Hala ere ez da nahikoa burgesia eta inperialismoa hautesontzietan garaitzea, beharrezkoa da kapitalismoarekin amaitzea eta horretarako mugimendu bolivartarrak beharrezkoa du alternatiba iraultzaile-marxista bat altxatzea.

Aurreko urteko abenduaren 3an Chavezek Venezuelako hauteskundeetan lortutako garaipena prozesu iraultzaile guztiko eta historia venezuelarreko zabalena izan zen. Inoiz ez du sozialismorantz joan nahi duen iraultza batek horrenbesteko babesik jaso hautesontzietan. Gau horretan Chavezek “Herriaren Balkoietik” esan zuen moduan, bere aldeko bozka izan zen baina ez hori bakarrik, Venezuelako masa langileen eta herritarren oinarrizko arazoak konpondu ditzakeen iraultza azkartzeko bozka izan zen.

 

KAPITALISMOAREN AURKAKO BOZKA KONTZIENTEA 

 

Garaipen garrantzitsu hau herria mespretxatzen duten kontrairaultzari eta inperialismoari eman daitekeen erantzunik tinkoenetakoa da. Herriak nahikoa heldutasun eta kontzientzia ez duela esaten dutenentzat ere erantzun sendoa da, sozialismoa, desjabetzeak eta iraultzaren erradikalizazioak bozkak kendu ditzakeela pentsatzen duten horientzat. Egia justu aurkakoa da: herriari iraultza bukaeraraino eramango dela eta bere arazoak konponduko direla frogatuta lortuko da iraultza bolivartarrak sozialismorantz joateko behar duen herri venezuelarraren babesa. 
Baina iraultzak aurrera egin dezan nahitaezkoa da kapitalistek Venezuelako ekonomian duten kontrolarekin amaitzea. Kapitalista hauek eta inperialismoak botere hori erabiltzen dute Chavezen gobernuak ezarri nahi dituen politika iraultzaileak eta aurrerakoiak saboteatzeko. Neurri honekin batera ezinbestekoa da –Chavezek “Herriaren Balkoitik” proposatu zuen bezala- kontrairaultza burokratikoarekin bukatzea, iraultza oztopatu eta desbideratu nahi duen burokrazia horrekin. Burokrazia edozein iraultzarentzat minbizi poliko eta soziala da, langile klaseak eta herriak izan dezaketen arriskurik handiena.   
Sektore erreformista kapitalismoaren eta inperialismoaren ordezkari den Rosalesen ustezko heldutasuna eta borondate demokratikoa goresten ari da, berarekin negoziatu behar dela defendatuz. Honen aurrean argi eduki behar dute iraultzaileek: kontrairaultza eta inperialismoa abenduaren 3an ez ziren beren indar guztiak gabe joan iraultza onartu dutelako, beren borondatea aldatu dutelako, edo bat-batean, konstituzioa onartzea, “elkarrizketatzea” eta bide demokratikoak hartzea erabaki dutelako. Herriaren mobilizazio ausarta eta masiboa, eta hori bakarrik izan zen –lehendabizi azaroaren 26ean, 25eko martxa kontrairaultzaileari erantzunez, eta ondoren aste osoan eta hauteskunde egunean bertan- oposizioaren plan kontrairaultzaileak atzera bota zituena. Herria izan zen behe-behetik, beste behin, bere instintu iraultzailearekin eta bere mobilizazioarekin, garbi utzi ziena kontrairaultzaileei zerbaitetara ausartzen baziren, Mexikon hauteskunde iruzurrarekin egin duten bezala adibidez, hurakan iraultzaileak hondatuko zituela. Ez ziren ausartu azkenean ezer egitera, ekonomiaren kontrola arriskuan jarriko zukeen iraultzaren erradikalizazioarekin beldurtuta burgesiaren eta inperialismoaren sektore determinatzaileek beren txotxongilo Rosalesi estrategia kontrairaultzaile berri bat hartzea inposatu zioten. 

KONTRAIRAULTZA ZETAZ JANTZITA

 

Erreformistek Rosales zoriondu zuten porrota onartzeagatik kontrairaultzaileei “aurpegia garbituz”, badakigunean ahalko balute ez luketela zalantzarik izango langile klasea eta herria zapaltzeko eta erreprimitzeko. Rosales izan zen bozka txuri famatuez hitzegiten hasi zena, zalantzak zabalduz eta ezegonkortasuna sortzen saiatuz. Baina taktika hau beren klase interesen kalterako izan zitekeela ikusi zutenean estrategia aldatzea erabaki zuten.  

Hauen estrategiak berdina izaten jarraitzen du baina beste forma eta erritmo batzutan. Beren oinarri sozialaren zati bat engainatuta eta mobilizatuta mantentzea eta epe motzera ofentsiba kontrairaultzailea jaurtitzea dute helburu. Alde batetik, mugimendu bolivartarreko eskuineko sektoreekin negoziatzea bilatuko dute eta bestetik, sabotai ekonomikoa eta kalumniak erabiliko dituzte zalantzak sortzeko maila nazionalean eta internazionalean iraultzari aurre egiteko. Beraien helburua, iraultza zapaltzeko indar nahikoa ez duten bitartean, hau bere helburu antikapitalistetatik desbideratzea eta oztopatzea da masen zati bat desmoralizatzeko eta horri esker ofentsibarako aukera lortzeko. Korrelazio indarrak iraultzaren alde daude desberdintasun handiarekin, baina abantaila hau ez da nahikoa mugimendu bolivartarreko sektore iraultzaileak iraultza burutzeko oinarrizkoa den kapitalisten desjabetzea bermatzea.
 
KONTZESIORIK EZ ESKUINARI

 

Kapitalistak desjabetuta soilik lortuko da Venezuela aske, subirano eta sozialista. Iraultza bolivartarraren bide bakarra ustelkeriaren eta kontrairaultza burokratikoaren, kapitalismoaren eta pobreziaren aurkako gerra da, Chavezek esan duen bezala. Bidea azken aldian egin dena da: azkar jokatu, epelkeriarik gabe eta sendotasunarekin. Bidea, orain aste batzuk Caracas hartu zuten 20.000 nekazariek proposatu zutena da, Ezequiel Zamora Fronte Nazionalak deituta Chavezen babesarekin. “Agenda zamorarra” defendatu zuten, latifundioen aurkako borroka planteatzen duena lurjabeak desjabetuz eta lurrak nekazarien eta herriaren esku jarriz. Bidea, Maracayko osasun zerbitzuetako langileek egin dutena da enpresariaren erabakiaren aurrean. Enpresariak, Pocaterra kolpistak, enpresa itxi nahi izan zuen eta langileek hau hartzea erabaki zuten, enpresa langileen koltrolpean jarri da funtzionatzen, Fabrikako Kontseiluak zuzenduta. Kontseilu honetako ordezkariak hautakorrak eta kengarriak dira edozein unetan langileen asanbladaren bitartez. Bidea, Enpresa Okupatuen eta Kontrolpekoen Langileen Fronte Iraultzaileak (FRETECO) proposatutakoa da: kudeaketa iraultzaileak aurrera egitea langile kontrolerantz eta Invepal eta Invevalekin hasitako desjabetzeak ekonomia osora zabaltzea: bankuak, enpresa handiak eta lurrak langileen eta herriaren kontrolpean ezarriz.
Garbi dago, hau dena ez duela Chavezek bakarrik egingo. Gainera, Chavez zoritxarrez ez da marxista bat eta berak ere ez daki etorkizunean zein erabaki hartuko dituen. Masen presioak eta mobilizazioak eraman dute bere politika erradikalizatzera, sozialismoaz hitzegitera. Horregatik herri venezuelarrarentzat beharrezkoa da antolatzea, mobilizatzea eta oinarri iraultzaileen ekintza bateratuaren bitartez neurri hauek aurrera eramatea burokraziaren erresistentzia eta kapitalistak garaitzeko. Ekintza batasun honek jarraitu egin behar du kapitalisten desjabetzerantz eta estatu iraultzaile baten sorrerantz.

Iraultzaren arriskurik handiena une hauetan agintari batzuen adiskedetza gogoa da, burgesiarekin eta inperialismoarekin akordioetara heltzeko asmoa hain zuzen. Ez dute sozialismoan sinesten, ez dute herriaren borrokan sinesten, eta beren tesi erreformistak ezarri nahi dizkiote mugimendu bolivartarrari. “Lider” hauek beldurtuta daude Chavezek eta batez ere iraultzak hauteskundeetan lortu duten babesarekin. Badakite garaipen honek masengan ilusioa eta konfidantza sortzen dituela eta horrek iraultza bukaerara heltzea ahalbidetzen duela, eta honek noski erreformista hauen pribilegioak eta boterea ezbaian jartzen ditu.
Venezuelako enpresa nagusiak estatuaren eskuetan egon behar dute eta estatua ezin da egon burokraziaren eskuetan, langile klasearen eta herri langile antolatuaren eskuetan baizik. Modu horretan izango da posible ekonomia demokratikoki planifikatzea eta pobrezia, bazterketa, langabezia, etxebizitza arazoa... desagertaraztea. Iraultza bukaeraraino eraman behar da, bestela kondenatuta dago.   

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.