.000 milioi Afganistango armada osatzeko erabili dira! Horietatik, milaka milioi sobietarrei aurre egiten lagundu zieten gerrako jaunen poltsikoetara joan dira zuzenean. Afganistango armada zein herritarrak, talibanekin bat ez egin arren, ez zeuden mafioso sorta batengatik hiltzeko prest, batez ere hiriburuan, tiro bakar bat ere egin gabe erori baitzen.
Porrot horrek agerian utzi du Afganistango erregimena zein usteldua zegoen estatubatuarren konplizitatearekin. Dagoeneko 2010ean, administrazioaren eta gerrako jaunen ustelkeriak BPGaren %25a irensten zuen. Afganistan opioaren ekoizle handiena da, heroinaren munduko ekoizpenaren %90aren erantzulea eta herrialdeko BPGaren herena hartzen du.
Bidenek bere erretiratzea desenkusatu du, argudiatuz ez dituela bere tropak arriskuan jarriko. Zaila da lotsagarriago jokatzea duen erantzukizuna alboratzeko, historia faltsutzeko eta krimen inperialisten errua Afganistango herriari leporatzeko.
Txinaren jokaldia
Ireki den agertoki berriak inflexio-puntu bat markatzen du lehia inperialistan. Txina AEBei aurre egiten ari den potentzia ekonomiko, teknologiko eta militar gisa altxa da. Afganistango egoera aukera handia da Txina kapitalistaren helburu hegemonikoetarako, nahiz eta erronka horrek ere ziurgabetasun handiak dituen.
Agintari txinatarrek talibanak hauspotu dituzte euren buruzagiei babes politikoa eta Iranen bidez laguntza militarra emanez, nazioarteko aitortza eta inbertsioak bermatuz. Trukean gobernu integristak barne egonkortasuna mantentzea eta gerra zibilik ez eragitea eskatzen dute. Argi utzi du, berriro, Asiako potentziaren politikak ezer ez duela komunistatik eta proletariotik. Talibanei emandako babesa politika inperialista gordinean oinarritzen da.
Txinak Afganistanen dituen interesak ziurtatu nahi ditu duen kokapen geoestrategikoagatik, mineraletan dauden mehatze aukerengatik eta nabarmen irudikatzeko inperialismo estatubatuarraren gainbehera. Orain arte, nahiz eta Txinak inbertsio esanguratsuak egin dituen herrialdean, Afganistango gobernuak uko egin dio Pekingo “zetaren bide berriaren ekimenean” parte hartzeari. AEBen porrotak oztopo hori desagerrarazi dute.
Baina Txinak egonkortasuna bermatzeko ardura izango du, alboan Errusia, Turkia, Pakistan eta Iran bezalako kideak dituela, eta horiek ez dira beti bat etortzen interesetan eta helburuetan.
Talibanek botere osoa biltzen badute, iraganean izan ez zuten maila batean, baztertu liteke hurbileko gerra zibil berri baten ikuspegia. Hori ikusteko dago ordea epe luzeago batean, jokoan interes inperialistak baitaude. Baina argi dago, talibanek ez dutela ezer eskaintzeko herriari, ongi ezagunak baitira eta ez baitira herritarren gehiengo zabalaren gogoko.
Txinarentzat auzia da, ea "diplomazia ekonomikoaren" bidez eta orain arte eremuan talibanen babesle nagusia izan den Pakistanen bidez, egonkortasun hori lortuko duen. Kontuan hartu behar da ordea, AEBak eta EB ez direla besoak gurutzatuta geratuko epe ertainean. Esperientzia historikoak modu krudelean erakusten du lur errearen politika aukera bat dela.
Soilik herriak salba dezake herria
Inperialismo estatubatuarra galtzaile atera da Afganistandik. Baina burua altxatzen duena erreakziorik ilunena eta fundamentalistena da. Talibanen jaiotza Estatu Batuetako inperialismoak, Pakistanek eta Saudi Arabiak sobietarren aurkako borrokan abian jarritako operazio batetik dator. Mosku erretiratu ondoren, gerrako jauntxo ezberdinen arteko gerraren kaosarekin amaitzeko ere Talibanetan oinarritu ziren.
1996 eta 2001 artean bezala, Talibanek Afganistango herriari eskainiko diotena zapalkuntza basatia, emakumeen esklabotza eta oligarkiaren eta inperialismoaren arteko akordioak izango dira. Fundamentalismo islamiarrak talde faxisten egiteko bera betetzen du: mugimendu iraultzaileak desegiten ditu eta kapitalismoak funtzionatzen jarraitzea ahalbidetzen du. Inperialismoak eta integrismoak elkarren beharra dute eta elkar elikatzen dira krisi globalaren, atzeraldiaren eta deskonposizio kapitalistaren garai honetan.
Afganistaneko izugarrikeria eragin duten berberak dira Irakeko, Siriako, Libiako edo Yemeneko sarraskiaren erantzuleak. Alde batetik, talibanak, Estatu islamikoa, era guztietako talde erreakzionario jihadistak... daude. Baina horien atzean babesle boteretsuak ezkutatzen dira, Golkoko monarkia erreakzionarioak, Iraneko mulak eta horiek egoteko baldintzak sortzen dituen inperialismoa, zuzenean horiek antolatzen eta indartzen jardunez.
Talibanek akordioak lor ditzakete Txinarekin, baina potentzia inperialista harrapari honek ez du hatzik mugituko Afganistango masen arazoak konpontzeko.
AEBetako eta mendebaldeko inperialismoa mundu osoko herrien aurkako krimenez estali da, eta orain pozoi arrazista eta xenofoboa zabaltzen ari dira Afganistango herriaren eta errefuxiatuen aurka.
Kapitalismoak herrialdez herrialde isurtzen duen kaosa konpontzeko bide bakarra dago: iraultza sozialista, langile klaseak masa zapalduen aurrean boterea hartzea, oligarkia eta inperialismoa eraisteko programa batekin. Horrela amai daiteke gerra inperialistekin eta errotik konponbidea eman errefuxiatuen krisiei, betiere gudaren biktimak defendatuz. Ez dago irtenbiderik ordena kapitalistaren pean. Sozialismoa edo basakeria!