Gatazkari eta gerrei esker gobernuak Israelgo gizartearen sentimentu atzerakoiak suspertzen ditu, gauza bera gertatu zen Lehen Mundu Gerran herrialde europearretan, baina ondoren urte gutxitan iraultzen bolada etorri zen.

Aurreko urtean israeldar askok babestu zuten Sharonek bultzatutako Gazako erretiratze plana eta hainbat palestinarrentzat ere bakeranzko bidean aurreneko pausua izan zen. Posible ikusten zuten estatu palestinarra lortzea Abu Mazenen taldearen gidaritzapean, inperialismo estatubatuarrak lagunduta. Errealistak zirela esaten zuten eta ez ameslariak, baina marxismoak beti azaldu du sistema inperialistaren barnean ez dagoela konponbiderik arazo nazionalarentzat. 

Kolono judutarren lekualdatzearekin jeneral israeldarrek eskuak libre ikusi dituzte, orain erraztasun handiagoa dute tiro egiteko, kolono judutarren bizia arriskuan jarri beharrik gabe. Gaza-Ma’an egunkariaren arabera adibidez hildako palestinarrak hirukoiztu egin ziren 2006ko ekainean 2005eko ekainarekin alderatuz. Zaurituak berriz aurreko urteko hilabete berberean baino %120 gehiago izan ziren.

“Azkeneko gatazka garrantzitsua” nolabait esateagatik ekainaren 25ean hasi zen, talde palestinar armatuek eraso gerrillero bat jaurti zutenean ejerzitu israeldarraren aurka Gaza eta Israelen arteko mugan. Bi soldadu hil eta Shalit kaboa bahitu zuten. Ejerzituak bazuen eraso honen berri, Shin Bethek, seguritate israeldarraren zerbitzuek, emana baitzioten erasoari buruzko informazioa. “Itxukeri” honek erakusten du jeneralek aitzakia bat bilatzen zutela Gaza erasotzeko eta berdin izan zitzaien tanke hartako pertsonala sakrifikatzea.

Hala ere, gauza bat esan behar da jeneralei buruz: seguruenik ez zuten espero Shalit bahitua izango zela. Jeneral hauen odol hotzaren klaseko ikuspuntutik onena eraso hartan hiru soldaduak hilak izatea zen. Horrek aitzakia emango zien palestinarrak erasotzeko, soldadua askatzeko negoziazioen auziari aurre egin beharrik gabe.  


BURGESIA PALESTINARRA
 
Israelgo lehen ministroak behin eta berriz esan zuen (Alderdi Laboristako Amir Peretzek babestuta) Israelek ez zuela soldadu israeldarra preso palestinarrengatik aldatuko, zeren honek bere iritziz, “terroristak” animatuko zituzkeen israeldarrak bahitzera.

Hau ikusita gogoratu dezagun Elhanan Tennebaumen kasua, kargu altuko ofizial eta droga trafikatzaile hau Libanon bahitu zuten. Baina Sharonen laguna zenez 2004ko urtarrilaren 29an 461 palestinar askatu zituzten. Gainera, Israelek 59 libanoarren gorpuak itzuli zituen eta informazioa eman zuen desagertuta zeuden 24 pertsona aurkitzeko.

Dakigun bezala, gobernu israeldarrak ez zien uko egin Shaliten bizia salba zezaketen negoziazioei herri israeldarra babesteagatik. Argi dago bere helburua Hamasen gobernua botatzea zela eta honenbestez Hamas aukeratu zuten herritarrak zigortzea. Palestinarrek ez baitzuten aukeratu Israelek nahi zuen hautagaia, Abu Mazen proinperialista ustela zen Israelen txotxongiloa, behin eta berriro Israelgo agintariekin kolaboratzeko “borondatea” izan duen presidentea, herri palestinarra traizionatuz.   

“Shalit soldaduaren gatazka” hasi eta gutxira Gazako prentsaurreko batean eskatu zien talde palestinarrei bahituta zegoen soldadu israeldarra askatzeko eta Qassam koheteen erasoak geratzeko. Honek erakusten du pertsona hauen klaseko izaera, inperialismoa beren lagun eta salbatzaile bezala ikusten dute eta egiten duten politikarengatik sariren baten esperoan daude. Hemen ikusten da beste behin nazio zapalduetako burgesiak ezin duela iraultza demokratikoaren gidari izan eta ezin dela askapen nazionalaren mugimenduaren buruan jarri.

Ekialde Hurbilean gertatzen ari dena inperialismoaren krisi organikoaren hazkuntzaren islada da. Krisi politiko honek klaseko borrokaren bidea irekiko du Israelen. Iritzi publiko israeldarra Olmerten gobernuaren aurka hitz egiten hasi da gero eta gehiago. Ez dute biztanleria beti engainatuta edukiko.
Askok esaten dute israeldar guztiek gorputz atzerakoi bakarra osatzen dutela. Errealitatean ideia honek Israelgo klase dominatzaileari bakarrik egiten dio mesede, gizarte israeldarra sionismoaren ideiaren azpian fusionatu nahi baitu. Israel klaseko gizarte bat da beste edozein bezala, langileen, behartsuen eta zapalduen interesak daude alde batetik eta klase dominatzailearen eta bere zerbitzarien interesak bestetik.

KLASE DOMINATZAILE ISRAELDARRAREN BASAKERIA

Libano eta Israelen arteko gerraren hasiera izan zen hurrengo ondorioa. Garbi dago Israelek ez duela erabateko kontrolpean Ekialde Hurbileko eta Lurralde Okupatuetako prozesu politikoa. Askoz nahiago izango zuten Fatahko liderrekin akordio batera heltzea baina herri palestinarrak Fatah bota egin zuen Hamasen aldeko botoa emanez. Gobernu israeldarrak ez du onartzeko asmorik herri palestinarrak nahi duenari botoa emateko eskubide demokratikoa.

Orain dela ez asko telekomunikabideek bakearen alde egin ziren aurrerapenez hitz egiten zuten. Israel Libanotik erretiratu zen. Gero Gazatik erretiratu zen. Honek ilusioa sortu zuen bakea posible zela sinestaraziz. Baina marxismoak beti azaldu duen bezala ezinezkoa da oinarrizko arazoak konpondu gabe, hau da kapitalismoarekin bukatu gabe, Ekialde Hurbilean gerra berrien arriskua desagertzea. 

Kapitalismo israeldarra krisi gogorra jasaten ari da. Israelen langabezia ia ezezaguna zen iraganean. Gainera palestinar askok pasatzen zuten egunero muga lanera joateko. Azken hamarkadan, Israelgo langabezia tasa %10 baino handiagoa izatera iritsi da. Gobernua langile israeldarren eskubide sozialak erasotzen ari da, pentsioen gaiean, osasungintzan eta hezkuntzan. Aldi berean, Israelek langile etorkin palestinarrei mugak ixten zizkien, eta orain munduko beste zonaldeetako etorkinek hartu dute hauen lekua. Horrek, langile palestinarrak egoera oso larri batera kondenatu ditu. 

Hau da tentsioaren hazkuntza azaltzen duen baldintza soziala. Kapitalista israeldarren arazoa da ezin dietela langile israeldarrei ezer hoberik eskeini. Berdina gertatzen da herri palestinarrarekin. Zer eskeiniko diete palestinarrei beren herriari ere ezin dizkiotenean bizi baldintza duinak bermatu?

Errealitatean, Israel zatituta dagoen gizartea da. Inoiz ez da ikusi maila honetako zatiketarik. Azkeneko urteetan klaseko polarizazioa handitzen joan da, inoiz baino aberats eta behartsu gehiago daude. Gainera behartsuei eskatzen zaie aberatsen interesak defendatzeko borrokatzea. Zer aterako dute behartsuek guzti honetatik? Soldata hobeak, lanpostuak, pentsio duinak? Ez, borroka egiteko eskatuko die beste alde batetik gauza guzti hauek kentzen dizkien bitartean.

Gobernu Israeldarren erasoak “terrorismoaren” aitzakian dira noski. Baina egiten ari direnarekin indar israeldarren aurkako gazte arabiarren belaunaldi berriaren erreklutamenduari bideak irekitzen dabiltza.

Arazo bakarra ez da kapitalista israeldarrena soilik ordea. Fatah, Hamas, Hezbola, gobernu libanoarra eta erregimen siriarra ere ez dira gai Ekialde Hurbilean dauden arazoak konpontzeko. Amesgaizto honekin bukatu dezaketen bakarrak Ekialde Hurbileko langile eta zapalduak dira. Herrialde horietako aberastasun mineralekin, giza baliabideekin  eta batez ere Israelek duen teknologia aurreratuarekin posible litzateke plan ekonomiko arrazional bat, arazo sozial guztiak konpontzeko. Etxebizitza duina, lanpostuak denentzat, langile israeldarrentzat, langile palestinarrentzat eta Ekialde Hurbileko langile eta zapalduentzat. Eraldaketa hau emanez gero, ze interes izango lukete herrialde bateko langileek beste herrialde batekoak zapaltzeko? Guztiz aurkakoa, beraien interesak berberak izango lirakete.

Hau posible izan dadin, gaur egungo Israelgo klase dominatzailea menperatua izan behar da. Berdina egin behar da herrialde bizilagunetako klase zapaltzailearekin. Utopikoak garela esango digute. Baina utopikoak ez dira marxistak. Kapitalismoaren barruan gaur egungo gatazka konpontzea posible dela uste dutenak dira utopikoak.  



 

 

 

 

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.