Greba orokorra orain!
Genozidio sionistaren aurkako altxamendu internazionalistak sekulako indarra hartu du. Manifestazioak munduko bazter guztietan ugaritzen dira, eta langile mugimenduak ekintzari ekin dio Italiakoa bezalako greba orokorrak eginez. Presioa hain da handia, ezen bi urtez sarraski hori babestu duten mendebaldeko potentzia asko demagogikoki eta presaka baitabiltza existitzen ez den Estatu palestinar bat aitortzen dutela esanaz. Modu horretan, Netanyahuri ematen dioten laguntza militarra eta finantzarioa estaltzen saiatzen ari dira, baita ehunka mila gazatarren hilketan eta lurraldearen suntsiketan duten erantzukizun zuzena ere.
Gobernu inperialisten konplizitatea
24 orduko greba orokorrarekin Italia gelditu zuten irudiak kolpe latza izan dira. Irailaren 22an, Erroma, Milan, Genova, Bolonia, Napoli eta beste hainbat hiri milaka manifestariz bete ziren, sekulako indarra erakutsiz. Aparteko aurrerapausoa da hau eta txirrindulari Itzulian sionismoa zuritzea eragotzi zuen mobilizazio masiboari, edo Gazako kostaldera doan ontzidi humanitarioaren erronkari gehitzen zaio. Azpitik eragindako ekintza zuzena izan da taula politikoa astindu duena.
Milioika pertsona daude shock egoeran. Begien bistan Palestinako herriaren holokaustoa ikusten ari gara, naziek juduen aurka antolatu zutenaren parekoa. Horrek erantzun masiboa astindu du, Netanyahu babestu duten potentzien hipokrisia agerian utziz.
Presio handi horren ondorioz, Britainia Handiak, Kanadak, Frantziak eta beste herrialde batzuek berehala aitortu dute Palestinako estatua. Aurretik, Pedro Sanchezen Gobernuak ere egin zuen. Baina, egia esan, zer esan nahi du aitortza horrek Gaza zuzenean suntsitua izan denean? Herritarrak erailak eta gosete anker batera jazarriak izan dira eta Netanyahuren erasoaldi militarrak potentzia horien laguntza militar eta finantzarioarekin jarraitzen du.
Aitortza hau euren erantzukizuna ezkutatzeko estalki miserable bat da. Izan ere, "bi estatuen" konponbidearen alde egiten jarraitzen duen diplomazia ustelak ezkutatu egiten du aukera hori izan dela egungo hondamendia ekarri duena. Israel kolonialismoan eta herri palestinarraren aurkako garbiketa etnikoan sortutako Estatua da. Hainbat hamarkadatan, AEBetako inperialismoaren gerra tresna izan da Ekialde Hurbilean bere interesak defendatzeko. Estatu sionistari saritan sekulako laguntza militar eta ekonomikoa eman zaio. Eta hori ankerkeria sistematikoak egiteko baliatu du, etengabeko gerra erasoak eginez eta milaka zibil erailez, kartzeletan milaka preso palestinar pilatuz, lurraldeak legez kanpo okupatuz eta Zisjordanian banda faxista gisa antolatutako kolonoak erabiliz lurrak lapurtzeko.
Aspaldi salatu genuen Osloko Akordioak oso tresna baliagarria izango zirela lurralde okupatuetako apartheid sionistaren erregimena indartzeko. Akordio horiek Washingtonetik diseinatu ziren eta Palestinaren Askapenerako Erakundeko zuzendaritzak eta munduko ezker erreformistaren gehiengoak babes sutsua eman zien. Israeldarren armek kontrolatutako eta inguratutako Estatu palestinar baten fikzioak sufrimendu, zapalkuntza eta heriotza gehiago besterik ez luke eragingo.
Palestinako herriak estatu propioa izateko duen eskubidea ezin daiteke burutu Ekialde Hurbileko aginte kapitalista, inperialista eta sionistaren markoan. Palestinar herriaren autodeterminaziorako eskubidea iraultza sozialistaren eskutik baino ezin da etorri. Boteretik kentzetik estatu terrorista sionista eta baita Washingtonen txotxongilo diren erregimen arabiar burges eta ustel guztiak; izan ere, ez dute inoiz hatzik mugitu Palestinaren alde eta funtsezkoak izan dira Israelek estrategia zapaltzailean aurrera egin dezan.
Palestinako herriak bere lurraldean bizitzeko duen eskubidea sozialismoaren aldeko borrokarekin lotuta dago, hau da, Ekialde Hurbileko Federazio Sozialista bat eraikitzearekin, ezinbestekoa bizikidetza baketsu baterako oinarriak ezartzeko eta herri eta nazioen eskubide demokratiko guztiak errespetatzeko. Israelgo burgesiak Estatu palestinar independentea onartuko duelako ideia, oinarri kapitalista izan arren, erabateko fartsa eta utopia erreakzionarioa da. Ez dute inoiz onartuko, bi urte hauetan argi geratu den bezala.
Sionismoa, faxismoa eta mozkin kapitalistak
Sionismoaren, trumpismoaren eta faxismo globalaren izurri arrearen aurkako borroka, arrakastaz ematekotan, programa iraultzaile eta internazionalistan oinarritu behar da. Ezinbestekoa da sozialismoaren bandera irmo altxatzea langile klase osoa eta munduko herri zapalduak batzeko.
Zentzu osoa du sakoneko gai horiek argitzeak NBEren Batzar Nagusian buruzagi ugarik gizateriaren aurkako krimen horren aurrean egindako aieneak eta bularreko kolpeak ikusten ditugunean. Zer egin dute lider horiek bi urte hauetan? Gerra sionistako makineriari lagundu. Zer egingo duzue hemendik aurrera? Keinuak alderik alde biderkatu, baina AEBetako inperialismoa eta Netanyahu aliatua geldiaraziko dituen edozein neurri eraginkor zapuztu.
Macronen, Pedro Sanchezen edo Felipe VI .a erregearen hitzak herrialde kapitalistetako krisi politiko ikaragarriari emandako erantzuna dira, deserosoa, Israelek "bere burua defendatzeko" duen eskubidea etengabe aldarrikatu eta sionismoa ahal bezain beste babestu dutelako.
"Iritzi aldaketa" hunkigarri horren arrazoia mundu osoko langile klaseak eta gazteek genozidioa kondenatzeko hartu duen jarrera da. Izan ere, Palestinako herriaren aurkako krimen hori behar bezala lotzen da "demokrazia aurreratuetan" jasaten ari garen politika errepresibo basatiekin (horietako asko sozialdemokraziak babesten ditu) eta hainbat herrialdetan eskuin muturra sustatzen eta inposatzen ari den agendarekin, klase agintariaren oniritziarekin noski.
Irailaren 15ean, NBEren Palestinarako Errelatore den Francesca Albanesek publikoki salatu zuen Gazako biktimen kopurua orain artekoa baino hamar aldiz handiagoa dela: "680.000 pentsatzen hasi beharko genuke, hau delako, akademiko eta zientzialari batzuen arabera, Gazako hildakoen benetako kopurua". 680.000 biktima horietatik, gutxienez 380.000 haurrak izango lirateke.
"Azken konponbidea" burutzeko pauso gisa, irailaren 21ean, Israelgo armadak Gaza Hiria erasotzeari ekin zion tankeekin eta aire-erasorekin. Bertan geratzen ziren etxebizitza gutxi batzuk eraitsi dituzte, milaka zibil hil dituzte eta beste ehunka milaka basamortura bota dituzte. Gosez hiltzeko berariazko exodoa da.
Aldi berean, Bezalel Smotrichek, Gobernu Sionistako Finantza ministro eta, egiazki, kolono faxisten taldeen buruak, Zisjordaniaren % 82 anexionatzeko plana aurkeztu zuen. Izan ere, berak eta Itamar Ben Gvir Segurtasun ministroak zuzentzen dituzten banda faxistek dagoeneko inposatu dute hori, "segurtasun-batailoiak" osatuz, Israelgo armadaren unitate erregularrekin, familia palestinarrak tiroz josi, etxeak bota eta lurrak eranzteko. Mila hilketa izan dira aurten Zisjordanian!
"Hau da sionismoa adierazpen gorenean: gure subiranotasuna eraikitzea, kolonizatzea eta indartzea Israelgo Lurrean [...] Estatu palestinarra mapatik ezabatzen ari dira, ez esloganekin, ekintzekin baizik. Kolonia bakoitza, auzo bakoitza, etxebizitza bakoitza beste iltze bat da ideia arriskutsu horren hilkutxan" dio harro Smotrichek. Hori da estatu sionistak, eta bere babesle den AEBetako inperialismoak, "bi Estatu" aitortzea planteatzen dieten gobernuei ematen dien erantzuna.
Estatu Batuetako inperialismoarentzat, Gazako holokaustoa ez da Netanyahuk ezartzen dien gaitz txiki bat, baizik eta apustu estrategiko bat. Txinak eta Errusiak osatutako bloke arerioaren aurrerapen geldiezinaren aurrean mundu mailako hegemonia lortzeko borrokan dagoen betebeharra da.
AEBko inperialismoak nazi-sionismoa behar du mezu hau bidaltzeko: arlo ekonomikoan eta produktiboan nagusitzeko indarrik ez dutenez, argi utzi behar dute oraindik ere botere suntsitzaile handia dutela eremu militarrean, eta hori erabiltzeko prest daudela. Oraindik zalantzan daudenentzat, Vance presidenteordeak Tel Aviv bisitatu zuen, Gaza hiriaren aurkako erasoaldiaren hasierarekin eta Zisjordania anexionatzeko planen aurkezpenarekin bat eginez. Trump Netanyahurekin eztabaidatzen ari den gauza bakarra harrapakinaren banaketa da.
Gauza bera esan daiteke burgesia arabiarren zinismoari buruz. Palestinar herriaren aldeko manifestazioak zapaltzen eta Washingtonekin lankidetza aktiboa estutzen ari dira. Masen haserrea eta amorrua pilatzen ari dira, eta horrek, berandu baino lehen, eztanda iraultzaileak eragingo ditu.
Bestalde, ezin uler daiteke nazi-sionismoaren inpunitatea, ez bada bloke inperialistetako bankuek eta enpresa handiek eraso militar sionistatik lortzen dituzten onura erraldoietatik: "berreraikuntzarako" planak, turismoa, higiezinen espekulazioa, gas eta nekazaritza baliabideen ustiapena eta abarren zain daude.
Estatu Batuetako Administrazioak 17.900 milioi dolarreko laguntza militarra bidali zuen 2023ko urritik 2024ko urrira. Urte horretako aurrekontu militar sionistaren % 38. Estatu Batuetako enpresa pribatuek ere 39.200 milioi dolar inbertitu zituzten Israelen 2024an. Era berean, Europako enpresak eta bankuak daude Estatu sionistako atzerriko zuzeneko inbertsioaren buruan, 72.100 milioirekin. Inbertsio horietako asko lurralde okupatuetan egiten dira. Bestalde, Txinak 20.000 milioira iristea espero du aurten zuzeneko inbertsioan, eta dagoeneko bere aparatu militar eta teknologikorako giltzarri diren industrietan erregimen sionistaren lehen inbertitzaile eta hornitzailea da.
Borroka inperialistaren joko handian, ez Txinak ez Errusiak, ezkerreko sektore batzuetatik "herri palestinarraren lagun" gisa makilatzen diren arren, ez dute atzamar bat mugitu genozidioaren aurrean. Egia esan, Beijingek eta Moskuk Netanyahu kinka larrian jar zezaketen, baina ez dute egin, eta baliabideak ematen jarraitzen diote, inguruan dituzten proiektuak, akordioak eta negozioak arriskuan egon ez daitezen.
Dena gelditu genozidioa gelditzeko. 24 orduko greba orokorra!
Euskal Herrian genozidioaren aurkako borroka mugimendu masibo bihurtu da, manifestazio eta era guztietako protestekin. Zabaldu eta gogortu egin behar dugu mugimendu hori. Horregatik, garrantzitsua da horietan guztietan salatzea EAJk eta euskal kapitalistek sionismoarekin eta haren estrategiarekin duten konplizitatea. Hori da puntu nagusia, eta oso oker dabiltza kritika hori leuntzen duten edo kritika horri uko egiten dioten ezker abertzaleko agintariak eta erakundeak.
Hainbat kazetaritza ikerketen arabera, euskal enpresek ia 200 milioi euroko produktuak saldu zizkioten Israeli 2022an, Australia edo Kanadaren kopuru bera, eta 2023rako fakturazioa 300 milioikoa izan zen. CAF elkarlan honen adibide enblematikoa da: Tel Aviveko tren arinaren eraikuntzan eta Jerusalemen eraikitzen ari diren kolonoen asentamenduak eta lurralde okupatuak lotuko dituen tranbian parte hartzen du.
El Salto aldizkariak beste azterketa nabarmen batean adierazi zuen bezala: "Israelgo enbaxadaren, euskal administrazio publikoen eta Repsolen euskal filialaren (Petronor) arteko harremanak tranpolin gisa erabiltzen ari dira ‘laguntza, lankidetza eta aliantza programetarako, erakundeen aurreko ordezkaritzetarako eta nazioko eta nazioarteko ekitaldietan parte hartzeko’. Kutxabank, Siemens Gamesaren finantza lagun gisa, funtsezkoa da Palestinako lurraldea okupatzen ari den herrialdeko industria fosilaren garapenean.”
Hori guztia publikoki ezagutzen denean, Imanol Pradales lehendakariak lotsagabekeria bat dauka esateko Eusko Legebiltzarrean: "CAFek ez du Gazako genozidioan laguntzen. [...] Aski da enpresak seinalatzeaz eta demagogia egiteaz. Aski da inpostura egiteaz eta drama instrumentalizatzeaz". Bere hitzek ez dute inor engainatzen: sionismoaren konplize lotsagabeak dira.
Mundu osoan bezala, Euskal Herriko langile klasea eta gazteria haserre eta amorruz gainezka daude genozidioaren aurrean. Ikasle Abertzaleek eta Ikasle Sindikatuak urriaren 2rako deitutako ikasleen greba orokorra, urriaren 4ko manifestazio jendetsua eta ELA, LAB, CCOO eta Steilasek Euskal Herriko lanuzte orokor baten alde egindako iragarpena, seguruenik urriaren 15a izango dena, aurrerapauso oso garrantzitsuak dira.
Lanuztea eta greba ezinbesteko tresna da genozidioaren aurkako borrokan. Langile klaseak dena gelditu behar du behartzeko Eusko Jaurlaritza, Nafarroako gobernua nahiz Estatu espainiarra sionismo hiltzailearekin harreman mota guztiak moztera eta armen enbargo osoa gauzatzera. Horregatik, iragarritako lanuzte horrek greba orokor bat izan behar du, ahalik eta ekintza-batasun handienarekin, 24 ordukoa, enpresa guztietan antolatutako batzarrekin, eta argi eta garbi seinalatu behar ditu genozidioaren eragile konplize guztiak.
Ez dago denborarik alferrik galtzeko, asko dugu jokoan.
Estatu sionistarekin harremanak erabat apurtu berehala!
Ekialde Hurbileko federazio sozialista baten alde!
Ibaitik itsasora, Palestina izango da!