Denak mobilizazioetara

Hamaseko milizianoek asteburuan egindako ekintzaren ostean, Netanyahuren gobernu sionista, neofaxista, arrazista eta kolonialistak beste sarraski bat piztu du Gazan eta lurralde palestinarretan. Orain arte, bonbardaketek ehunka hildako eta 2.000 zauritu baino gehiago utzi dituzte dagoeneko zibilen artean, baina datozen egunetan kopuruak gora egingo du AEBren, Europar Batasunaren eta Pedro Sanchez buru duen Espainiako Gobernuaren babesa duen eraso militar basatian.

Gaza munduko kontzentrazio-esparrurik handiena bihurtu da: bi milioi pertsona baino gehiago bizi dira muturreko pobrezian, ezin dute lurraldetik irten, ezin dute janaririk eta baliabiderik jaso tantaka ez bada, argindarra apenas dute eskura egunean lau ordutan, eta bonbardaketa etengabeak jasaten dituzte, milaka biktima eraginez, eta horietatik ehunka haur, azken urteotan. Hamasen erasoaldiak gertatu aurretik, ia 300 palestinar hil zituzten urtarriletik okupatutako lurraldeetan, eta palestinarren milaka etxe eraitsi edo lapurtu zituzten kolonoek.

Mendebaldeko Gobernuek eta AEBk Hamasen erasoen aurrean plazaratu dituzten aieneak zinismo eta hipokrisia itzela dira. Ukrainako Gobernua, ultraeskuindarrez eta naziez josia, lepo armatu dute eta kasu horretan burujabetza defendatzeko eskubideaz hitz egiten dute. Baina hain zuzen horiek ez dute inolako arazorik Palestinako okupazio sionista basatiaren konplize izateko orduan, eta orain gainera «Terrorismoari gerra!» oihua astintzen dute. Apartheid politikan eta palestinarren giza eskubideen krimen eta urraketa sistematikoetan oinarritutako okupazio batek ez ditu mendebaldeko potentziak hunkitzen, noski.

Krimenak eta genozidioak AEBk, Europako Batasunak eta euren gobernu aliatuek egiten dituztenean ez dago arazorik. Horregatik ez da engainatu behar mendebaldeko propagandarekin. Israelek bere burua defendatzeko duen eskubideari buruz behin eta berriz egindako adierazpenak herri palestinarraren aurka sarraskia hasteko dei argiak dira.

Ezker Iraultzailetik herri palestinarraren aldeko herri mobilizaziora dei egiten dugu, independentziarako duten asmoa defendatzera eta Estatu sionista kapitalistarekin amaitzera. Gure elkartasuna klasekoa eta internazionalista da. Horregatik, gure ustez, herri palestinarraren borrokak eta bere autodefentsarako eskubideak soilik arrakasta izan dezake politika iraultzaile, komunista batean oinarritzen bada, Palestinako eta Israelgo zapaldu guztiak batzen dituen politika batean.

Hamasen integrismo erlijiosoa ez da alternatiba bat. Netanyahuren Gobernu hiltzaileari aurre egiteko, bai eta Washingtonen eta Bruselaren agindupean eta kasu askotan bere herriko kartzelari gisa jardun duten burgesia palestinar eta arabiarrari aurre egiteko ere, estrategia iraultzaile bat behar da, masa-borrokan, herri-mobilizazioetan, greba orokorrean eta matxinadan oinarrituko dena. Intifadek erakutsi zuten zein den biderik eraginkorrena sionismoa eta bere makineria militarra soken aurka jartzeko.

Inperialismoak zapaldutako herriekiko elkartasunerako garaia da, okupazioan, zapalkuntzan eta sarraskian oinarritu diren hamarkadetako jazarpenaren aurka masa palestinarren borroka babestekoa. Etsai sionista garaitzeko eta ez indartzeko aukera emango duen politika egiteko garaia da. Eta politika hori, basakeria horrekin amaitu dezakeen bakarra, iraultza sozialistaren aldeko masa borroka da.

Gora herri palestinarraren borroka!
Gora iraultza sozialista arabiarra!

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.