XX. mende osoan zehar, Estatu Batuen atzaparrek Latinoamerika kontrolatu zuten. Ipar Amerikako inperialismoak hegoaldean zuen herrialde oro bere jolastoki gisa hartu zituen: aberastasunak espoliatuz, estatu kolpeak antolatuz, diktadore militarrak babestuz, herriak odolez zapalduz eta politikoki esperientzia iraultzaileak zapuztuz. Horrek guztiak abantaila handia eman zien munduko potentzia hegemoniko bezala kokatu eta mantendu ahal izateko.
Gauza asko aldatu dira ordutik. Barra eta izarren inperioak atzerakada handia jasan du kontinentean Txinako kapitalismoaren bultzada eta sendotasunaren aurrean. Baina Ukrainako gerrarekin gertatu den bezala, akatsa litzateke AEB Latinoamerikatik behin betiko kanporatua izan dela baieztatzea. Alderantziz. Washingtonek ez die hain erraz uko egingo estrategikotzat jotzen dituen posizioei, eta Donald Trump hori erakusten ari da.
Etxe Zurian ezarria dagoen faxista honen bigarren agintaldia muturreko oldarkortasunak markatzen du. Mehatxu interbentzionistak “Panamako kanala berreskuratzeko”, Venezuelako kostaldearen eta Karibearen inguruetan hiru ontzi suntsitzaile zabaltzea –misil gidatuekin eta 4.000 soldadurekin hornituak–, estortsio ekonomikoa arantzelen bidez… Trumpek eragin militarra eta politikoa berreskuratu nahi du Latinoamerikako lurraldean, eta horretarako, inguruko Gobernu atzerakoi eta txotxongiloetan oinarritzen da, eta, aldi berean, politika arrazista eta totalitarioa aplikatzen du etxean migrantzaileen aurka.

“Potentzia handien arteko lehia itzuli da”
“Kanpotik datorren konpetentzia estrategikoa da, eta ez terrorismoa, orain Estatu Batuen nazio segurtasunaren kezka nagusia. Joan den mendeko fenomeno gisa baztertua izan ondoren, potentzia handien arteko lehia itzuli da”. Hitz horiekin laburbildu zuen James Mattis Defentsa idazkari ohiak AEBetako kanpo politika gidatuko zuen izpiritua.
Normala da AEBetako burgesiaren eta bere ordezkarien kezka nagusia Txina eta Errusiaren arteko blokea izatea. Txinako inperialismoak eskualdean eman dituen urrats erraldoien heinekoa da bere etsipena. 2000. urtean, Latinoamerikatik Asiako merkatura egindako esportazioak % 2 baino gutxiago ziren. 2000tik 2008ra, bien arteko merkataritza % 31 hazi zen urtez urte batez beste. Gaur egun, 33 herrialdeetatik 23k bat egin dute Zetaren Ibilbide Berriko (ZIB) planen batekin. Maiatzaren 13an, Latinoamerikako eta Karibeko Estatuen Erkidegoko Txinako Foroaren laugarren bileran, Xi Jinpingek bost lankidetza-programa berri iragarri zituen: 66.000 milioi yuaneko kreditu lerro bat, ZIBaren estrategia indartzea, eta kalitatezko produktuen inportazioak handitzea. Iaz Txina eta Latinoamerikaren arteko merkataritzan historian lehen aldiz 500.000 milioi dolar gainditu ondoren hitzartu da hori guztia.
Estatu Batuetako estrategen funtsezko sektore batentzat hori onartezina da. Latinoamerika menderatzeak esan nahi du bere baliabide aberatsak kontrolatzea, bere lehengaiak, litioa, petrolioa, urrea, kobrea… eta eskulan merkea lortzea. Eta botere ekonomiko horretatik sortzen da, halaber, AEBek eskualdeko kupula militarretan, armadako sektoreetan eta haien txotxongilo gisa jarduten duten burgesia nazionaletan duen eragin historikoa.
Horregatik, Trumpek argi du galdutako eremua berreskuratu behar dela, eta, behar izanez gero, akabatuz hilko direla. Inperialista gupidagabe honen 'Make America Great Again'-ek helburu barra du: mundua arrastoan sartzea, hots, Latinoamerika berriro ere bota yankiaren azpian jartzea eta nor den nagusi zalantzan jarri duten bazkideak zigortzea.
Merkataritza-gerra eta interbentzionismo militarra
AEBetako presidentea estortsio ekonomikoa eta gerra komertziala erabiltzen ari da, baita indar militarra ere, kontinentean birkokatzeko. Nahiz eta Pekingo erregimena AEBen lidergoari desafio egiten ari den bere ekoizpen indarrren garapenari esker, ezin dugu ahaztu AEBak Latinoamerikako lehen bazkide komertziala izaten jarraitzen dutela. Izan ere, 750 base militar inguru ditu munduko 80 herrialde baino gehiagotan, eta 173.000 tropa zabalduta.
Trump Etxe Zurira iritsi zenean egindako muga-zergen promesen aplikazioak ezin izango du AEBetako ekonomiaren gainbehera geldiarazi, ezta itzuli ere. Baina tentsiorik handiena sortu nahi du, eta ahalik eta gehien estutu nahi ditu AEBetara produktuak esportatzeko mendekotasun handiena duten enpresak eta herrialdeak. Hau da: beren aliatuei gupidarik gabe estortsioa egitea. Hori dela eta, Latinoamerikako gobernu batzuek konpentsazioak eskaini behar izan dituzte muga-zergak arintzeko. Aurrena Mexiko izan zen: edo muga militarizatzen da edo %25eko muga-zergak ezartzen zaizkio. Claudia Sheinbaumek burua makurtu zuen, eta Guardia Nazionaleko 10.000 soldadu bidali zituen mugara. Gauza bera gertatu da Kolonbiarekin, Costa Ricarekin eta Panamarekin, denek onartu baitute migratzaileak AEBtatik deportatuak izatea.
Nicolas Maduroren Gobernuak ere, “inperialismo yankiari aurre egiteko” deiadarka darabilen erretorikaz harago, praktikan bertan behera utzi ditu Hugo Chávezen politika antiinperialistak, petrolio-ontziekin eta herrialdetik kanporatutako beste enpresa estatubatuar batzuekin akordioak bilatuz. Tentsioa apaltzeko, ekintza kolpista eta terroristetan parte hartzeagatik atxilotutako agente venezuelarrak eta estatubatuarrak ere askatu ditu.
Aldi berean, krimen antolatuaren eta narkotrafikoaren aurkako ustezko borroka erabiltzen ari dira, lehenik eta behin, ICEren bitartez AEBetako migratzaileen artean beldur giroa inposatzeko, eta, bestetik, inguruko herrialdeetan armadaren presentzia sustatzeko. Hori da Latinoamerikako hainbat eremutan egin diren maniobra militarren atzean dagoena.

Milei, Noboa, Boluarte… AEBen txotxongiloak, langile klasearen etsaiak
Inperialismo iparramerikarra bere nagusitasuna berregiteko erabiltzen ari den bitarteko bat Latinoamerikako eskuinak ematen dion babesa da. Javier Milei Argentinan, Daniel Noboa Ekuadorren edo Dina Boluarte Perun, denak elkar hartuta daude “askatasunaren eta jabetza pribatuaren alde eta sozialismoaren aurka”.
Agintari argentinarrak berehala jarri du abian iragarritako bide-orri zitala: pribatizazioak, murrizketak, eskubide demokratikoen aurkako erasoak, protesta sozialaren aurkako errepresioa, pentsiodunen, emakumeen eta LGTBI kolektiboaren aurkakoa… Trump, NDF eta espiritu santuaren izenean egindako politika hau amesgaizto krudela da Argentinako herriarentzat. Gobernuko lehen sei hilabeteetan, egunean 29.000 pertsona hil ziren[1].
Baina Milei, Trump bezala, ez da ukiezina eta garaitezina. Omnibus Legeari masa altxamendu eta greba orokorrekin[2] erantzun zaio. Argi geratu da inperialismo yankiak eta kapitalista argentinarrek ez dutela hain erraz izango. Izan ere, mobilizazioak gobernu-krisi handi bat ekarri du. Argentina urriaren 26ko hauteskunde legegileetara geraturatzen ari den bitartean –Senatuaren eta Diputatuen Ganberaren berritze partziala definitzen duten agintaldi erdiko hauteskundeak–, ustelkeria eskandaluak, kriptomoneten iruzurrak eta motozerraren politikak, ospean beherakada bat eragin dute, eta herrialdean gauzak nola doazen ikusita atsekabea %61era igo da[3].
Triada erreakzionarioaren hanka Ekuadorren dago. Estatu Batuetako inperialismoa kolapso ekonomikoan eta herrialdea astintzen zuen biolentzia-oldean oinarritu zen, Noboa inposatzeko, herrialdearen zati handi bat militarizatzeko eta gero eta politika autoritarioagoak aplikatzeko. Hilabete gutxiren buruan iragarri du gastu publikoari murrizketa historikoa egingo diola: 20 ministeriotik 6 desegin, 70.000 langileri eraginez eta 5.000 funtzionario kaleratuko ditu zuzenean. Azken finean, Nazioarteko Diru Funtsak agintzen du.
Peruren kasuan, herrialdeko oligarkiak eta AEBek Estatu kolpea antolatu zuten, Boluarte agintera eramanaz. %2ko onespen barregarria du, “heriotza-zigorra erantzukizun historikoa” dela dioen eta bere aurkako herri-altxamendua odolez garbitu zuen presidente honek. 10 milioi perutarrek oinarrizko beharrak asetzen ez dituzten bitartean eta ia bi milioik hilean 62 dolar baino gutxiagoko diru-sarrera duten bitartean, Boluartek AEBei oparitu die herrialdea.
Historiak erakusten duen bezala, Estatu Batuen menderakuntza herri latinoamerikarraren zapalkuntzarekin ordaindu da. AEBetako txotxongiloek eta kontrairaultzaren indarrek erabateko otzantasuna inposatu nahi diete beren lurraldeetako hustiaketaren aurka borrokatzen duten langile klaseari, gazteei, nekazari txiroei eta komunitate indigenei. Kontinenteko herrialde gakoetan hartu dituzte posizioak eta mehatxu handia dira. Baina galdera ez da soilik nola garaitu orain erreakzionario horien planak, baizik eta zergatik berreskuratu ahal izan dituzten plaza horiek.

Erreforma edo iraultza. Boliviako eta Txileko esperientziak
2018az geroztik, Latinoamerikako hainbat herrialdek krisi iraultzaileak edo masa-mobilizazio handiak bizi izan dituzte, eta, horien ondorioz, gobernu ezkertiarrak sortu dira herrialde gehienetan. Txilen 2019an, Kolonbian 2021ean, Perun 2023an, Ekuadorren, Hondurasen, Nikaraguan… Pobreziaren aurkako greba orokorrek eta matxinadek kolokan jarri zituzten Gobernu kapitalistak. Masek, ekintza zuzenaren bidez, herri-komiteak, borroka-komiteak eta autodefentsaren lehen lerroak sortu zituzten, eta burgesia gizartea zuzentzeko eskubidearen alde egin zuten. Irteera iraultzailea lor zitekeen, baina ezker erreformistako buruzagiek, askotan, saboteatu egin zuten borroka hauteskundeetara eta parlamentura desbideratuz.
Boliviaren adibidea oso esanguratsua da. 2019an, Boliviako eskuin eta ultraeskuinak, estatubatuar inperialismoaren babesarekin, kolpe bat antolatu zuen, Evo Morales presidentearen eta MAS alderdiko hainbat kargu publikoren uko egitearekin amaitu zena. Langile, gazte eta nekazariek Añezen Gobernu kontrairaultzailearen kontra egindako altxamendu indartsuari esker garaitua izan zen saiakera militarra. Hala ere, kontrairaultzak bere momentuaren zain jarraitzen zuen eta 2024ko ekainaren amaieran berriz ere saiatu zen. Beste behin ere, kolpearen porrot azkarraren gakoa zapalduen indarra izan zen, greba orokor mugagabea ezarri baitzuten.
Nola da posible, orduan, joan den abuztuaren 17ko hauteskundeetan MASek botoen %2 baino ez lortzea? Historian lehen aldiz, bigarren itzuliko norgehiagoka bi eskuindarren artean izango da (Rodrigo Paz eta Jorge Quiroga presidente ohia). MASen atzerakada izugarria ez da azaltzen soilik alderdiaren hegal ezberdinen arteko zatiketengatik (hauen programak ez baitira funtsean oso ezberdinak) edo Evo Moralesek boto baliogabera deitu zuelako, berriz ere inhabilitatua izan ondoren –botoen %19 izan ziren horrelakoak–. Emaitza honek zerikusi handia du bere politikek boterera altxatu zituen ekintzaile eta langile geruza handi baten artean sortu duten frustrazioarekin.
Evo Morales 2006an iritsi zen Boliviako presidente izatera, Latinoamerikako gorakada iraultzailearen ondorioz. Behartsuenen aldeko erreforma eta neurri ezberdinak ezartzeak babes masiboa eman zion MASi hurrengo hauteskunde deialdietan. Baina, aldi berean, indar boteretsu hori guztia benetako oligarken boterearekin amaitzeko erabiltzeko aukera alferrik galdu zen.
Moralesen Gobernuek, eta Luis Arceren ondorengoak, kapitalismoaren mugak errespetatzeko hautua egin zuten, eta burgesiaren sektoreak eta elementu erreakzionarioz jositako estatu aparatua limurtzen ahalegindu ziren. Emaitza ikusten ari gara.
Gauza bera esan dezakegu Txileri buruz. Gabriel Boric agintera iritsi izanak, herrialdeak bizi izan zuen ezkerreranzko biraketa sakona islatzen zuen. Hala ere, hurrengo presidentzialetan, azaroan, eskuin muturrak garaitu dezake. Litekeena da. Horren lehen zantzu bat egon zen, hain zuzen, Kontseilu Konstituzionaleko hauteskundeetan, Jose Antonio Kast ultraeskuindarrak garaipena erdietsi zuenean. Orain botoen %27 estimatzen zaio. Lau urtez diskurtso hutsak egin eta funtsean Piñeraren politikei eutsi ondoren (eskuinaren diskurtso xenofoboa erosiz eta muga militarizatuz, hegoaldeko lurralde maputxeetan salbuespen egoerak deklaratuz), klase zapalduen bizi baldintzek zeharo okerrera egiten jarraitu dute.
Gobernu “ezkertiarrek”, Kolonbian ere Petrorekin gertatzen den bezala, milioika probreren bizitza errotik aldatzeko neurri iraultzaileak hartzen ez dituzten bitartean, tarte oso baliotsua emango diote inperialismo iparramerikarrari eta mendekuaren zain dauden eskuin eta ultraeskuinari.

Altxamendu berriak iristear daude
Latinoamerikak konfrontazio inperialista baten eta klase borroka latz baten eszenatokia izaten jarraituko du. New Yorkeko handikiaren itzulerarekin lurraldea kontrolatzeko lehia areagotu egingo da, eta klase arteko talkak areagotu egingo dira. Trumpen Administrazioa mehatxu larria da langile klasearentzat, bai AEBn eta baita AEBetatik hegoaldera ere. Baina Latinoamerikako langile klaseak aurre egin eta garaitu dezake inperialisten eta burgesia nazional konplizeen ofentsiba hau.
Latinoamerikako masek, borrokaren eta kontzientziaren adibide ikaragarriak eman dituzte, ematen jarraitzen dute eta emango dituzte. Ez dugu garai lasairik biziko, eta ez da neurri epeletarako tarterik izango. Etortzear dauden altxamendu guztiak gure klasearentzat arrakastak izan daitezen, premiazkoa da sozialismoaren aldeko borrokari uko egingo ez dion ezkerra eraikitzea, langile klasearen indarrean eta mundua zuzentzeko duen gaitasunean konfiantza izango duena.
Oin-oharrak:
[1] La fábrica más productiva de Javier Milei: 29.000 pobres por día
[2] Éxito de la huelga general de 24 horas contra Milei. ¡Continuar la lucha hasta echarlo!








