Azken hilabeteotan Nikaraguan masak altxatu dira, eta horrek nahasmena sortu du zenbait ezkerreko erakundeetan, matxinada Nazio Askapenerako Fronte Sandinistaren (FSLN) izenean gobernatzen duen Daniel Ortegaren erregimenaren aurkakoa izan delako. Ez da ahaztu behar 1979ko iraultza sandinistak eragin handia izan zuela Euskal Herriko gazte eta langileengan, eta ez ziren gutxi izan iraultza babesteko asmoz Nikaraguara joan ziren brigadistak. Horregatik, oso garrantzitsua da zintzo eta zorrotz aztertzea zergatik gertatu den matxinada hau, zeintzuk diren protagonistak, nola erantzun duen Ortegaren Gobernuak eta zein izan den FSLNko buruzagien bilakaera.

Protesten pizgarria

2014az geroztik, era askotako protesta eta mobilizazio handiak izan dira Nikaraguan. Nekazariak behin eta berriz mobilizatu dira ozeano arteko kanalarengatik, eragin handiko hondamendi ekologikoa ekarriko baitu. Proiektua txinatarrek finantziatu dute, eta Daniel Ortegaren seme Laureanok gidatzen duen, ProNicaragua enpresako buru delako. Pentsioen kontrarreformaren aurkako mobilizazioak ere izan dira, baita abortua jazartzen eta zigortzen duen gobernuaren erabakien aurka ere. Hierarkia katolikoaren eskakizunei men eginez, emakume langileen oinarrizko eskubide bat urratzen du neurriak, eta ezin da ahaztu Nikaraguan etengabe hazi direla abusuak eta feminizidioak. 

Joan den apirilaren 19an, Gizarte Segurantzaren kotizazioen erreformaren aurkako protesta hasi zen, unibertsitateko ikasleak eta pentsiodunak buru zirela. Ortegaren gobernuak neurri hori onartu zuen Nazioarteko Diru Funtsaren ildoari jarraituz. Erreformak logika neoliberala jarraitzen du, langileei zerga presioa areagotuz eta prestazio sozialak murriztuz.

Protestak hasi zirenetik, 450 hildako izan dira, milaka zauritu eta ehunka atxilotu eta desagertu. Hasieratik gobernuak erabilitako errepresio basatia dela medio, urteetan metatutako ezinegonaren leherketa gertatu zen. Ikasleekiko elkartasun mugimendua berehala hedatu zen herrialde osoan, eta borroka indartu zen. Gauzak horrela, mahai gainean jarri dira Estatu burgesaren, armadaren eta poliziaren paperari buruzko auziak.

Gazte, nekazari eta langileen matxinada ez du inperialismoak sortu eta gidatu. Ez da kasualitatea 1979ko iraultzaren borroka tradizioak bizirik gorde dituzten hiriak, herriak eta auzoak erresistentziaren buru jarri izana oraingoan ere. Antolaketa maila oso urrun iritsi da, toki horietako batzuk herritarren menpe geratzeraino. 

Ortegaren gobernuaren politikak eta izaera

Nazio Askapenerako Fronte Sandinistak nekazarien eta herritarren iraultza handia burutu zuen eta 1979an Somozaren diktadura gorrotatua garaitu. Nahiz eta FSLNeko zuzendaritzak bandera hori eta, batzuetan, diskurtso antiinperialista erabili, egia esan NDFak eta enpresariek hauspotutako kontrarreforma kapitalista gogorrak inposatu ditu gobernutik, errepresio basatia erabiliz. Lotsarik gabe aberastu dira Ortega, haren emazte Rosario Murillo eta familia osoa, FSLNeko betiko burokraziaren geruza batekin batera. Gaur egun, Nikaraguako oligarkiaren parte garrantzitsu bihurtu da Ortegaren familia.

Aldiz, Nikaragua munduko herrialde txiroenetako bat da, haren ekonomia nabarmen hazi arren. Herritarren erdia pobrezian bizi da, eta nekazarien artean %68koa da pobrezia; biztanleriaren %30ak desnutrizio kronikoa pairatzen du, indigenen artean %50ak.

Erregimenak eta burgesiaren aldeko oposizioak bat egin dute Demokrazia eta Justiziaren aldeko Aliantza Zibikoan. Aliantza Zibiko hori COSEP herrialdeko patronal garrantzitsuenak eta Eliza katolikoaren hierarkiak zuzentzen du. Sortu zenez geroztik, borrokaren garapena gelditzen saiatu da, krisiari irtenbide negoziatua aurkitzeko eta egonkortasun kapitalista bermatzeko.

Denbora honetan guztian, inperialismo estatu batuarrarekin koordinatuta egon dira Amerikako Estatuen Erakundean (OEA), eta baita Europako hainbat estaturekin ere. Aliantza Zibikoa eta inperialismoaren helburua berbera da: irekitako krisi iraultzailea nola edo hala gelditzea, izan Ortegarekin edo bera sakrifikatuz, ez badie balio haien interesak bermatzeko.

Masek kapitalismoarekin hausteko beharra dute

Ortegaren elkarrizketarako deiaren ondoren, Gobernuak errepresio basatiari ekin zion uztailean. Armada, polizia eta paramilitarrak (arma automatikoak zituzten mertzenarioak) bidali zituzten borrokaren antolakuntzan urrunen iritsi ziren guneak gupidarik gabe erasotzeko. 

Beharrezkoa da Nikaraguako gazteen eta zapalduen borrokarekin jarraitzea, krisiari irtenbide iraultzaile bat emateko: errepresioaren arduradunak epaitzetik eta zigortzetik hasi behar da eta kontrarreforma eta neurri kapitalisten eta neoliberalen indargabetzea lortzearekin jarraitu. Nikaraguako gertaerek erakusten dute bigarren iraultza bat behar dugula, sandinismoaren borroka tradiziorik onenak berreskuratuz, sistema kapitalistarekiko haustura burutu ahal izateko.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.