Netanyahuren gobernu sionista, kolonialista eta faxistak herri palestinarraren aurka piztutako sarraskiak ez du etenik. Gazako iparraldea suntsitu du dagoeneko, eta oraindik funtzionatzen ari diren ospitale bakanak ere setiatu ditu (frankotiratzaileak erabilita) eta ura, elikagaiak eta sendagaiak eskuratzeko aukera galarazten die. Hori nahikoa ez, eta erasoaldi militarrak gupidarik gabe jarraitu du Khan Yunis hirian –hegoaldean¬, Rafahetik 10 kilometro baino gutxiagora–; Egiptorekin mugakidea den hiri horretan, ihes egindako milioi bat gazatar pilatuta daude jadanik, hots, 12.000 kilometro koadro bakoitzeko.


Estatu sionistak piztutako indarkeria genozidak errauts bihurtu nahi du Gazako Zerrenda, eta, ahal bada, hango biztanleria Egiptora kanporatu, lurraldea behin betiko anexionatzeko [1]. Eskuin mutur sionistaren sektorerik erotuenen eta supremazistenen ametsa zirudiena gauzatzen ari da, etnia garbiketa eta 30eko hamarkadako erregimen faxisten berezko metodoak erabilita.

Gobernuaren barruko sektore fanatikoenek eta armadako buruzagiek dute agintea, eta amets hori osatzeko, Zisjordaniako palestinarrak lekuz aldatu eta esku hartze militarra Libanoko hegoaldera hedatu nahi lukete, Litani ibairaino; horixe egingo dutela mehatxatu dute. Horrexegatik ari da gobernu sionista etengabeko erronka eta probokazioetan, hala nola berriki Hamaseko adar militarraren arduradunaren hilketa Libanoko lurraldean. Helburua agerikoa da: mugak hedatzea eta euren proiektu inperialista burutzea: Israel Handia eratzea.

Erregimen sionistak nazien terrorea inposatzen du

Suntsiketa basati honen kopuruak jasanezinak dira. 30.000 hildako inguru (biztanleriaren % 1,4); 10.000 haur baino gehiago; biktimen % 90 zibilak dira –kalkuluen arabera, 7.000 daude eraitsitako hondakinen azpian–; 60.000 gora zauritu eta 1,9 milioi lekualdatu, Gazako ia biztanle guztiak. Hamarnaka mila etxe suntsituta eta ehunka mila familia palestinar aterperik gabe, negu gorrian. 89 kazetari erailda [2], aurreko beste edozein gatazkatan baino gehiago, hartara munduari genozidioa ezkutatu nahian. Eta gosearen eta epidemien aurreikuspen beltza, giza hilketa masibo baten mehatxuak dakarrena, ez baitago elikagairik eta ospitaleak zein osasun zerbitzuak suntsitzen ari baitira. Kenneth Roth NBEko Giza Eskubideetako buruak adierazi zuen moduan, egoera apokaliptiko baten aurrean gaude, Gazako herritarrak guztiz kanporatzeko baldintzak sortzeko helburuarekin.

Baina Israelen estrategia hori, beste edozein erregimen faxista eta militaristarena bezala, ez da ustekabe edo txiripa hutsa; era berean, ez da soilik sektore fanatizatuenen eromenaren ondorio ere, baizik eta xehetasun handiz diseinatutako politika bat, ahalik eta ikara eta astindu handiena sortu nahi duena, dituen helburu guztiak ahal den azkarren erdietsi ahal izateko.

Eskuin muturreko alderdi ultraortodoxoak ez dira palestinarrak akabatzeko deia aho betean egiten duten partidu bakarrak. Likud alderdia ere berdin jokatzen ari da: buruak beste Nakba bat eragin behar dela esaten ari dira, argi eta garbi; eskuineko alderdi tradizional hori Alemaniako CDUren, Ingalaterrako Alderdi Kontserbadorearen edo espainiar Estatuko PPren alderdikidea da nazioartean. Eta berdin ari dira armadako buruzagiak eta burgesiaren sektore zabalak, etekina atera nahi baitute garbiketa etnikoari esker [3]. Eta ezin ahaztu oposizio liberal eta laikoa bera –berdin da Netanyahuren gobernuaren barruan nahiz kanpoan dagoen–; izan ere, ez du inola ere zalantzan jarri Israelgo armada Gazan gauzatzen ari den jardun genozida.

Haaretz egunkariak argitaratu duen bezala [4] (Euro-Med Human Rights Monitor giza eskubideen aldeko erakundeak baieztatu du gero), Gazan harrapatutako gerrako presoak eta biztanleria zibila exekutatzen ari dira izu estrategia horren barruan, edo ospitale bateko pazienteak eta zaurituak bizirik lurperatzen, PANek salatu duenez [5]. Hain dira krimen ankerrak, ezen gero eta gehiago ekartzen duten gogora Waffen SSek Europako ekialdean izan zuten jarduteko modua, hain zuzen juduen, ijitoen, errusiarren, poloniarren eta abarren aurka gauzatu zuten sarraski kanpainan erakutsitakoa.

Zisjordanian ere, etenik gabe jarraitzen du palestinarren jazarpenak eta sarraskiak, dela kolonoen falange faxisten eskutik, dela hiri eta errefuxiatu esparruetan egindako eraso militarren bidez. Erasoaldi horrek 301 palestinar hil ditu dagoeneko urriaren 7tik –haietatik 73 adingabeak ziren–, eta, oraingoz, terrorea ezarri du okupatutako lurralde osoan.

AEBk eta Europak bermatu eta finantzatutako genozidioa

Delitu horiek guztiak inpunitate osoz egin ditzake Netanyahuren gobernuak; ez alferrik, Biden Administrazioaren, EBren eta Europako gobernuen babes irmoa jasotzen ari da, baita mundu arabiarreko diktadura ustelena ere. Laguntza hori gabe ezinezkoa izango litzateke giza sarraski hori gauzatzea. Hain zuzen, Israelekin harreman ekonomiko eta negozio guztiak bere horretan mantenduz eta erasoaldiari eusteko material militarraz eta lehengai erabakigarriez masiboki hornituz laguntzen dute Israel.

Bidenek edo Blinken estatu idazkariak adierazpenak egin dituzte Israelek operazio "kirurgikoagoak" egitearen eta zibilen heriotza "alferrikakoak" saihestearen alde; era berean, argi mintzatu dira bi estatuak eratzeko konponbidea errespetatzeko eta Gaza PANen eskuetara itzuliko dela bermatzeko beharrari buruz. Bada, adierazpen horiek guztiek begi bistan uzten dute haren aliaturik irmoenak ere ohartzen direla genozidioaren tamainaz. Baina hipokrisiaz eta zinismo arbuiagarriz beteriko dei horiek ere alferrikakoak izan dira.

Izan ere, Netanyahuren eskuin muturreko gobernuak ondo baino hobeto daki aliatuek haien beharra dutela eta edozer egiteko bidea zabalik uzten dietela; horren adibide, hona zer esan zuen Alexander M. Haig-ek, Reaganen gobernuko estatu idazkariak: "Israel da Estatu Batuetako hegazkin ontzi handiena". Ahozko tirabira batzuk gorabehera, AEBren laguntza diplomatikoak (NBEn ebazpen oro geldiarazita, besteak beste) eta laguntza ekonomiko itzelak etenik gabe jarraitzen du eta jarraituko du aurrera.

Urtero-urtero, AEBko administrazioak 3.800 milioi dolar ziurtatzen dizkio Israeli, azken hamarkadetan AEBren laguntza handiena jasotzen duen estatuari. Eta hori nahikoa ez, nonbait, eta orain, eraso genozida bete-betean, Kongresuak eta Biden gobernuak beste 14.000 milioi onartu dituzte Gazako erasoaldi militarra iraunarazteko, hots Israelen 2023ko aurrekontu militarraren % 22ren baliokidea (63.000 milioi dolar). Argi dago AEBk nahi izango balu sarraskia berehala amaituko litzatekeela.

Eta beste horrenbeste esan dezakegu EBri eta Europako gobernuei buruz. Ez Borrellen edo Pedro Sanchezen gezur negarrek, ez zibilen heriotzak jasanezinak direla dioten diskurtso hutsek ez dute eragotzi Israelekin dituzten akordio eta negozio guztiei eustea, ez eta Palestinako herria zapaltzeko material militarraren esportatzen jarraitzea ere, edo orain Borrellek EBren misio militar propioa (AEBrekin batera) prestatzeko beharra proposatzea, Itsaso Gorriko nabigazioa babesteko. Alegia, estatu sionista babestu eta laguntzeko.

Israelek bere burua defendatzeko duen eskubidearen gainean behin eta berriz egindako adierazpenek (tartean Pedro Sanchezenak), eta Netanyahurekin biltzeko Europako agintari guztiek egindako bisitek babes politiko erabakigarria eman diote, eta zilegitasuna aitortu diote gerrako kriminal horri.

Baretze politika hori ez da Europako potentzia "demokratikoak" deiturikoek – Frantziak eta Britainia Handiak¬– eta AEBk Hitlerren gorakadaren aurrean jarraitu zutenaren oso bestelakoa: ahozko kritika batzuk gorabehera, eskuak libre utzi zizkioten Sudeteak konkistatzeko; Francori laguntzeko; Austria inbaditzeko; diktadura faxista militar odoltsu bat ezartzeko; juduei, ezkerreko militanteei eta beste gutxiengo batzuei (ijitoak, esaterako) jazarri eta sarraskitzeko; edo leporaino armatzeko, Bigarren Mundu Gerrako triskantzarako prestakizunetan.

Ez herrialde arabiarrak, ez Iran, ez Txina ez dira herri palestinarraren aliatuak

Baina Netanyahuk eta bere kide faxistek ez dute jasotzen soilik mendebaldearen laguntza. Gobernu arabiarren politika kolaborazionistaz ere baliatzen dira, ez baitute zirkinik ere egin herri palestinarraren alde. Eta txinatar eta errusiar inperialismoa, halaber, guztiz geldi dago: keinu diplomatikoak egiten dituzte NBEn, baina benetan zera baino ez dute nahi: eremu horretan negozio onak egiten jarraitu, merkataritza akordioak sendotu eta kosta ahala kosta ekidin gatazka militarra gogortu eta hedatu dadila.

Hutiek Itsaso Gorrian egindako erasoek, mugatuak diren arren, agerian uzten dute zer-nolako zailtasunei egin behar izango lieketen aurre sionismoak eta Estatu Batuetako inperialismoak. Bab el Mandeb itsasarteko itsas trafikoa etetea arazo larria bilakatzen ari da; izan ere, Afrika guztia inguratu behar izateak % 40 igoarazten ditu garraioaren kostuak. Kontuan hartu behar da Bab el Mandeb itsasartetik igarotzen dela munduko itsas merkataritzaren % 12 eta edukiontzien trafikoaren % 30. Trafiko etenaldi hori bereziki larria da Egiptoko gobernuarentzat, Suezko kanalaren beharrean baitago bere ekonomia suntsitua finantzatu ahal izateko.

Herrialde arabiarrek, LPEEk eta Errusiak petrolio eta gas enbargoa planteatuko baliete Israeli, AEBri eta Europari, modua izango lukete su etena behartzeko eta estatu sionistak basakeria gehiago egin ditzan ekiditeko. Baina ez dira horretan ari. Iran edo Hizbulla (Libanon), berriz, gobernu eta erakunde integrista eta burgesak dira, eta Txina eta Errusiaren tankerako potentzia inperialistei lotuta daude; ororen gainetik, euren negozio eta interes geoestrategikoak defendatzen dituzte, eta beren herriak gogorki zapaltzen dituzte eskubide demokratikoak eta justizia soziala eskatzeko matxinatzen direnean.

Palestinar herriaren kausak ez du inoiz irtenbiderik aurkituko bloke inperialista baten edo bestearen magalean, edo eskualdeko potentzia baten edo beste baten mende jarrita. Aliatu sendo eta fidagarri bakarra du: langile klasearen eta gazteriaren elkartasun internazionalista; izan ere, bera da gobernu askori arazoak sortzen ari zaizkien indar bakarra da, eta berak baino ezin du estatu sionistaren sarraskia geldiarazi, besteak beste AEB, Erresuma Batua, Frantzia, Alemania, Espainia edo herrialde arabiarretako kaleetan egiten ari den mobilizazio masiboen bidez, enpresa sionisten aurkako ekintzak gauzatuz eta grebaren arma baliatuta.

Israel, munduko eskuin muturraren lehen lerroa


Ez da halabeharrez gertatu mundu osoko eskuin muturrak (hala nola Milei, Trump, Meloni eta Abascal) beso-zabalik hartu izana kausa sionista, ez eta genozidioa argi eta garbi defendatzea. Netanyahuren gobernua errealitate berri honen ordezkaririk aurreratuena eta ankerrena da, hain zuzen ere batzuek doktrinarismo estu batetik begiratuta –"teoria marxistatzat” hartzen dena¬–, mespretxatzen jarraitzen duten errealitate batena.

Netanyahu eta haren aliatuak gerra baliatzen ari dira diktaduraranzko lerradura areagotzeko eta Israelgo gizartearen militarizazio are handiagoa ezartzeko. 30.000 arma baino gehiago banatu dituzte eskuin muturreko kolonoen talde paramilitarren artean, ez soilik palestinarrak kolpatzeko asmoz, baizik eta barneko disidentziari ere jazartzeko helburuarekin, hala Israelgo arabiarrei, nola bilakaera diktatorial teokratiko horren aurka dauden sektore laiko, ezkertiar eta feministei.

Aspaldi ez duela, lege multzo bat aurkeztu dute Knesset-en edozein herritarren komunikazioetan esku hartu ahal izateko, epaileen baimena edo kontrola eskatu beharrik gabe; gainera, "material terroristaren kontsumo" hutsa delitu bihurtzen duen arau bat onartu da, zehazki halakotzat hartzen dela zehaztu gabe. Sare sozialen erabilera pasiboagatik espetxeratu ahal izatea da xedea. GKE askoren arabera, arau horrek "pentsamenduaren zaintza" abian jartzea dakar berekin, orwelldar estilo petoan, eta oraingoz ez du parekorik munduko beste inongo herrialdetan.

Bestalde, urriaren 7tik aurrera debekatu egin da gerraren aurkako edonolako manifestazio, protesta edo ekintza egitea, edo Palestinako herriari nolabaiteko elkartasuna adieraztea dakarren ekimen oro; dozenaka pertsona galdekatu eta atxilotu dituzte protestak itoarazteko. Aldi berean, baimendu egin dituzte palestinarrak kanporatzea edo erailtzea eskatzeko martxa ultraeskuindarrak. Aurreko epaietan ez bezala, Auzitegi Gorenak berak bermatu ditu debeku horiek orain, hain zuzen ere Netanyahu eta haren gobernuaren aurrean oposizio liberalak "demokraziaren" azken bermetzat jo izan duen auzitegiak. Orain argi ikusten da, halaber, zer-nolako zeregina betetzen ari diren auzitegiak estatu sionistaren aparatuaren osagai gisa. [6] Irakaspen itzela Espainiako ezkerrean oraindik ere estatu kapitalista jendearen onurarako erabili behar delako erretolika botatzen digutenentzat.

Gizartearen militarizazio prozesu horren ondorioz, gero eta baliabide gehiago desbideratzen ari dira gerrarako eta lobby militarrerako, pobrezia eta desberdintasuna etengabe hedatzen ari diren herrialde batean: gaur egun haurren % 30i eragiten die pobreziak (ELGAko kopururik altuenetako bat). Israelgo Banku Zentraleko gobernadoreak berak ohartarazi du ezin dela areagotu gastu ez-militarra –hau da, gastu soziala–; ironikoki, aldi berean beste 5.500 milioi dolarreko partida bat onartu da defentsarako.

Netanyahuk eta haren gobernukideek, munduko eskuin mutur osoak bezalaxe, bateratu egiten dituzte, alde batetik, eskubide demokratikoen aurkako errepresioa eta gerrazaletasun amorratua eta, bestetik, politika ultrakapitalistak, helburu hauek lortzeko: ongizate estatuaren hondarrak desegitea eta edozein gastu sozial kentzea, murrizketak eta pribatizazioak ezartzea, eta enpresariei negozio handiak ziurtatzea –berealdiko zerga salbuespen, dirulaguntza eta laguntzen bitartez–. Horrexegatik bihurtu da Israel ELGAn desberdintasunik eta pobreziarik handiena duten herrialdeetako bat azken hamarkadan. Hartara, klase borroka pizten ari da herrialdearen barruan.

Aurreko adierazpenetan ere azaldu dugun moduan, Hamas-ek erasoa jo baino lehen eta Gazaren aurkako egungo oldarraldiaren aurretik, inoizko protestarik handienak ezagutzen ari zen Israel. Beste herrialde batzuetan bezala, eskuin mutur atzerakoienaren aurkako borrokak sustatu ditu protestak eta gizarteko indar metaketa hori; besteak beste, Netanyahuk agintean jarraitzen duen bitartean armadan parte hartzeari uko egiten zioten milaka erreserbisten jarreran ere agerian geratu da jarrera polarizatuak daudela.

Klase borroka hori erasoaldi militarrak aienatu du epe laburrean, eta denbora luzea beharko du aurreko indarrarekin suspertzeko. Zalantza izpirik gabe, haserrea ez da desagertu, eta begi bistan geratzen da Tel Aviven, Netanyahuren etxearen aurrean egindako protestetan, armadaren egoitzan bahituen askapena negoziatzeko agerraldietan, eta Israelgo armadak Gazan bahitutako hiru lagunak erail ostean berriki egindako manifestazioan. Baina arazo nagusia zera da, mobilizazio horiek, gerra aurrekoak bezala, ez dutela oraindik ere kemenez eta adorez salatzen herri palestinarraren aurkako genozidioa eta sionismoak apartheid erregimena eta zapalkuntza nazional gupidagabea sendotzeko duen erantzukizuna.

Israelgo langileriak, gizarte mugimenduek eta ezker militanteak, atzerakoien mehatxuari eta erlijio fanatismoaz zipriztindutako lerradura diktatorialaren arrisku larriari aurre egingo badiote, euren estatuari oldartu behar zaizkio lehenik eta behin, hau da, estatu sionistari eta herri palestinarraren aurka garatzen ari den politika arrazista eta kolonialistei. Ildo horretan, berebiziko garrantzia du Tel Aviven egin berri den manifestazioak, nabarmentzeko moduko lehenengoak,  mila pertsona baino gehiago elkartu baitzituen Palestinako herriari elkartasuna adierazteko eta Gazako genozidioa salatzeko. Estatu hori suntsitzen ez den bitartean –eta horretarako, burgesia sionista desjabetu behar da ezer baino lehen–, eta herri palestinarraren erabateko autodeterminazioa bermatzen ez den bitartean, ezinezkoa izango da gizarte justizia egotea, eta gero eta mehatxatuago egongo dira Israelgo masa zapalduen eskubide demokratikoak.

Herri palestinarraren askapena lortzeko, sozialismoaren alde borrokatu beharra dago

Herri palestinarraren askapen nazionaleko borrokari, estatu sionistaren eta haren politika supremazista eta kolonialistaren aurkako guduari, behin eta berriro egin diote traizio, eta irtenbiderik gabeko kale itsu batean geratu da, ez atzera eta ez aurrera, buruzagien politikaren erruz.

1987an Intifadak, lurralde okupatuetako masa altxamendu iraultzaile batek, Israelgo Estatua kinka larrian jartzea lortu zuen, besteak beste, Israelgo langileriako sektore garrantzitsuen elkartasun aktiboa piztu zuelako; bada, PAEren zuzendaritzak erabateko porrotera eraman zuen borroka hura, Osloko Akordioekin eta estatubatuar inperialismoak babestutako bi estatuen konponbidearekin; hain zuzen ere, segada hilgarria bihurtu da ustezko konponbide hori.

Ustezko irtenbide "errealista" hark –askapenerako bitarteko urrats halabeharrezko gisa defendatu zena– are gehiago zokoratu ditu palestinarrak estatu sionistaren tutoretzapeko lurraldeetan; praktikan, aire zabaleko kartzela handi bihurtu dira lurraldeok, eta herritarrak beren lurrean errefuxiatuak balira bezala bizi dira bertan.

Apartheid erregimen hori nazioartean legitimatu dute PAEk eta Palestinako Aginte Nazionalak (PAN). Tamalez, Israelgo kontratista gisa jarduten du PANek, poliziaren zeregina  bereganatuz eta bere herria zapalduz, burgesia sionistarekin etekin handiko negozioak egiten dituen bitartean. Burgesia arabiarraren eta Palestinako burgesiaren beraren menpe jartzeagatik eta ikuspegi sozialista zeharo alboratzeagatik gertatu da hondamendi hori.

Hamasek ere inoren mendekotasuna onartzen du, Qatarreko diktadura ultrakapitalista ustelaren dirulaguntzaren menpe baitago, edo Irango estatu islamiko burgesaren mende (langile mugimenduaren eta zapalduen etsai porrokatua berau). Alternatiba iraultzaile eta sozialistak talka egiten du ezinbestean Hamasen programa atzerakoi eta burgesarekin: talde horretako erbesteko agintariak Sudanekin, Turkiarekin eta baita Israelgo Estatuarekin ere negozio handiak egiten dituzten enpresetako goi mailako exekutiboak dira. [7] Ezker militantea, palestinarra zein nazioartekoa, itsu-itsuan Hamasen esanetara jartzeak ez dio ezertan lagunduko herri palestinarraren borrokari, lehenago ere Arafaten eta PAEren mende jartzeak lagundu ez zuen hein berean.

Hamasek azken urteotan izan duen jarrera ere argia izan da: 2017tik bere estatutuetan onartzen ditu Osloko Akordioak eta bi estatuen konponbidea (1967ko mugekin), eta 2021ean, aldiz, PAEn sartzeko aukera negoziatu du, hauteskundeak egitearen truke, baina bermatu du presidentetzak Abbas ustelaren esku jarraituko lukeela, hain zuzen Palestinako biztanleriaren % 80k baino gehiagok arbuiatzen duen presidentea, berriki egindako inkesta baten arabera.

Akordio hori lotuta zegoen, baina Israelek galarazi egin zuen, dituen hedatzeko asmoei segida emateko. Orain, Gazako sarraski bete-betean, erbesteko buruzagi nagusietako batek, Abu Marzuk-ek (Hamasen adar politikoko bigarren burua), Israelgo Estatua aintzatesteko aukera proposatu du. Urriaren 7ko erasoak porrota ekarri duela aitortzen ari da inplizituki.

Palestinar herriaren kausa masa borrokari esker nagusitu ahal izango da; horretarako, greba orokorraren tresna erabili behar dute, zapaldu guztiak guduan engaiatuko dituzten herri batzordeak eratu –lehenengo Intifadan gertatu zen moduan–, elkartasun internazionalistak lagunduta (Israelen barruan ere bai), eta langileen eta Palestinako gazteriaren parte hartze eta kontrol demokratikoan oinarritutako autodefentsa armatura jo behar da, talde integrista, zesarista eta ustelen aurka.

Palestinaren askapen nazionalerako borroka klase kontua da, eta arrakasta izango badu, ezinbestekoa da Ekialde Hurbilean iraultza sozialista garaile ateratzea. Iraultza horrek langile palestinarrek, Israelgoek eta gainerako herrialde arabiarretako langileek elkar hartzea eskatzen du, estatu sionista deuseztatzeko eta hango burgesia desjabetzeko, bai eta burgesia arabiarra eta palestinarra eraisteko ere, ezin konta ahala interesek eta negoziok lotzen baitituzte Israelekin, AEBrekin eta Mendebaldearekin.

Gazako genozidioak agerian jarri du auzia, argi eta garbi bezain gordin.
 
 Oharrak:

[1] Israelgo agerkari nagusietako batek, Times of Israel egunkariak, berri eman duenez, Netanyahuren gobernua beste gobernu batzuekin negoziatzen ari da, hala nola Kongokoarekin eta beste herrialde batzuetakoekin, errefuxiatu palestinarrak hartu ditzaten.  Israel en conversaciones con Congo y otros países sobre Gaza ‘voluntary migration’ plan

[2] Mundu Gerrak iraun zuen 6 urteetan 67 kazetari hil ziren, eta Vietnamgo gerrako 20 urteetan, berriz, 63.
[3] El negocio inmobiliario de la burguesía israelí impulsa el genocidio en Gaza
[4] Cientos de habitantes de Gaza arrestados en la guerra están encarcelados en el sur con la cubierta del ojo y las esposas la mayor parte del día
[5] Palestina pide investigar el enterramiento de pacientes y heridos vivos por excavadoras israelíes en Gaza
[6] Why Israel’s top court is greenlighting a civil rights crackdown
[7] Israel knew Hama's money source years before oct, 7 attacks

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.