Sei urteko kolapso ekonomiko eta herstura planen ostean, Greziako klase dominatzaileak ezin izan du isilarazi eta etsipean murgildu geroz eta zabalagoa eta indartsuagoa den gizarte mugimendua. Gainera, langile klaseak gidatutako mugimendu hau gizartea sozialismorantz eraldatzeko aukera mahai gainean jartzeko gai izan da.

 

Gizartearen zati handi batek ondorioztatu du kapital finantzarioaren dominazioaren eskutik, etorkizunerako aukera bakarra gaur egun jada ezaguna duten miseria zabaltzea dela, eta ez dago inondik inora hau onartzeko prest. Izatez, herrialdea egoera aurre-iraultzailean murgilduta dago. Erresistentzia heroiko hau gauzatzen ari dira murrizketa eta burgesiaren maniobra politikoen testuinguru batean, zeinak sistema egonkortu nahi duten krisi garai hauetan eta etengabe ari diren erabiltzen bai estatu errepresioa eta, nola ez, Egunsenti Urrekara (EU) bezalako talde faxisten ekintzak.

2012ko maiatzeko hauteskundeetako emaitzek lagunduta, burgesia greziarrak helburu garrantzitsu bat zuen: Troikak ezarritako Papademosen gobernu “teknikoa” kendu eta hauteskundeen babesarekin osatutako gobernu berri bat ezartzea, zeinak nahikoa legitimitate emango zion kaleko mugimenduari oldartzeko. Hala eta guztiz ere, Syriza alderdiaren emaitza onek eta Demokrazia Berria (DB) jaisteak, PASOK alderdiaren kolapsoarekin batera, gobernua osatzeko aukerarik ere ez zioten eman, eta hilabete batera berriro ere hauteskundeak deitu behar izan zituzten. Eskenatoki hura ez zuen aurreikusi ez burgesia greziarrak ez europarrak, eta parez pare zabaltzen zizkien ateak Syrizaren garaipen bati eta ondoren KKE alderdiarekin batera gobernu ezkertiar bat osatzeko aukerari.

Egoera estu honetan, burgesiak bere garaipena berma zezan, beldurraren kanpaina izugarri bati ekin zioten kapitalista greziarrek kaosa eta gerra zibilarekin mehatxua erabiliz. Faktore honek, Syrizako zuzendaritzaren ziurtasun faltarekin batera, epe motzerako egoera salbatzeko aukera eman zion burgesiari, baina abisu garrantzitsu bat izan zen burgesiarentzat, hauteskunde mailan ere sistemaren egonkortasuna bermatzeko gaitasun oso ahula zuela begi bistan geratu baitzen. Izan ere, egin berri diren azken galdeketek gobernuan dauden alderdien (DB, PASOK eta Dimar) jaitsiera handia aurreikusten dute argi eta garbi, batez ere PASOKena, 2009an %44ko babesa izatetik %5era jaitsi baita. Greziako sozialdemokraziak ondoa jo du oinarri historikoak dituen krisi batean eta, aldiz, Syriza ezkerreko aukera bezala egonkortzeaz gain, momentu honetan hauteskundeak egingo balira babesik handiena izango lukeen alderdia bera litzateke. Polarizazioz beteriko garai hauetan, kontrako aldean Egunsenti Urrekarako faxistak ageri dira hirugarren indar moduan boto asmoan %10a gaindituaz.

Estatuaren errepresioa eta talde faxistak handitzea

Kapitalistek ondorioztatu dute hainbeste urtetan emaitza onak eman dizkien demokrazia burgesa jadanik ez dela hain eraginkorra beraien boterea mantentzeko; horrexegatik erabiltzen dute hain modu krudelean beraien autoritarismoa eta errepresioa, horrela, hainbestetan aipatutako demokrazia hori erabat ahazten dute beraien interesak eta pribilegioak kolokan ikusitakoan. Jarrera errepresibo hauek, historikoki gertatu den bezalaxe, talde faxisten eta estatu aparatuaren sektore erreakzionarioenen babes aktiboa dute, ez baitziren erabat depuratu 1974ko Koronelen Diktaduraren amaierarekin. Azken finean, biak daude elkar lotuta eta nahastuta.

EUk etorkinen aurkako arrazismoa eta ezkerraren kontrako erasoak ditu aldarri nagusi, eta bere etengabeko aktibitatea ez litzateke posible izango estatu aparatuaren babesik gabe, batez ere polizia eta enpresarien finantziaziorik gabe. Polizia-etxeetan, askotan, modu ireki batean, herritarrei gomendatzen zaie EUko kideen laguntza eskatzeko ohiko delinkuentziaren inguruko arazoak “konpontzeko”, donazio “boluntario” baten truke.

Are eta gehiago, polizia greziarraren goi ofizial batek salatu duenez, EU polizian infiltratuta dago eta azken urteetako gobernuek eta mando polizialek faxismoaren sorburu hauen aurrean ezikusiarena egin dute. Modu honetan, Estatua, bere Inteligentzia Zerbitzuaren bidez, aspalditik egoeraren jakitun zela salatu du. Estatuak “erreserban” mantendu ditu urte luzetan elementu faxista hauek behar dituen garaian ezkerraren aurka erabili ahal izateko. Ofizial honek azaldu duenez, seguru dago talde faxista antolatu hauek agente probokatzaile moduan parte hartzen dutela manifestazio eta mobilizazioetan, poliziaren eta manifestarien arteko eta baita manifestarien arteko istiluak sortzeko asmo hutsez. Bestalde, hauteskundeen ostean emandako datuen arabera, polizien %50ak, EUri eman zion bere bozka.

Talde faxista hauen ekintzek geroz eta larritasun handiago dute. Syriza alderdiko diputatuei eragiteraino iritsi dira, adibidez Dimitris Stratulisi EUko hiru kidek eraso egin zioten futbol partida baten atsedenaldian heriotza mehatxuak eginez. Urtarrilaren 4an, EUko militanteek antolatutako eraso bat izan zen ijitoen auzo batean, tartean zen eskuin muturreko diputatu bat eta ez du inolako santziorik izan. Horretaz gain, urtarrilaren 17an, EUko bi jarraitzailek gazte pakistandar bat hil zuten. Egoera honen aurrean, komunitate pakistandarreko bozeramaile batek behin eta berriz salatu du, etengabeko eraso hauen aurrean poliziarengana joz gero, atxilotu egiten dituztela paperak behar bezala ez izateagatik. Bestalde, ohikoa bilakatzen ari da enpresariek langileei egindako txantajeak, EUri deitzeko mehatxua eginez.

EUko talde faxista hauen kontrako borroka ezin daiteke legalitate burgesaren eskutan utzi. Hogeita hamargarren hamarkadan gertatu zen bezala, Estatu kapitalistak babestu, finantzatu eta armatu egiten ditu talde hauek. Horregatik, langile klaseak, bere sindikatu eta alderdiekin, izan behar du borroka honen abangoardia, elementu hauei aurre egingo diena fabriketan eta auzoetan sortutako autodefentsarako komiteen bitartez.

Programa iraultzailearen beharra. Langileek boterea hartu behar dute!

Ofentsiba antidemokratiko orok helburu moduan langile mugimendua du, eta honekin bere sektore aurreratuena. Hala ere, errepresioaz gain, gobernuaren aurkako grebalarien uholde baten perspektiba ez dago inondik inora baztertuta. Kontuan izan behar da beti, gobernuaren aldetik datorren errepresioa ez dela honek duen indarraren adierazle, alderantziz, desesperazio eta ahultasun seinale argiak dira langile klasearen borrokaren iraunkortasun eta irmotasunaren aurrean. Adibide baterako esan liteke greben militarizazioak langileak are eta gehiago erradikalizatu dituela; kontrairaultzaren latigoak, hauspoa eman dio iraultzari. Mundu mailako kapitalismoaren egungo egoera historikoan, demokrazia burges egonkor baterako oinarriak desegiten ari dira, batez ere sistemaren gune ahulenetan. Langile mugimendu greziarra oso aktibo eta adi dago, oraindik ez du bere azken hitzik esan. Indar korrelazioak aldeko ditu gaur egun langile klaseak, borrokarako giro orokor batek erraztuta, instituzio burgesekiko eta sistema kapitalista berarekiko konfiantza falta izugarria baita. Hala ere, honek ez du esan nahi inondik inora ere, Estatuaren joera errepresiboak eta talde faxisten erasoak ez direnik abisu garrantzitsuak, ezta iraultzaren aldeko egoera hau betirako izango denik ere.

Horregatik, gako nagusia ezkerreko bi alderdi nagusiak dira, KKE eta Syriza, azken urteetan jende askoren aldaketarako eta gizartearen transformaziorako esperantza guztiak pilatu baitituzte. Horregatik beharrezkoa da bi alderdi hauek argi eta garbi alternatiba sozialista defendatzea eta frente bakar bat osatuz eta masak antolatuz botere ekonomiko eta politikoaren palanka garrantzitsuen kontrola hartzea kapitalismoarekin amaitu ahal izateko. Grezian benetan jokoan dagoena, gizartea nork kontrolatzen duen da: kapitalistek ala langileek. Burgesiaren botereari langileen boterearekin aurre egin behar zaio: enpresa, industria, eskola, unibertsitate eta auzo guztietan komite iraultzaileak sortzea bultzatu behar da. Komite hauek, asanbladetan oinarritu behar dute, eta ordezkariak demokratikoki aukeratuak izan behar dute langileria eta gazteriaren eskutik iraultza sozialistaren zereginak aurrera eraman ahal izateko, hau da: ekoizpenaren eta bizitza sozialaren gaineko langileen kontrola defendatzea; greba orokor mugagabea deitzea botere ekonomiko zein politikoen kontrola hartzeko; Parlamentu Iraultzailea ezartzea, komite guztietako ordezkariek parte hartuko luketena eta aurrez aipatutako gaien inguruko erabakiak hartuko lituzkeena; langile klasearen autodefentsa eratzea, fabrika, sindikatu, ikastetxe eta auzo bakoitzean; langile klase europarrari plan hau zabaltzea. Banketxeen eta kapitalisten Europar Batasun honetan ez dago irtenbiderik, baina EBetik kanpoko Grezia kapitalista batean ere ez. Ezinbestekoa da langile klasearen internazionalismoaren aldeko hautua egitea, eta aldarri nagusi moduan Europako Herri Sozialistak eraikitzea izatea.

 
Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.