Rosa Luxemburgoren liburu honetan iraultzaile alemaniar honek sektore erreformisten aurka erabili zituen argudioak aurkituko ditugu. XIX. mendearen bukaeran Eduard Bernsteinen eskutik hasi ziren teoria marxistaren eta klaseko borrokaren kontrako ideiei aurre egiten die idazleak.
Egin klik hemen liburua jaisteko
Rosa Luxemburgoren liburu honetan iraultzaile alemaniar honek sektore erreformisten aurka erabili zituen argudioak aurkituko ditugu. XIX. mendearen bukaeran Eduard Bernsteinen eskutik hasi ziren teoria marxistaren eta klaseko borrokaren kontrako ideiei aurre egiten die idazleak.
Rosa Luxemburgoren helburua marxismoa errebisatu eta moldatu nahi zutenei puntuz puntu erantzutea da. Bernsteinentzat kapitalismoaren garapenak honen krisien desagerpena eta moldaketa ekarriko zituen masen bizi kalitatea hobetzen joango zelarik. Gainera errebisionismoak langile klaseak boterea hartzea gaitzesten zuen. Garbi zegoen sozialdemokraziaren helburua ez zela sozialismoa lortzea iraultzaren bidez, nahikoa zen aktibitate parlamentarioa. Aktibitate honek pixkanaka langile klasearen konkistak bermatuko zituen eta bide batez Estatuaren demokratizazioa.
Baina noski, Rosa Luxemburgo ez zegoen langileen baldintza konkretuak hobetzearen aurka. Guztiz kontrakoa, erreforma sozialen borroka, hau da, lan orduen murrizketa, lan eskubideen onarpena, hezkuntza... borroka sindikal eta politikoaren bitartez beharrezkoak dira. Funtsezko tresna da boterea hartzearen bidean. Auzia ez da erreformen alde edo aurka egotea, klaseko ikuspuntutik galdera hauei erantzutea baizik: zein da erreformen papera klaseko borrokan? Nola erabili behar du mugimenduaren zuzendaritzak erreformen borroka helburu nagusia den sozialismoa lortzeko?
Zentzu honetan, Rosa Luxemburgok sozialdemokraziak programa minimoa deitzen zuena (eguneroko aktibitatea hobekuntza konkretuengatik) programa maximoarekin (langileek boterea hartzea eta sozialismoa) uztartzearen beharra defendatzen zuen. Honekin langileei erakutsi nahi zien ezinezkoa zela kapitalismoaren baitan zapalkuntzarekin amaitzea.
Bernsteinek idatzitako Sozialismoaren arazoak lanari erantzungo dio Rosa Luxemburgok Erreforma ala Iraultza-ren lehen zatian. Bernsteinek sozialismoaren oinarri materialak ukatuko ditu, sozialismoa ideia moralekin lotuz. Kapitalismoa bere barneko kontraesanak suntsitzeko edo murrizteko gai baldin bada ez da beharrezkoa maila altuagoko sistema sozial batez aldatzea. Horrela sozialismoa ideal soil batean bihurtzen da eta ez garapen soziala bermatzeko behar batean.
Bernstein, XX. mendearen atarian, ikusmolde premarxista eta utopikoetara bueltatzen da, sozialismoa desiragarria eta moralki justua dela esanez. Hala ere, marximoak zientifikoki frogatzen ditu kapitalismoaren krisi ziklikoak eta sozialismoaren behar historikoa giza garapena bermatzeko. Rosa Luxemburgok, analisi honetan oinarriturik, erakusten du kapitalismoak ezin dituela bere kontraesanak suntsitu.
Praktikan, Bernsteinen ideiek hondamendira eraman zuten langile klasea mundu mailan, II Internazionalaren porrota, bi mundu gerra, Alemaniako iraultzaren zapalketa eta Rosa Luxemburgoren erahilketa beste hainbat gauzen artean. Hau da politika erreformistaren balantzea.
Oraindik marxismoaren aurkako deiadarrak ez dira isildu. Kapitalismoak bere kontraesanak gainditu al ditu? Ez noski. Liburu honetatik atera dezakegun ikasgai garrantzitsuena da klaseko borrokarako beharrezkoa dela programa iraultzailea bat. Horrela soilik lor daiteke gizartea aldatzea.