Maiatzean Nikola Gruevski Mazedoniako Errepublikako Lehen Ministro kontserbadorearen dimisioa eskatzen zuten mobilizazio indartsuak hasi ziren. Arrazoia honakoa da: oposizioko buruak, Zoran Saev sozialdemokratak, jakitera eman zuen gobernuak 20.000 entzuketa ilegal baino gehiago egin dizkiela kazetari, agintari politiko eta erlijiosoei. Gainera gobernu krisi hau sakondu egin zen elkarrizketa baten filtrazioarengatik; bertan Lehen Ministroa entzun daiteke Barne Ministerioko karguekin eztabaidatzen nola estali behar zen 2011n poliziak hildako 21 urteko gazte baten kasua.
Honi guztiari gehitu behar zaizkio 2006an Gruevski boterera heldu zenetik eman diren ustelkeria kasuak: 2014ko hauteskundeetan iruzurra botoak masiboki erosteagatik, klientelismoa eta errekurtso publikoen xahutzea obra arkitektoniko ikaragarrietan (Alejandro Magnoren 22 metroko altuerako estatua faraonikoa adibidez). Hau guztia Mazedonia Europako herrialderik txiroenetakoa eta zerbitzu sozial gutxien dituena denean.
Herrialdeak 1991n "independentzia" lortuz geroztik bizi duen egoera ekonomikoa latza da: %30eko langabezia, lan merkatua oso prekarioa eta % 30eko pobrezia ditu. Honek guztiak eragin du emigrazioa izatea bizi baldintzak hobetzeko irtenbide bakarra: 400.000 emigrante baino gehiago ditu gutxi gora behera bi milioi biztanle dituen herrialdeak. Emigrante hauek familia askoren sostengu ekonomiko bihurtu dira atzerritik egiten dituzten diru bidalketengatik. Diru laguntza hauek BPGaren % 18a hartzen dute.
Zatiketa nazionalak ez du borroka gelditu
Testuinguru honekin, protesta soziala ez da zerbait berria. 2014ko azaro eta abenduan ikasle mobilizazio garrantzitsuak egon ziren hezkuntza publikoaren degradazioaren eta unibertsitate publikoaren autonomia galeraren aurka. Mobilizazio hauek unibertsitate legeari zuzenketa berririk ez sartzera derrigortu zuten gobernua. Otsailean, mobilizazioa osasun publikoaren arreta faltagatik hil zen Tamara Dimovska haurrarengatik izan zen. Honen ondorioz Osasun Ministerioko bi goi karguk dimisioa eman zuten eta barkamen ofiziala eskatu behar izan zuten. Eta azkenik, gobernuaren dimisioa eskatzen duten mobilizazio masiboek maiatzean eztanda egin zuten (100.000 pertsona baino gehiagoko manifestazioak antolatzaileen arabera). Mugimendu honen aspektu oso garrantzitsuetako bat da Mazedoniako gehiengoak eta Albaniako gutxiengoak banaketa nazionala gainditzea lortu dutela (albaniarrak populazioaren laurdena dira). Bi talde etnikoek batera parte hartu dute manifestazioetan; Mazedoniako eta Albaniako banderak bata besteen alboan ikus zitezkeen.
Azken 25 urteetan, Balkanetan etengabe erabili da auzi nazionala gatazka sozialak estaltzeko helburuarekin. Honen adibide da pasa den maiatzaren 9an Kumanovo hirian gertatutako tiroketa, non zortzi poliziak eta hamalau albaniarrek bizitza galdu zuten enfrentamendu batean. Gruevskiren gobernuak denbora galdu gabe Kosovotik iritsitako "talde separatistei" egotzi zien erasoa, baina Kosovoko gobernuak gezurtatu egin zuen. Ondoren jakin zen pistolarien taldeak erlazioa zuela banda kriminalekin eta hauek ondo erlazionatuta zeudela aldi berean poliziekin. Ohikoa izaten da talde hauek Kosovo, Serbia eta Mazedoniako mugetan aritzea, eta honek guztiak zalantzan jarri du bertsio ofiziala, tiroketaren atzean gobernua dagoenaren susmoa baitago.
Hala ere, Kumanovoko gertaerak ezin izan zuen albo batera utzi Mazedoniako Errepublikako gatazka, eta ezin izan zuen saihestu maiatzaren 12an goian aipatutako grabaketetan inplikatutako 3 goi kargudunen dimisioa: Saso Mijalkov Inteligentzia Zerbitzuko burua, Gordana Jankuloska Barne Ministroa eta Mile Janakieski Garraio Ministroa.
Kapitalismoaren hondamendia Balkanetan
90eko hamarkadaren hasieran emandako Jugoslavia ohiaren zatiketak hondamendi ikaragarria suposatu du sortu ziren estatu berrietako herritarrentzat. Ameriketako Estatu Batuetako eta Alemaniako burgesiak bultzatuta, Europa ekialdean boterea lortzeko eta Errusia zokoratzeko, hamarkada bat iraun zuen gatazka armatu basatiak eragin zituen Jugoslaviaren zatiketak.
Aldi berean, kapitalismoa berrezartzeak izugarrizko ondorio kaltegarriak izan zituen populazioaren gehiengoarentzat. Europan sartzearen izenean eta kapital handiaren logika zapaltzailearen eskutik, herrialde guztietan, bata bestearen atzetik, murrizketa sozialak eta ekoizpen sistemaren pribatizazioa bezalako politika gogorrak inposatu ziren. Pribatizazio hauek gainera, ehun industrialaren desartikulazio bortitza suposatu zuten. Enpresari berriek ez zuten helburu ekoizpena mantentzea eta lantokiak desegiten hasi ziren irabazi azkarragoak lortzeko helburuarekin. Krisia iristearekin, egoerak okerrera egin du, kanpoko inbertsioa murriztu egin da. Europar Batasunerako esportazioak %65 jaitsi diren bitartean Mazedoniatik kanpora joan zirenen diru bidalketek ere behera egin dute.
Gaur egun, langabezia tasa %14an dago Albanian, eta %45ean Kosovon eta Bosnia Hertzegovinan. Gazteen artean aldiz, langabezia %40koa da, %50etik gorakoa Serbian, Kosovon eta Bosnia Hertzegovinan. Soldatak Europako batez bestekoaren %10ean daude Albanian eta %25ean Montenegron. Bizi baldintzen degradazio prozesu guzti hau eta Balkanetako klase arteko borrokaren gorakada progresiboa lotuta doaz. Horrela, azken urteetan, politika ekonomikoen aurkako hainbat borroka ikusi ditugu: Kroazian 2011n, Eslovenian 2012an, Serbian ikasle mobilizazioak 2007, 2009 eta 2014an eta Bosniako udaberria deitutako iaz.
Hankaz gora jarri dira orain dela 24 urte Jugoslavia ohiaren amaieran Balkanetan piztu ziren gezurretan oinarritutako esperantza guztiak. Lehendabizi gerra etorri zen, eta ondoren hondamendi ekonomia eta biztanleen txirotzea. Guzti honek agerian utzi du kapitalismoaren porrota eta bere gaitasun eza inolako paper aurrerakoirik jokatzeko. Bosnia eta Mazedoniako erreboltak inflexio puntu bat dira, batetik, borrokako lehenengo lerroan jarri delako langile klasea, eta bestetik, batasunean oinarriturik egin duelako zatiketa nazionalek eragiten duten sakabanaketei aurre eginez, burgesiak eta inperialismoak behin eta berriz zatiketaren estrategia erabili arren.