Kalean borrokak aurrera jarraitu behar du! Sozialismoaren alde, kanpora Piñera hiltzailea!

Urriaren 25ean, erreferenduma egin zen Txilen, konstituzio berri bat idatziko duen prozesuari hasiera emateko. Kontsultaren helburua zen erabakitzea Pinocheten diktaduraren garaitik indarrean zegoen konstituzioa ordezkatu behar ote zen eta, onartuz gero, aukeratzea testu berria idazteaz arduratuko litzatekeen erakundea: edo herritar independenteek osatutako Konstituzio Konbentzioa (CC) edo independenteek eta parlamentariek erdibana osatutako Batzorde Mistoa (CM).


Bozketaren emaitza erabatekoa izan zen: %78,27 (5.884.076 boto) konstituzio pinochetista indargabetzearen alde agertu zen, eta ia kopuru berberak (%78,99, 5.644.418 boto) erabaki du gaur egun eskuinaren esku dagoen parlamentutik independentea den Konbentzio Konstituziogile batek idatz dezan.

Bozketa amaitu bezain laster, milaka eta milaka lagun atera ziren kalera eta Duintasunaren Plaza hartu zuten beste behin. Ohar garbia izan zen: Txileko iraultza piztu zuten indarrek aktibo jarraitzen dute eta Piñeraren Gobernu kriminalaren aurkako borrokak kalean jarraitzen du.

Baiezkoak langileen komunetan babes masiboa jaso du

Prentsa burgesak egindako analisiek onartu behar izan dute baiezkoak argi eta garbi uzten duela botoa ez dela mugatzen konstituzioa berriztatzera; aitzitik, askoz sakonagoa den zerbait islatzen du: masek diktaduraren herentzia behingoz ezabatzeko eta gizartea errotik aldatzeko duten nahia murrizketen eta pribatizazioen gaitzak baztertzeko, politika neoliberalekin urrezko egin den oligarkiaren pribilegioak ezabatzeko eta elementu faxistak dituen estatu aparatuaren errepresioari aurre egiteko.

Ideia hori berretsi da herrialdeko komunarik pobreenetako botoak zenbatzean. Krisi ekonomikoak eta politika kapitalistek eragin latza izan duten lekuetan, eskuinaren aurkako kolpea are handiagoa izan da. Herri horietan, baiezkoak batez besteko orokorra gainditzen du, eta ezezkoak, berriz, errentarik altuena duten eremuetan bakarrik izan du arrakasta: herrialde osoan dauden 346 komunetatik 5etan baino ez.

Santiagon, hiriburuan, klaseen araberako boto banaketa horren adibide argigarri bat daukagu. Las Condes ezezkoak irabazi zuen 3 komunetako bat da eta biztanleko hileko bataz besteko diru-sarrera 900.000 pesokoa da; aldiz, Puente Alton, hiriaren hegoaldean, baiezkoak %88ko babesa lortu du eta 136.000 pesokoa da diru-sarreren bataz bestekoa, ia zortzi aldiz baxuagoa.

Erreferendum hau Piñeraren erregimen hiltzaileak ezkerreko buruzagi erreformistekin hartutako konpromisoa izan zen, eta 2019ko urriko altxamenduarekin hasitako prozesu iraultzailea desbideratzea zuen helburu. Hala ere, bozketak eskuineko indarren porrota ekarri du, eta agerian utzi du Txileko langileek duten indarra. Horregatik, klase menderatzaileak fitxa mugitzea erabaki du, prozesu konstituziogileak eskuetatik ihes egiten ez diola bermatzeko.

Burgesiak konstituzio berriaren gaineko kontrola "blindatu" du

Hauteskundeen emaitzak ezagutu ostean, Piñera prentsaurrekoan atera zen, bere ministro guztiekin batera, jasotako kolpearen ostean indar erakustaldia egiteko. Egoerari buelta emateko ahaleginean, bere Gobernuaren garaipentzat hartu zuen baiezkoaren arrakasta, eta "demokrazia, batasuna eta bakea maite ditugun txiletar guztien garaipena" dela esan zuen.

A zer hipokrisia handia! Errepresioaren, torturen eta manifestarien hilketen arduradun nagusiak, mobilizazioak geldiarazteko salbuespen egoera ezarri zuen berberak, demokraziaren aitzindaritzat aurkezten du orain bere burua.

Baina plan horrek huts egiten badu eta prozesu konstituziogileak bere kontroletik ihes egitearekin mehatxatzen badu, eskuinak boikota egiteko hainbat mekanismo ditu. Beto mota horietako lehena Parlamentuaren 2/3ko gehiengo kualifikatua da, konstituzioa onartu ahal izateko beharrezkoa. Hau da, ganberako kideen heren bat baino zertxobait gehiago eskuinak ordezkatzen badu, eskuinak erabateko legitimitatea izango du onarpena zapuzteko.

Eta ekimen hori aurrera ateratzea lortuko balitz ere, bada beste oztopo handi bat: konstituzioa onartzeko ezarritako epeak. Kasurik onenean, idatzita eta onartzeko prest 2022ko maiatzean egongo da!

Atzerapen horren helburua da, bien bitartean, Piñerak eta kapitalistek askatasun osoa izatea beren agenda errepresiboa aplikatzen jarraitzeko, indarrak osatzeko eta beste kolpe bat prestatzeko —une egokia aurkitzen dutenean—prozesua suntsitzeko.

Baina, argi mintzatuz, nahiz eta bide makur hori guztia gainditu eta konstituzio berri bat idaztea lortu, ekarriko ote du benetako aldaketarik Txileko langileriarentzat?

Konstituzio berri batek ez ditu zapalduen bizi baldintzak aldatuko

Ezker erreformistak eta parlamentarioak —Alderdi Sozialista, Alderdi Komunista eta CUT Langileen Zentral Bakarra sindikatu ofiziala— ontzat hartu dute Txileko oligarkiaren maniobra, eta adierazi dute Batzar Konstituziogile burges batek pribatizazioen, errepresioaren eta desberdintasun sozialen amaiera ekarriko duela. Kretinismo parlamentario hutsa da hori, jendea kaletik kendu besterik egin nahi ez duena. Langileriak pairatzen dituen arazo handiekin amaitzeko panazea bihurtu dute Batzar Konstituziogilea.

Horrela, erreformistek konstituzio berria idaztea eta Batzar Konstituziogilea osatzea alternatiba bakartzat aurkeztu dute. Hori da auzo proletarioetan boto masiboa lortzeko arrazoi nagusia. Txileko langileek eta, oro har, zapalduek duten aldaketarako gogo sakona islatu du boto horrek.

Piñerak —langile klasearen mobilizazio irmo, sendo eta masiboak harrapatuta—, hasiera batean errepresio gogorrarekin erantzun zuen. Karga polizialek, atxiloketa orokorrek, manifestariei emandako jipoiek eta abarrek, mugimendua ahuldu beharrean, energia eta erradikaltasuna eman zioten.
Hori dela eta, alarma piztu zen Txileko kapitalista eta bankari handien bulegoetan, horiek baitira benetan boterea dutenak herrialde australean.

Orduan, oligarken aginduei jarraituz, Txileko presidenteak mahai gainean jarri zuen erreferendum konstituzionala egiteko eta Batzorde Konstituziogilea osatzeko aukera (neurri errepresiboak alde batera utzi gabe). Helburua gero eta izaera iraultzaileagoa zuen mugimendua desaktibatzea eta kalterik egiten ez duen parlamentarismoaren ur lasaietara bideratzea zen.

Hori lortzeko, langileen agintarien laguntza behar zuten noski. Buruzagi horiek ez zuten inolako zalantzarik izan laguntza hori eskaintzeko, nahiz eta hain zuzen ere momentu hartan kaleetan gobernuaren aurkako gorrotoa gero eta handiagoa zen eta agintetik botatzeko aukera oso argia zegoen.

Bestalde, Txilen iraultzaile gisa aldarrikatzen diren hainbat erakundek,  Piñeraren Gobernuak eta erreformistek adostutako prozesu konstituziogilearen ordez, benetan “askea” eta “burujabea” den Batzorde Konstituziogile baten alde borrokatzea defendatu dute.

Esan beharrik ez dago parlamentu burges batek ez dituela konponduko Txileko masen arazoak, ezta bere burua “aske” eta “burujabetzat” duen Batzorde Konstituziogileak ere.

Kanpora Piñera! Langileen gobernu baten alde eta sozialismoaren alde!

Ez gara sektarioak, eta horregatik erreferendumaren emaitza eskuinari emandako kolpe izugarritzat eta langile klasearen indar erakustalditzat hartzen dugu. Baina gizartearen eraldaketa borroka iraultzailerik gabe planteatzea kimera hutsa da, eta esperientzia mingots baten ondoren milioika pertsona frustraziora eramango ditu.

Esperientzia historikoak erakusten duen zerbait da konstituziorik demokratikoenak eta parlamentu aurrerakoienak ere oztopo gaindiezin baten aurka talka egiten dutela beti: estatu kapitalistaren klase izaeraren aurka. Estatu burgesa eta bere organo instituzional guztiak —parlamentua eta bere legeak adibidez— ez dira neutralak. Klase agintariaren interesei erantzuten diete, gizartearen kontrol ekonomiko eta politikoa dutenei.

Hori ulertzea oinarrizkoa da edozein marxistarentzat, baina badirudi Txileko ezkerrak erabat ahaztu duela. Bizi-baldintza hobeak lortzeko zein den bidea erakusten duen eredurik hoberena Txileko masek jarri dute mahai gainean. Urte beteko borrokan, ezker parlamentarioak azken hogeita hamar urteetan baino aldaketa eta hobekuntza gehiago lortu dituzte.

Benetan uste al dute konkista sozial historiko horiek —besteak beste erreferenduma bera egitea— parlamentuko taktika trebeengatik gertatu direla eta ez direla izan 70eko hamarkadaz geroztik izandako greba mugimendu ikusgarrienaren emaitza?

CUT, PC eta gainerako ezkerreko erakundeek greba prozesuarekin jarraitzea eta lantegiak okupatzea, lantokietan, ikastegietan eta auzoetan ekintza batzordeak sortzea proposatu izan balute, hau da, langileriari gizarte eredu alternatibo bat eraikitzea ahalbidetuko liokeen programa bat eman izan baliote zapalkuntza kapitalista beren bizitzetatik ezabatzeko, Txileko egoera oso bestelakoa izango litzateke.

Txileko gertaerek, berriz ere, erakutsi dute beharrezkoa dela klaseko estrategia iraultzailea eta sozialista altxatzea iraultza garaipenera eramateko, eta ez errailetik atera edo itotzeko. Programa honek zehatza, kontsekuentea eta praktikoa izan behar du. Herritarrentzako premiarik larrienei erantzungo dieten konponbideak planteatu behar ditu, gazteen eta langileen ekintza zuzenaren bidez lor daitezkeenak.

Gosearen eta miseriaren aurrean, bankuen, monopolioen eta lurraren nazionalizazioa defendatu behar da, inolako kalteordainik gabe eta langileen eta haien erakundeen kontrol demokratikopean; baita soldata duinak eta enplegu egonkorra, etxebizitza publiko eskuragarria izateko eskubidea, erretiro duinak ehuneko ehun publikoak eta AFPen amaiera ere.

Pandemiaren hondamendiari amaiera eman behar zaio, eta berrogeialdi osoak deklaratu behar dira, familien diru-sarreren %100 mantenduz. Aldi berean, osasun pribatua desjabetu behar da, eta ospitale sare publiko, duin, doako eta unibertsala indartu. Era berean, maila guztietan guztiz doako hezkuntza ezarri behar da.

Kanpora Piñeraren errepresioa! Preso politiko guztiak askatu eta armadatik, poliziatik eta justiziatik faxistak kanporatu behar dira berehala; diktadurako errepresioaren eta krimenen erantzuleak epaitu eta zigortu behar dira eta herri maputxeari eskubide guztiak aitortu.

Erregimenak kontrolatutako parlamentu kapitalista baten ordez, kabildoak eta herri-batzarrak zabaldu behar dira. Erakunde horiek maila nazionalean koordinatu behar dira, ordezkari hautagarri eta kengarrien bidez, langileen gobernu bat aukeratuko duen Batzorde Iraultzaile batean, erregimen kapitalista suntsitzeko.

Prozesu konstituziogile honen esperientziak ez ditu langile familiek pairatzen dituzten arazo nagusiak konponduko, baina baldintzak sortuko ditu berriz ere borrokak indarra hartu dezan.

Piñeraren maniobrek, langile mugimenduko agintari erreformistek lagunduta eta bermatuta, ez dute egonkortasun aldi iraunkorrik ekarriko. Kapitalismoak ez die ezer eskaintzekorik masa pobre eta langileei. Berandu baino lehen sozialismoaren aldeko borroka iraultzailearen lehen lerroan kokatuko dira.

banner altsasu

banner altsasu

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.