Mendebaldeko inperialismoa hamarkadetado zapalkuntzaren eta sarraskiaren konplizea da!

Gora Palestinako herriaren borroka!

Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak argi utzi du bere Gobernuaren estrategia hiltzailea: “Gazako Zerrendako setio osoa agindu dut. Ez da egongo elektrizitaterik, ez janaririk, ez erregairik. Ezer ez da sartuko eta ezer ez da aterako. Animalien aurka ari gara borrokan, eta behar bezala jokatuko dugu”. Washingtonek eta Bruselak baldintzarik gabe babesten duten faxista baten hitzak dira.

Joan den asteburuan Hamasen milizien erasoek Benjamín Netanyahuren gobernu sionista, neofaxista, arrazista eta kolonialistaren erantzun sutsua eragin dute. Gazako eta Palestinako lurralde okupatuetako sarraski berri bat martxan da, eta potentzia bakar batek ere ez du hatz bat mugitu. Gerrako Estatuaren adierazpenaren eta milaka erreserbista mobilizatzearen ondoren, Gazako Zerrendako bonbardaketa gogorrek milaka biktima utzi dituzte dagoeneko, horietako asko haurrak, milaka zauritu, eta auzo osoak suntsitu dira. Zifra horiek izugarri igoko dira datozen egunetan, batez ere inbasio militar bat gertatzen bada, Israelek dagoeneko 100.000 soldadu eta ehunka ibilgailu blindatu bidali baititu mugara.

Erantzun beliko basati honek AEBen eta Europar Batasunaren oniritzia du, baita lurreko inbasio bat martxan dagoenean ere, hori Gazako bi milioitik gorako palestinarren aurkako indarkeriarik bortitzenaren bakarrik egin daitekeenean. Ikuskizun benetan tamalgarria. Joe Biden eta AEBetako Alderdi Demokrata, Ursula von der Leyen, Macron, Britainia Handiko lehen ministroa edo Pedro Sanchez buru duen eta PCEk, Podemos eta IU partaide dituen Espainiako Gobernua... Mendebaldeko Inperialismoaren gobernu ordezkariek Netanyahu eta bere Gobernu ultraeskuindarra babesteko lerrokatu dira.

Guztiek oihukatzen dute terrorismoa! Hamasen ekintza militarra aipatzean. Baina nazkagarria da ez dutela txintik esaten Israelgo Gobernu sionistaren estatu-terrorismo sistematiko eta kriminalaren inguruan. Beti justifikatu izan dute herri palestinarra zapaldu duen guztietan. Bortizkeria kolonial eta inperialistako historia luzearen oinordeko diren Mendebaldeko "demokrata" hauek ditugu Netanyahuren Gobernuaren babesleak, hain zuzen, Gaza mapatik behin betiko ezabatzea eta palestinarren aurkako garbiketa etnikoa exijitzen duten erakunde ultraortodoxo faxistek osatzen duten Gobernuaren babesleak.

Ez da kasualitatea duela egun batzuk Netanyahuk genozidio naziaren errua Hitlerri beharrean arabiarrei leporatu izana. NATOko aliatuek apenas ez diote ezer erantzun. Hori da "demokrazia" israeldarra, faxistak ditu buru eta AEBk eta Europako aliatuek azkenera arte defendatzen dute.

Zinismoa eta hipokrisia. Ultraeskuindarrez eta naziez josiatako Ukrainako Gobernua lepo armatu dutenak eta bere burua defendatzeko eskubideaz hitz egiten dutenak, Palestinaren okupazio sionista basatiaren konplize eta erantzule dira. Apartheid politika arrazista batean oinarritutako okupazioa da, Hegoafrikako herritar beltzak pairatu zutenaren parekoa, eta giza eskubideen krimen eta urraketa sistematikoetan oinarritzen dena. Horregatik ezin gaitezke engainatzen utzi mendebaldeko propagandarekin. Israelek bere burua defendatzeko duen eskubideari buruz behin eta berriz egindako adierazpenak deiadar garbiak dira herritar zibil palestinarrak sarraskitu ditzaten.

Palestinako herriak bere burua babesteko eskubidea du sarraski sionistaren aurrean

Hamasen operatiboa ez da zeru oskarbi batetik erori, eta ez da ustekabeko zerbait izan. Hamarkadetako zapalkuntza jasanezina etengabe larriagotu da azken urteotan eta milaka palestinar hil dira militarren erasoaldien eta eguneroko errepresioaren ondorioz.

Azken hilabeteotan, talde ultraortodoxo fanatikoenek agenda markatzen dioten gobernuaren probokazioak areagotu egin dira: ekintza errepresiboak Jerusalemgo palestinarren sinbolo den Al-Aqsako meskitan; zibil palestinarren hilketak, haurrak barne, kolonoen talde paramilitarrek eskutik, polizia eta justizia sionistaren babes osoarekin; etxeak eta uztak suntsitzea, ehunka familia palestinar beren etxeetatik kanporatzeko eta kolonia sionistak hedatzeko; meskitak, eskolak, ospitaleak eta eraikinak bonbardatzea, hala nola nazioarteko GKEenak, Mugarik Gabeko Medikuenak edo UNRWA [1]; dozenaka erasoaldi militar Zisjordanian eta Gazan, eta aurten ia 700 hildako, kontuan hartu gabe egun hauetako bonbardaketen hildakoak; milaka presoak eta zibil errugabeen aurkako tortura sistematikoak. Hau da Palestinako herriaren egunerokoa.

Eta horri guztiari gehitu behar zaio Gazan bizi den egoera desesperatua, munduko kontzentrazio-esparrurik handiena bihurtu dena, palestinarren Varsoviako ghettoa, politika genozida honen ondorioz muturreko pobrezian 2 milioitik gora pertsona baitaude pilatuta. Ezinezkoa da lurraldetik irtetea, ezta janaria, botikak edo baliabideak jasotzea tantaka ez bada; biztanleriaren ia erdia gose-egoera larrian dago; ezin dira berreraiki suntsitutako milaka eraikin, Israelek bonbardatutako ospitaleak barne, materialik ez dagoelako; eta apenas dago elektrizitaterik, lau orduz baino ez egunean, Israelgo Gobernuaren murrizketa berrien ondoren. Gerrako eta gizateriaren aurkako krimen argia den setio militar eta ekonomikoa da, eta AEBk eta Europako gobernuek estali eta justifikatu egiten dute.

Testuinguru horretan, iruzur latza da palestinarren erresistentzia edo Hamasen ekintzak Israelgo Estatuaren indarkeriarekin parekatzea. Gazako palestinarrentzat, etorkizunerako inolako itxaropenik ez dutenentzat, eguneroko izugarrikeria jasaten dutenentzat, borrokatzea da alternatiba bakarra, ez baitute ezer galtzeko. Nazioarteko Ezker Iraultzailetik herri palestinarrak bere indar guztiekin estatu hiltzaile eta kolonialista sionistaren aurka borrokatzeko duen eskubidea defendatzen dugu, baita masa-mobilizazioetarako, greba orokorrerako eta, jakina, autodefentsa armaturako eskubidea ere. Ez gara zeharka jartzen eta ez dugu jarrera ekidistanterik. Azalduko dugun bezala, kontua da zein programa politikoren pean eman daitekeen borroka hau burgesia sionista eta bere aparatu errepresibo eta militarista boteretik kentzeko. Eta hor frogatzen da Hamasen eta milizia islamisten estrategia integrista eta burgesa, azken batean, gauzaeza dela.

Inork ez zekien ezer? Nori laguntzen dio agertoki berri horrek?

Hamasen erasoaldi hau, Yom Kippur gerraz geroztik -duela 50 urte-, Israelgo lurraldean egon den erasorik handiena izan da. 700 hildako baino gehiago eragin ditu jada Israelgo herritarren eta militarren artean. Ehunka miliziano lehorretik, itsasotik eta airetik sartu dira Israelen, kolonoen mugako hiriak hartuz. Bai, palestinarrak tirokatzea eta hiltzea libre duten kolono berberak hain zuzen, beren etxeetatik Gazako bonbardaketa kriminalak ospatzera eta gozatzera ateratzen direnak. Hamaseko indarrek base militar bati eraso diote, gerra-materiala eskuratu dute, polizia-etxeak hartu dituzte eta 100 inguru bahitu dituzte, Israelgo armadako agintari militar batzuk tartean, negoziatzeko erabili nahi dituztenak. Baina ez dago  batere argi negoziaziorik egongo den. Ikusten ari garenez, Estatu sionista mendeku odoltsurako prestatzen ari da, bere Irailak-11 dela esanaz.

Testuinguru horretan, analista eta komunikabide askok etengabe adierazten dute Israelgo inteligentziaren porrot historiko baten aurrean gaudela, ziurrenik munduko onenetakoa. Egia al da hori? Benetan Mosad-ak eta CIAk ez zuten inolako informaziorik Hamasen tamaina horretako operazio baten aurrean, gainera Iranek ere parte hartu duela esaten ari direnean? Benetan munduko muga militarizatuenetako bat, edozein mugimendu detektatzeko gai zen puntako teknologiarekin duela gutxi amaitutako segurtasun hesi batekin [2], ez zegoen prestatuta horrelako eraso bat saihesteko?

Egia esan, azalpen horrek ez du sinesgarritasunik. Hainbat aditu militarren artean, Kobi Laviek, erreserbako teniente koronela eta Defentsa Ministerioko Palestinako Gaien Adarreko (COGAT) buruzagi ohiak zera esan zuen: "Ezinezkoa da Gazan tamaina horretako operazio bat antolatzea Israelek jakin gabe. Inteligentziaren informazioa bazegoen. Informazio hori ulertzeak huts egin du. Badira hiruzpalau hilabete gerra bati buruz hitz egiten ari direla ". Horri gehitu behar zaio, Gazako mugatik hiru batailoi mugitu zituztela Zisjordaniara, babes gutxiagorekin utziz. Ez dirudi, beraz, segurtasun akatsen kate baten aurrean gaudenik.

Hamasen erasoaldi hau Israelen une kritiko batean gertatu da. Oposizioak salatzen duen erreforma judizialak justizia sistemaren "independentziarekin" amaituko du, eta, besteak beste, Netanyahu errugabetzea du helburu leporatzen zaizkion ustelkeria kasu ugarietatik, [3]. Horrek gizartean haustura sakona eta klase agintarian barne zatiketak eragin ditu.

Netanyahu erregimen totalitario eta bonapartista eraikitzen ari da. Horretarako, fanatiko ultra ortodoxoetan oinarritzen ari da, araudi sozialari eta askatasunen errepresioari dagokienan, Irango Mollah-en antzeko Estatu bat eskatzen ari baitira. Laikotasunaren edozein elementu suntsitu nahi dute eta gizartea Erdi Arora eraman. Jakina, Israelgo erregimen politikoa oso atzerakoia da, eta Palestinako herriaren aurkako zapalkuntzan oinarritzen da, baina ehunka mila israeldar ez daude prest halako atzerakada irensteko. Egoera hain larria da, ezen Israelgo presidenteak, kargu sinboliko hutsa, duela hilabete batzuk ohartarazi baitzuen gerra zibileko arrisku larria zegoela.

Aurtengo uztailean, 10.000 erreserbistak gutun bat sinatu zuten, Gobernuaren deriba autoritarioaren aurrean lurralde okupatuetara joateari uko egingo ziotela mehatxatuz. Armada barneko zatiketa gero eta handiagoa eta arriskutsuagoa da, eta Amiram Levin jenerala bezalako agintari militar ohiak Zisjordaniaren okupazioa publikoki salatzera bultzatu ditu, Alemania naziak egindakoen pareko "gerra krimena" dela esanaz [4]. Orain, Hamasen inbasioaren ondoren, erreserbistak Gobernuari baldintzarik gabeko babesa ematen ari dira, eta oraingoz armadako hausturak ixten ari dira.

Hamasen erasoa, bere asmoa dena delakoa izanik ere, Netanyahuk zuen egoera kaskarrari buelta emateko bitartekoa bihurtu da. Tarte handiagoa eman dio “batasun nazionala” aldarrikatzeko, “gerra luze eta zail” baten aurrean, eta bere politika totalitario eta militarista sakontzeko. Israelgo Gobernuak inteligentziaren eta armadaren ustezko segurtasun akatsen ikerketa guztiak ezkutatuko ditu, eta gerra-egoeraren bidez -aurreko gatazketan ez zen ezarri-  are gehiago mugatuko ditu eskubide demokratikoak, Gobernuaren aurkako manifestazioak eta protestak debekatuz.

Epe laburrean, batasun nazional hori lortuko da, eta Gobernuaren eta gizartearen joera autoritario eta atzerakoienak indartuko dira. Hala ere, Israelek bizi duen muturreko polarizazioa ez da desagertuko. Polarizazio horren oinarria ekialde hurbilean potentzia gisa duen gainbehera, eta ezberdintasun sozialak eta pobrezia nabarmen handitzea ekarri duen kapitalismoaren gainbehera dira.

Bestalde, Netanyahuren bazkideen eta Gobernutik kanpo dagoen eskuin-muturreko oposizioaren izaera faxista eta integrista dago. Palestinar guztiak garbitzeko, Libanon Hezbollah-ren aurkako borroka ireki bat hasteko, eta Iranekin ere gerra hasteko planteatzen ari dira eta ezegonkortasuna elikatzen jarraituko dute, ez bakarrik Israelen, baita eskualde osoan ere. Horregatik, oposizioko buruzagi nagusiak, Yair Lapidek, batasun nazionaleko gobernu batean sartzeko Netanyahuri bere muturreko bazkideekin haustea eskatu dio. Baina ez Palestinarekin elkarrizketarako politika planteatzen duelako, baizik eta eraso militar bortitza bermatzeko, maila berean baina helburu zehatzetara mugatuko dena.

Arrisku handiko dinamika Netanyahurentzat eta mendebaldeko inperialismoarentzat

Fanatismo chauvinistaren testuinguru horretan, Netanyahuk eta Israelgo oligarkiak Gazaren aurkako eraso militarra hasi dute. Eraso hori suntsitzailea izango da, eta Zisjordanian kanpaina gogorra egingo dute kolonoen asentamenduak eta indarkeria sustatzeko.

Jarrera diktatorialen aldeko dinamika horrek are gehiago indartuko ditu fundamentalista sionistak, eta Israelen barruan bizi diren arabiarrak izango ditu jomuga, eta, ondoren, sektore laikoak, emakumeak edo langile-mugimendua bera. Hainbat hilabetez Netanyahuren eta eskuin muturraren kontra masak mobilizatu eta soken kontra jarri ondoren, orain mendekua hartzeko aukera izango du. Horrexegatik, ezkerrak edo mugimendu sindikalak Netanyahurekin adostutako batasun nazionaleko edozein politika benetako suizidioa da.

Nolanahi ere, analista askok adierazi duten bezala, Gazako erasoak ere arazoak izango ditu. Lehenbizikoa, Palestinako erresistentzia armatua. Ezer galtzeko ez duten langile berriak sartuko ditu, eta inbasioari aurre egingo diote, Israelgo armadari baja garrantzitsuak emanez, batez ere herriz herri eta etxez etxe egiten den borroka batean. Baina “garaipenaren” ondoren ere, zein da plana? Gazako okupazio militarra oso garesti mantentzea? Dozenaka mila palestinar hil eta gainerakoak itsasora bota? Gazan Palestinako Agintaritza Nazionala (PAN) berrezartzen saiatu, Zisjordanian egiten ari den bezala lankidetza-indar gisa jardun dezan? Horrelako ezerk ez du funtzionatuko epe ertainean.

Bortizkeria sionistak, egiten ari den bezala, elkartasun-mugimendua eragingo du behetik mundu arabiar osoan, eta presioa eragingo die palestinar gatazka aspaldi utzi zuten gobernu erreakzionario eta ustel horiei guztiei. Horregatik Israelek Qatarretik edo Saudi Arabiatik jasotako kondenak eta Liga Arabiarraren hurrengo bilera. Egoera horrek eskalada arriskutsu bat eragin dezake, lehenik eta behin Hezbollahrekin Libanon, eta horrek talka militar handiak eragin ditzake eskualdean. Iranen aurkako salaketak ildo horretatik doaz, nahiz eta potentzia inperialista, erregional eta mundial, arabiar eta ez-arabiar guztiek ahaleginak egingo dituzten, herri palestinarraren borroka eta sufrimenduarekin zerikusirik ez dutenek, gatazka Gazaren suntsipenera mugatu dadin.

Testuinguru horretan, ez dio Netanyahuk bakarrik egoera horri etekina atera nahi. Propaganda-ahalegin guztiak Israelen zentratzea ere lehen mailako behar politikoa da Ipar Amerikako inperialismoarentzat eta EBko aliatuentzat, Ukrainan gero eta nabarmenagoa den hondamendia ezkutatzeko. Hori dela eta, eraso diplomatikoa egin zuen NBEn, Israelentzat baldintzarik gabeko laguntza eskatuz. Izan ere, Israelek ez zuen lortu Segurtasun Kontseiluaren aho bateko adostasunik, eta Errusiaren eta, bereziki, Txinaren aurkako salaketak egin zituen Israeli ez laguntzeagatik eta Hamas ez kondenatzeagatik.

Koiuntura aprobetxatuz, AEBk erabaki du hegazkin-ontzi nagusietako bat Mediterraneora eramatea, inguruko herrialdeetan palestinarren kausari babesa ematen diotenen aurkako ohartarazpen-operazio batean eta Israelgo Gobernuari babes osoa emateko.. Europar Batasunak ere ez du gutxiago izan nahi, eta argi utzi du Palestinako biztanleak belauniko jarriko dituela. Hasteko, EBko aurrekontu komunaren kontura agintari palestinarrei egin behar dizkien ordainketa guztiak bertan behera utzi ditu, Olivér Várhelyi Auzotasun Politika eta Zabalkunderako Europako komisarioak iragarri duenez: "Palestinarren emaile nagusi gisa, Europako Batzordeak bere garapen-zorro osoa berrikusten du, 691 (milioi) euroko balioan", idatzi du zital horrek X-n, lehen Twitter.

Aukera iraultzaile eta sozialista batek bakarrik suntsi ditzake gerra eta basakeria

Palestinako gatazka belikoak oso izaera desberdina du. Horregatik, kontua ikuspegi militarretik soilik planteatzea akats nabarmena da. Ausardia, adore eta erresistentzia-gaitasun izugarria izan arren, palestinarrek ezin dute gerra garaitu israeldar makina militarraren aurka, ez bada masa-mugimenduan, klase-elkartasunean eta nazioarteko ikuspegi iraultzailean oinarritzen.

Israelgo langile-klasearen eta gizarte-mugimenduen babesa konkistatzea, faxismo ultra ortodoxoaren mehatxuari ere aurre egiten baitiote, erabakigarria da Palestinako auziaren garaipenerako. Horrela ikusi da hilabete hauetan, eta iraganean indartsu agertu zirenean protesta-mugimenduak Israelen, palestinarren nahien aldeko korronteak indartu egin ziren. 2021ean Gazako bonbardaketa masiboetan gertatu zen bezala, Palestinako eta Israelgo greba orokorrak geldiarazi zuen eskalada. Eta halaxe gertatu zen lehen eta bigarren Intifadan ere. Klase-metodoen bidezko borroka iraultzaileak, eta ez integrismo erlijiosoak, lotu ditzake Palestinako masa zapalduak Israelekoekin, eta herri juduaren ideia sionista eta atzerakoien babesa zapuztu.

Hamásen ekintza propaganda-kolpe bat da, Gaza erabat etsita baitago. Al-Fatah-ren aurrean duen eragina sendotzen duen kolpea da. Duela urte batzuetatik hona, Israelek Zisjordanian duen politika kolonialistaren ardatz gisa jokatzen baitu honek, eta han ere posizioak galtzen ari dira, bai eta gera dakiokeen autoritate eskasa ere. Hau da Palestinaren Askapenerako Erakundearen(PAE) eta Osloko Akordio ospetsuen legatu tristea, ezkerreko sektore askok, iraultzaileak barne, palestinarren arazoa konpontzeko bide gisa babestu zutena.

Hala ere, aldi baterako propaganda-kolpe horretatik haratago, beste batzuetan gertatu den bezala, Hamasen integrismo erlijiosoa ez da alternatiba bat. Hamás Teheranen tresna bat da, diktadura teokratikoa den erregimen batekoa, eta odolez busti ditu urte hauetan Iran astindu duten herri-altxamenduak. Ez dute politika iraultzailerik, ez klasekorik, ez internazionalistarik, erlijiotsua eta proburgesa baizik.

Gazan frogatu duten bezala, Hamasen zuzendaritza Palestinako burgesia erosle eta komertzialaren sektore zabal batean oinarritu da, kapitalista israeldarrekin negozio onak egiten dituztenak, eta elite bat aberasteko aukera eman du, masa palestinarren eguneroko arazo larriei aurre egiteko eta horiek konpontzeko gai ez dela erakutsi duen bitartean. Haren integrismo obskurantistak, gainera, uxatu egiten ditu sektore ezkertiar eta borrokalariak, bai Israelen bai nazioartean.Ekintza militar isolatu bat, Israelgo herri osoa etsai gisa planteatzen duena, inolako klase-bereizketarik gabe, nahiz eta tamaina handikoa izan, kontrakoa bihurtuko da. Ez du sionismoa ahulduko, indartu baizik, bere elementu ultraeskuindarrei oxigenoa emanez.

Palestinako askapen nazionala lortzeko, Netanyahuren gobernu hiltzaileari aurre egiteaz gain, palestinar eta arabiar burgesiari ere aurre egin behar zaio. Palestinako klase dominatzailea okupazioaren konplizea da, eta Camp David eta Osloko akordioen aldekoa izan zen. Burgesia arabiar ustel eta salduaren eranskin bat dira. Washingtonek eta Bruselak emandako jarraibideen arabera jokatu dute askotan, baita beren herriko kartzelari gisa ere.

Palestinako herria eta masa zapalduak behin baino gehiagotan traizionatu dituzte. Zintzo onartu behar da, eta ondorioak atera behar dira. Alternatiba ez dira Irango mulak, ez da integrismo fundamentalista, baizik eta estrategia eta politika iraultzailea, masa-borroka, greba orokorra eta matxinada oinarri dituena, Palestinako eta Israelgo zapalduak batzeko eta okupazioari esker elkarrekin negozioak egiten dituzten kapitalista israeldar eta palestinarrak desjabetzeko gai den programa sozialista babestuz. Horrelako programa batek masa palestinarren aspirazioak  masa israeldarren borroka gero eta handiagoekin lotuko lituzke.

Garaia da inperialismoak zapaldutako herriekiko elkartasun internazionalistarako, hamarkadetan zehar jasandako okupazio- eta sarraskiaren aurka masa palestinarren borroka babesteko, eta makina sionistaren porrota posible egingo duen politikarako. Eta hori iraultza sozialistaren programa eta metodoekin bakarrik lortuko da.

Gora Palestinako herriaren borroka!

Gora Arabiar Iraultza Sozialista!

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.