Grezian ikusi dugun gazteriaren matxinada orokortuak ezaugarri iraultzaileak ditu. Gazteak Estatua eta bere instituzioei desafio egiten ari zaizkie. Engelsek eta Leninek Estatuari buruz idatzi zutena askok irakurria ez eduki arren, esperientziaren bitartez ikasi dute Estatu burgesak zer ordezkatzen duen: jabego pribatuaren defentsa eta langile masen zapalkuntza. 

Gertakizun hauek kezka handia sortu dute burgesiagan. Hau guztia zergatik gertatzen ari den ulertzeko, beharrezkoa da azkeneko garaiotako Greziako egoera ekonomikoan sakontzea. Azkeneko 13 urteetan ekonomiaren hazkuntza nahiko altua izan da Grezian. Aurreko Simitisen PASOKen gobernuarekin, 1996tik 2004era, ekonomia batez besteko %4 igo zen urtero. Orain ekonomia beheraldian hasi da, %2,5ko hazkuntzarekin, baina ekoizpen industrialaren datuek esaten dute hurrengo garaietan okerrera egingo duela eta atzeraldian sartu daitekeela. 

Greziak hamarkada oso bateko hazkuntza ekonomikoa izan arren, langileen gehiengoak ez dute boom bat bezala bizi izan, atzeraldi bat bezala baizik. Urte guzti hauetan langileek iraganean lortutako konkista garrantzitsuak erasotu dira. Langabetu kopurua ehuneko altuetan mantendu da. 1999-2000an langabezi ofiziala %11,8koa zen. Datu ofizial horien arabera, orain %7,8koa da, oso altua beste herrialdeekin konparatuta. Soldatek, berriz, ez dute izan bizi kostuen igoera erritmoa. Azken 15 urteetan soldatek eros ahalmena galdu dute. Sektore publikoan 90. hamarkadaren hasieratik soldata erreala %30 erori da eta sektore pribatuan egoera okerragoa da. 3 milioi pertsona bizi dira pobrezian eta langile greziarrak Europako Batasuneko (EB) behartsuenen artean daude. Egoera honetan, gazteak dira ondorio latzenak jasaten ari direnak. Gazteriaren langabezia ofiziala %24ean dago, baina errealitatean 18 eta 25 urteen artekoetan %50ekoa da langabezia. Honen ondorioz, 25 urtetik beherakoen laurdena pobrezian bizi da.

Europa osoa kolpatzen ari den krisiak zuzenean eragiten dio ekonomia greziarrari. EBra doaz herrialdeko esportazioen bi herenak eta EBko eskaeraren erorketa krisi larria sorrarazten ari da. Zorrek ez diete eragiten soilik kontsumitzaileei, baita Estatuari eta enpresa greziarrei ere. Zor publikoa BPGren %93,8koa da, baina zor pribatua, publikoa eta enpresariala batzen badira, BPGren %200ekoa da. Burgesia eta gobernua aztertzen ari dira “Greziak ordainketak eteteko” aukera, hau da, Islandiaren bidea hartzea!! Aldi berean, gobernuak 28.000 milioi euroko erreskate plana onartu zuen, Estatu greziarrarentzat kantitate oso handia, proportzionalki beste herrialdeetan onartutakoa baino altuagoa. Gobernuak urteko duen diru sarreren erdia da, lau urtetako hezkuntza edo bost urtetako osasungintza. Gobernuak bankariei dirutza hau emateak sortu duen haserrea gehitu egin da Greziako egoera lehergarrira. 

Gazteriaren eta langileen borroka

Gaur egungo egoeraren sintomak azken urteetan ikusi dira gazteriaren protesta eta grebekin. Ikasleen mugimendu garrantzitsua eman zen 2006 eta 2007an. Demokrazia Berriaren (NB) gobernuak aldaketak egin nahi izan zitu Konstituzioan unibertsitate pribatuak sortu ahal izateko. Nahiz eta ikasleek hasiera batean saiakera hori atzera bota, gobernuak lege proiektu berri bat aurkeztu zuen beranduago proposamen berdinekin. Esperientzia honen bitartez, hainbat ikaslek ikusi zuen ez zela nahiko protesta batzuk antolatzea. Horrelako erasoak atzera botatzeko beharrezkoa da klase dominatzailea beldurraraziko duen mugimendu zabal eta indartsua.  

Aldi berean, langile klasearen mobilizazio handiak eman dira. 1974ean Koronelen Junta erori zenetik, NDren gobernua izan da greba orokor gehien sufritu duena. 2004etik 10 greba orokor egon dira. Borrokarako grinaren handitze honek ordea, ez du sindikatuetako aktibitatean eragin azpimarragarririk izan. Sindikatuetako buru eskuineko erreformistak egotea da honen zergatia, langileen borrokarako gogoa ito besterik ez baitute egiten.

Azken urteetan agintari sindikalen helburua ez da izan mugimendua eraikitzea, hau lasaitzea baizik. Greba orokorraren erabileraz abusatu dute. Garbi dago langile klasearen borroka modu garrantzitsuenetakoa dela, baina lau urtetan hamar greba orokorrekin oinarrizko ezer lortu ez denean, greba orokorraren talka ahultzea lortzen da. Mugimendu indartsu bat eraikitzeko baliabide bihurtu beharrean, langileen haserrea askatzeko eta baretzeko erabili da greba orokorra, hauek ondoren berriro lanera bidaliz. Hau esan ondoren, ez da ahaztu behar agintari sindikalek konbokatutako greba orokorrek jarraipen handia izan zutela, bertan sektore asko inplikatuz. 2007an pentsioen aldeko borroka ikusi genuen, ondoren horniketa elektrikoaren pribatizazioaren aurka, eta baita posta-zerbitzuko langileena ere. Hiru aste iraun zituen udal langileen grebaz gain, telekomunikabideetako langileen eta zamaketarien borrokak eman dira.

Borroka hauen gehiengoak ez zuten lortu pribatizazioak geratzea, bigarren mailako garaipenak soilik lortu zituzten. Langileek euren buruei galdetu diete ea grebek garaipena lortzeko balio ote duten. Baina krisiarekin, enpresariek langileei gerrikoa estutzeko esan dietenean hauek are gehiago haserretu dira. Agintari sindikal erreformistek nahi edo ez, langile greziarrek bide bakarra borroka dela ikusiko dute sindikatu greziarrak ezkerrerantz eta posizio borrokalariagoak hartzera bultzatuz.


Alexandros gaztearen erailketa

 

Iraultza guztiak ustekabeko “istripuen” ondorioz hasten dira. Kasu honetan Alexandros gaztearen erailketa izan zen Grezia osoko hautsak astindu zituena. Grezian ere gazteek politikan parte hartzen ez dutenaren kritika ohikoa izaten omen da, baina orain beraiek dira bidea irekitzen ari direnak. Karl Liebknecht iraultzaile alemaniarrak aspaldi esan zuen gazteria dela iraultzaren sugarra.

Gazte greziarren matxinadak dardarka jarri du burgesia. Kyrtzosek, burgesiaren analista garrantzitsu batek, ejertzitoa erabiltzearen beharra defendatu zuen. Karamanlisen DBko gobernuaren hainbat ministrok ere salbuespen egoera ezarri eta ejertzitoa kalera atera behar zela planteatu zuten. Azkenean, Karamanlis lehen ministroak aukera hau atzera bota zuela azaldu zuen. Arrazoia oso garbi dago. Egoera baketu baino gehiago mugimendu horrek Grezian gerra zibila sor zezakeen. Baina ejertzitoa erabiltzearen ideia oraingoz atzera bota duten arren, burgesia greziarrak honi buruz eztabaida ireki izana abisu bat da langile eta gazteentzat etorkizunerako. Kapitalismoarekin bukatu ezean, beti egongo da arriskua burgesiak ejertzitoaren bidez sarraskiren bat egiteko.

Azken 20 urteetan 68ko Maiatzaren antzeko egoera sortu da. Ikasleen bost mugimendu garrantzitsu eman dira 1987, 1990-1991, 1998, 2003 eta 2006-2007 urteetan. Gaur egungo mugimendua ordea oso desberdina da, ikasle masek estatu burgesaren aurka zuzendu baitute euren haserrea. Ikasleek Grezia osoko polizia komisariak erasotu izana ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Azpimarragarriena gainera ikasleek beldurra galdu dutela da. Prest zeuden sakrifizioak egiteko Estatuaren indarrak garaitzeko helburuagatik. Hau garai iraultzaileen sintoma da. Ez dira izan batzuei gustatzen zaizkien “gazte burugabeen” protestak. Guztira 600 institutu eta 160 fakultate okupatu dira. Egunero-egunero zeuden mitinak eta manifestazioak. Ikasle mugimenduak langile klasearen babesa lortu du. Hona hemen zer egin duten politikan interesik ez duten gazte horiek.

Hau guztiaren aurrean, PASOK alderdi sozialdemokratak eta KKE alderdi “komunistak” beste alde batera begiratu dute. KKE mugimendurik existitzen ez dela esatera ere ausartu da, protestak burges txikienak izan direla aipatuz. Aitzaki hori erabili dute mugimenduan parte ez hartzeko. NDren gobernuaren aurkako mugimendua eraiki beharrean nahiago izan dute hauekin bilerak egin egoerari “irtenbideren bat” bilatzeko.

Baina historiaren indarra edozein zuzendaritza erreformista eta burokratiko baino indartsuagoa denez, langileen eta gazteria iraultzailearen interesak defendatzen ez dituzten agintari sindikal eta politikoak paretik kenduak izango dira datozen garai iraultzaileetan.

Lotsagarria den arren, burgesiak argiago ikusten du Grezian eta Europan langile klasea zer egiteko gai den. Kathimerini egunkari greziar burgesak abenduaren 22an honako hau argitaratu zuen artikulu batean: “Gaur, Atenasko matxinadan, Europak bere etorkizuneko amesgaiztoa ikusten du bere politikari eta intelektualek etorkizun hobe bat ez badute diseinatzen. Ez dugu hitz egiten irlandarrek Lisboako Hitzarmena berretsiko ote duten edo britainiarrak txanpon bakarrera elkartuko ote direnari buruz. Auzia da ea estatu kideetako gizarteak lehertuko diren”. 

Dudarik gabe, Grezian gertatu dena mehatxu garrantzitsua da Europa osoko burgesiarentzat eta langile eta gazteentzat berriz euren herrialdeetan egingo dutenaren ispilua.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.