Aste batzuk igaro dira urriaren 13ko pantomima higuingarritik, hau da, Egipton Donald Trumpek Netanyahurekin hitzartutako "bake plana" aurkeztu zuenetik. Oso denbora laburrean, bi genozida hauek oso argi utzi dute onartzeko prest dauden bake bakarra hilerrietako bakea dela.

Gaza erregimen kolonial odoltsu baten kontrolpean

Israelek Gazako lurraldearen %58 okupatuta mantentzen du, eta inguruko herrialdeetarako irteera guztiak kontrolatzen ditu. "Bake akordioko" Gaza munduan den aire zabaleko kartzelarik handiena da, tropa sionistaz inguratutako benetako kontzentrazio-esparru bat.

Akordio zital hori aurkeztu eta hamabi egunetara, hedabide independenteek eta erakunde humanitarioek jakinarazi dute jada 47 edo 80 bat aldiz hautsi duela su-etena armada sionistak,[1] eta ehundik gora palestinar hil dituela, tartean familia osoak.

Aurrekari odoltsu horrek "bake-planaren" benetako izaeraren neurria ematen du.

"Gobernu teknokratikoz" mozorrotutako administrazio koloniala prestatzen ari diren bitartean, Washingtonek eta Tel Avivek garbiketa etniko sistematikoa eragiten jarraitzen dute, eta politikari sionistak publikoki loriatzen dira kartzela eta kontzentrazio-esparruetan bahituta dituzten 10.000 preso palestinarrez.

Ezker Iraultzaileak beste behin ere berresten du okupazio kolonial basatiaren, garbiketa etnikoaren eta genozidioaren aurrean Palestinako herriak autodefentsa armatua izateko duen eskubidearen alde dagoela. Elkartasuna adierazten diegu horri guztiari aurre egiten ari zaien borrokalari guztiei, eta presoek jasaten dituzten isolamendu, tratu txar, tortura eta oinarrizko giza eskubideen gabetze egoerak salatzen ditugu.

Behin eta berriz salatu dugun bezala, Egipton iragarritako fartsa honen azpian aldatu den gauza bakarra da orain genozidek NBEren eta gobernu kapitalista guztien bermea dutela, Sharm el Sheikhera Trumpi pleitesia ematera eta bere neurri kolonialista eta inperialistei "amen" esatera joan ziren hogei presidente eta estatuburuetatik hasita.

Genozidioak aurrera jarraitzen du

Bonbardaketen intentsitatea eta hedapena ez da aurreko asteetakoa izan, baina halere beste bide batzuetatik jarraitzen du milaka eta milaka palestinar inguruko herrialde arabiarretako errefuxiatu-esparruetara kanporatzeko eta gainerakoak erdi-esklabo bihurtzeko planak.

Gazatar gehienek kanpin-denda ezegonkorretan biziraun behar izaten du, urik eta elektrizitaterik gabe, ospitalerik gabe, eskolarik gabe, bizitzeko oinarrizko baliabiderik gabe, eta armada sionistaren zaintzapean, zeinak edozein unetan esku hartzeko eta erasotzeko erabateko inpunitatea izaten jarraitzen duen.

Gazako baldintzak ezin latzagoak dira. Israelgo jaurtigaiek, bonbek, dronek eta hondeamakinek ia erabat suntsitu dute hiri-sarea: eraikinen %80 kaltetuta edo txikituta dago, etxebizitzen %90a eta laborantza-lurren %80a suntsituta. Zerrendan, orain, 17.000 umezurtz daude, eta NBEk uste du azken bi urteetan hirugeita bederazi urtez egin duela atzera Gazako giza garapenak eta 1955eko mailan jarri, hala jasotzen du PNUDen Gaza War: Expected Socioeconomic Impacts on the State of Palestine (2024ko urria) txostenak,[2].

Suntsipen horrek guztiak holokausto nazisionistaren beste elementu nagusi bat indartzen du: kontzienteki eragindako gosetea. Tedros Adhanom Ghebreyesus Osasunaren Mundu Erakundeko (OME) zuzendari nagusiak BBC Radio 4 irrati-kateko Today programan ohartarazi zuenez, Gazako Zerrendan osasun-egoera  “katastrofikoa" da eta horren ondorioak "belaunaldiz belaunaldi" hedatuko dira. Nahiz eta Israelek hornidura medikoak eta laguntza humanitarioren bat sartzea baimendu duen, kopurua "kolapsatutako osasun sistema bat berreraikitzeko" beharrezkoa denaren oso azpitik dago oraindik. Gauza bera gertatzen da elikadura-premiekin.

 

Gazatar gehienek kanpin-denda ezegonkorretan biziraun behar izaten du, urik eta elektrizitaterik gabe, ospitalerik gabe, eskolarik gabe, bizitzeko oinarrizko baliabiderik gabe, eta armada sionistaren zaintzapean.

 

"Su-etenak, goseak, zauri masiboek, epidemiek eta edateko ura eta saneamendua ez eskuratzeak ere konbinazio hilgarria sortzen dute (...) Nazio Batuen datuen arabera, su-etenaz geroztik 6.700 tona elikagai baino gehiago sartu dira Gazan, 2.000 tonako eguneko helburua baino askoz gutxiago... ". OMEko arduradunak honako hau adierazi zuen: "Laguntza ezin da baldintzatu, ezta arma politiko gisa erabili ere" [3]. Baina argi dago Trumpek eta Netanyahuk ez diotela uko egingo, inola ere ez.

Israel Handia proiektu genozida da

Israel Handiaren plana urratsez urrats ari dira zehazten. Gaza luxuzko resort bihurtzeko proiektua mahai gainean dagoen bitartean, urriaren 22an Knéset-ek (Israelgo Parlamentua) Zisjordania erabat anexionatzeko proiektu bat eztabaidatzea onartu zuen. Beste behin ere, erabaki hori modu hipokritan kritikatu dute mendebaldeko gobernu batzuek, eta Trumpek ere haren aurkako adierazpenak egin ditu galeriarentzat, [4] baina tipula negar horiek ez dute inolako balio politiko seriorik. 1994ko Osloko Akordioez geroztik errepikatzen den antzezpen ziniko eta arbuiagarri beraren aurrean gaude.

Kolonoen kokaguneen bidezko okupazio eta kolonizazio-politikak, NBEk legez kanpokotzat jo ditu, baina inork ez du ezer egiten. Urte luzez erabili izan dira Zisjordaniako palestinarrak apartheidaren erregimenean sartzeko, Hegoafrikako gehiengo beltzak hamarkadetan jasan zuen moduan. Eta gobernu kapitalistak eta NBE adierazpenak egitera mugatzen dira; izan ere, Gaza suntsitzen duen industria militar sionistaren finantzaketarekin gertatzen den bezala, politika horrek AEBko inperialismoaren interes estrategikoei erantzuten die, baita estatu sionistarekin negozio milioidunak egiten ari diren Ipar Amerikako eta Europako ehunka enpresari ere (tartean dira Espainiako enpresa batzuk ere).

Trump eta Netanyahu "poli zintzoan" eta "poli gaiztoan" jolasten ari dira, eta inozo batzuek irentsi egiten dute. Praktikan, ordea, 2023ko urriaren 7a baino askoz lehenagotik ari dira anexio hori ezartzen, armada erregularraren ekintza mankomunatuaren eta kolono faxisten banden bidez. Talde horiek Palestinako milaka familiari eraso diete, milaka biktima eragin dituzte, etxeak suntsituz eta lurrak lapurtuz.

“NBEko batzordearen ikerketaren arabera, Zisjordanian, Israelek militarki okupatzen duen lurraldean, Israelgo Gobernuak 2023ko urritik abian jarritako neurriek "argi eta garbi" erakusten dute palestinarrak indarrez eramateko, Israelgo juduen presentzia zibila handitzeko eta Zisjordania osoa anexionatzeko asmoa. Txostenaren arabera, ekintza horiek Palestinako Estatua sortzeko aukera eragozten dute, eta lurralde horien okupazio mugagabea mantentzera bideratuta daude"[5].

Estatu sionista okupazioan eta garbiketa etnikoan eta Palestinako herriaren aurkako sarraskian oinarrituta baino ezin da existitu. Israelgo kapitalismoaren krisiak erregimen nazisionista izua zabaltzen jarraitzera bultzatzen du Israel Handiaren proiektuaren bidez. Proiektu horren giltzarria Zisjordania eta Gaza erabat menderatzea da, eta Libanoko hegoaldearen eta Siriako hegoaldearen zati handi bat kontrolatu nahi dute.

"Bakea" iragarri zenetik, Gaza eta Zisjordania infernu izaten jarraitzeaz gain, Israelek Libano eta Yemenen aurkako erasoak eta Iran eta Siriaren aurkako mehatxuak egin ditu. Politika militarista eta supremazista horiek Estatu Batuetako inperialismoaren laguntza irmoa dute.

Txinak eta Errusiak osatutako bloke inperialistaren gorakada geldiarazi nahian dabil modu desesperatuan, horregatik Trumpek Netanyahuren erregimen nazisionista erabiltzen du lan zikina egiteko eta munduari mezu bat bidaltzeko: heriotza eta kaosa zabalduko dituzte ahal duten tokian, nagusitasunari uko egin baino lehen.

 

img
Estatu sionista okupazioan eta garbiketa etnikoan eta Palestinako herriaren aurkako sarraskian oinarrituta baino ezin da existitu.

 

Harrapakinaren banaketa

Harrapakina banatzeko planak abian dira. Etxe Zuria Tel Aviveko Gobernuarekin atontzen ari den berreraikitze planaren arabera, Gaza berreraikitzeko hasierako inbertsioa 50.000 milioi dolarrekoa izango litzateke.

NBEren txosten baten arabera, 70.000 milioikoa izango litzateke. Israelgo Finantza ministroak, Smotrich nazisionistak, duela hilabete azaldu zuen Tel Aviveko Finantza Klubean higiezinen espekulatzaileekin egindako bilera batean: "Israelek elkarrizketak hasi ditu AEBrekin, enklabea garatzeko plan bat egiteko. Diru asko ordaindu dugu gerra honengatik, orain erabaki behar dugu nola banatu lurraren ehunekoak Gazan"[6].

Trumpek Knéset-en aurrean egindako hitzaldi higuingarrian berretsi zuen hori, Bibi bere "lagunik onena" zoriondu ondoren "egun garrantzitsu honetan" izan duen ezinbesteko paperagatik, eta azaldu zuen "Israelek, gure laguntzarekin, armen indarrez irabaz zezakeen guztia irabazi" duela: "Orain da garaia terroristen aurkako garaipen horiek behin betiko sarira itzultzeko: bakea eta oparotasuna".

Hori da kapitalista, korporazio eta banku handi guztiek Trumpek eta Netanyahuk antolatutako bake planaren fartsa babesteko arrazoia: harrapakin mamitsu baten banaketa eta munduan zehar dabilen genozidioaren aurkako masa-altxamenduak jarraitu eta zabaltzeko beldurra, areago hainbat herrialdetan, baita Ekialde Hurbilean ere, ondorio iraultzaileak izan dituela kontuan izanda.

Mundu osoko kapitalak eta haien zerbitzura dauden gobernuek kontuak ateratzen eta akordioak ehuntzen dituzte, Gazako eta Zisjordaniako baliabideak berreraikitzeko eta ustiatzeko planetan ahalik eta etekin handiena lortzeko. Tartean dira Txinatako eta Errusiako inperialistak ere, ez dute atzamarrik mugitu sarraski hau geldiarazteko eta beste ezeren gainetik eskualdeko egonkortasuna lehenetsi dute akordio ekonomikoak eta Zetaren Ibilbidearen proiektuak babesteko.

Borroka internazionalistak bakarrik balio du

Palestinaren askapena eta subiranotasuna eskuratzeko eta genozidioa amaitzeko bide bakarra nazioarteko altxamendu antisionista, antifaxista eta antikapitalista bultzatzen jarraitzea da, eta halaxe defendatu du Ezker Iraultzaileak hasiera-hasieratik. Altxamendu horren  epizentroa Europako hainbat herrialdetan izan dira, eta mundu osora zabaldu da azken hilabeteotan.

Adierazpen honen hasieran esan bezala, komunista iraultzaileok baldintzarik gabe defendatzen dugu Palestinako herriak zapaltzaileen aurka bere burua defendatzeko duen eskubidea,armak eskuetan hartuta, baita elementu endekatuek eta lunpenizatuek osatutako mafien aurka ere, beren herria traizionatu baitute armada okupatzailearekin elkarlanean eta laguntza humanitarioa arpilatuz.

Era berean, defendatzen dugu Palestinaren autodeterminazioaren eta askapenaren aldeko borrokak masen altxamendu iraultzailea bultzatuko duten politikekin batera joan behar duela.  Sionismoaren, kapitalismoaren eta inperialismoaren aurka antolatu behar dute langile klaseak eta zapalduek Ekialde Hurbil osoan sozialismoaren banderapean.

Estatu sionista boteretik kentzea ezinezkoa da inguruko herrialdeetan klase arteko borroka sustatu eta AEBren morroi diren erregimen arabiar konplize eta zipaioak suntsitu gabe. Ez du inolako zentzurik sionismoa suntsitzea helburutzat hartu eta, aldi berean, Egiptoko, Qatarreko, Arabiar Emirerri Batuetako, Saudi Arabiako eta Mulen Irango gobernuen aurrean amore ematea.

 

img
Palestinaren autodeterminazioaren eta askapenaren aldeko borrokak bat egin behar du Ekialde Hurbil osoan sionismoaren, kapitalismoaren eta inperialismoaren aurkako masen altxamendu iraultzailea bultzatuko duten politikekin.

 

Funtsezkoa da okupatzaileei aurre egitea. Horretarako, errepresio sionista modu basatian jasan duen eta espetxean milaka militante dituen Palestinako ezker borrokalariak klaseko independentzia eta politika internazionalista defendatu behar ditu.

Hamas bezalako erakunde integristekin itunak lortzea, politika iraultzailea atzean uztea, edo are okerrago etetea, oso praktikoa eta errealista dela eman dezake, baina estrategia horren ondorioz, aipatutako erregimenen joko diplomatikoko morroi bihurtu ziren.

Hamaseko buruzagiek Mulen gobernuarekin, Qatarreko xekeekin, Palestinako burgesiarekin eta gainerako mundu arabiarrarekin dituzten loturak eta haien ideia fundamentalistak oztopo dira borroka antiinperialista irmo eta eraginkor baterako. Beren programa ez da iraultzailea, ez dute Ekialde Hurbilean kapitalismoa boteretik kendu nahi, ezta politikoki eta ekonomikoki menpean dituzten erregimen arabiarrak estutasunean jarri ere.

Palestinaren askapenak benetako irteera bat baino ezin du aurkitu, eta hori iraultza sozialistaren bidetik izango da, Ekialde Hurbileko Federazio Sozialista baten barruan, Palestina bateratu eta sozialista baten aldeko borrokatuta. Horrela bakarrik finkatu ahal izango dira elkarbizitza baketsurako oinarriak, non eskualdea osatzen duten herri eta nazio guztien eskubide demokratikoak errespetatu ahal izango diren.

Somosaguasko 7ekin elkartasuna

Somosaguasko 7ekin elkartasuna