Klase arteko borroka da Trump garaitzeko bide bakarra!
Pasa den astelehenean, maiatzak 25, polizia batek ankerkeriaz George Floyd 46 urteko langile beltza erail zuen Minneapolisen. Atxiloketaren bideoan, Derek Chauvin agenteak langile afroamerikarraren lepoa nola belaunarekin presionatzen duen ikus daiteke. Herrialdearen zati handi batean debekatutako praktika bat da, baina ez Minnesota estatuan. Lurrean bederatzi minutu inguru geldiarazita eduki zuen gizona, honek arnasarik hartu ezin zuela askatzeko erregutzen zion arren. Krimenari begira beste hiru polizia zeuden ezer egin gabe. Floyd ordu batzuk geroago hil zen ospitalean eta hilketa sutea piztu duen txinparta bihurtu da: altxamendu soziala herrialdeko 25 hiri handitan baino gehiagotan zabaldu da, herri altxamenduen ohiko elementuak hartuz eta Trumpen Gobernua kinka larria jarriz.
Mugimendua AEB guztira hedatu da
Estatuko botereek babesten duten makineria polizial kriminalak eraildako gazte eta langile afroamerikarren zerrendak ez du amaierarik Amerikako Estatu Batuetan. Baina polizia-indarkeria arrazistaren ekintza horrek zerrendara izen bat gehitzeaz gain, klase agintari estatubatuarra aspalditik beldurtzen duena eragin du: gizartean eratzen joan diren kontraesan guztiak mugimendu berean elkartu dira.
Krisi ekonomiko basatia eta eragiten ari den langabezia masiboa, oinarrizko gizarte-zerbitzuen eta osasun publikoaren erabateko gabeziarekin uztartzen dira; aberastasun ikaragarria biltzen duen enpresari gutxi batzuek milioika familia pobreziara eta bazterketa sozialera kondenatzen dituzte, Washingtongo politikariek Wall Streeterako erreskate planak onartzen dituzten bitartean. Koronabirusaren pandemiak kapitalismo estatubatuarraren lapiko ustela utzi du agerian: hildako gehien dituen herrialdea da (datozen asteetan 200.000 hildako izan daitezke) eta klase arteko arrakala etengabe handitzen ari da.
“No justice, no peace” edo “Black Lives Matter” oihukatuz, protestak Minneapolisen hasi ziren Floyd hil eta hurrengo egunean. Milaka pertsonak kaleak modu baketsuan hartu eta Polizia Sailera abiatu ziren pankartekin justizia eskatuz. Poliziak gas negar-eragileak eta gomazko balak jaurtiz erantzun zion mobilizazioari. Baina hurrengo egunetan zehar gogortu zuten errepresio bortitzak ez zituen manifestariak beldurtu eta legitimoki mobilizazioak defendatzeari ekin zioten.
Trumpek hirian Guardia Nazionaleko 550 kide zabaltzea agindu zuen. Bigarren egunean, manifestari bat hil zen poliziaren tiro batek jota, gas negar-eragileen kargen erdian. Milaka eta mila gazte beltz, zuri, asiar, langile eta adinekoen determinazioa eta ausardia mundu osoan ikusi ahal izan da sare sozialetan dabiltzan ehunka bideori esker. Baita poliziaren basakeria ere. Baina indarkeria poliziala gupidarik gabe eta indar osoz erabili arren, ezin izan zuten eragotzi hiriko polizia-etxeetako bati su ematea, eta poliziek ihes egin behar izatea altxamenduak aurrera egiten zuen bitartean.
Irudiok iragan hilabeteetan Santiagon, Bogotan, Quiton edo Parisen izandako gertakari iraultzaile handiak ekartzen dizkigute gogora. Altxamenduari ekin dioten zapalduak dira, sistema hiltzaile baten aurka, eskaintzen dien bakarra errepresioa, hilketak eta zapalkuntza gupidagabea besterik ez baita. Borrokalarien belaunaldi berria sortu da burdinezko mailu honen aurka eta kapitalistek argi ikus dezakete hori.
Espero bezala, klase menderatzaileak eta bere zerbitzura dauden komunikabideek mobilizazioen aurkako kriminalizazio kanpaina hasi dute, Floyden hiltzaileak eta Etxe Zuritik horiek babesten dituztenak desenkusatuz. Prentsa burgesak inolako zalantzarik egin gabe, manifestariak “kriminalak” eta “lapurrak” direla esan du. Fox Newseko aurkezleak -Trumpen jarraitzaile sutsua bera- honakoa adierazi zuen: “Istiluak tirania modu bat dira. Indartsuek eta bortitzek ahulak eta armarik gabekoak zapaltzen dituzte. Zapalkuntza da". Hori zioen unean, poliziak 17 hiritan 1.400 atxiloketa baino gehiago burutu zituen.
Klase arteko borroka bete betean
Donald Trump sutara gasolina botaz mugitu da gatazka honetan. Osasun-krisian axolagabekeriaren txapelduna izan da, osasuna multinazionalen irabazi ekonomikoen negozio hutsa izatera bideratzean lehena. Finantza- eta enpresa-oligarkia aberasteko herria bazterrean utzi ondoren, plutokrata honek ez du zalantzarik izan gerra mezuak zabaltzeko. Tiroketak lehenbailehen hasteko deia egin du, armada kalera ateratzeko mehatxua eta protestetan aktiboki parte hartu duten erakunde ezkertiar eta antifaxistak berehala legez kanpo uztea proposatu du.
Hain zuzen ere, jarrera probokatzaile eta desafiatzaile horrek areagotu ditu herrialde osoan mobilizazioak. Kontrairaultzaren kolpeak iraultza hauspotzen du. Lau egun baino gutxiagoan, milaka eta milaka pertsonek hogeita hamar hiri baino gehiago (Miami, New York, Los Angeles, Filadelfia, Atlanta, Dallas, Washington eta beste asko) bete dituzte, poliziaren bortizkeria salatuz eta Trumpen eta bere Gobernuaren aurka kargatuz. Amorrua bolbora bezala hedatu da.
Ez dute lortu altxamendu ikaragarria itzaltzea, ez dozena bat hiritan ezarri diren etxeratze aginduek (buruan errepublikanoak nahiz demokratak egonik) ezta Guardia Nazionala gero eta gehiago kalera ateratzeak ere. Soilik Minnesotan 13.000 polizia mobilizatu dituzte, azken 160 urteetako kopururik handiena.
Pobrezia eta umiliazioa jasateaz erabat gogaituta dauden herritarren artean mugimendu honek piztu duen elkartasunak izerdi hotzak eragiten dizkie kapitalista iparramerikarrei. Adibide esanguratsua da autobus-gidarien erantzuna; izan ere, uko egin diote poliziak atxilotutako manifestariak beren autobusetan eramateari. Hala adierazi zuen haietako batek: “Garraioko langile eta [ATU Local 1005] sindikatuko kide naizen aldetik, uko egiten diot nire klasea eta gazte erradikalizatuak kartzelara eramateari.”
Mugimenduaren aldarrikapenen babesa eta “I can’t breathe” (ezin dut arnasarik hartu) borroka oihua Londres, Paris, Berlin, Dublin, Auckland (Zeelanda Berria) eta beste hainbat hiritan ere entzun da, eta joan den igandean arrazakeriaren eta poliziaren basakeriaren aurkako martxa eta kontzentrazio masiboak egin ziren. Mugimendua nazioarteko maila gogoangarria hartzen ari da.
Klase arteko borroka honen irudiak koronabirusaren pandemiak eragindako hildako eta kutsatutakoen eszena ikaragarriekin batera ematen ari dira. Gaixotasunaren hedapenak agerian utzi du Estatu Batuetako langile eta gazte gehienek bizi duten egoera prekarioa, batez ere, herritar beltzen artean; Estatu Batuetako biztanleen %13,4a dira (327 milioi pertsona).
APM Ikerketa Laborategiak 40 estatutan bildutako zifren arabera, afroamerikarrak zuriak baino ia hiru aldiz azkarrago hiltzen ari dira. Populazio beltzaren ehuneko handiena duten hiru estatuetan -Mississippi, Louisiana eta Georgia- COVID19 birusak eragindako heriotzen %70 beltzak dira. Chicagon hildakoen %73 dira, Milwaukeen %81, eta gauza bera gertatzen da hiriburuan. Columbia konderrian hildakoen %77 afroamerikarrak dira.
Ez dira salbuespenak. Osasun-laguntza publikorik ez izatearen ondorioa da, auzo marjinal eta pobreetan afroamerikarrek bizi duen segregazio arrazista eta ekonomikoaren ondorioa, gehiengoa pobreziara eta miseriara kondenatzen duen kapitalismoaren logikaren ondorioa alegia. Poverty in The USA erakundeak 2016an emandako datuen arabera, muturreko pobreziak populazio beltzaren %26,2ri eragiten dio, eta komunitate latinoaren %23,4ari.
Estatu aparatu arrazista, kapitalaren eta elite zuriaren zerbitzura
Munduko lehen potentzian ematen ari den eztanda sozial honek agerian utzi du AEBetako burgesiaren erakundeen arrazakeria organikoa. Zapalkuntza arrazista poliziaren, epaileen eta Estatu kapitalistaren muinean txertatuta dago.
Donald Trump da arraza-supremazismo zuri kapitalista eta erreakzionario honen adierazle nagusia. Bere “Make America Great Again” leloa arrazakeria eta xenofobia astintzen dituen bandera da, eta etengabe hauspotzen du kontsigna hori bere oinarri sozialaren artean: Mexikoko mugan harresia eraiki zuen, migratzaile mexikarrei tiro egiteko baimena eman zuen, musulmanen aurkako irain etengabeak egin zituen eta 2017an Ku Klux Klaneko faxista zurien alde egin zuen. Historial bikaina du.
Agerikoa da Donald Trumpek langile eta gazte beltz eta latinoen aurkako gorrotoa hauspotzeagatik nabarmendu dela, baina egoera ez da berria Etxe Zurian. Obamaren agintaldian, poliziaren esku hildako gazte eta langile beltzen kasuek gora egin zuten. Presidente ohiak ekipamendu militarra eman zien herrialde osoko polizia-sailei, eta horrek azaltzen du poliziaren indarkeriak eragindako heriotzen gorakada.
Arrazakeria, batez ere, klaseko auzia da. Eric Garner, Trayvon Martin, Mike Brown, George Floyd eta poliziak hildako guztien delitu bakarra beltzak eta langile klasekoak izatea izan zen. Segurtasun-indarrak, haien legeak eta justizia klase agintariaren interesen zerbitzura daude, hau da, gizarteko geruza pobreenak gupidarik gabe kolpatzen dituzten bankari eta enpresarien interesen zerbitzura. Ezin konpara daitezke fusilak eskuan zituztela konfinamenduaren amaiera eskatzen zuten Trumpen aldeko manifestari zuriei eman zitzaien tratua eta egun kaleak hartzen ari direnen aurkako jazarpen poliziala.
Floyd ito zuen poliziari zuhurtziagabekeriazko giza hilketa leporatu badiote eta ez hasierako asmoan zen bezala soilik bere postutik kentzea, herrialde osoan altxatu den mobilizazio masiboari esker izan da. Baina erabakia egoerak behartutako keinu bat da, samina geldiarazten saiatzeko helburuarekin egina. Borrokak aurrera jarraitu behar du, zabaldu eta helburuak argitu behar dira: elementu erreakzionarioak poliziatik kanporatzea eta modu eredugarrian zigortzea.
Horrek, kasu askotan polizia sailen desegitea eragingo luke egun konderri eta hiri askotan existitzen diren zentzuan behintzat. Polizia sailak auzo komunitateen eta langile klaseko erakundeen kontrolpean jarri behar dira, sindikatuetatik, gizarte- eta komunitate-kolektiboetatik hasita, hala nola, Black Lives Matter eta beste asko, eskubide demokratikoen aldeko eta arrazakeriaren aurkako borrokaren lehen lerroan daudenak.
Ezinbestekoa litzake neurri hori osatzea programa konkretu batekin: gutxieneko soldata orduko 15 dolarrera igotzea; osasuna eta hezkuntza publikoa, doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa berehala ezartzea; auzo pobreak osorik eraberritzea, etxebizitza duinak eta beharrezko gizarte- eta kultura-ekipamenduak emanez; garraio ekologikoa, doakoa eta kalitatezkoa; eta langabezian dauden langile guztientzako sorospen federala onartzea, hileko 2.000 dolarrekoa, lana aurkitu arte.
Hori da langile klase eta gazteri iparramerikarra erasaten duen hondamendiari modu eraginkorrenean aurre egiteko bidea.
Langileen eta gazteriaren alderdi baten alde. Konfiantzarik ez Alderdi Demokratarengan!
Alderdi Demokrataren aparatuak erakutsi du sistemaren zutabe bat dela eta bere sustraietan klase nagusiaren interesen defentsa dagoela. Joe Biden presidentegaiak eskerrak eman zizkion Minneapoliseko alkateari, erailketan parte hartu zuten poliziak apartatzeagatik, eta eskatu dio ikerketa abian jartzeko!! Ez al dute nahikoa froga Floyden heriotzaren grabazioa? Biden ezkutatzen saiatzen ari da AEBn milioika beltz pobrek jasaten duten zapalkuntzan duen erantzukizuna: Clinton gobernuan zela, 1994an eskola-garraioan segregazioaren aldeko “Crime Bill” ospetsuaren egilea izan zen.
Bernie Sandersek atzera egin ostean, langile eta gazteen alderdia sortzeko beharrari buruzko eztabaida inoiz baino biziago dago. Bernie mugimenduak babes handia irabazi zuen gazteen eta herritar beltz eta latinoen sektore zabalen artean. Mugimenduak zerbait frogatu bazuen zera izan zen: zapalduek beren bizitza eraldatzeko duten premia atzeraezina. Sandersen aldeko olatua sortu izanaren oinarrian dagoen ezberdintasun soziala eta zapalkuntza gogortu egingo dira datozen hilabete eta urteetan.
Black Lives Matter 2016an sortu zen, eta milaka ekintzaile bildu zituen herrialde osoan. Black Panthers-en sorreratik ematen zen beltzen askapenaren aldeko mugimenduaren garapenik handiena izan zen. Hain zuzen ere, esperientzia hori eta mundu osoan milioika pertsonaren kontzientzia kolpatu duten beste asko dira Floyden hilketaren aurkako protesten iturria.
Osasun pandemia betean milaka eta milaka kalera atera izanak agerian uzten du gazteriaren eta langile askoren kemena eta borondatea, justizia egin dadin eta hilketak betiko amai daitezen. Arrazen gainetik dagoen mugimendu bateratu bat gauzatu da, eta elkartzen dituena klase sozial berekoa izatean datza, langile klasekoa alegia.
AEBetako ezker borrokalari eta klaseko erakunde guztiek mobilizazioa mantentzeko eta handitzeko betebeharra dute, eta pauso sendoak eman behar dira langile eta gazteriaren alderdi handi bat altxatzeko, establishment demokratarekin eta burgesiarekin nahiz politika kapitalistekin hautsiko duena. Sandersek, tamalez, uko egin dio helburu horri, eta demokratei men egin die, Ocasio-Cortezek egin duen bezala. Baina kalean milaka eta milaka pertsona borrokatzen ari direnak ez du zerikusirik Bidenekin ezkontzearekin.
Langileen alderdi bat eraiki behar da ideia eta metodo sektarioak baztertuko dituena, ausardiaz lan egingo duena gizarte-mugimenduetan eta sindikatu handietan benetako politika sozialista defendatzeko; argi eta garbi azalduko duena beharrezkoa dela AEBetako bankuak eta monopolio handiak nazionalizatzea eta ekonomia demokratikoki planifikatzea jendea erreskatatzeko, eta ez plutokrazia.
Langileei eta gazteen osotasunari dei egin behar zaie protesta horietan parte hartzera, herrialdeko hiri nagusietan manifestazio koordinatu eta masibo berriak antolatuz, eta programa antikapitalista eta iraultzaile hori hartu behar dute oinarri.
Sistema ustel honekin amaituz bakarrik jarri ahal izango diogu amaiera arraza, genero eta klase zapalkuntzari. Asmo horiei guztiei erantzuteko, indar izugarria erakusten ari den langile klase eta gazte estatubatuarrek, tresna propioak behar dituzte: Estatu Batuetan langile alderdi bat eraikitzea berehala ekin behar zaion ezinbesteko eginbeharra da, borroka hau aurrera eraman eta irabazteko.
Black Lives Matter!